117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIZPURGI

Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Aizpurgiko Kontzejuak, 2022ko urtarrilaren 27ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aizpurgiko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hura 2022ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hartan xedatutakoarekin bat, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Aizpurgin, 2022ko maiatzaren 30ean.–Kontzejuko burua, Carlos Equiza Jiménez.

ORDENANTZA, HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honen xedea da arautzea Aizpurgiko Kontzejuaren herri-lurretan dauden larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren II. kapitulua, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Herri-larreek, beste finka partikular batzuekin batera, baterako ustiapen unitate bat osatzen dute tradizioz, eta haien aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez, herriko erabilera eta ohiturei jarraikiz.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua, herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez

2. artikulua. Onuradunak.

Ondoko artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, baita familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

3. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradun diren familia-unitateetako titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Aizpurgin egiazki bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez.

d) Onuradunak zerga betebeharrak egunean izatea Aizpurgiko Kontzejuarekiko eta loturik dagoen gainerako toki-erakundeekiko.

e) Azienda Aizpurgiko katastroan edukitzea, urtebete lehenagotik.

4. artikulua.

Aizpurgiko Kontzejuak kalkulatuko ditu bazkalekuen balioa eta jasan dezaketen abere-zama.

5. artikulua. Kanona.

Herri-larreen aprobetxamenduaren onuradunek ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko da, aurrekontuen aurreikuspenen arabera. Kanon hori urtero eguneratuko da, nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen balio-gehikuntzaren arabera. Kanon hori izanen da larreen egiazko balioaren %80 eta %90 artekoa.

6. artikulua. Epea.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez egiten den aprobetxamenduaren epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

7. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez-betetzeak herri-larreak kentzea ekarriko du.

8. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du ziurtagiri bat, frogatzen duena betetzen direla osasun babesari buruzko legerian eskatzen diren baldintzak, eta bete beharko ditu aipatutako legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

9. artikulua. Enkante publikoa.

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi urteko eperako, ordenantza honetan eta indarra duen legedian ezarritakoari lotuz.

III. KAPITULUA

Adjudikatzeko prozedura

10. artikulua.

Herri-larreak aprobetxatzeko eskubidea izan uste dutenek 15 egun balioduneko epea izanen dute beren eskabideak aurkezteko, iragarkia Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratzen den egunetik hasita.

Eskabidearekin batera aziendaren osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko da, 10. artikuluaren arabera, eta ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

11. artikulua.

Herritarrendako larreen adjudikazioa zozketaren bidez eginen du Kontzejuak.

Zozketa horretan, zenbaki bat aterako da ausaz, eta horren araberakoa izanen da larreak hautatzeko onuradunen hurrenkera.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua.

Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

b) Ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan aziendak sartzea.

c) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

d) Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo beste bati eskualdatzea.

e) Kalte egitea aziendaren eskorta eta putzuetan.

f) Ordainketa ez egitea ezarritako epeetan.

g) Abeltzainak Kontzejuari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jarduera utziko duela.

13. artikulua.

Aipatutako arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–12. artikuluko a) eta d) arau-hausteek emakida azkentzea ekarriko dute.

–b), c), e), f) eta g) arau-hausteek, gehienez ere 3.000 euroko isunak ekarriko dituzte; hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarrenei eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2208012