91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2021ean kirol instalazioen plana egin dezaten beren eraginpeko eremu geografikoan. DDBN identifikazioa: 553167.

Kirolak gaur egun Nafarroan duen hedapena eta toki entitateek arlo horretan duten inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri eskaintzen ditu Nafarroako populazio osoak kirola egiteko aukera izan dezan eta, orobat, toki entitateei laguntzeko dagozkien eskumenak beren gain har ditzaten eta kirol antolaketa gara dezaten.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.g) artikuluan, helburu gisa hauxe finkatzen du: “plangintza bat ezarri eta bultzatzea, Foru Komunitatean kirol instalazioen sare bat ezarri eta mantentzea helburu”. Horretara bideratu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburua da.

Nafarroako kirol instalazioen eraikuntza eta berritzea planifikatzeko, beharrezkoa da honako hauek aztertzea: kirol instalazioen eskaera eta joera berriak, hirigintzaren hazkundea, ingurune sozio-geografikoa, etab. Horietaz gain, egungo instalazioen zahartzea ere aztertu behar da; izan ere, horrek behartzen gaitu epe ertain eta luzean horiek egokitzeko behar diren inbertsioak egitera.

Ingurunera begiratuta, ikus daiteke kirol azpiegituren sare oso zabala dagoela, eta gerta daiteke batzuetan gehiegizkoa izatea. Beharrak ongi aztertu eta zehaztu behar ditugu, oraingoak behar baino gutxiago ez erabiltzeko eta kudeatzeko bideraezinak diren instalaziorik ez eraikitzeko. Eta, behar denean, oraingoak birmoldatzeko.

Nafarroako Kirolaren Institutuak dituen funtzioen artean, bere estatutuetan, 17. artikuluan, hau ezartzen da: toki entitateei aholku eta laguntza ematea (Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez) kirol instalazioetan inbertsioak egin, horiek eraiki eta horietan berrikuntza lanak egitea xede duten tokiko planak egiten dituztenean (kirol instalazioen tokiko planak-KITP).

Nafarroako Kirolaren Institutuak dituen funtzioen artean, bere estatutuetan, 25. artikuluan, hau ezartzen da: toki entitateei aholku eta laguntza ematea (Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez) kirol instalazioen gaian, bai eraikitzeko edo berrikuntzak egiteko, baita kudeatzeko ere; eta laguntza ematea ez ezik, erabilera publikoko kirol instalazioen eta beren ekipamenduak kudeatzea, baita toki entitateei gaiari buruzko aholkua ematea ere.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten.

Horren bidez plangintza bultzatu nahi da, agiri bat eginez, ahalik eta kirol eragile gehienekin lankidetzan, azkeneko helburua lortzeko, hots: Nafarroako Foru Komunitatean kalitatezko kirol instalazioen sarea izatea, egungo gizartearen eskaerei erantzuteko.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten 2021ean.

Laguntzak emateko ezinbesteko baldintza izanen da aurrekontuan behar adina diru egotea (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5. artikulua).

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 30.000 (hogeita hamar mila) euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Suspertu plana. Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5410-4609-336100 partida ekonomikoa.

3. Foru agindu hau, oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzara, haren Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora.

5. Foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 11n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten, honako apartatu honetan zehazten diren jarraibideei jarraikiz:

1.2. Dirulaguntzaren xede izanen dira honako protokolo honen arabera egindako kirol instalazioen planak:

Instalazioen eta jardueren plana egiteko 3 fase ezartzen dira:

1. fasea: egoera errealaren datuak biltzea. Honako atal hauek ditu bere baitan:

1.–Azken 5 urtean planean aztertzen den instalazio bakoitzean mantentze-lanetarako erabili den aurrekontuko zerrenda. Atal honetan sartuko da mantentze-lanetako ohiko zereginetarako edo instalazioak eraberritzeko erabilitako aurrekontua. Honelako gastuak ez dira sartuko: argia (elektrizitatea), ura, gasa, berokuntzarako erregaiak, instalazioa irekitzeko behar diren eragiketak, pintatzea, etab.

2.–Instalazio bakoitzean azken 5 urtean egindako jarduerak, barnean direla normalean kirolekoak izaten ez diren guneetan egindakoak, denak zenbaturik (eskura dauden parte-hartze datuekin).

3.–Kirol instalazio bakoitzaren kontserbazio egoeraren deskribapena.

4.–Eraginpeko eremuaren hirigintzako planoa, adierazita non dauden instalazioak eta ikastetxeak.

2. fasea: jardueren programazioa eta plangintza, eta hurrengo urteetan garatu nahi diren jardueren azterketa.

5.–Hurrengo 5 urtean toki entitate eskatzaileak gauzatu nahi dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren plana eta programa, eta garatu nahi den antolakuntza eredua. Atal honetan sartu behar dira bai orain egiten ari diren jarduerak, bai jarduera berriak. Baloratu beharko da ea jardueraren bati udalez gaindiko izaera eman behar zaion, daukan garrantziagatik edo parte-hartzaileak gutxi izateagatik elkarrekin egitea komeni delako.

6.–Hurrengo urteetan jardueren planerako erabiliko diren aurrekontuen kalkulua.

3. fasea: funtzionamendu planaren azterketa, prestaketa eta diseinua.

7.–Oraingo instalazioen edukiera eta aukerak aztertzea eta baloratzea, gaur egungo espazioak berrantolatuz eta egungo jarduerak birkokatuz, ebaluatzeko ea aurreikusitako jarduerak oraingo instalazioetan kokatzerik dagoen, kirolgune berriak eraiki beharrik gabe.

8.–Kirolguneetan gabeziak aurkitzea, eta horiek konpontzeko aukera aztertzea.

9.–Behar diren espazioek edo instalazioek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta espezifikoak zehaztea, oraingo eta etorkizuneko jarduerak beren baitan hartzeko, garrantzia emanez horiek izan ditzaketen askotariko erabilera edo eginkizunei.

10.–Instalazioen plana egitea, kontuan harturik aurkitutako beharrak eta etorkizunerako aurreikusitako populazioa. Atal honetan honako aldagai hauek hartu beharko dira aintzat:

10.1. Oraingo instalazio bakoitzak, eraikuntzaren aldetik, handitzeko edo aldatzeko dituen aukerak, beste modalitate batzuei erantzuteko, edo edukiera handitzeko.

10.2. Oraingo instalazioak egokitzeko aukerak, birmoldaketen bidez, espezialitate edo behar berriak beren baitan hartzeko.

10.3. Behar diren instalazio berriak.

Atal honetan kontuan hartu behar dira instalazio eta jarduera mankomunatuak, inguruneko herriekin egin daitezkeenak, eta zer herri eta instalaziotan egiten diren.

11.–Hurrengo urteetarako jarduketen kronograma. Koordinatu egin beharko dira jardueren planaren ezarpena eta egin beharreko obrak: eraberritzekoak, hobekuntzakoak edo eraikuntza berriak egitekoak.

12.–Eraikuntzako bideragarritasun plana. Aukera ekonomikoetara egokitu beharko da, eta entitate sustatzaileek une bakoitzean duten aurrekontu ahalmenaren menpe egonen da.

13.–Mantentzearen eta funtzionamenduaren bideragarritasun plana.

Bideragarritasun plan bat izanen da herrian egiten diren instalazio eta jarduera guztietarako. Horrek berekin dakar honako azterlan hauek egitea:

–Ustiapen edo negozio plan bat.

–Erabilera edo jarduera kopurua instalazio bakoitzeko.

–Mantentze-lanen kostuak.

–Funtzionamenduaren kostuak.

–Kuotek edo erabilerek ekartzen dituzten diru-sarrerak.

1.3. Berariaz baieztatuko da toki entitateak aurkeztu duen kirol instalazioen plana prestatzeko 3 faseetako apartatuei jarraitu zaiela, lehen aipatutako protokoloaren arabera. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, onartutako dirulaguntza ordaintzeari uko eginen zaio. VI. eranskina.

2. Helburua.

Eraginpeko eremuko kirol instalazioen plana betetzeko ekintzek ekarritako gastuak ordaintzeko erabiliko da dirulaguntza, 2021eko urriaren 15a arte.

3. Aurrekontu kreditua.

3.1. Helburu horietarako 30.000,00 euroko kopurua izanen da, deialdiari erantzuteko, honako honen kargura: Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Suspertu plana. Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001 A5410 4609 336100 partida ekonomikoa.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 8. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

BANAKETA GEOGRAFIKOKO MULTZOAK

ZENBATEKOA

GEHIENEZ ENTITATEKO

ZENBATEKOA

GEHIENEZ MULTZOKO

1. multzoa

Eraginpeko populazioa, 1.000 b. gehienez

1.000 euro

2.500 euro

2. multzoa

Eraginpeko populazioa, 1.001 eta 7.000 b. artean

2.500 euro

7.500 euro

3. multzoa

Eraginpeko populazioa, 7.001 eta 15.000 b. artean

5.000 euro

10.000 euro

4. multzoa

Eraginpeko populazioa, 15.000 b. baino gehiago

5.000 euro

10.000 euro

GUZTIRA

30.000 euro

Hasteko, “Eraginpeko populazioa, 15.000 b. baino gehiago” 4. multzoko eskaerei emanen zaizkie dirulaguntzak. 4. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, ez bada banatzen multzo horri dagokion diru kopuru guztia, soberakina “Eraginpeko populazioa, 7.001 eta 15.000 b. artean” 3. multzoari esleituko zaio. 3. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, kreditu-soberakina badago, “Eraginpeko populazioa, 1.001 eta 7.000 b. artean” 2. multzoari esleituko zaio. 2. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, ez bada banatzen multzo horri dagokion diru kopuru guztia, soberakina “Eraginpeko populazioa, 1.000 b. gehienez” 1. multzoari esleituko zaio. Oraindik kreditu erabilgarria geratzen bada, arestian azaldutako prozedura errepikatuko da, kreditu osoa agortu arte, baina aurrekontu krediturik ez izateagatik lehen banaketan osorik edo zati batean erantzun ez zaien eskaerei erantzunen zaie bloke bakoitzean.

Hala eta guztiz ere, kreditu erabilgarria geratzen jarraitzen badu, eta ez badago eskaerarik inongo multzotan dirulaguntzarik jaso gabe, zati berdinetan banatuko da eskaera guztien artean.

Nolanahi ere, toki entitate eskatzaile bakoitzari ematen zaionaren muga 8.3 oinarrian ezartzen dena izanen da.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien duen toki entitatearen alde ebatziko da.

3.3. Kultura eta Kirol Departamentuak lehenago onetsi dituen deialdietan instalazioen planak egiteko dirulaguntza bat jaso duten toki entitateek, zeinei ordainketa ukatu baitzaie azkenik dirulaguntzaren xedeko plana egin ez dutelako, berriz aurkezten ahal dute eskaera, deialdi honetako esparruan.

3.4. Edonola ere, dirulaguntza emateko baldintza izanen da dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski egotea.

4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plan bat 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egiten duten toki entitateek (udalak, kontzejuak, mankomunitateak, etab.) parte har dezakete dirulaguntzen deialdi honetan.

4.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Kirol instalazioak Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan erregistratuta eta gaurkotuta edukitzea, eta instalazioen eta ekipamenduen segurtasun aktak erregularizatuta edukitzea.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarritzat hartzen dira nork bere eraginpeko eremu geografikoko kirol instalazioen plana egiteko 2021ean egindako gastuak.

5.1. Baliabide teknikoak eta administratiboak.

–Toki entitateko kirol teknikarien edo administrazioko langileen soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz laguntzen ahal diren zereginetan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako zereginak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin izenpetzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin izenpetzen diren kontratuenak.

5.2. Baliabide materialak.

6. Aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Dirulaguntza jasotzeko eskabidea eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte.

6.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orriaren bidez ere sartzen ahal da: “https://www.deportenavarra.es/eu/diru-laguntza-eta-beka-deialdiak”. https://www.deportenavarra.es/eu/tokiko-entitate-bat-naiz

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin, Ez aurkeztutzat joko dira ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

7.1. Eskaera orokorra-II. eranskina. Eskaera egiteko, eskaera egiten duen toki entitateko alkate-udalburuak sinatutako eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

II. eranskinean betetzeko puntuak: Ukitutako biztanleria, planean aztertu beharreko kirol instalazioen zerrenda, aurreikusten diren baliabide ekonomikoak, ukitutako toki entitateak, eta beste entitate laguntzaileak.

–Entitate bakoitzeko eraginpeko populazioa otsailaren 4ko 16/2021 Foru Aginduan agertzen dena izanen da.

–Kirol instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

–Eragindako toki entitateen zerrendari dagokion puntuan, udalak berak bakarrik parte hartzen badu toki entitate gisa, hura koadroan sartuko da.

7.2. III. eranskina. Toki entitateko alkate udalburuak edo idazkariak izenpetutako ziurtagiria, ereduaren araberakoa, zeinak ziurtatuko baitu toki entitateak ez duela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik (debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude), eta baimena emanen baitio unitate kudeatzaileari kontsultatzeko ea toki entitateak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituen.

7.3. Eskaera egiten duen toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2021eko udal aurrekontuan kirol instalazioen plana prestatzeko aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

7.4. IV. eranskina. Parte hartzen duten toki entitateen parte-hartzezko konpromisoak.

7.5. V. eranskina. Parte hartzen duten entitate laguntzaileen (toki entitateak izan ezik) parte-hartzezko konpromisoak.

7.6. Toki entitateko idazkariaren ziurtagiri bat adierazteko udalaren kirol instalazioak eguneratuak daudela Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan, eskatutako dokumentazioa aurkezten den eguna baino lehenagotik. Dirulaguntza eskatzen duen entitateak bere jabetzapeko instalazio guztien segurtasun akta guztiak eguneratuak izan beharko ditu.

Web helbidea: http://www.navarra.es/censoinstalacionesdeportivas

8. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

8.1. Deialdiko dirulaguntzak emateko puntuak esleituko dira, irizpide objektibo hauen arabera:

8.1.1. Eraginpeko biztanleen kopurua. 5 puntu gehienez.

1.000 biztanle arteko toki entitateak:

1,00 puntu/200 biztanleko edo zatikiko

1 - 200 bizt.:

1,00 puntu

201 - 400 bizt.:

2,00 puntu

401 - 600 bizt.:

3,00 puntu

601 - 800 bizt.:

4,00 puntu

801 - 1.000 bizt.:

5,00 puntu

1.001 - 7.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/1.400 biztanleko edo zatikiko

1.001 - 1.400 bizt.:

1,00 puntu

1.401 - 2.800 bizt.:

2,00 puntu

2.801 - 4.200 bizt.:

3,00 puntu

4.201 - 5.600 bizt.:

4,00 puntu

5.601 - 7.000 bizt.:

5,00 puntu

7.001 - 15.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/3.000 biztanleko edo zatikiko

7.001 - 9.000 bizt.:

3,00 puntu

9.001 - 12.000 bizt.:

4,00 puntu

12.001 - 15.000 bizt.:

5,00 puntu

15.001 edo biztanle gehiagoko toki entitateak:

1,00 puntu/5.000 biztanleko edo zatikiko.

Oharra: Horretarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 4ko 16/2021 Foru Aginduan adierazitako biztanleria hartuko da aintzat; agindu horrek Nafarroako kontzejuetako biztanleen zifrak, 2020ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen ditu.

8.1.2. Planean aztertutako udal titulartasuneko kirol instalazio kopuruaren arabera: 5 puntu gehienez.

Instalaziorik ez

1,00 puntu

Instalazio 1

2,00 puntu

2 instalazio

3,00 puntu

3 instalazio

4,00 puntu

4 instalazio edo hortik gora

5,00 puntu

Oharra: instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

8.1.3. Plana prestatzeko ekarritako baliabideen arabera:

–Puntu bat aurreikusitako 1.000 euroko edo zatikiko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Eskaera egiten duen toki entitateko idazkariarena izanen da, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2021ekoko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

8.1.4. Planaren eraginpeko edo planean sartutako toki entitateen arabera:

–Puntu 1 emanen da toki entitate bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Frogatuko da behar diren “Toki entitateen parte-hartzezko konpromisoak” aurkeztuz (IV. eranskina).

8.1.5. Plana prestatzen laguntzen duten beste entitate batzuen (klubak, federazioak, ikastetxeak, enpresak, etab.) parte-hartzearen arabera.

–Puntu erdia entitate parte-hartzaile bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Frogatuko da behar diren “Toki entitate laguntzaileen parte-hartzezko konpromisoak (toki entitateak izan ezik)” aurkeztuz (V. eranskina).

8.1.6. Behin eskaerak jasota, horietako bakoitza dagokion multzoan jarriko da, lortutako puntuen hurrenkeran, aurreko balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

8.2. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa:

8.2.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak hautatuko ditu dirulaguntza jaso dezaketen toki entitateak, oinarri hauetako irizpide eta lehentasunei jarraikiz. Aurkeztutako agiriak baloratu eta aztertuko ditu, eta egoki diren egiaztapenak eginen ditu.

8.2.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

8.2.3. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira dirulaguntzaren onuradun izan ahal izateko hautatu diren toki entitateen eskaerak, eta dagoen kontsignazio ekonomikoaren arabera. Horretarako eskaeren zerrenda bat prestatuko da, multzo bakoitzean lehentasun ordenaren arabera aukeratuta.

8.3. Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion diru-kopuruaren muga:

a) 1.000 biztanle arteko toki entitateak. 1.000 euro gehienez.

b) 1.001 - 7.000 biztanle arteko toki entitateak. 2.500 euro gehienez.

c) 7.001 - 15.000 biztanle arteko toki entitateak. 5.000 euro gehienez.

d) 15.000 biztanletik gorako toki entitateak. 5.000 euro gehienez.

9. Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

11. Dirulaguntza emateko ebazpena.

11.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honen 8. eta 9. oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da.

11.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

11.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

11.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, administrazio berak emanak izan, nahiz beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

12. Justifikazio-agiriak.

Frogagiriak egoki diren inprimakiak behar bezala beteta aurkeztuko dira:

2021eko urriaren 15a arte, honako hau aurkeztu beharko da:

1.–Eraginpeko eremu geografikoko kirol instalazioen plana, 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egina.

Berariaz baieztatuko da toki entitateak aurkeztu duen plana prestatzeko 3 faseetako apartatuei jarraitu zaiela, lehen aipatutako protokoloaren arabera. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, onartutako dirulaguntza ordaintzeari uko eginen zaio. VI. eranskina.

2.–VII. eranskina. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira. Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak edo elektronikoak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

3.–Kofinantzaketari buruzko inprimakia. VIII. eranskina.

4.–Gardentasunari buruzko adierazpenaren inprimakia. IX. eranskina.

5.–Hornitzaileak aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. X. eranskina.

6.–Azpikontrataziorako inprimakia. XI. eranskina.

13. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

13.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, justifikazioa egiteko epea bukatzen denetik hasita.

14. Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da administrazio honek berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste laguntza batzuekin, eta kontuan hartuko da ezen dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, ezin direla inola ere izan aurreikusitako jarduketen kostua baino handiagoak.

15. Betebeharrak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko ditu eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. (VIII. eranskina)

15.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte. (III. eranskina)

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

16. Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, toki entitate onuradunek aurkeztu beharko dute telematikoki dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

17.2. Aitorpenaren eredua IX. eranskinean ezartzen dena izanen da, eta Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzari eskatzen ahalko zaio betetzeko edozein zalantza argitzeko, baita aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoak ere.

18. Azpikontratazioa eta kanpokoen kontratazioa.

18.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako zereginak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

18.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako zereginen kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

18.3. Kontratistek toki-erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki-erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki-erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki-erakundeek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

20. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide eredua.

III. eranskina–Toki entitateen ziurtagiri eredua.

IV. eranskina.–Toki entitateek parte-hartzeko konpromisoa adierazteko eredua.

V. eranskina.–Entitate laguntzaileek parte-hartzeko konpromisoa adierazteko eredua (toki entitateak izan ezik).

VI. eranskina.–Herri edo eskualde batean kirol instalazioen eta jardueren plana egiteko inprimakia.

VII. eranskina.–Frogagirien ereduzko fitxa.

VIII.–Kofinantzaketa-inprimakia.

IX. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

X. eranskina.–Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla justifikatzeko inprimakia (aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin dituztenean eta lan horien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, BEZa kanpo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz).

XI. eranskina.–Azpikontratazioa egiteko inprimakia.

II., III., IV., V., VI., VII., VIII., IX., X., XI. eranskinak deskargatzea (DOC).

Deskargatu VII. eranskina (XLSa).

Iragarkiaren kodea: F2104815