110. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Ordenantza, Udalaren dirulaguntzak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2022ko otsailaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 29an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu osoko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu honetan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.

Arbizun, 2022ko maiatzaren 13an.–Udalburua, Francisco Javier Razquin Flores.

DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

I.–Arbizun gizarte egitura egunetik egunera hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, parte-hartzearen eta konpromisoaren ezagutzan neurturik, egungo bizia garatzeko alor ugaritan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena, eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, parte-hartze sozialerako eta herritartasuna eraikitzeko eta abarretarako espazioak.

Gizartearen bultzada hori dela eta, gero eta gehiagok eskatu eta parte hartzen du Arbizuko udalerrian egiten diren gizarte-ekimeneko programa eta jarduera ugarietan.

Arbizuko Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko VI. kapituluak arauak ezartzen dituenean Nafarroako toki-erakundeek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei, tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez, laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko.

Toki erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen esparru juridiko orokorra ezarrita dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III.–Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du udal ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan jasoak; orobat, dirulaguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza honen xedea da Arbizuko Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

2. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Arbizuko Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskura ditzaketen pertsonen aldekoa, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete, proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezi bat har dadin (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gerta dadin; eta onuradunak bete ditzan ezarritako betebehar material eta formalak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, diskriminaziorik eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza emateko zer jarduera izan den oinarri, jarduera horixe gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Arbizun egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partizipazio osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko erakunde edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), bai eta ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, ez bada deialdian bertan eskatzen beste bitarteko batzuen bidez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat ezartzen.

6. artikulua. Debekuak.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, salbuespena egin ezean dirulaguntzari buruzko araudian, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoaren deklarazioa izatea, esku-hartze judizial baten mende egotea, edo desgaiturik egotea Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu ez dela desgaikuntza epealdia, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritakoaren arabera.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean edo, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapen baten ondorioz, galdu izana dirulaguntzak jasotzeko aukera, honako hauen arabera: ordenantza hau, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, Tributuei buruzko Lege Orokorra edo Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Ezin izanen dira onuradun izan ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

3. Elkarteak ezin izanen dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile, baldin eta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak badituzte.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Artikulu honen 2. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 3. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

5. Artikulu honen 2. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren iraupena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da iraupena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6. Artikulu honen 2. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena zehaztuko dira bat etorriz Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin.

7. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtagiria, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Euskararen sustapena.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte-laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Herritarren parte-hartzea.

–Azpiegiturak.

–Telekomunikazioak.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean izapidetuko da, esan nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta dirulaguntza adjudikatuko zaiela irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez ematen ahalko da dirulaguntza, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen dituenean eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko; halakoetan, aurkeztu ahala izapidetu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluari jarraikiz.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

3. Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskaerak aurkez daitezke, Arbizuko Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera, orokorrean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, dirulaguntzen oinarri bakoitzak eskatzen dituenez gain:

a) Ebazteko beharrezkotzat jotako IFZak, edo dagozkion oinarrietan eskatutakoak.

b) Eskatzailearen balorazioa.

c) Entitatearen datu orokorrak

d) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

e) Aurrekontu xehatuak, diru-sarrerak eta gastuak kontzeptuen arabera azaltzen dituztenak.

f) Bestelako entitate pribatu nahiz publikoen aldetik kasuan kasuko proiekturako hartutako laguntza, halakorik bada.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, iritziko zaiola eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik ebazpena emanda, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

4. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzio-organoak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) txostenak eta eskaerak eskatzen ahalko ditu bat etorriz kasuan kasuko dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan edo, hala behar badu, deialdian xedaturiko irizpide, modu eta lehentasunekin.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen organoari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Dagokion alorreko informazio batzordea instrukzio organo gisa aritzen ahalko da.

b) Instrukzio-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

5. Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela jasotzen bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

9. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutakoak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hitzarmenean ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

2.a Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3.a Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

1. Baimentzen ahalko da dirulaguntzen deialdia egin, eta gastua egoztea laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei.

2. Deialdian adierazi beharko da ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Kopuru hori zenbatetsia izanen da, dirulaguntzari buruzko arauek aurreikusi dutenean eskatzaileek aldez aurretik jaso dezaketela ordainketa. Hasiera batean onetsitako kopurua aldatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion espedientea izapidetzea.

3. Araudian berariaz ezartzen denean konturako ordainketak egin ahal izatea, urte anitzeko dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta egotziko zaio ekitaldi bakoitzari.

11. artikulua. Aurretiazko izapidetzea.

1. Deialdia onesten ahalko da horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta betetzen bada honako inguruabar hauetako bat:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldirako prestatzen ari den aurrekontu proiektuan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa zenbatetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabakitzen ahalko du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik izapidetzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztuko da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako izapidetze egintza guztien ondorioak honen arabera baldintzatuak egonen dira: laguntza ematea ebazterakoan, iraun beharko dute egintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek.

12. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1. Dirulaguntza emateko oinarri izan den xedea betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

2. Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Onartzea organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak, bai eta kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten dituztenak ere, halakorik egiten badituzte; halakoetan, aipatu jarduketen ondorioz eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute onuradunek.

4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea zerga betebeharrak egunean izatea, bai eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.

6. Eduki beharko dira kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak, behar bezala ikuskatuak, xedatzen duten bezala onuradunei aplikatzekoak zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek.

7. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

8. Behar bezala iragartzea finantzazio publikoa izan dutela dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek.

Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, honako agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Fakturak izan daitezke emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak soilik, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, auditore akreditatu batek egindako auditoretza aurkez daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Arbizuko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Dirulaguntza arautzen duen oinarri bakoitzak ezartzen ahalko du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian.

Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatikatuak izaten ahalko dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean eginen direnak. Aurkeztutako justifikazioaren araberako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aurretik funtsak ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek aurreikus dezakete emandako funtsen gaineko bermeen araubidea.

14. artikulua. Laguntza itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatzen ahalko da dirulaguntza arautzen duten oinarrietan. Halakoetan, diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan zehaztuko dira, beraz, funts horien zenbatekoa eta jatorria, eta horien aplikazioa diruz lagundutako jardueretan.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta dirulaguntzari buruzko arauetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena, dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea eginen da bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8 artikuluekin, alde batera utzi gabe ezartzen dena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Legean.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoak dira.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2207087