117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA ibericafood online salmenta puntuan (Erresuma Batua) Nafarroako produktuen sustapenean parte hartzeko.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana 2021-2022 (PIN4) sustatzen du, Nafarroako ETEen nazioartekotzea bultzatzeko ekintza guztietarako esparru estrategiko gisa. Plan horren barruan, lehentasunezko merkatu batzuk identifikatu dira, eta horietan bideratu behar dira ahaleginak Nafarroako enpresak babesteko eta sustatzeko. Erresuma Batua da merkatu horietako bat.

Zehazki, Erresuma Batua merkatu estrategikoa da nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresentzat, merkatuaren bolumena, kontsumo ohiturak eta herrialde horrekin dauden merkataritza harremanak direla-eta.

Ekintza honen helburua da Nafarroako produktuak merkatu horretan sustatzea Ibericafood.com online salmenta puntuaren bidez, hori baita Espainiako produktuak Erresuma Batuan merkaturatzeko erreferentziazko atarietako bat.

Ekintza 2022ko azarotik abendura bitartean eginen da.

Ibericafood.com Espainiako gourmet produktuak Erresuma Batuan inportatzen eta banatzen dituen enpresa da. Enpresa hori 2013an sortu zen, eta erreferentzia bat da Espainiako elikagaiak Erresuma Batuan merkaturatzeari dagokionez, batez ere herrialdearen hegoaldean. Konpainiak bi jarduera-lerro nagusi ditu: “retail” bidezko B2B banaketa (jatetxeak eta dendak), eta bezero pribatuari saltzea konpainiaren hasieratik sortutako online dendaren bidez. Haren katalogoan Espainiako produktuen 400 erreferentzia daude.

Erresuma Batua Espainiako nekazaritzako elikagaien merkatu nagusietako bat da (60 milioi biztanle baino gehiago ditu), per capita errenta handia du, eta Espainiako produktuek eta, oro har, Espainia markak ezagutza eta balorazio handia dute bertan, turismoari eta sukaldaritzari esker. Brexitaren ondoriozko trantsizio-aldi baten ondoren, inportatzeko tramiteak normalizatuta daude eta oro har ez dira oztopo. Hedatze- eta kontsumo-maila altua dela eta, produktu berritzaileek, bosgarren gamakoek eta balio diferentzialak dituztenek potentzialtasun handiagoa dute gaur egun. Online kanalari dagokionez, Erresuma Batua Europan online salmenta bolumen handiena duen herrialdeetako bat da, Herbehereekin batera. COVIDaren ondorioz, merkatu digitalak hazkunde harrigarria izan zuen, eta online erosketa ordura arte ezagutzen ez ziren mailetara hedatu zen. Gaur egun normalizazio bidean dago, baina Europako kontinentean lehenengo merkatua izaten jarraitzen du.

Ekintzaren edukia.

Nafarroako elikagaien eta edarien promozio bat eginen da 45 egunez Iberica Food inportatzailearen online dendan (https://www.ibericafood.com/). Helburua da Nafarroako elikagaiak eta edariak produktu berritzaile gisa ezagutaraztea eta parte hartzen duten enpresek beren produktuak atari horretako eskaintzan sartu ahal izatea.

Horretarako, parte hartuko duten produktuen azken kontsumitzailearen artean erosketa eta kontsumoa sustatzea helburu, salmenta puntuko sustapen horrek eskualdea sustatzeko irudi bat izanen du, bai eta honako jarduera paralelo hauek ere:

–“Landing page” bat egitea, Nafarroako gastronomia aurkezteko.

–Baliabide grafikoak diseinatzea eta ezartzea: sustapen bannerra, Nafarroako produktuaren identifikatzailea eta newsletterra.

–Azken zozketa kanpainaren iraunaldian Nafarroako produktuak erosi dituzten erabiltzaileen artean, edo deskontu-kupoi baliokidea.

–Online publizitatea destinoan sare sozialen eta hedabideen bidez, ekintza natiboen eta espainiarren artean sustatzeko.

Garrantzitsua da kontuan hartzea Iberica Foodek bere buruarentzat gordetzen duela sustapenean sartzen diren elikagaiak eta edariak hautatzeko eskubidea.

Parte hartzeko baldintzak.

Online salmenta puntuko sustapen ekintza komertzial honetan parte hartzen ahal dute baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–Egoitza, egoitza soziala edo ekoizpen-zentroa Nafarroan izatea.

–Elikagaien edo ontziratutako edarien fabrikatzaileak izatea. Produktu freskoek edo solteko produktuek eta produktu izoztuek ezin dute ekintza honetan parte hartu. Sustapen ekintza honetan sartzen ahal diren produktuek gutxienez 60 eguneko kontserbazio denbora izan behar dute.

–Erresuma Batuan produktuak eskuragarri izatea edo Erresuma Batuarekin esportazio-lerro bat hasteko moduan egotea.

–Edari alkoholdunen enpresek inportatzaile bat izan behar dute jada Erresuma Batuan, eta Ibericafood.com enpresari eman behar diote kontaktua, edari horiek ecommerce-aren bidez merkaturatzeko hautatzen badituzte.

–Ingelesezko web-orri bat izatea, eguneratua eta bere produktu eskaintza eta salmenta puntuko sustapen honetan inskribatu nahi dituzten erreferentziak behar bezala deskribatuko dituena.

–Enpresek, produktu motaren arabera, Erresuma Batuan baliozko etiketa izatea edo hura ekintzarako egokitzeko prest izatea.

–Enpresek, soil-soilik, 7 egun baino lehenago birjartzeko aukera duten produktuak aurkeztuko dituzte, salmentari dagokionez emaitza ona izan badute.

–Entregatzeko baldintzak eta epeak onartzea eta ezarritako epeen barruan behar beste material eta produktu bidaltzea, horiek saldu ahal izateko.

–Nafarroako enpresa arduratuko da logistikaz, ondoren bi alderdien artean akordioak izateko aukera baztertu gabe.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2022ko uztailaren 15eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, Interneteko helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/apertura-de-plazo-para-participar-en-la-promocion-de-productos-navarros-en-el-punto-de-venta-online-ibericafood-reino-unido-

Fitxa horretan, formulario bat betetzea eskatzen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Enpresa parte-hartzaileak Iberica Food atariaren arabera hautatuko dira. Enpresa bakoitzak gehienez 10 produktu proposatzen ahal ditu ekintza honetarako.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie ekintza komertziala prestatzeko bilera batera.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Produktuaren oinarrizko deskribapena eta haren osagaien zerrenda ingelesez ematea.

–Eskatzen zaienean, kalitate oneko argazkiak ematea, produktuaren eta haren ezaugarrien benetako irudikapena islatzen dutenak, batez ere paketatzeari eta egungo markari dagokienez. Era berean, enpresek produktuaren nutrizio etiketaren bertsio grafiko bat izan behar dute, jpg, png edo pdf formatuan.

–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 12an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2207065