91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita “Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntza. 2021. urtea” izeneko deialdia eta 75.000 euroko gastua baimentzen baita. DDBN identifikazioa: 553051.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzen 2021eko deialdia onets eta argitara dadila.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2021. urtea” izeneko deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea.

2. Gehienez, 75.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontuko “Nafarroako unibertsitateendako laguntzak katedrak garatzeko” izeneko G10001 G1110 4819 322305 partidaren kargura.

3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia. 2021. urtea

Oinarriak

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateen katedrek garatutako proiektuak finantzatzea, helburu hauekin: unibertsitateen eta haien ingurune sozialaren arteko harremana sustatzea, ezagutza eta prestakuntza hedatzea eta gizartearen prestakuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea.

Proiektuak lehentasunez lotuko dira Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3). Kontuan hartuko dira, orobat, Nafarroako kultur ondasunei buruzko proiektuak eta Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzei buruzkoak, bai eta ondoren aipatzen diren arrakalak murriztearen aldeko gaiak garatzen dituztenak ere:

–Sozioekonomia.

–Generoarena.

–Aniztasun afektibo-sexualarena eta genero-identitatearena.

–Arrazismo, etnia eta migrazioarena.

–Dibertsitate funtzionalarena.

–Adinarena.

2. artikulua. Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute deialdi honetan: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek.

Unibertsitate zentro bakoitzak 3 eskaera aurkez ditzake gehienez, eta eskaera bakoitzak proiektu bat edo batzuk izan ditzake.

3. artikulua. Deialdiaren aurrekontuko zuzkidura eta gehieneko laguntza, katedra bakoitzeko.

Laguntzak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 75.000 eurokoa da.

Unibertsitate zentro bakoitzak gehienez bi katedratarako jasoko du laguntza.

Gehienez ere 5 katedra izanen dira onuradun, eta katedra bakoitzerako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da.

4. artikulua. Exekuzio-epea.

Proiektuak osatzen dituzten jarduerak eta horiei dagokien gastua 2021eko aurrekontu-ekitaldiaren barnean egin beharko dira, eta betiere urte horretako azaroaren 26a baino lehen. Egun hori, halaber, azken eguna izanen da gastuaren justifikazioko kontua aurkezteko, beharrezkoa dena dirulaguntza ordaintzeko.

5. artikulua. Proiektuen betebeharrak.

Laguntzaren xedeko proiektuak dibulgazioari lotutakoak izanen dira, katedraren lan eremukoak, eta mota hauetako jarduerak izan ditzakete:

–Zabalkunde jardunaldiak.

–Hitzaldi zikloa, mintegiak edo ikastaroak.

–Sentsibilizazio kanpainak.

–Erakusketak.

–Bokazio eta gaitasun zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak garatzeko jarduerak.

–Hezkuntza eta prestakuntza materialak sortzea (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa).

Jendaurreko jarduerak, lehentasunez, on line modalitatean eginen dira. Publikoa bertan dela egitekoak diren proiektuetan, bermatuko beharko da une bakoitzean COVID-19aren ondorioz agintari eskudunek ezartzen eta gomendatzen dituzten osasun-segurtasuneko irizpideak beteko direla.

Hizlariak behar diren jardueretan, hala nola ikastaroetan, mahai-inguruetan eta antzekoetan, katedra antolatzaileak ahalegina egin beharko du gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izan dadin. Horrez gain, ahal den neurrian, gutxiegi ordezkatutako kolektiboen populazio-ordezkagarritasuna zaintzen saiatuko da paneletan, txostenetan, erakusketetan, publizitate materialetan eta abarretan.

6. artikulua. Eskaerak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Katedraren unibertsitateak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko dira eskaerak. Banakako eskaera aurkeztuko da katedra bakoitzeko, eta unibertsitate zentro bakoitzak hiru aurkez ditzake gehienez. Eskaeran laguntzaren xede diren proiektu guztiak agertuko dira.

Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa, 3.000-3.500 hitzekoa, “Calibri” 11 letra-tipoa eta 1,5 lerroartea erabiliz. Puntu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren testuingurua: katedraren jarduerak eta proiektuaren azalpena, egiten duen lana zabaltzeko jarduera den aldetik, eta gizartean duen eragina.

–Proposatutako jardueren deskripzio zehatza eta horien helburuak.

–Jarduerak gauzatzeko kronograma.

2.–Gastuen aurrekontua, proiektu bakoitzaren arabera xehakatua, laguntzaren fitxako ereduari jarraikiz.

3.–Katedra osatzen duen taldearen eta proposaturiko hizlarien curriculumaren, ikerketa-jardueraren eta argitalpenen laburpena.

4.–Katedraren webgunerako aurreikusitako diseinua, ahal bada informazio grafikoa gehituta (pantaila-argazkiak, etab.).

Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira. Zein bere artxiboan aurkeztu beharko da, behar bezala izendaturik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko da, eta artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

7. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

Gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa. Aurrekontuan, katedrak egiten dituen proiektuak xehakatuko dira, eta, proiektu bakoitzean, bere jarduerak.

Proiektuen araberako aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe bat datozenak garatu beharreko jardueraren izaerarekin, baldin deialdi honetan ezarritako epean egin eta jarduketa planean sartu badira.

Gastu diruz lagungarriak dira egindako jarduerak eragindako zuzeneko gastuak, kontzeptu hauengatik: hizlarien ordainsariak, bidaiak, ostatua eta dietak; jardueren publizitatea eta propaganda; dibulgaziorako materialen argitalpena (liburuak, entzunezko materiala...), halako materiala behar duten zabalkunde jardueretan; egindako jarduera bakoitzean erabili diren zabalkunde materialen katalogazioa eta digitalizazioa (adibidez, konferentziak eta hitzaldiak grabatzea, gero web-orrian jartzeko); eta garatu beharreko jarduerei eta zuzenean lotutako beste edozein gastu.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira, dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuetako kostu diruz lagungarri guztien %15 baino gehiago.

Hitzaldien, ikastaroen eta antzekoen ordainsarien kontzeptuan, gehienez 200 euroko dirulaguntza emanen da orduko, eta barnean hartuko du prestatze lana. Hizlari batek baino gehiagok parte hartzea dakarten hitzaldi, eztabaida, mahai-inguru eta gainerako jarduera jendetsuei dagokienez, muga hori horretan parte hartzen duten hizlari guztien artean banatuko da.

Ez dira diruz lagungarriak izanen unibertsitateek beste eremu batzuetan eskain ditzaketen prestakuntza eskaintzako jarduerak (bikoiztuta egoteagatik), adibidez, kultur ikastaroak.

Ez dira diruz lagunduko katedraren barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitateek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru-sarrerak (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

8. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publizitate eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

Lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira katedra bakoitzak aurkeztutako proiektuak, aurreko artikuluetan ezarritako mugak errespetatuz: gehieneko zenbatekoa katedra bakoitzeko, eta gehieneko katedra kopurua unibertsitate bakoitzeko.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateko Zerbitzua.

Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuz ebaluatuko dira:

a) 30 puntu, gehienez ere, 1. artikuluan aipatzen diren gaietara egokitzeagatik.

b) 30 puntu, gehienez, proiektuaren kalitate eta koherentziagatik.

c) 20 puntu, gehienez, proposamenaren bideragarritasunagatik eta baliabideen eta proiektuaren arteko egokitzapenagatik. Bereziki baloratuko da jarduerak Nafarroako hainbat eskualde geografikotan egitea.

d) 10 puntu, gehienez, proiektua garatzen duen katedraren esperientzia eta gaitasun operatiboagatik. Irizpide horretan kontuan hartuko da, halaber, gizonen eta emakumeen arteko oreka katedraren lantaldearen osaeran eta hizlarien proposamenean.

e) 10 puntu, gehienez, katedrarako aurreikusitako webgunearen diseinuaren kalitate eta originaltasunagatik.

Unibertsitate baten eskaerek puntuazio bera lortzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, hirugarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, unibertsitateak erabakiko du zer katedra lehenetsi.

Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko.

9. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateko zuzendari nagusiak, hilabeteko epean gehienez, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuko Atarian ere (www.nafarroa.eus), eta interesdunei jakinaraziko zaie eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin izanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

10. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da dirulaguntzaren ordainketa, onuradunek aurkeztu ondoren proiektuen gastuaren justifikazio kontua Nafarroako Gobernuko Atariko tramiteen katalogoan, 4. artikuluan zehaztutako epearen barnean (2021eko azaroaren 26a baino lehen). Nolanahi ere, aurkezteko azken egunak bete beharko du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aurrekontua ixteko emanen duen arauan xedatutakoa.

Justifikazioko kontuak bi atal izanen ditu: memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, laguntzaren fitxako ereduari jarraikiz.

Gastua justifikatzeko, fakturen kopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira.

Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat ordu egin duten zerbitzuan.

Deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte-hartzea izan duten proiektuetako bakoitzean.

Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 7. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2021. urtekoa izanen da. 4. artikuluan ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak.

Diru-sarrerak izan dituzten jardueren kasuan, diru-sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak). Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.

B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa, edo jardueren memoria.

Jardueren urteko memoria erantsi beharko zaio egindako gastuaren justifikazio ekonomikoari. Memoria horretan, urtean egindako proiektu eta jarduerak zehatz-mehatz azalduko dira, deialdi honen kargura finantzatu badira.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Unibertsitateko Zerbitzuan, kopia digitalaren formatuan:

–Antolatutako jardueren material didaktikoa, formatu digitalekoa: zabaldutako materialaren dokumentazioa (diapositibak, idazkiak eta abar), jendaurreko hitzaldi edo jardunaldien grabazioak, eta katedra bakoitzak erabilitako gainerako materiala (jardueren justifikazioan aurkeztu beharrekoa, eta haien web-orrietan jendaurrean jarri beharrekoa).

–Antolatutako jardueren gaineko publizitatea komunikabideetan, eta prentsan edo komunikabideetan jarduera horiek aipatzen dituzten artikuluak.

–Triptikoak edo informazio agiriak, jarduerak ezagutarazteko xedez prestatuak.

–Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

11. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak.

a) Hautatutako proiektua gauzatzea aurkezturiko proposamenean aurreikusi zen gisan.

b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin daitezkeen bitartean.

c) Proiektuak 2021eko azaroaren 26a baino lehen amaitzea.

d) Proiektuen justifikazioko kontua 2021eko azaroaren 26a baino lehen aurkeztea. jardueren memoria eta memoria ekonomikoa izanen ditu.

e) Web-orri bat konfiguratzea, non egindako jarduerak jasoko baitira, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ekarpena adierazita.

f) Programen zabalkundea egiteko jarduera, web-orri eta inprimaki guztietan, Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Betebehar horiek bete behar badira, onuradunak arauan eskatzen den informazioa emanen du. Betebehar horretatik salbuetsita badago, hori adierazten duen deklarazioa aurkeztuko du.

h) Argitaratzen diren funts bibliografikoak behar bezala banatzen direla bermatzea.

12. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek aurkeztutako proiektuen gastu justifikatu guztiak finantzatzen dituztenez, 2. artikuluan aipatzen den muga kontuan hartuta, bateraezinak izanen dira katedrek proiektu horietarako jasotzen dituzten beste edozein laguntzarekin edo kanpoko finantzaketarekin. Horretarako, onuradun bakoitzak, bai eskaera egitean, bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso beste laguntza edo kanpoko finantzaketarik.

13. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

14. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2104315