91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

494E/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bitartez onesten baitira besteren konturako langileei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez. DDBN identifikazioa: 552886.

COVID-19aren krisiaren ondoriozko osasun-neurriak bete beharrak berekin ekarri du ikastetxeetako ikasleen konfinamendua. Horrez gain, familiako bizitza eta lana bateragarri egiten hainbeste lagundu izan duten aitona-amonek haurrengandik banandu beharra dute, eta hori guraso askoren lana zailtzen ari da.

Nafarroan 2020ko laugarren hiruhilekoko BPGak, aurreko urteko epealdi berekoaren aldean, %5,9ko jaitsiera izan du, aurreko hiruhilekoan izandako tasa errepikatuz. Pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketen ondorioz, moteldu egin da hirugarren hiruhilekoan hasitako susperraldia, eta 2020ko urritik abendura bitarte BPGa %0,3 hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. 2020 osoa aintzat hartuta, BPGaren jaitsiera %8,3koa izan da

Egoera ekonomiko horren analisiak badu isla enpleguaren analisian.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2020ko laugarren hiruhilekoan Nafarroako langabezia tasa %11,65 izan da, autonomia-erkidegoetako tasa txikienetan laugarrena, eta aurreko hiruhilekoan baino %1,71 handiagoa. Zehazki, 36.700 langabe eta 278.400 landun izan dira.

Nafarroan 2021eko urtarrilean 41.725 langabe zenbatu dira, hau da, aurreko hilean baino 1.088 gehiago (%2,7ko igoera) eta iazko urtarrilean baino 7.853 gehiago (urtetik urtera %23,2 igo da langabeen kopurua). Iazko otsailetik 7.750 pertsona gehitu zaizkio langabeen kopuruari.

Gizarte Segurantzako afiliazioaren urtarrileko datuetan, berriz, abenduan baino 1.239 afiliatu gehiago ageri dira (%0,43ko igoera). Ia-ia berreskuratu egin da 2020ko urtarrilean izandako afiliazio maila, urtetik urterako tasa -%0,01 izan baita, susperraldi txikia agertuz aurreko hileko -%0,8aren aldean.

Horiek horrela, beharrezkoa da pertsonak beren lanpostuetara itzul daitezen erraztea eta langabezian gelditu diren pertsonak lehenbailehen berriz laneratu daitezen ahalegintzea. Halaber, besteren konturako langileek laneko bizitza eta familiako bizitza bateratzeko premia dute, osasun-neurriak nahitaez bete behar diren egoera honetan.

Helburu hori lortzeko, Gobernuak proposatzen du laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko aukera ematea besteren konturako langileei, ardurapean dituzten pertsonen zaintzan lagunduko dieten langabeen kontratazioaren bitartez.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko martxoaren 10ean egindako bilkuran, erabaki du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea dirulaguntzak eman ditzan, besteren konturako langileen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez; laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira, araubide hori egokiagoa baita horrelako laguntzen kasurako, dirulaguntza sorrarazten duen gertaera kasu guztietan bat eta bera baita.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, besteren konturako langileen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez, bai eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea ere, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Suspertu Plana. Besteren konturako langileentzako laguntzak, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko” izeneko 950001 96100 4709 241115 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.4 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

BESTEREN KONTURAKO LANGILEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, LANEKO ETA FAMILIAKO BIZITZA BATERAGARRI EGITEN LAGUNTZEKO, KONTRATAZIO BIDEZ

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, Nafarroan bizi diren besteren konturako langileen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Jarduketa diruz lagungarriak.

2.1. Dirulaguntzak besteren konturako langileentzat, beren bizilekuan 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko pertsonak kontrata ditzaten:

Diruz lagunduko da pertsona baten kontratazioa, langabezian eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egon beharko dena, besteren konturako langilearen ardurapeko adingabeak, 12 urtetik beherakoak, zain ditzan etxean.

Ardurapeko 12 urtetik beherako adingabetzat hartzen dira seme-alabak eta tutoretzapean edo familia-harreran dauden adingabeak, harrera iraunkorra izan edo adopzioaren aurrekoa izan.

2.2. Betekizunak:

–Kontratatzen den pertsonari alta emanen zaio Gizarte Segurantzan dagokion araubidean.

–Kontratatzen den pertsonak, kontratazioa egiten den egunean, lan gabe egon beharko du, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu agentziaren batean.

–Kontratuaren iraupena, gutxienez, 3 hilabetekoa izanen da. Lanaldi partziala ezarriz gero, gutxienez lanaldi osoaren %50 izan beharko da.

–Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen. Lan eginen den etxearen helbidea ere kontratuan agertuko da.

–Ez da diruz lagungarria izanen enplegatzailearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea kontratatzea, ez eta haren aurreko edo ondorengo ahaideak ere, lehenengo edo bigarren mailako odol edo ezkontza bidezkoak.

–Dirulaguntza emateko baldintza izanen da deialdi honen xede den jarduketa diruz lagungarriari eustea.

2.3. Kontratatutako pertsonak lana uzten badu diruz lagundutako aldia amaitu aurretik, hilabete iragan baino lehen beste pertsona bat jarri beharko da haren ordez, deialdi honetan ezarritako baldintzak betez. Ordezkoak aurrekoaren lanaldi eta ordainsari berak izanen ditu, gutxienez ere. Egoera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio hilabeteko epean, gehienez, kontratu berriaren datatik hasita.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

3. Onuradunak.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean seme-alabak zaintzeko pertsona bat kontratatzen duten besteren konturako langileak.

Eskatzaileak dirulaguntza hartzeko eskubidea izanen du bere ardurapean duen adingabe bakoitzeko, betiere aipatu baldintzak beterik.

4 Laguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza honen zenbatekoa finkoa da, eta zenbateko hori, osorik, ordainketa bakarrean tramitatuko da.

Laguntza 300 eurokoa izanen da, kontratazio-hilabete bakoitzeko, 6 hilabetez, gehienez ere.

Kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada, dirulaguntza proportzionalki gutxiagotuko da.

Laguntzen zenbatekoa %20 handituko da honako kasu hauetan:

–Kontratatzen den pertsonak lan eginen duen etxea 5.000 biztanle baino gutxiago dituen udalerri batean egotea, udal errolda eguneratuaren arabera.

–Kontratatzen den pertsona gizarteratze-errentaren jasotzailea izatea kontratazioaren unean.

Ehuneko horiek batzen ahal dira.

5. Eskaeren aurkezpena eta epea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik aurrera, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, norbaitek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio baliabide elektronikoen bidez aurkez dezala, hori zuzentzeko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, norberak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

b) Ahaidetasunik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena, deialdi honen 2.2 oinarriarekin bat.

c) Sinatutako lan kontratua.

d) Eskatzaileak ardurapeko pertsonarekin duen ahaidetasunezko lotura egiaztatzeko agiria.

e) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” inprimakia.

5.3. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita Administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

5.4. Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

7. Instrukzioa eta tramitazioa.

7.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

7.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

7.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

8. Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

8.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

8.2. Ebazpena enpresa eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

8.3. Eskaeraren ebazpenaren aurka, ebazpen berariazkoa nahiz ustezkoa izan, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

8.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

9. Justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, onuradunak frogatu beharko du ezarritako baldintzak betetzen dituela eta dirulaguntza emateko oinarri den jarduketa egin duela. Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

10. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

11. Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12. Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

12.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak aldaketa hori onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

12.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati bat, baldin dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

12.3. Kontratua epea baino lehen bukatzen bada, 2.2 oinarrian adierazi bezala, eta onuradunak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauen babesean diruz lagundutako kontratuaren hilabeteak betetzeko falta den denboraren arabera kalkulatua.

Nolanahi ere, bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzearen ondorioz kontratua bertan behera uzten bada, emandako dirulaguntza osorik itzuliko da, gehi berandutze-interesak.

Itzultzeko espedientea tramitatu eta gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikatutako arau-hausteren bat antzematen bada, foru lege horretan ezarrita dagoen prozedurari ekinen zaio.

13. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

14. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, bai eta ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako gutxieneko denboran egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

15. Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

16. Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2105085