117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETAIU

Udal ordenantza, etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Etaiuko Udalak, 2021eko abenduaren 2an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duena Etaiuko udal-mugartean. Iragarkia argitaratu zen 2021eko 285. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean.

Jendaurreko aldia igaro denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Etaiun, 2022ko maiatzaren 23an.–Alkate udalburua, Jenaro Pascual Desojo.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ZAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA ETAIUKO UDAL-MUGARTEAN

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du behar diren baldintzak eta osasun arauak ezartzea, etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzeko Etaiuko udal-mugartean, eta horiekin lotutako jarduera guztiak arautzea Udalaren eskumenen barrenean.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Nahitaezkoa da udal-mugartean bizi diren zakur guztiak inskribatzea erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan. Titulartasunaren gainean edozein gora-behera, baja edo alta gertatzen bada, jabeak horren berri eman behar die erakunde eskudunei, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

4. artikulua. Udal-mugartean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak jartzea zakurrei, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasiz eta berrituz. Orobat, jabeen betebeharra izanen da arlo honetako arauetan nahitaezkotzat ezarritako txerto eta tratamendu guztiak jartzea.

Zakurrak identifikatzen eta haiei txertoak jartzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren frogagiria, eta haren berri eman beharko zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

5. artikulua. Baimendua dago zakurrak eremu publikoan ibiltzea; behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute. Nahitaez, arduradun batek eraman beharko ditu, kate edo uhal sendoz lotuak, eta kateak edo uhalak 2 metro izanen ditu gehienez ere.

Nahitaez muturreko homologatua eraman beharko dute lehenago eraso egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek, eta arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salaketa jarriko dute baldin zakurrak ez badabiltza baldintza hauetan, baita gainerako alderdietan ordenantza betetzen ez bada ere. Hala, zakurrak bildu eta atxiki daitezke, betiere ikuskapen fakultatiboarekin.

6. artikulua. Agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte aurreko artikulua aplikatuta bildutako zakurrak, eta jabeari emanen diote horren berri. Hark 72 orduko epea izanen du zakurra erreklamatzeko.

Jabeek ez badute zakurra erreklamatzen, edo ezin bada identifikatu, udal zerbitzuek, lehenbizi, eskainiko diote agintaritzako agenteen esku utzi zuen pertsonari, edo salaketa egin zuenari, eta, bigarrenez, animalia hauek biltzeko zentroei. Zakurraren jabeak ordaindu beharko ditu artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak.

7. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da galaraztea zakurrek bide publikoan kaka egitea. Zakurra daramana behartua dago hark egindako gorotzak bildu eta kentzera. Horretarako erabiliko ditu etxe-hondakinen edukiontziak edo Udalak zehaztuko dituen tokiak. Zakurra daramanak izanen du zikindutako tokia garbitzeko ardura.

8. artikulua. Animaliak dauzkatenek behar diren neurriak hartu beharko dituzte auzokideei eragozpenik ez eragiteko, animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, animalia etxe barnean egon nahiz terrazan egon, zabaltzan, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, edo merkataritza-lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan (eskumena duen agintaritzak hala egiaztatuta), zaratengatik, usainengatik nahiz bestelako arrazoiengatik, udal agintaritzak ebazpen bidez hartzen ahalko ditu behar diren neurriak auzokideen lasaitasuna bermatzeko, horretarako baliatuta indarreko arautegietan ematen zaizkion eskumenak, eta neurri horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

Kanpoko gehieneko zarata maila onargarriei dagokienez, gehienez 50 dBa-ko maila ezarriko da etxebizitzan egunez, eta gehienez 45 dBa-ko maila etxebizitzan gauez. Eguna izanen da goizeko 8:00etatik 22:00etara bitartekoa. 24 orduetako gainerako orduak gaua izanen dira.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak

9. artikulua. Definizioa.

Honako arraza hauetako zakurrak izan daitezke arriskutsuak: pit bull terrierra, staffordshire bull terrierra, american staffordshire terrierra, rottweilerra, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inua, akita inua, ausiki-zakur mallorcarra, ausiki-zakur kanariarra, artzanor napolitarra, bullmastiffa, dobermana eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak eta haien gurutzatzeenak dituztenak.

Horrelako animaliak dituztenek izan beharko dute haiek identifikatzeko dokumentazioa, bertan aipatzen direla osasun egoera eta immunizazioak, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

10. artikulua. Lizentzia.

Lizentzia berezi bat izan beharko du arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak edo edukitzaileak, ordenantza honen sailkapenaren arabera. Erosi aurretik eskatuko da lizentzia. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste astun edo oso astunengatik zehatua ez izana, salbu lizentzia aldi baterako eteteko zehapena, hura osoki bete bada.

–Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

–Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena duena eta gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekokoa.

–Kasuan kasuko ordenantzetan onesten den udal tasa ordaintzea.

Lizentzia eskatu behar dute arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek, baldin eskatzailea Etaiun bizi bada.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izanik ere, herritarrek Etaiuko Udalari komunikatzen ahal diote udalerrian badirela halako animaliak dituztenak, jabeak nahiz edukitzaileak, Udalak eman ditzan legeen arabera bidezkoak diren urratsak.

Lizentziak 5 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa da hura eskuratzeko eskatutako betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aurrekoa gorabehera, Udalak egiazta dezake, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak lizentzia eskuratzeko baldintzei eusten ote dien, eta dagokion ikuskapena egin ondotik egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, kontsideratuko da ez duela animalia edukitzeko lizentziarik, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

11. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia lortzea.

Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, honako agiri hauek: albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria; arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa erakusten duen ziurtagiria; eta halako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren eta erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Etaiura ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera.

12. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Etaiuko Udalari komunikatu beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa baldin bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik biziko ote den gizakiekin batera edo, aitzitik, erabiliko ote den zaintzarako, babeserako edo adierazten den beste xede baterako.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki ez duela eritasunik edo nahasterik arriskutsu bihurtuko duenik, eta ez duela borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Eraso kasuak.

–Mikrotxip identifikagarria izatearen frogagiria.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira, eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehalakoan komunikatu behar baita.

13. artikulua. Segurtasun neurriak.

Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren zakurrak eramanen dira katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta (gehienez ere bi metroko luzera dutela) eta muturrekoa jarrita (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Lagun bakarrak ezin du inoiz eraman zakur hauetako bat baino gehiago, eta adin txikikoek ez dituzte inola ere eramanen.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrendako instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik ez ateratzeko eta hirugarrenei kalterik ez egiteko:

–Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, lurrean finkaturik egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko moduan.

–Instalazioetako ateek ere izan beharko dute inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauztea edo irekitzerik izatea.

–Esparruak behar bezala seinalatua egon beharko du, ohartaraziz halako zakurrak daudela.

Arau-hausteak eta aplika daitezkeen zehapenak

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak berekin ekarriko du arau-hauste administratiboa, eta zehatuko da hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zehapen prozedurari beti ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunaren erabakiz, bai bere ekimenez, bai salaketa baten ondorioz.

15. artikulua. Animalien jabeak edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

16. artikulua. Zehapenaren izapidetzeak eta prozedurak beteko dituzte Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorra eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duen araudia.

17. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena eginen dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen arabera (Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko foru legea). Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak izanen dira ez betetzea jardueretarako eta instalazioetarako baimenean ezarritako baldintzak eta ordenantza honen betebehar eta xedapenak, ez baldin badute arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa.

b) Arau-hauste astunak:

Arau-hauste astuntzat joko dira:

1.–Udal agintaritzari, haren funtzionarioei edo udaltzainei, beren eginbeharretan ari direla, informaziorik ez ematea edo men ez egitea; halaber, informazio edo dokumentazio faltsua edo okerra ematea.

2.–Animaliek nahitaez hartu beharreko txertoak ez hartzea.

3.–Zakurrak ibiltzea arduradun batek loturik eraman gabe.

4.–Animaliak haurrendako jolastokietan ibiltzea edo egotea.

5.–Animaliei tratu txarrak ematea edo jipoitzea, edo justifikaziorik gabe mina edo sufrimendua ekartzen ahal dien edozer egitea.

Zakur arriskutsuen kasuan, honako hauek tipifikatuko dira arau-hauste astun gisa:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

–Animaliari identifikagarria jartzeko betebeharra ez betetzea.

–Erregistroan ez inskribatzea.

–Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

–Adingabe batek zakur arriskutsua eramatea.

–Agintari eskudunei edo haien agenteei ez ematea lege honek ezarritako egitekoak betetzeko eskatutako datu eta argibideak, edo ez ematen saiatzea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

c) Arau-hauste oso astunak:

Honako hauek izanen dira arau-hauste administratibo oso astunak:

–Hiru arau-hauste astunetan berrerortzea.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea. Animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana, bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikaziorik batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

Arau-hauste astunen edo oso astunen tipifikazioa dutenek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea edo hiltzea.

Arau-hausteen kalifikazioan kontuan hartuko dira, gainera, intentzionalitatea, eragindako kaltearen larritasuna, partaidetza eta lortutako onura, eragindako kaltearen itzulezintasuna eta, oro har, udal-agintaritza eskudunak aintzat hartzen dituen faktore aringarriak eta astungarriak.

–Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

18. artikulua. Ordenantza honen aurreko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1.–Arau-hauste arinak, 60 eurotik 200 eurora bitarteko isunarekin.

2.–Arau-hauste astunak, 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

3.–Arau hauste oso astunak, 600 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin.

–Animalien jabea edo edukitzailea eginen da arau-hausteen erantzule.

–Artikulu honetan ezarritako erantzukizun administratiboak ez du galaraziko bide penal eta zibiletan eska daitekeena.

–Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia konfiskatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

19. artikulua. Alkatetzari dagokio ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztian men eginen zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legeari, Osasunari buruzko Foru Legeari, Osasunari eta Animalien Hazkuntzari buruzko Arauei, abenduaren 23ko 50/1999 Legeari, arau hauek garatzen dituzten lege xedapenei eta gai honen gainean aplika daitezkeen gainerako arauei.

Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2207622