117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Ordenantza, instalazio fotovoltaikoen ezarpena arautzen duena. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2022ko martxoaren 17an egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Oteitzako udal mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegazio, eragozpen edo iruzkinik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2022ko apirilaren 23an.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ORDENANTZA, OTEITZAKO UDAL MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Hondar urteetan, administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena sustatzen ari dira, eta bereziki bultzatzen etxebizitzetan kontsumo propiorako energia sortzeko instalazioak.

Oteitzako Udalak, ingurumenarekin konprometituta, ezinbestekotzat jotzen du herrian energia berriztagarrietan aitzinera egitea. Horren erakusgarri, Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Itunari atxiki zaio. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta berotegi efektuko gasak murrizteko, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna hartzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuak ditu. Horrela, tokiko ekintza gehitu zaio munduko ekimen horri.

Eguzki energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba delako, etorkizuna duelako, ingurumen inpaktu txikia duelako, ingurumenerako hondakin kaltegarririk sortzen ez duelako, behin ezarririk mantentze kostu handirik ez duelako, eta benetan laguntzen duelako berotegi efektuko gasak murrizten.

Oteitzako Udalak erregulazio bat ezarri asmo du, eguzki energia garatzearen alde egitea bateragarria izan dadin bi premia hauekin: lurraldean ezarpen antolatua duela ziurtatzea; eta natura eta hiri balio garrantzitsuenen kontserbazioa bermatzea, bai eta, maila guztietan, irudia eta paisaia ere.

Eguzki energia biltzearen arloa berri samarra da, eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikitako ingurune tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, “eguzki teilak” erabil daitezke balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe.

Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioek ingurumen onurak badituzte ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Ordenantza hau idaztean, Udalaren Hirigintza Plangintzarekiko premiazko koherentzia gorde nahi izan da, garatu eta osatzen baitu, eta bete lurraren erabilerak eta eraikuntzak ingurunera egokitzeko betebehar orokorra, zeina Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean jasota baitago.

Azkenik, Udal Plan Orokorreko Ordenantzen 88. artikulua aldatu da, landa lurretan linea elektrikoa trazatzeko baldintzak arautzeko, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat etor daitezen.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez eguzki energia hartzeko instalazioak ezartzeko Oteitzako udal mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Oteitzako udal mugarte osoa da, bai hiri lurzoruan (finkatua eta finkatu gabe), bai lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1.–Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak eta plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota izanen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera.

a) Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko, eguzki erradiaziotik datorren energia aprobetxatzen dute. Ur bero sanitarioa lortzeko eta guneak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki instalazio fotovoltaikoak: eguzki erradiaziotik datorren energia energia elektrikoa ekoizteko aprobetxatzen dute, material erdieroale jakin batzuen propietateez baliatuta, elektrizitatea sortzen baitute eguzki erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek modu berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eraikinen energia beharrak neurri batean edo osorik asetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela ur bero sanitarioa sortzen edo guneak girotzen laguntzeko (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko (eguzki instalazio fotovoltaikoak), indarreko araudiaren arabera.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1.–Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

a) Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta plano eta orientazio bera mantenduta. Panelek sortutako planoa teknikoki ahal den hurbilena egonen da estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.

b) Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago Udaleko hirigintza zerbitzuan.

c) Honako muga hauek izanen ditu hartutako eremuak:

–Panel fotovoltaikoetarako, eremu handiena bai ezarritako gehieneko potentziak bai energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoek erabakiko dute. Hau da, behar adina panel jartzea baimenduko da gehieneko potentzia horretara iritsi arte.

–Panel termikoetarako, ur beroa sortzeko edo guneak girotzeko eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko eremua.

d) Okupatutako gehieneko eremua gutxienez 1,00 metro bereiziko da teilatu hegalen eta mehelinen ertzetik, eta inoiz ere ez dituzte gainditzen ahalko isurialdeen planoak.

e) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ez da inolako elementu osagarririk instalatzen ahalko, ez eta horietan ikusgai geratzen ahalko ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barruan dela barruko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

2.–Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; kareletan ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

3.–Hiri lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

4.–Hiri lurzoru finkatu gabean edo urbanizagarrian ordenazio/eraikuntza tresna egokien bidez egindako hirigunearen handitzeen gaineko etorkizuneko eraikuntzetan, salbuespen moduan, konponbideak proposatzen ahalko dira eraikuntza berrian eguzki panelak ezartzeko konfigurazio edo kokapen bereziekin, behar bezala txertatuta gera daitezen eraikin multzoaren arkitekturan. Hirigintza zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere gain hartzen du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5.–Hirigintza ondorioetarako, eguzki energiako instalazioak eraikineko edo eraikuntzako instalaziotzat hartuko dira, eta, beraz, ez dira konputatuko eraikigarritasun ondorioetarako.

6.–Eguzki panelak jartzeko eskaera eraikin katalogatu bati badagokio, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundera bidaliko da, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak lurzoru libre pribatuan jartzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

–Soil-soilik baimenduko da instalazioa eraikin kontsumitzaileak badaude, edo aldi berean ematen bada haietarako obren lizentzia eta instalazio horiek partzela berean edo aldamenekoan badaude, hiri lurzorua izan, edo urbanizaezina.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki energia hobeki aprobetxatzeko.

–Panelen euskarriak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ez dira 1,50 metro baino garaiagoak izaten ahalko, lurretik neurtuta.

–Ikusizko inpaktua eta paisaia inpaktua zuzentzeko behar diren neurriak hartuko dira, herrigunearen irudi urbanoa zaintzeko.

—Okupaturiko gehieneko eremua % 40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa.

7. artikulua. Instalazioak ekipamenduetarako, industriarako edo hirugarren sektorerako erabileretarako hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

1.–Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela ur bero sanitariorako, dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2.–Udalak iritziz gero ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1.–Energia elektrikoa lurzoru urbanizaezinean lurzoru librearen gaineko eguzki energiatik (eguzki parkeak) lortzeko instalazioak jartzean, unean-unean indarrean dagoen araudi sektorial autonomikoa beteko da, bai eta Lurraldearen Antolamenduko Plana (LAP 4) - Erdialdeko Eremuak eta Hirigintzako Udal Planeko hirigintza araudia ere.

2.–Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da, hala badagokio, ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren nahitaezko baimena lortzea, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3.–Unean uneko indarreko araudiaren arabera ezarritako eraikinei lotutako instalazioen kasuan, baimendutzat joko da eguzki panelak jartzea, eta ez da beharrezkoa, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren aldez aurreko baimena tramitatzea.

Instalazioak jartzea pentsatutako eraikinek legezko egoeran egon beharko dute. Bestela, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak lehendik dauden erabileren, jardueren eta eraikuntzen legeztapena bildu beharko du.

9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1.–Eguzki panelak eraikinetako estalki inklinatuetan jartzen ahal dira, horietako planoen gainean bermatuta. Hartutako eremua gutxienez metro bat bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Ez dira inola ere gainditzen ahalko teilatuko lerroak. Estalkian gehienez okupatzen ahalko den eremua % 80 izanen da, proiekzio horizontalean neurtuta.

2.–Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, mugarik jarri gabe hedaduran, inklinazioan nahiz orientazioan.

3.–Ezin da jarri fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzeko, linearen ingurumen ukipenetarako baimen espedientea tramitatu beharko da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Baimenduta ez dagoen bitartean, ez da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia ematen ahalko. Linea elektrikoak lurpekoa izan beharko du.

11. artikulua. Eguzki parkeetarako baldintza partikularrak.

Energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak, eguzki parke izenekoak, B motako nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruan eta lurzoru generikoan baino ez dira paratzen ahalko, %10etik beheitiko malda duten lurretan.

Eguzki parkeek ez dute izaten ahalko 20 hektareatik goitiko eremu okupatua, finka batean edo batzuetan. Okupatutako eremua hektarea erdia baino handiagoa bada, finka batean edo batzuetan, gutxienez 500 metrora egon beharko du hiri lurzorutzat edo bizitegitarako lurzoru urbanizagarritzat jotako lurzorutik eta beste eguzki parkeetatik. Okupatutako eremua 3 hektareakoa baino handiagoa bada, distantzia hori 1.000 metrotik goitikoa izanen da.

Eraikin berriak eskualdeko eraikuntza eta arkitektura ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planeko hirigintzako araudian. Bistako eraikuntza, panel eta instalazioek gutxienez 20 metroko tartea gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri soropila eta baimendutako zuhaitz espezie ertainak edo garaiak dituen berdegune perimetralaren tratamendua emanen zaio.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

12. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenari eta lizentzia eskatzeari buruzko araubidea.

1.–Ordenantza honetan autokontsumorako araututako instalazio bat jarri, handitu edo legeztatzeko, dagokion erantzukizunpeko adierazpena eraman beharko da Oteitzako Udalera, eta horretarako behar den dokumentazioa aurkeztuko da.

Autokontsumorako ez den instalazio bat eraikitzeko, obren lizentzia eskatu beharko da, dagokion proiektu teknikoarekin batera.

2.–Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

3.–Proiektu horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Memoria, eta horren barruan: erabakitako irtenbidearen justifikazioa; instalazioaren oinarrizko konfigurazioa; instalazioen eta dauzkaten osagaien deskribapen orokorra; diseinu irizpide orokorrak; energia lagungarriaren sistemaren deskribapena; eta ordenantza honetan zehaztutako parametroen justifikazioa.

b) Planoak.

c) Instalazioen aurrekontua.

d) Ingurumen eta paisaia inpaktuaren ebaluazioa.

4.–Proiekturik aurkeztu behar ez bada, memoria tekniko bat aurkeztuko da, instalazioaren ezaugarri zehatzak zein diren jakiteko edukia izanen duena: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta okupatutako eremuak, elementuak, etab. Horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua barne hartu beharko ditu memoriak.

5.–Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudun batek sinatutako txosten teknikoa aurkeztuko da. Bertan, frogatu beharko da eraikuntza jasoko duen egitura gai izanen dela estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari eusteko.

6.–Udal lizentzia eman aurretik, Oteitzako Udal Planak eta organo eskudunek aplikatzekoa den araudiaren arabera aurreikusitako baldintza partikularren arabera egokiak diren baimenak tramitatu beharko ditu sustatzaileak.

13. artikulua. Ikuskapena, kontrola eta zehapena.

Erantzukizunpeko adierazpen araubideak ez ditu salbuesten eta baldintzatzen Oteitzako Udalak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze, kontrol eta zehapen-ahalmenak.

Oteitzako Udalak bere udalerriko eguzki instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egiten edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, Oteitzako Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezatzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Udalak laguntza deialdi bat onesten ahalko du urteko, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.

Bigarrena.–Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, baztertu gabe ordenantza geroago egokitzea behar den orotan. Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoetan nola Nafarroako Foru Komunitatekoetan– aldaketaren bat eginez gero, ordenantza honi eragiten diona, ukitutako artikuluak eguneratu beharko dira, araudi horretara egokitu daitezen.

Hirugarrena.–Udal Plan Orokorreko Ordenantzen 88. artikulua aldatzen da, eta haren amaieran paragrafo bat gehitzen, honela geratuko dena:

88. artikulua. Elektrizitate eta telefonia instalazioak.

Goi tentsioko lineak.–Ez da baimenduko airetiko linearik bizitegi edo ekipamendu unitateetan. Inguru horietan, lineak lurpekoa izan beharko du, eta galtzada eta gune publikoetatik igaro beharko du.

Behe tentsioko lineak eta telefonia.–Lurpean jarriko dira, urbanizazio osoa behar duten unitateetan. Gaur egun linea airetikoa den unitate finkatuetan, lurpean jarriz joanen da, gauzatzen diren jarduketek aukera eman ahala.

Lurzoru urbanizaezina.–Goi eta behe tentsioko linea elektrikoak eta telefonia lineak lurpekoak izanen dira. Lehentasunez, bideetako areketatik pasatu beharko dute. Debekatuta daude zuhaitz edo sasi inguruetan; beraz, horien ertzean paratu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen indarraldia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da.

Iragarkiaren kodea: L2207654