1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
EPEA IREKITZEA elikagaiak prozesatzeko teknologiaren sektoreko Nafarroako eta Indiako enpresen arteko B2B topaketa birtualetan parte hartzeko.
Nafarroako Nazioarteko Plana 2021-2022 (PIN4) Nafarroako Gobernuaren tresna bat da, Nafarroako enpresei laguntza ematen diena nazioartera ateratzeko, eta plan horren barruan, India identifikatu da, besteak beste, lehentasunezko herrialde gisa, nekazaritzako industriaren sektorea lantzeari begira; izan ere, aukera onak izan baditu.
Indiako elikagaigintzaren balio-katearen segmentuak zer-nolako egoeran dauden sakon aztertuta, elikagaiak prozesatzeko teknologiak, ontziratzeko eta paketatzeko makineria, hotz katea eta HORECA ekipamendua barne, ikusten da, sektoreak dituen ezaugarriengatik, Nafarroako enpresentzat aukeraz beteriko nitxoa dela:
–Herrialdean, gaur egun, txikia da oso prozesatzen den elikagai kopurua, eta zifra hori esponentzialki handitu behar da denbora epe oso laburrean. Izan ere, Indiako gobernua arlo horretako enpresen inbertsioa sustatzen ari da.
–Eskaria biziki hazten ari da sektorean, herrialdean gertatzen ari diren egiturazko aldaketak direla-eta, esate baterako, kontsumo ohituren bilakaera, kontsumitzaileen erosahalmenaren handitzea eta, batez ere, elikagaiak prozesatzeko azpiegiturak maila guztietan modernizatzeko beharra.
–Indian handia da desoreka teknologikoa, eta prozesatze teknologiaren arloko profesionalek ez dute prestakuntza nahikorik; horregatik, atzerriko enpresek negozio aukera onak dituzte bertan, hala ekipamenduak zein ezagutzak esportatzeko, nola herrialdean posizionatzeko, dela zuzenean dela bertako kideen eskutik.
–Indiak balantza komertzial negatiboa dauka sektoreko makineria eta ekipamenduaren salerosketari loturik aztertu diren muga-zergazko partida guztietan.
–Indiak kanpoko inbertsioei ateak zabaldu dizkienez zenbait sektoretan, multinazional handiak iritsi dira herrialdera, hala ekoizpenera nola banaketara bideratuak. Enpresa horiek bertako industria eta profesionalak modernizatzeko eragile izan ez ezik, eskari handia ere ekarriko dute makinerian eta ekipamenduetan, herrialde horretako lantokiak hornitzeko.
–Halaber, kontsumitzaileak jabetu dira elikadura ohitura higienikoak edukitzearen garrantziaz, bai erosketa prozesuan, bai elikagaiak manipulatu, prestatu eta kontsumitzerakoan, eta aldaketa hori oso garrantzitsua izan da. Indiako gobernuak joera aldaketa hori babestu egin du, zorroztu baititu elikagaien segurtasun eta higieneari loturiko betebeharrak, sektoreko eragile gehienek orain arte bazter uzten zituztenak. Betebeharrak zorroztu beharra pizgarria izanen da sektorea modernizatzeko eta nazioarteko estandarrekin bat datozen ekoizpen praktikak eta kalitate kontrolak ezartzeko.
Horregatik, lehentasunezko merkatuen eta Nazioarteko Plana nazioartean zabaltzeko laguntzaren ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak gonbit egiten die nekazaritza industriako sektoreko balio-kateko Nafarroako enpresei, bereziki elikagaien prozesatzeari lotutakoei, parte har dezaten elikagai prozesatuen Indiako fabrikatzaileekin eginen diren topaketa birtualetan. Topaketak irailean eginen dira, bigarren hamabostalditik aurrera, eta egungo osasun egoera dela-eta online antolatuko dira.
Ekintzaren helburua da Nafarroako nekazaritza industriaren sektorea Indiako eragileen artean bultzatzea, bai eta prozesatutako elikagaien Indiako fabrikatzaileen eta honako arlo hauetan jarduten duten Nafarroako enpresen arteko topaketak ahalbidetzea ere:
–Elikagaiak prozesatzearen sektorea.
–Elikagaiak prozesatzeko teknologia.
–Paketatzearen teknologia.
–Hotz-katearen teknologia.
–HORECA (hotelak, jatetxeak, kafetegiak) kanalaren teknologia.
Helburua da merkataritza harremanak sustatzea.
Ekintzaren edukia.
Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:
–B2Bak prestatzeko bilerak egitea, elikagai prozesatuen Indiako fabrikatzaileekin topaketa birtualak egin aurretik.
–Nafarroako eskaintza teknologikoari buruzko katalogo birtualaren prestaketa.
–Banakako bilera birtualak egitea elikagai prozesatuen Indiako fabrikatzaileen eta Nafarroako enpresen artean. Zoom, Teams, Skype, Webex edo tankera horretako plataformak erabiliko dira.
Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:
–Nekazaritza industriaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak edo zentro teknologikoak izatea.
–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2022ko abuztuaren 19ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, Interneteko helbide honetan https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convocatoria-para-participar-en-los-encuentros-b2b-virtuales-entre-empresas-navarras-e-indias-del-sector-del-procesado-de-alimentos.
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.
Jardunaldian 10 enpresak parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak, gehieneko kopurura heldu arte.
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die inskripzio fitxan adierazitako gaitutako helbide elektronikora, eta ekintza prestatzeko bilera batera deituko die.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.
–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2207936