103. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, foru lege mailako arauak ematen ahal ditu kasuan kasuko tributu arloko foru legeak aldatzeko, baldin eta tributu araubide erkidearen erreforma batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoaren arabera, Estatuan unean-unean indarra duten arau substantibo eta formal berberak aplikatzera Foru Komunitatean. Parlamentuaren legegintzarako eskuordetze hori 14/2004 Foru Legearen bidez egin dela ulertzen da, betiere Estatuko tributu aldaketa horiek argitaratuz gero.

Aipatutako 53. artikuluak ezartzen du, halaber, ezen eskuordetutako legegintzarako eskumen horren ondorio diren Nafarroako Gobernuaren xedapenei tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu deituko zaiela.

Estatuan, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, ekonomia zirkularra bultzatzekoak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu du, irabazi asmorik gabeko erakundeei egiten zaizkien produktuen dohaintzek zerga honetan jasotzen duten tratamendu fiskala aldatzeko asmoz, betiere erakunde horiek produktu horiek beren interes orokorreko helburuetara bideratzen badituzte.

7/2022 Legeak, alde batetik, ondasunen autokontsumo kasuetan, zerga-oinarria zehazteko hirugarren araua aldatzen du, dohaintzan emandako ondasunen erabateko narriaduraren presuntzioa sartzeko; ondorioz, dohaintza-eragiketa horietan, zerga-oinarria zero izanen da. Bestalde, %0ko tasa ezartzen du dohaintza gisa egindako ondasun-emateei aplikatzeko.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez Estatuan indarrean dauden arau substantibo eta formal berberak aplika daitezen Foru Komunitatean.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren hemezortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

2022ko apirilaren 10etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen artikulu hauek testu hau izanen dute:

Bat.–27. artikulua, 3. apartatua, 3. araua.

“3. Hala ere, entregatutako ondasunen balioak aldaketarik izan badu haien erabileraren, narriaduraren, zaharkitzearen, balio-galeraren, errebalorizazioaren edo beste edozein kausaren ondorioz, ondasunek entrega egiten den unean duten balioa hartuko da zerga-oinarritzat.

Aurreko 3. arauan xedatutakoaren ondorioetarako, erabateko narriadura gertatu dela ulertuko da baldin eta 3. apartatu honetan aipatutako eragiketen xedea irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskuratutako ondasunak badira –hots, Irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoaren zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera definitutako erakundeek eskuratzen dituzten ondasunak– eta, betiere, erakundeok lege horren 3.1. artikuluan xedatutakoaren arabera garatzen dituzten interes orokorreko helburuetarako erabiltzen badituzte.”

Bi.–37. artikulua, Lau apartatu berri bat eransten da.

“Lau. Ehuneko 0ko tasa aplikatuko zaie irabazi-asmorik gabeko erakundeei dohaintza gisa egindako ondasun-emateei –hots, Irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera definitutako erakundeei egiten zaizkien ondasun-emateei–, betiere erakundeok lege horren 3.1 artikuluan xedatutakoaren arabera garatzen dituzten interes orokorreko helburuetarako erabiltzen badituzte ondasun horiek”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan jasotako ondorioak orduan hasiko dira.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2207322