86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

64/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeko kideak eguneratzen dituena.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legeak, uztailaren 1ekoak, 29.artikuluan arautzen du Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea, administrazio publikoen organo koordinatzaile eta laguntzaile gisa babes zibilaren arlorako, eta batzordeari dagozkion eginkizunak ezartzen ditu. Aipatu foru legeak dio erregelamendu bidez garatu beharko dela, aurrerago, batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua; zehazten du, hala ere, batzordeak Estatuko Administrazio Nagusiko, Foru Komunitateko Administrazioko eta Nafarroako toki entitateetako ordezkaritza izan behar duela.

Lege betebehar horrekin bat, martxoaren 10eko 14/2008 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea arautzen duena, eta 131/1994 Foru Dekretua indarrik gabe gelditu zen.

14/2008 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak kide hauek izanen dituela: batetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, batzordeko burua izanen dena, eta Barneko zuzendari nagusia, batzordeko buruordea izanen dena, eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, toki entitateak eta Estatuko Administrazioa ordezkatzeko aukeratutako kideak.

Departamentu hauetako kide banak ordezkatuko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa batzordean: Toki Administrazioko Departamentua; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua; Osasun Departamentua; Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua; Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua. Kide horiek zuzendari nagusien artetik izendatuko dira, kontuan harturik bakoitzak zer lotura duen batzordearen jardunaren gaiekin, eta, bestalde, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea eta Nafarroako Foruzaingoko burua ere izanen dira batzordeko kide.

Batzordean Nafarroako toki entitateen ordezkari izanen dira, batzordekide gisa, Iruñeko alkatea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako beste bi pertsona.

Estatuko Administrazioaren ordezkari gisa, batzordeko eskubide osoko kide izateko gonbita helaraziko zaie honakoei: Gobernuak Foru Komunitatean duen Ordezkaritzako Babes Zibileko Unitateko burua, Iruñeko Poliziaren goi burua eta Nafarroako Guardia Zibilaren goi koronela.

Azkenik, 4. artikuluak ezartzen du Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko titularra izanen dela batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe, batzordekideek ordezkari bat izenda dezaketela batzordearen bileretara joaterik ez badute, eta batzordearen bileretara joan daitezkeela batzordekideek proposatutako teknikari edo aholkulariak, hitzarekin baina botorik gabe.

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeko kideen azkeneko eguneratzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 23ko 126/2020 Foru Aginduaren bidez egin zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan hainbat izendapen berri egin direnez, egokia da batzordekide batzuk eguneratzea.

Horrengatik guztiagatik, eta Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea arautzen duen martxoaren 10eko 14/2008 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeko kideak eguneratzea, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen batzordekideei dagokienez, Uxue Itoiz Mariñelarena andrea batzordekide izendatzen baita, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia den aldetik.

2. Foru agindu hau Uxue Itoiz Mariñelarena andreari jakinaraztea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2105352