91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubidean, hain zuzen, 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik. DDBN identifikazioa: 554199.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: osasun gastuak murriztea, Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta aberastasuna sortzea, eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Honela laburbiltzen ahal dira plan estrategikoaren helburuak goi mailako kirol proiektuei dagokienez: klubetako kirol proiektuak diru aldetik bideragarriak izan daitezen bermatzea; kirol baliabideen aprobetxamendua kirol antolamenduaren bidez bultzatzea kluben arteko akordioak eginez, kirol proiektu berean piramide moduan diharduten kirolari nafarrei irtenbidea emateko; eta kirolari nafarrek gure eliteko taldeetan parte har dezaten bultzatzea.

Sailkapen zehatzago bat lortzearren, deialdi honen oinarri arautzaileetan laguntzak emateko irizpide batzuk finkatu dira, baita laguntza eskatzeko epeak eta aurkeztu beharreko egiaztagiriak ere.

Kontuan hartu da, halaber, gaur egungo pandemia egoera, protokolo berriak betetzera behartzen baitu, eta zenbait gastu aurreikusten dira lehiaketetan parte hartzeko baldintza gisa, kirolarien osasuna zaintzeko. Horrek eragin dezake ligetako bakoitzean jardunaldiren bat atzeratu eta bertan behera utzi behar izatea; horregatik, garrantzitsua izanen da egoeraren bilakaera aztertzea eta hari egokitzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei norgehiagokako araubidean dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Dirulaguntza horiek ematen dira 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik.

Betiere, laguntzak emateko, dagokion aurrekontu-kontsignazioa beharko da.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 99.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida ekonomiko honi egotziko zaio: “COVID-19a. Suspertu Plana. Kirol entitateak. Liga erregular nazionaletarako laguntzak” izeneko A50002-A5120-4819-336117 partida.

3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hau guztia eta 3., 4., 5., 6. eta 7. eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 18an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, norgehiagokako araubidean, dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea. Dirulaguntza horiek ematen dira 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik.

1.2. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak kobratzeko eskubidea emanen duten modalitateak honako hauek dira:

–“Liga erregularretan” parte hartzen duten klubak. Deialdi honen ondorioetarako, “liga erregularrak” honako ezaugarri hauek dituzten lehiaketak dira: talde guztiek guztien kontra jokatzen dute, kirol federazio bakoitzak ezarritako egutegiaren arabera, egutegi “itxi” bati jarraituz; hau da, egutegiko probetan nahieran (batzuetan bai, beste batzuetan ez) parte hartzeko aukerarik izan gabe. Gainera, honako baldintza hau bete beharko da: taldea inskribatuta dagoen ligak sei parte-hartzaile edo gehiago eta zazpi kirol jardunaldi edo gehiago (denak asteburu batean pilatu gabe) izan beharko ditu. Sailkapen honen barruan, bi talde eginen dira: kirol merezimenduak direla-eta beheragoko liga absolutu batetik igotzeko aukera ematen duten lehiaketak, eta aukera hori ematen ez dutenak.

1.3. Dirulaguntza hauek emanez bilatzen da klub horiei laguntzea oso-osorik Nafarroan jokatzen diren lehiaketa nazionaletan parte hartzeak sortzen dizkien gastuak neurri batean ordaintzen.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, baldin eta kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte parte hartzen badute Nafarroan oso-osorik jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan.

2.2. Klub bat dirulaguntza honen onuradun izan dadin, inskribatuta egon beharko du Nafarroako Gobernuko Kirol Entitateen Erregistroan, eta klubeko jokalariek kirol lizentzia izan beharko dute, dena delako kirol modalitatearen Nafarroako federazioak emana.

2.3. Taldeko kideak kategoria absolutukoak izan beharko dira.

Salbuespenez, aintzat hartuko dira, taldea osatzeko, adin gutxiagoko kategorietako pertsonaren bat duten taldeak.

2.4. Kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude, eta, berariaz, baldin eta apustuetan aritzen diren enpresek (barne direla apustu-makinak erabiltzen dituzten enpresak) finantzatu eta/edo partzialki babesten badituzte. Halaber, deialdi honetatik bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

2.5. Eskatzaileak ezin izanen dira egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

3. Lehiaketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen ondorioetarako, eta dirulaguntzen zenbatekoa finkatzearren, lehiaketa diruz lagungarriak bi multzotan sailkatzen dira, eta bietan eskatzen da beste deialdi batzuetan sartutako lehiaketak ez izatea:

–I. atala: A motako lehiaketak.

Atal honetan diruz lagunduko dira kategoria absolutuko liga erregular nazionaletan parte hartzen duten taldeak, baldin eta liga horien azpian beste liga absolutu batzuk badaude eta, horrenbestez, kirol merezimenduengatik batetik bestera igotzeko aukera baldin badago.

–I. atala: B motako lehiaketak.

Atal honetan diruz lagunduko dira kategoria absolutuko liga erregular nazionaletan parte hartzen duten taldeak, baldin eta liga horien azpian beste liga absoluturik ez badago eta, horrenbestez, liga horietan jokatzeko, batetik bestera igo beharrik ez badago.

3.1. Ez da dirulaguntzarik emanen lehiaketa hauetarako: mailaz igotzeko edo titulua eskuratzeko “play-off” gisako lehiaketak eta Erregearen edo Erreginaren kopak, edo antzeko kopak.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako 99.000,00 euroko gastua onetsi da. Diru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honi egotziko zaio: “COVID-19a. Suspertu Plana. Kirol entitateak. Liga erregular nazionaletarako laguntzak” izeneko A50002-A5120-4819-336117 partida. Zenbateko hori deialdi honen bi atalen artean banatuko da, gehieneko zenbateko hauek gainditu gabe:

a) A motako lehiaketak: 76.500 euro.

b) B motako lehiaketak: 22.500 euro.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Eman beharreko laguntza kalkulatzeari begira, honako kontzeptu hauek baizik ez dira hartuko diruz lagungarritzat:

–Inskripzioak eta lizentziak. Barnean sartzen dira lehiaketa antolatzen duten Espainiako kirol federazioei ordaintzea ligetan parte hartzeagatik, federazioei ordaindutako lizentzien kuotak eta mutualitateak. Inola ere ez dira sartuko kluben arteko eskualdaketengatiko fitxaketak edo arbitrajeak (beste kontzeptu batean sartuta daude).

–Arbitrajeak.

6. Eskaerak aurkeztea. Dokumentazioa eta epeak.

6.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/es/ligas-nacionales-en-navarra-concurrencia

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin. Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.2. Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Dirulaguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, banan-banan bereizita, sinadura digitalarekin eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin (agiriak goian aipatutako helbidean eskuratzen ahal dira):

a) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea NKIri baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

b) Aitorpena, adierazten duena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin. Horretarako, 4. eranskina bete behar da.

c) 5. eranskina betetzea eta frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero (lehen aldia bada edo ordura arte ordainketa egiteko erabiltzen zen kontua aldatu bada bakarrik).

e) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak, etab.).

f) Taldeko kideen izenen zerrenda, adieraziz kargua (kirolariak, teknikariak, fisioterapeutak...), adin kategoria eta zein diren legez nafarrak.

g) Kirol lizentziak.

h) Frogatzea Nafarroako Gobernuaren agerpen instituzionala jantzietan, instalazioetan eta hedabideetan (elektronikoak, ikus-entzunezkoak, kartelak eta inprimatutako beste material batzuk).

7. Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna NKIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. NKIko zuzendari kudeatzaileari dagokio dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako eskaerak ebaztea. Dirulaguntzak emateko, horretarako behar adinako kreditua izan beharko da 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

9.2. Dirulaguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.

9.3. Bai dirulaguntzak emateko ebazpena, bai deialdi honetako gainerako ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira gaitutako helbide elektronikoaren/herritarren karpetaren bidez. Gainera, informatzearen ondorioetarako bakar-bakarrik, nafarroa.eus Interneteko atarian ere argitaratuko dira.

9.4. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

9.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

10.1. NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, onuradunak 11. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren; transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita.

11. Justifikazio agiriak.

11.1. Dirulaguntza honen onuradun ateratzen diren klub guztiek azken justifikazioa aurkeztu beharko dute, telematika bidez eta laguntzen eskaera aurkeztutako modu berean, beranduenez 2021eko ekainaren 30ean.

Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa honela eginen da:

–Inskripzioen eta lizentzien kontzeptua eta Arbitrajeen kontzeptua: fakturak edo antzeko froga-balioa duten beste agiri batzuk (beste erakunde baten ziurtagiriak, federazioenak, esate baterako) eta haiei dagozkien banku-ordainagiriak aurkeztuz.

–Aurkeztuko da diru-sarreren eta gastuen balantzea (6. eranskina), non jasoko baitira, aitortzailearen erantzukizunpean, taldeak babesletzagatik edo beste erakunde batzuetatik jaso dituen diru-sarreren xehetasunak; eta, azkenik, diru-sarreren eta gastuen balantzea, laguntzaren xede den taldearen jardueraren defizita azalduta.

11.2. Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei.

11.3. Frogagiriak, bai eta lehiaketa batean parte hartzearen ondoriozko gastu/diru-sarreren zerrenda ere, kirol klub baten barnean lehiaketa horretan parte hartu duen taldeari buruzkoak izanen dira beti.

11.4. Aurkezten den dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean.

Klub eskatzailearen helbide elektroniko gaituaren bidez eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

11.5. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere betebeharrak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

12. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen deialdiaren inprimakiaren bidez, edo bestela, NKIko web-orriaren bidez:

https://www.deportenavarra.es/es/ligas-nacionales-en-navarra-concurrencia

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren eta herritar karpetaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

13. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak ematen diren xedeetarako erabiltzea, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin (5. eranskina).

c) Deialdi honen xede diren lehiaketa guztien publizitatean agertzea Nafarroako Gobernuaren lankidetza. Horretarako, kirol jantzietan, kirol instalazioetan eta hedabideetan (elektronikoak edo ikus-entzunezkoak, kartelak, prentsaurrekoetako panelak, inprimatutako materialak...) NKIk adierazten duen irudi korporatiboa erakutsi beharko da.

d) Klub onuradunen betebeharra izanen da NKIk Kirolaren Balioak kanpainaren barnean proposatzen dituen ekintzetan laguntzea. Esaterako: plotterrak, pankartak eta abar erabiltzea partida edo lehiaketa garrantzitsuetan, Kirolaren Balioak kanpaina nabarmentzea taldearen aurkezpenean, 2020-2021 denboraldiaren hasieran, kanpainarekin lotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea...

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzunkidetasunari lotutako baloreak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Klubak begiratuko du betetzen dela Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere, etxean jokatzen diren ligaren jardunaldietan. Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, baldin eta betetzen badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

h) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

i) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

k) Laguntzaren xede den taldearen jarduerarako lortutako edo eskatutako dirulaguntzen berri ematea, honako hauek betez: 3. eranskina, diru-sarreren eta gastuen xehakapena (Nafarroako Kutxa Fundazioa, Nafarroako Gobernuaren beste dirulaguntza batzuk, udalenak, babesleenak, diru-sarrera berekiak, etab.) eta 4. eranskina.

l) Pandemiak irauten duen bitartean, bete egin beharko dira administrazioak une bakoitzean ezartzen dituen COVID-19 protokoloak, batez ere jardunaldia etxean jokatzen duen klubaren aldetik, instalazioek behar duten guztia izan dezaten kasuan kasuko kirol praktika egiteko.

14. Bateragarritasuna.

14.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, aipatutako lehiaketetan parte hartzeko ematen dituztenekin.

14.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.3. Aurreko atalean ezarritako jakinarazteko betebeharra betetzen ez bada, edo onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak ere ordaindu, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzultzea erabaki arteko aldiari dagozkionak, alegia. Dirulaguntza itzuli beharraz gain, zehapenak ezar daitezke aipatu arrazoi horregatik, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin.

14.4. Erakunde guztien dirulaguntzak baturik, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetiko finantzaketa jaso dela ikusten bada, onuradunari eskatuko zaio soberakina itzul dezala. Kasu horretan, berandutze-interesak sortuko dira, dirulaguntza ordaindu zen egunetik aurrera.

15. Gardentasun betebeharrak.

15.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, klub onuradunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, jarraikiz irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

15.2. Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez.

16. Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkien berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

16.2. Dirulaguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek epez kanpo aurkezten badituzte egiaztagiriak, bidezkoa izanen da ordaintzeko falta den dirulaguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkien berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.

16.3. Nolanahi ere, onuradunak bere betebeharrak ia osorik bete baditu eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten badu, eman beharreko dirulaguntza edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen 8. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

18. Errekurtsoak.

18.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

18.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

19. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Dirulaguntzak kalkulatzeko metodoa, aplikatuko dena kirol klubei edo kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdian. Dirulaguntza horiek ematen dira oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzeagatik 2020-2021 denboraldian

1. eranskineko 2.3 oinarrian adierazi bezala, taldea osatzen duten pertsonak kategoria absolutukoak izanen dira.

Salbuespenez, aintzat hartuko dira, taldea osatzeko, adin gutxiagoko kategorietako pertsonaren bat duten taldeak.

Ez da dirulaguntzarik emanen lehiaketa hauetarako: mailaz igotzeko edo titulua eskuratzeko “play-off” gisako lehiaketak eta Erregearen edo Erreginaren kopak, edo antzeko kopak.

Kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan deklaratutako defizita baino handiagoa.

Dirulaguntzaren kalkulua.

1.–A taldea:

Laguntza kuantifikatzeko, honako kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

1. Inskripzioak eta lizentziak: egindako gastuaren %100 lagunduko da diruz, transfer, zehapen eta abarren kontzeptu gisa ordaindutako zenbatekoak izan ezik.

2. Arbitrajeak: kirol talde bakoitzak bere lehiaketa gara dadin ordaindu behar dituenak, kirol modalitateen arabera ezberdinak baitira; emanen den dirulaguntza egindako gastuaren %100 izanen da.

Dirulaguntza ez da inola ere izanen 3.500,00 eurotik gorakoa.

2.–B taldea:

Laguntza kuantifikatzeko, honako kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

1. Inskripzioak eta lizentziak: egindako gastuaren %100 lagunduko da diruz, transfer, zehapen eta abarren kontzeptu gisa ordaindutako zenbatekoak izan ezik.

2. Arbitrajeak: kirol talde bakoitzak bere lehiaketa gara dadin ordaindu behar dituenak, kirol modalitateen arabera ezberdinak baitira; emanen den dirulaguntza egindako gastuaren %100 izanen da.

Dirulaguntza ez da inola ere izanen 1.500,00 eurotik gorakoa.

Hainbanaketa. Eskura dagoen saldoa handitzea.

Eman beharreko laguntzen baturak partidan ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, hainbanaketa eginen da onuradun guztien artean.

Iragarkiaren kodea: F2104823