91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45E/2021 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen deialdia onesten duena, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera, 2021. urteari dagokionez. DDBN identifikazioa: 555293.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren bidez ezartzen da sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko eman beharreko dirulaguntzen araubidea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruan oinarrituta. Foru agindu hori Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 8ko 47/2019 Foru Aginduak aldatu zuen.

Aipatu dugun ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Agindu horren lehen xedapen gehigarriaren arabera, mota horretako dirulaguntzetarako deialdia urtero onetsiko da, lanaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen deialdia (2021. urteari dagokiona) onestea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera.

2. 2.000.000 euroko gastua baimentzea deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2021eko gastu-aurrekontuko “Sindikatuei ordezkari kopuruaren arabera egindako transferentziak” izeneko 810012 81500 4819 494108 partidaren kargura.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak telematika bidez jaso nahi direla. Horretarako, eskatzaileak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki behar du.

Eskatzaileek gaitutako helbide elektronikorik ez badute, Administrazioak ofizioz sortuko die bat eta han jasoko dituzte jakinarazpen guztiak.

4. Gastu diruz lagungarriak egiteko aldia 2020ko abenduaren 1etik 2021eko azaroaren 30era bitartekoa izanen da. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

5. Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan ordezkarien %10 edo gehiago lortu duten sindikatuek dirulaguntzaren konturako ordainketa eskatzen ahal dute 2021eko ekainaren 30a baino lehen, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko maiatzaren 30era arte egindako jarduera sindikalagatik. Horretarako, aldi horretan egindako jarduera baloratzen duen memoria aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.

6. Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan ordezkarien %10 edo gehiago lortu duten sindikatuek eman den dirulaguntzaren %21 bideratu beharko dute, gutxienez, Nafarroan kokatuta dauden enpresa eta lantegietan laneko arriskuak prebenitzeko jarduketak egitera, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren 4.bis artikuluan xedatutakoarekin bat.

7. 20.000 euroko dirulaguntza edo handiagoa jasotzen duten sindikatuek Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren 7. artikuluan aipatutako azalpen-memoria aurkeztu beharko dute, gastuen azken justifikazioarekin batera.

8. Aurreko ataletan arautu ez diren gaietarako, Garapen Ekonomikorako kontseilariak ekainaren 16an emandako 26E/2017 Foru Aginduan xedatutako oinarri arautzaileek arautuko dute deialdia.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 26an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2105447