110. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean eskola-garraioaren zerbitzuaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak arautzen dituena.

HITZAURREA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 3.3 artikuluan xedatzen duenez, lehen hezkuntzak, derrigorrezko bigarren hezkuntzak eta oinarrizko mailako heziketa zikloek osatzen dute oinarrizko hezkuntza. Halaber, 4.1 artikuluan adierazten duenez, oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat, eta, beraz, Administrazioari dagokio baliabideak ematea, eskubide hori baliatzeak familiei kosturik eragiten ez diela bermatzeko; bereziki, udalerrian bertan edo udalerritik gertu ikastetxerik ez duten ikasleen kasuan.

Aurreikuspen horiei dagokienez, lege organikoak berak neurriak ezartzen ditu benetako berdintasuna bultzatzeko bai eskolatzean bai hezkuntza sisteman jarraitzean. Hala, 81.1 artikuluak gizarte eta hezkuntza zaurgarritasun egoeran dauden ikasleak ekartzen ditu gogora; 82. artikuluak, 1. apartatuan, landa eremuko ikastetxeak aipatzen ditu, eta 2. apartatuan, berriz, ikasleak bizi diren udalerritik hurbil dauden landa eremuetako eskolatzeak aurreikusten ditu. Kasu horietan, hezkuntza administrazioek doan eman behar dituzte eskola-garraioaren zerbitzuak, eta, hala badagokio, jantokikoak, derrigorrezko etapetan.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testuan egindako aldaketek indartu egiten dute hezkuntza administrazioek landa eskolei eman behar dieten arreta berezia, baita landa eremuetako ikasleek hezkuntza sisteman oinarrizko hezkuntzatik harago jarrai dezaten laguntzeko neurriak ere (82. artikuluaren 3. apartatua).

PSN-PSOE, Geroa Bai, Ahal Dugu-Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdiek “Programa-akordioa bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako. 2019-2023” delakoa sinatu zuten. Bada, akordio horren 3.1 apartatuko 50. epigrafeak aurreikusten du eskubide osoko garraioa eskaintzea ikastetxe publikoetako Batxilergoko eta OLHko ikasleei.

Arau eta gobernu jarraibide horiek betetzeko, Hezkuntza Departamentuak eskola-garraioko eta jantokiko zerbitzuen araudia eguneratu nahi du honako foru agindu honen bidez. Horretarako, eskola-garraiorako eskubidearen titularren artean sartuko ditu oinarrizko mailako heziketa zikloetako, erdi mailako heziketa zikloetako eta Batxilergoko ikasleak. Halaber, hobekuntzak eginen ditu beharra duten alderdietan; hain zuzen ere, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Agindua aplikatu den urteetan (102/2017 Foru Agindua, azaroaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean eskola-garraioaren zerbitzuaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak arautzen dituena) agerian geratu direnetan.

Azpimarratzekoa da ikasle horiek guztiak eskola-garraioaren onuradunen artean sartzeak ahalegin handia eskatzen diola, antolakuntzaren aldetik, Administrazioari; batez ere, bi arrazoirengatik. Alde batetik, Nafarroako eremu jakin batzuetan (iparraldean eta erdialdean nagusiki) biziguneak bakanduta daude, eta kasu askotan, gainera, gune txikiak edo ertainak dira. Beraz, ikasle gutxi eraman behar dira udalerri edo bizigune bakoitzetik.

Bestalde, kontuan hartu behar da ez dagoela eskola zonifikaziorik, eta, ikastetxe jakin batzuetan, onuradun gehiago izatea dakarten irakaskuntzen eskaintza mugatua dela (erdi mailako heziketa zikloak, Arte Batxilergoa, Batxilergo Orokorra, curriculum egokituko programak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek ematen dituzten oinarrizko mailako heziketa zikloak); izan ere, irakaskuntza horien eragin eremua –askotan ikastetxe bakarrean ematen dira– Foru Komunitateko lurralde osoa da. Horrek, era berean, ukitutako ikastetxeetan ematen diren ikasketetako ikasleak udalerri bakanduetakoak izatea eragiten du.

Bi faktore horiek direla eta, teknikoki zaila da garraio kolektiboa segurtasun baldintzak (landa errepideak) eta legezkotasunekoak (ibilbideen iraupena) betez antolatzea; eta, horrez gain, Nafarroako garraio publikoko ibilgailuen flotak ez du behar adina ibilgailu.

Hala, faktore horiek bat egiten duten kasuetan, honako foru agindu honek banakako laguntzen modalitatearen bidez emanen du eskola-garraioaren zerbitzua, ikasketa horiek egiten dituzten ikasleak nagusiagoak izateak ere horretarako aukera ematen baitu.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da arautzea eskola-garraioaren onuradun eta jantokiko erabiltzaile diren ikasleendako eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak.

Foru agindu honi dagokionez, eskola-garraiotzat hartuko dira ikasle onuradunak egunero edo astero bere ohiko bizilekutik ikastetxeraino eta ikastetxetik etxeraino egiten dituen bidaiak, modalitate guztietan.

2. artikulua. Eskola-garraioaren ikasle onuradunak.

1. Nafarroan bizi diren ikasleak dira eskola-garraioaren onuradun, baldin eta ikastetxe publikoetan matrikulatuta badaude eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Lanbide Heziketa Bereziko, oinarrizko mailako heziketa zikloetako, Batxilergoko eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasketak egitea, foru agindu honetan zehazten diren baldintzetan.

b) Nafarroako Gobernuak ezarritako eskola zonifikazioaren arabera dagokion ikastetxe publikoan eskolatuta egotea (80/2019 Foru Dekretua, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duena).

c) Ohiko bizilekua ikastetxea dagoen udalerria ez den beste batean izatea, eta bien arteko distantzia hiru kilometrotik gorakoa izatea, lerro zuzenean zenbatuta.

2. Foru agindu honi dagokionez, ikasleak erroldatuta dauden helbidea hartuko da ohiko bizilekutzat.

3. Derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan, ikasleek ordutegia luzatzea dakarten jarduera edo programa bereziak egiten badituzte, ordutegiak ikastetxean ezarritako ordutegi orokorrarekin bat badatoz soilik izanen dute garraio eskubidea.

3. artikulua. Eskola-garraioaren beste onuradun batzuk.

1. Aurreko artikuluko 1.b apartatuan aurreikusitako baldintza betetzen ez duten ikasleak ere eskola-garraioaren onuradun izanen dira, baldin eta honako egoera hauetakoren batean badaude:

a) Hezkuntza zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeen curriculum egokituko programetako eta oinarrizko mailako heziketa zikloetako ikasleak.

b) Ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu ofizial jakin bat eduki ezin izan duten eta eredu horretan itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatu diren ikasleak, baldin eta, lehentasunez, zonakatzearen arabera dagokien ikastetxe publikoan izena emateko eskatu badute aurreinskripzioan, bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin.

c) Eskola-mapa aldatuz gero, aldaketa hori egin aurretik garraio eskubidea zuten ikasleak, betiere ohiko bizilekua aldatzen ez badute.

d) Lanbide Heziketako, Arte Batxilergoko eta Batxilergo Orokorreko ikasleak, baldin eta egiaztatzen badute beren ohiko bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxe publikoa eskatu dutela, lehentasunez, aurreinskripzioan.

2. Era berean, eskola-garraioaren onuradun izanen dira hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak, baldin eta 2.1.a) artikuluan zehaztutako ikasketak egiten ari badira eta Hezkuntza Departamentuak funts publikoekin sostengatutako unitate espezifikoetara edo hezkuntza bereziko ikastetxeetara bideratzen baditu, bai eta, mugitzeko desgaitasuna, desgaitasun psikikoa edo zentzumen desgaitasuna dela eta, eskualdeko hiri garraio publikoa erabili ezin duten ikasleak ere, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren.

3. Eskola-garraioaren onuradun izanen dira, baita ere, 2. artikuluan adierazitako baldintzak betez eta Hezkuntza Administrazioak eskatuta (bai eskolatzearen hasieran bai horren jarraipenean), kasuan kasuko etapako lehen ikasmailako ikasketak eskola zonifikazioaren arabera ez dagokien ikastetxe batean hasi zituzten edo hasi behar dituzten ikasleak.

4. 2.1.c) artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, garraioaren onuradun izanen dira –banakako laguntzaren modalitatean– hirigune bakanduetan bizi diren ikasleak, betiere hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekutik edo ikastetxetik bi kilometrora baino gehiagora bizi badira.

5. Ez dira eskola-garraioaren zerbitzuaren onuradun izanen Lanerako Prestatzeko Lantegietan, HOHIPetan eta NHBHIetan ikasten duten ikasleak, ez eta ikasturtea hasten den urte naturalean 18 urte baino gehiago (21 baino gehiago, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketa Berezian) betetzen dituztenak ere.

4. artikulua. Eskola-garraioaren modalitateak.

1. Eskola-garraioaren zerbitzua Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kudeatutako garraio kolektiboaren bidez emanen da, edo garraiorako banakako laguntzen bitartez.

2. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, oinarrizko mailako heziketa zikloetan, Lanbide Heziketa Berezian eta eskaintza orokorreko Batxilergoko modalitateetan, Hezkuntza Departamentuak antolatutako garraio kolektiboaren bidez emanen da eskola-garraioaren zerbitzua, eta, ezinezkoa bada, banakako laguntzak emanen dira.

3. Erdi mailako heziketa zikloetan, Arte Batxilergoan, Batxilergo Orokorrean, curriculum egokituko programetan eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek emandako oinarrizko mailako heziketa zikloetan, banakako laguntzen bidez emanen da zerbitzua, salbu eta ikasleak Hezkuntza Departamentuak antolatutako ibilbideetan sartzen badira.

5. artikulua. Ikastetxeen lankidetza.

1. Ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (NHBBZ) eskola-garraioa antolatzeko beharrezkoak diren ikasleen datuak emanen dizkiote Hezkuntza Departamentuari.

2. Datu horiek emateko epea ikasturte bakoitzerako eskola-garraioaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duten jarraibideetan finkatuko da, ikasleak onartzeko ezarritako egutegia kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Garraio kolektiboa

6. artikulua. Garraio kolektiboa antolatzeko irizpide orokorrak.

1. Distantziek, bideen trazadurak eta egokitasunak, ikasle kopuruak eta ikastetxeen ordutegien koordinazioak aukera ematen badute, Hezkuntza Departamentuak berak antolatu, kudeatu eta finantzatuko du garraio kolektiboa.

2. Oro har, ibilbidean gutxienez lau erabiltzaile daudenean antolatu eta kudeatuko da eskola-garraio kolektiboa. Batxilergoaren kasuan, gutxienez bederatzi erabiltzaile beharko dira.

3. Ez dira kontuan hartuko ikastetxe bakoitzean ezarritako jarduera edo programa espezifikoen ondoriozko ordutegi luzapenak, salbu eta ikasleak Hezkuntza Departamentuak antolatutako ibilbideetan sartzen badira.

7. artikulua. Ikasleak onartzeko epe arrunta.

Garraio kolektiboa antolatzerakoan kontuan izanen dira Hezkuntza Administrazioak ikasleei buruz bere esku dituen datuak, hots, ikasturte bakoitzerako ezarritako epe arruntean ikastetxe publikoetan onartutako ikasleei dagozkienak.

8. artikulua. Berandu eskolatutako ikasleak.

Erreferentziako ikastetxean izena emateko epe arrunta bukatu eta gero sartzen diren ikasleek garraio kolektibo antolatua erabiltzeko eskubidea izanen dute ikasturte horretan, betiere toki hutsik geratzen bada. Toki hutsik ez badago, banakako laguntza eskatzen ahalko du.

9. artikulua. Ohiko bizilekua aldatzea.

Eskola-garraioaren zerbitzuan tokia duten ikasleek, epe arrunta bukatu eta gero aldatzen badute bizilekua eta, ondorioz, garraio ibilbidea aldatzen bada, ez dute garraio kolektiborako eskubiderik izanen bizileku aldaketa egin den ikasturtean, salbu eta jadanik garraio kolektiboko ibilbide antolaturik bada haien ohiko bizileku berritik ikastetxeraino eta hartan toki hutsik bada. Toki hutsik ez badago, banakako laguntza eskatzen ahalko du.

III. KAPITULUA

Garraiorako banakako laguntzak

10. artikulua. Garraiorako banakako laguntzak emateko irizpide orokorrak.

Honako foru agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako kasuetan, Hezkuntza Departamentuak banakako garraio laguntzen bidez emanen die eskola-garraioaren zerbitzua ikasle onuradunei, hala eskatzen badute.

11. artikulua. Garraiorako banakako laguntzen zenbatekoak.

1. Honela zehaztuko dira garraiorako banakako laguntzen zenbatekoak:

a) Eskualdeko hiri garraioaren zerbitzua edo hiriko garraioa erabiltzeko aukera duten ikasleak: 30 eguneko abonamenduaren prezioa edo, hala badagokio, hileko prezioa ikasturteko irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.

b) Bidaiarien garraio erregularreko zerbitzua erabiltzeko aukera duten ikasleak: txartelaren prezioa ikasturteko irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.

c) Aurreko bi letretan aipatzen diren garraio zerbitzuak eskuratu ezin dituzten ikasleek ikasturte bakoitzerako onartzen den eskola-garraioko jarraibideen ebazpenean finkatutako zenbatekoa jasoko dute, honako irizpide hauen arabera:

–Ikasleen ohiko bizilekuaren eta ikastetxearen edo hurbilen dagoen eskola autobusaren geralekuaren arteko distantzia.

–Ikasle bat baino gehiago badaude udalerri edo bizitegi zona bakandu berean, eta udalerri berera joan behar badute, ikastetxe batera edo batzuetara, bateragarria den ordutegian, garraiorako banakako laguntzak kalkulatzeko, erabilitako garraiobidearen antolaketa bateratua hartuko da kontuan, baimendutako tokiak bete arte.

2. Distantzia, laguntza hauei dagokienez, ikaslearen etxebizitza dagoen hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekuraino dagoena izanen da. Bizitegi zona bakanduen kasuan (baserriak, etab.), distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita neurtuko da.

12. artikulua. Zaintza partekatuko egoeran dauden ikasleak.

Zaintza partekatuko egoeran dauden ikasleek, ohiko bizilekuaren arabera esleitua badute eskola-garraio kolektiboko tokia, banakako laguntza eskatzen ahalko dute beste gurasoaren etxebizitzan bizi diren egunetarako.

13. artikulua. Berandu eskolatutako ikasleak eta bizileku aldaketak.

8. eta 9. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden ikasleek banakako laguntza eskatzen ahalko dute berandu hasten diren edo bizileku aldaketa egiten duten ikasturtean.

14. artikulua. Zenbatekoen aparteko igoera.

Hezkuntza Departamentuak, aldez aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak edo Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak txostena emanda, banakako laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko du, baldin eta egoera bereziak badaude desgaitasuna duten edo garraiobideak eskuratzeko zailtasun handiak dituzten ikasleen eskolatze prozesuan.

IV. KAPITULUA

Hutsik geratzen diren tokiak

15. artikulua. Hutsik geratzen diren tokiak.

Toki hutsa izanen da Hezkuntza Departamentuak esklusiboki kontratatu eta finantzatutako ibilgailuetan eskola-garraioa izateko eskubidea duten ikasleek betetzen ez dutena.

Toki hutsa erabiltzeko aukera izanen dute 2.a) artikuluan aurreikusitako irakaskuntzetan eta goi mailako heziketa zikloetan eskolatutako ikasleek, baldin eta ez badute garraio eskubiderik aitortuta.

Hezkuntza Departamentuak bakarrik antolatutako eskola-garraioaren zerbitzu hori toki hutsean erabiltzen duten ikasleek ez dute kontzeptu horrengatik inolako kopururik ordainduko.

Ikasleek Hezkuntza Departamentuak ibilbide bakoitzerako baimendutako geralekuetan eta orduetan sartu beharko dute ibilgailuetara.

16. artikulua. Toki hutsak erabiltzeko eskaeren tramitazioa.

1. Toki hutsak erabiltzeko eskaerak garraio zerbitzuaren xede den ikastetxe publikoan aurkeztuko dira, ikasturte bakoitzerako onetsitako jarraibideen ebazpenean aurreikusitako datak baino lehen.

2. Garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxeko zuzendaritzak hartuko du eskaeren gaineko erabakia, eta horren berri emanen die eskaera egin duten ikasleen ikastetxeei; ikastetxe horiek ikasleei eta garraio enpresei jakinaraziko diete erabakia.

3. Garraio zerbitzu hori bi ikastetxe publikori edo gehiagori badagokie, toki hutsen gaineko erabakia ere elkarrekin hartuko dute.

4. Epe horietatik kanpo aurkezten diren toki hutsak erabiltzeko eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren toki hutsik geratzen bada.

5. Toki hutsa onartu ondoren, ikasturte horretarako baizik ez du balioko, eta, hortaz, ezin daiteke ondorioztatu hurrengo ikasturteetarako besterik gabe berrituko denik. Esleitutako tokia honako foru agindu honen 8. eta 9. artikuluetan aipatutako ikasleek betetzen badute, baimena baliogabetzen ahalko da.

6. Ikasturte bakoitzerako onetsitako jarraibideetan adierazitako egunaren aurretik, ikastetxe publikoko zuzendariak Hezkuntza Departamentura igorriko du toki hutsa erabiltzeko emandako baimenen behin betiko zerrenda izenduna, 17. artikuluan ageri diren lehentasun irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun hurrenkeraren araberakoa. Garraioaren eta ibilbidearen xede den ikastetxeaz gain, toki hutsak erabiltzen dituzten ikasleei buruzko datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak, bizilekua, ikasturtea eta ikasketa-maila eta matrikulatuta dauden ikastetxea.

17. artikulua. Hezkuntza Departamentuak bakarrik antolatutako eskola-garraioan toki hutsa erabiltzeko eskubidearen hurrenkera.

1. Garraio zerbitzua erabili nahi duten ikasleen kopurua ibilbide bakoitzean hutsik dauden tokiena baino handiagoa denean, eta eskaera guztiei erantzuteko beste erakunde sustatzaile batzuekin garraio plangintza koordinaturik ez dagoenean, eskaera horiek hurrenez hurren esleituko dira, lehentasun irizpide hauek aplikatuta:

a) Honako foru agindu honen 8. eta 9. artikuluetan adierazitako ikasleak.

b) Garraioaren xede diren ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleak. Horien artean, lehentasuna izanen dute honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleek, hemen agertzen den ordena berean:

  • i) Garraioaren xede diren ikastetxe publikoei atxikitako udalerrietatik heldu diren ikasleak.
  • ii) Bidaiarien garraio erregularrik ez duten udalerrietako ikasleak, udalerritik ikastetxera 3 kilometro baino gehiago baldin badago.
  • iii) Garraio zerbitzu erregularra izanik, etxearen eta ikastetxearen artean distantzia handiena duten ikasleak.
  • iv) Ibilbide berean garraioaren onuradun diren anai-arrebak dituzten ikastetxe publikoetako ikasleak.

c) Beste ikastetxe publiko batzuetan eskolatutako ikasleak. Toki hutsak baino eskatzaile gehiago badaude, aurreko apartatuko ii), iii) eta iv) lehentasun irizpideak aplikatuko dira.

d) Itunpeko ikastetxeetan edo dirulaguntza jasotzen dutenetan eskolatutako ikasleak. Kasu horretan, lehentasuna izanen dute irakaskuntzako ikasmaila eta maila baxuagoetan dauden ikasleek, eta, horien artean, ikastetxetik urrutien bizi direnek.

2. Aurreko apartatuetan adierazitako lehentasun irizpide bakoitzean toki hutsak baino eskatzaile gehiago baldin badaude, zozketa bidez esleituko da toki hutsa.

V. KAPITULUA

Eskola-garraioa planifikatzea eta kudeatzea

18. artikulua. Ibilbideak eta geralekuak planifikatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola-garraioko ibilbideetan hiriarteko geralekuak baino ez dira egonen.

2. Ez da hiri barneko geralekurik baimenduko, ezta eskola-garraioko ibilbide bakoitzean zehaztutakoez bestelakorik ere, salbu eta egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleen eskolatzea erraztera bideratzen badira, edo ikastetxetik urrun eta oinez joateko arriskutsuak diren guneetan dauden geralekuak badira, betiere ibilgailuaren edukiera aldatzen ez bada eta ibilbidearen iraupena nabarmen handitzen ez bada.

19. artikulua. Ikastetxe publikoen arteko koordinazioa eskola-garraioaren kudeaketan.

1. Eskola kontseiluek edo gizarte kontseiluek, garraio zerbitzuaren enpresa adjudikazio-hartzaileekin adosturik, Hezkuntza Departamentura bidal ditzakete eskola-garraio zerbitzuaren ordutegiei eta ibilbideei buruzko proposamenak.

2. Ikastetxeetako arduradunek kontuan edukiko dute Hezkuntza Departamentuak eskola egutegiak egiteko ezarritakoa, eskola-garraioaren funtzionamendu egokirako egutegien eta ordutegien koordinazioari dagokionez.

3. Bi ikastetxek edo gehiagok garraio ibilbide bera edo gehiago badute, haien eskola egutegia eta ordutegia koordinatuko dira, garraioa batera antola dezaten.

4. Ikastetxe batek baino gehiagok garraioa partekatzen badute, zuzendaritza taldeak koordinatu eginen dira, ikasturte bakoitzean garraiatu beharreko ikasleak modu taldekatuan emateko Hezkuntza Departamentuari, ikasturte bakoitzeko eskola-garraioaren jarraibideen ebazpenean ezarritakoaren arabera.

20. artikulua. Garraioaren plangintza koordinatua beste erakunde batzuekin.

1. Eskola-garraio kolektiboa antolatzeko baliabideak optimizatze aldera, aukera izanen da beste erakunde sustatzaile batzuekin koordinatuta planifikatzeko, hala nola toki erakundeekin, ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin eta abarrekin. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da ukitutako ikastetxe publikoen adostasuna eta Hezkuntza Departamentuaren baimena, garraioa antolatzeko, Hezkuntza Departamentuak kontratatutako ibilbideak, ibilgailu kopurua eta motak, garraio eskubidea duten ikasleek betetzen ez dituzten tokien erabilera edo beste edozer ezaugarri aldatu behar denean.

2. Garraio zerbitzua guraso elkarteekin, toki entitateekin edo beste erakunde batzuekin koordinatuta planifikatzen den ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Departamentuak erakunde sustatzaileen esku jarriko ditu garraio eskubidea duten ikasleek betetzen ez dituzten tokiak. Plangintza koordinatu horrek kostu ekonomikoa badakar, garraio eskubidea duten ikasleek betetzen ez dituzten tokien erabiltzaile guztien artean banatzen ahalko da, Eskola Kontseiluak edo, hala badagokio, ikastetxe publikoetako Gizarte Kontseiluak oniritzia eman ondoren. Adostasunik ez badago, ikastetxeak honako foru agindu honen IV. kapituluan xedatutakoaren arabera esleituko ditu Hezkuntza Departamentuak antolatutako garraio zerbitzurako eskubidea duten ikasleek betetzen ez dituzten tokiak.

3. Eskola-garraioa modu koordinatuan antolatzeko, ukitutako ikastetxeetako sarrera eta irteera orduek bateragarriak izan beharko dute nahitaez.

4. Eskola-garraioa modu koordinatuan antolatzeak ez die kosturik ekartzen ahalko garraio hori jasotzeko eskubidea duten ikasleei.

21. artikulua. Eskola-garraioa modu koordinatuan antolatzeko eskaeren tramitazioa.

1. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuan aurkeztuko beharko dira eskabideak, zerbitzua hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Garraioa modu koordinatuan antolatzeko proposamenaren arrazoia, justifikazioa eta ezaugarriak: garraio kolektiboko zenbat toki gehiago eskainiko diren eta zenbat ikasleri eraginen dien gehikuntzak; udalerriak; ikasmailak; hizkuntza-eredua; ikastetxeak; ibilbideak; ibilgailuak; ordutegiak; geralekuak, etab. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuak kontratatutako ibilbideen aldean dauden aldaketak zehaztu behar dira.

–Kostu osoa eta doako garraiorako eskubiderik ez duten ikasleek ordaindu beharreko kuotak.

–Ukitutako ikastetxeen adostasuna, eta, hala badagokio, eskola kontseiluen edo gizarte kontseiluena, erakunde sustatzailearen proposamenari dagokionez.

–Erantzukizun zibileko asegurua.

2. Zerbitzu horrek proposamena aztertuko du, eta, honako foru agindu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, baimena emanen zaio. Hilabeteko epean antolaketa koordinatuko eskabideari berariazko erantzunik ematen ez bazaio, ezetsitzat joko da.

22. artikulua. Eskola-garraioa kudeatzea eta gainbegiratzea.

1. Hezkuntza Departamentuari dagokio, bere administrazio organo eskudunen bitartez, zerbitzua kudeatu eta gainbegiratzea, beste departamentu batzuen eskumenak deusetan galarazi gabe.

2. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek enpresa adjudikazio-hartzaileek zerbitzua behar bezala ematen ote duten egiaztatuko dute. Akatsen bat atzemanez gero, enpresei ohartarazi beharko diete, bai eta eguneroko garraioan gertatzen diren gorabehera txikiak konpondu ere.

Garraioaren xede den ikastetxeak garraioari buruzko gorabeherak erregistratuko ditu, eta Hezkuntza Departamentuko Zerbitzu Osagarrien Atalari jakinaraziko dizkio.

3. Eskola-garraioko ibilbideak partekatzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskola aldiaren hasiera eta amaiera datak bateratuko dituzte eskola egutegietan; eta, eskola ordutegian, lanaldiaren hasiera eta amaiera, zerbitzua errazago eman dadin.

4. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak gainbegiratuko dute eskola-garraioaren funtzionamendua. Begiratuko dute honako foru agindu honetan eta ikasturte bakoitzerako eskolako egutegi, ordutegi eta jarraibideei buruzko xedapenetan ezarritakoa zuzen betetzen ote den, garraioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak dituen ahalmenak galarazi gabe.

VI. KAPITULUA

Eskola-garraioaren erabilera

23. artikulua. Ikasle erabiltzaileen betebeharrak.

1. Eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: puntualak izatea, modu egokian portatzea, segurtasun uhala erabiltzea, eserlekuan eserita egotea, gainerako erabiltzaileak eta langileak errespetatzea, ibilgailua zaintzea eta enpresako langileen jarraibideak betetzea.

2. Hezkuntza Departamentuak jarraibide osagarriak ematen ahalko dizkie erabiltzaileei eta haien legezko ordezkariei lankidetzan eta elkarlanean aritzeko, eskola-garraioaren zerbitzua hobeki eta modu eraginkorragoan emateko aldera.

3. Zerbitzuaren betebehar arruntak betetzen ez dituzten ikasleak, edo laguntzaileen nahiz garraio enpresaren langileen aginduak betetzen ez dituztenak, beren jarduketen erantzule izanen dira, hala xedatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan. Halaber, eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte.

24. artikulua. Laguntzaileak.

1. Ikastetxe publikoetako eskola-garraioko laguntzaile bat egonen da bederatzi toki baino gehiago izanik, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleak eramaten dituzten ibilgailuetarako.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako irakaskuntzetan laguntzaile bat egonen da ibilbide eta ibilgailu bakoitzeko; adinez nagusia, lan horretarako egokia, gidaria ez dena eta garraiolariak hornitutakoa, salbu eta zerbitzua antolatzen duen erakundeak hornitu dezala itundu bada.

3. Garraioaren erakunde antolatzaileak laguntzailea hornitzeak ez du inola ere lan harremanik ekarriko harekin.

4. Era berean, laguntzailearen edo zaintzailearen beharra zehazten ahalko da artikulu honetako lehen apartatuan adierazi ez diren egoeretan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak txostena egin ondoren.

25. artikulua. Laguntzailearen betebeharrak eta eginkizunak.

1. Laguntzaileak jakin beharko du nola funtzionatzen duten ibilgailuaren segurtasunerako mekanismoek, baita instalazio espezifikoek eta plataforma jasotzaileek ere, ibilgailu egokituen kasuan, eta bere eserlekua erdiko edo atzeko zerbitzu atearen ondoan egonen da.

2. Laguntzaileak ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 56. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa bete beharko du (8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoa).

3. Ikasturte bakoitzerako onesten den jarraibideen ebazpenean ezarriko dira laguntzailearen eginkizunak.

4. Laguntzailerik ez dagoen ibilbideetan, ibilgailua gidatzen duen pertsonak beteko ditu laguntzaileari dagozkion eginkizunak, betiere bere eginkizun nagusiarekin bateragarriak badira.

VII. KAPITULUA

Eskola-garraioaren arloko salbuespenak

26. artikulua. Salbuespenak baimentzea.

1. Salbuespen gisa, Hezkuntza Departamentuak ibilbideak baimentzen ahalko ditu honako egoera hauetan:

a) Hainbat udalerriren arteko garraio ibilbideak, ikasleen bizilekuaren eta destinoko ikastetxearen artean hiru kilometro baino gehiago ez badaude lerro zuzenean, betiere bien artean hirigintza jarraitutasunik ez badago eta, gainera, ibilbidea ikasleentzat arriskutsua bada oinezkoendako pasabiderik gabeko edukiera handiko bide bat, industrialde bat, urbanizatu gabeko bide bat edo antzeko bat zeharkatu behar dutelako, eta ez badago eskualdeko hiri garraiorako beste biderik.

b) Ikastetxe bat baino gehiago duten eta ikastetxe bakoitzari atxikitako hainbat udalerri dituzten udalerrien kasuan, antolaketa arrazoiak direla medio, Hezkuntza Departamentuak garraioa baimentzen ahalko du udalerri horietatik, erreferentziako ikastetxea edozein dela ere.

c) Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen arteko garraioa antolatzen ahalko du, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak haien arteko irakaskuntza programa bateratu bat baimentzen duenean.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako salbuespenak eta garrantzi bereziko antzeko beste batzuk arrazoituta baimenduko dira, gaian eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, eta ebazpen horrek Hezkuntza Departamentuko unitateetatik behar den informazio guztia bilduko du. Salbuespen horiek ikasturte bakoitzean berrikusten ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak.

VIII. KAPITULUA

Eskola-jantokirako banakako laguntzak

27. artikulua. Jantokirako banakako laguntzak.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak izan daitezke jantokiko banakako laguntzaren onuradun, baldin eta ikastetxeko jantokiaren zerbitzua erabiltzen badute eta, betiere, eskola-garraioaren onuradun badira, honako foru agindu honen 3.1.b) edo 3.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2. Ikastetxeak hala eskatuta eta eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, jantokiko aparteko banakako laguntzak ematen ahalko zaizkie Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa egiten ari diren ikasleei; zehazki, eskola-garraioa erabiltzen dutenei edo egoera ekonomiko larrian daudenei eta uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretua aplikatzen ez zaienei (246/1991 Foru Dekretua, uztailaren 24koa, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako derrigorrezko irakaskuntza-mailetako eskola-jantokiak arautzen dituena).

3. Banakako laguntza horien zenbatekoa jantoki arruntetan diruz lagundutako jankideendako dirulaguntzaren modu berean kalkulatuko da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Honako agindu honek indarra hartzen duenean izanen diren salbuespenak.

1. Honako foru agindu hau indarrean jartzen den unean, aldi baterako utziko dira salbuespen gisa dauden garraio ibilbideak.

Aldi baterako ibilbide horiek, nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren garraio arloko aurrekontu baliabideen mende egonen dira, eta ikasturte bakoitzean berrikusten ahalko dira. Edonola ere, etorkizunean, zuzendaritza nagusi eskudunaren ebazpen bidez kenduko dira ibilbide horiek, pixkanaka-pixkanaka, eskolatzearen hasieratik garraioaren eta jantokiaren zerbitzu osagarriak izateko eskubidea zuten ikasleen garraio eskubidea soilik bermatuta.

2. Honako foru agindu hau indarrean jartzen den unean, salbuespen gisa dauden geralekuek bere horretan jarraituko dute. Geraleku horiek ikasturte bakoitzean berrikusten ahalko dira, justifikatzen dituzten inguruabarrak oraindik dauden egiaztatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2207018