117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN

Udal ordenantza, arautzen duena autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzugunea, horretarako gaitutako eremuan.
Behin betiko onespena

Antzingo Udalak, 2022ko martxoaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzugunea, horretarako gaitutako eremuan, arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki hori 2022ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 12an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzea erabaki da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Antzinen, 2022ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Isaac Corres López.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA AUTOKARABANEN ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUEN ZERBITZUGUNEA, ANTZINEN HORRETARAKO GAITUTAKO EREMUAN

Zioen azalpena

Autokarabanetarako zaletasuna edo turismo ibiltaria nabarmen haziz joan da azken urteotan. Alabaina, gaur egungo egoeran, horren gaineko arau berariazkorik ez dagoenez, interpretazio okerrak gertatzen dira autokarabanak etxebizitza-ibilgailutzat erabiltzeari aplikatzen zaizkion araudien inguruan.

Gai honen arauketan, hain zuzen, honako hauek gurutzatzen dira: zenbait administrazioren eskumen alorrak, erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natura eta kultura baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin, eta herritarren eta autokarabanetan ibiltzen diren turisten arteko bizikidetza erraztea.

Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelako, horretarako erabilita lurzoruaren antolamenduari buruzko legeriek aitortzen dizkieten tresnak.

Antzingo udalerriak ere nabaritu du turismo mota horren gorakada, eta turista asko hartzen ditu, gero eta gehiago, garraio eta bizitegitzat autokarabanak baliatzen dituztenak, horien erabileraren gaineko araurik egon gabe. Egoera horrek beharrezko egiten du aisiarako ibilgailu hauen presentziaren normalizazioa, bateragarriak izan daitezen autokarabanen erabiltzaileak herriak turismo aldetik dituen gauza xarmagarrien gozatzea eta interes publiko bidezkoen zaintza, ingurumenaren defentsa eta eremuan aparkatzeko dauden lekuen banaketa zuzena.

Hori guztia bermatze aldera, aparkatzeko eremu bat sortu da, zerbitzuz hornitua, eta haren funtzionamendua, hain zuzen, ordenantza honetan jasotzen da.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, bermatzea Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua betetzen dela, eta, bestetik, arauak ematea autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen ostatu-erabilerarako, horretarako Antzingo udalerrian gaitu den eremuaren barnean, udal igerilekuetatik mendebaldera, Vasco Navarro bide berdearen ondoan.

Horren guztiaren helburua da bertako natura baliabide eta espazioak zaintzea, bizikidetza erraztea Antzingo bizilagunen eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten artean, eta bermatzea bai pertsonen segurtasuna, bai aparkaleku publikoen beharrezko errotazioa eta banaketa zuzena, autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen eremuaren erabiltzaile guztien artean.

Horrez gain, Antzinen turismoa sustatzeko helburua du, behar dituzten zerbitzuak eskainirik ibilgailu mota horien erabiltzaileei, eta horiek udalerrian sortzen dituzten hondakinen kudeaketa egokia bideraturik.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Zehapena ekarriko du kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak Antzingo udal-mugartean, barne dela autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkaleku erreserbatutzat ezarritako eremua. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren berezko espaziotik kanpo.

b) Autokarabanen aparkalekuan egotea ordenantza honetan ezarritako denbora baino gehiago.

c) Antzingo Udalaren ustez, beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.

4. artikulua. Gelditu eta aparkatzeko araubidea.

Hiri barruko bideetan autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditu eta aparkatzea baimentzen da, honako hauek betetzen diren bitartean:

a) Ibilgailua gelditu edo aparkatzean arriskurik ez sortzea eta ibilgailu eta/edo oinezkoentzat oztopo edo arrisku ez izatea.

b) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz gelditu edo aparkatzea.

c) Ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzea.

d) Ez ateratzea aparkaleku-plazatik at.

Kasu batzuk aipatzearren, orientagarri izan daitezen, honelakoetan irizten zaio autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1. Gurpilekin baizik ez badu zorua ukitzen (hanka egonkortzaileak ez daude beheititurik, ez eta beste inolako tramankulurik ere).

2. Autokarabana itxiarena baino espazio gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez dago leiho irekirik (leiho zabalduak edo goitik kanpora irekitzen diren leihoak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupa dezaketenak), aulkirik, mahairik, hedaturiko toldorik eta abar.

Leihoak irekitzea arriskua ez denean errepideko zirkulaziorako edo bideko beste erabiltzaileentzat, baimendua egonen da irekitzea. Nolanahi ere, irekitze soila ez da aski arrazoi izanen ibilgailua kanpaturik dagoela irizteko.

3. Inolako isurkari kutsatzaileren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bidez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasungarritasunaren kontrako portaerarik agertzen ez bada, urak bide publikoan hustea kasu.

4. Zarata gogaikarririk egiten ez bada, hala nola argindar-sorgailu bat martxan jartzearena.

5. artikulua. Zerbitzugunea.

Autokarabanen aparkaleku eta zerbitzugunerako eremua udal igerilekuetatik mendebaldera dago, Vasco Navarro bide berdearen ondoan. Haren erabilera arau hauen mendean egonen da:

1. Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab.

2. Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, lurzoruan markatuak, eta ez da inoiz kanpoaldera aterako mahairik, aulkirik, toldorik, itzalkinik, eguzki-oihalik, edo beste edozein tresna.

3. Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza uzten duten arte.

Ezinbestean edo premia delarik, gehieneko denbora baimendu hori gainditzen ahalko da, aldez aurretik Alkatetzak baimenduta betiere.

4. Erabiltzailek erabilgarri dute etxola bat, komunak dituena. Debeku da haietan hustea komun kimikoen deposituak.

5. Erabiltzaileek eremu bat izanen dute autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur grisak eta beltzak husteko, bai eta ur hargune bat ere. Eremu horretan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Bertako higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Debeku da ura hartzea etxebizitza-ibilgailuen deposituak betetzea ez den beste erabilera baterako.

6. Berariaz debeku da beste mota bateko ibilgailuak garbitzea, eta bestelako isurkaririk edo hondakinik isurtzea, autokarabanen deposituek berez edukitzen dituztenez gain.

7. Aparkalekuko zerbitzugunearen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta babesteko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xedatzen ahalko du zerbitzugunerako eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileentzat.

8. Egonaldiak irauten duen aldian ez da zaratarik edo herritarrentzako eragozpenik sortuko.

9. Egonaldian sortzen diren zaborrak eta hondakinak dagozkien edukiontzietan utzi beharko dira nahitaez.

10. Baimendurik dago zakurrak egotea. Nahitaez loturik egon beharko dute, bat etorriz Etxeko animaliak, batez ere zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantzarekin. Orobat, jabeen betebeharra eta erantzukizuna da haien gorozkiak biltzea eremuan nahiz berdeguneetan.

6. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ez betetzea edo urratzea ordenantza honen artikuluetako edozein, eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak; toki-korporazio honi dagokio egoki diren ikuskaritza eta zehapen eginkizunak betetzea.

Antzingo Udalak izanen du bere gain ordenantza hau betetzen dela begiratzea, horretarako gaitzen dituen pertsonen bidez.

7. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Antzingo Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2. Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak ebatziko ditu, bai eta prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi zenetik sei hilabeteko epea iragaten bada zehatzeko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunek hala eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak berak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu bada interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza arauemaile honetan ezarritakoaren aurka egiten duen arau-hauste oro zehatuko da 50 eurotik 300 eurora bitarteko isunarekin. Eragindako arrisku, eragozpen, inpaktu edo berrerortzearen arabera mailakatuko dira zehapenak. Berrerortzetzat hartzen da izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea urtebeteko epean, administrazio-ebazpen irmoz hala erabaki denean.

Betiere, arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta 300 euroko isunarekin zehatuko da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin hiri-altzariak kaltetu badira edo kanpaldiko tokia zikindu bada, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egiten edo arriskua ekartzen dutenak.

9. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarrean dagoen araudian aurreikusten diren kasuetan, bidezkoa izanen da araua hautsi duen ibilgailua bide publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Antzinen autokarabanak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Antzingo Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko gertaturiko gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean, halakorik gertatzen bada aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-hauste den egitatearen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren aurkako arau-hausteen erantzulea, edo egile horren tutoretza duena, adingabekoa bada.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori betetzen ez badu behar den prozedurazko izapidean, 300 euroko isunarekin zehatuko da, arau-hauste astunaren egile gisa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2208113