86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Arangoitiko estazio meteorologikoa Irunberriko udal mugarteko beste kokaleku batera aldatzeko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Tragsatec da.

2020ko azaroaren 6an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketan lekuz aldatu nahi dira estazio meteorologikoko neurgailuak. Gaur egun dorre baten gainean daude, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren barrutian, Arangoitiko tontorraren ondoan, eta beste leku batera eramanen dira, Irunberriko 9. poligonoko 1. lurzatira, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren sarrera-protokoloen inguruko arazoengatik eta, gainera, neurketa-sentsore horiek ez daudelako baldintza egokietan instalatuta.

Arangoitiko gainean hainbat dorre daude, eta estazio meteorologikoa ekialdereneko dorrean dago. Nafarroako Gobernuaren sareko estazio estandar bat da. Aireko tenperaturaren eta hezetasunaren eta eguzki erradiazio globalaren sentsoreak, anemometro - haize-orratza eta plubiometroa ditu. Funtzionatu ahal izateko, instalazioak armairu elektriko baten beharra dauka. Bertan muntatzen dira datuak atzemateko datalogger gailua, komunikazio-sistema, eta sentsore eta gailuak argindarrez hornitzeko sistema, elikatzen dituen eguzki-plakarekin batera. Gaur egun elementu horiek aipatu dorrearen gainean muntatuta daude, plubiometroa izan ezik, lurraren gainean baitago barruti horretatik kanpo, 15 metrora.

2020ko urriaren 16an aurkeztutako memorian bi kokaleku proposatu ziren, biak ere egungo dorretik 250 bat metro mendebalderago. Memoria hori berrikusi ondoren 2020ko abenduaren 10ean beste kokaleku bat aurkezteko errekerimendua egin zen, eta adierazi zen kokaleku berria ez zela urrundu behar egungo hedagailu multzoaren ingurunetik. Errekerimenduari erantzunez, 2021eko urtarrilaren 13ko data duen txostena aurkeztu zen. Bertan proposatzen da azkenean baimendu den aukera, alegia, estazioko tresnak plubiometroaren ondoko kokaleku berri batera eramatea.

Hasiera batean, 10 metroko dorrea behin betiko muntatzeko aurrekontua eduki arte, estazioko tresna horiek guztiak tripode mastadun baten gainean muntatu nahi dira (gehienez 3 metroko altuera izanen du), plubiometroa izan ezik, horrek lurraren gaineko hormigoizko oinarrian finkatuta segituko baitu. 36 m²-ko (6×6 m) barruti baten perimetroan hesia jarriko da, bihurdura bakuneko sarea, gehienez 2 metro garai, eta barruti horren barnean egonen dira tripodea eta plubiometroa. Oinezkoak sartzeko atea egonen da.

Obrak egiteko ez da beharrezkoa landaretzaz garbitzea jarduketaren eremu osoa, baizik eta soilik barrutiaren erdialdea, tripodea kokatzeko, eta hesia jarri ahal izateko garbitu beharreko zatia. Horrela ez dira ukituko inguru horretan dauden ezpelak, eta jarduketa ezkutatuko dute, begi-inpaktua leunagoa izan dadin lehendik ere eraldatuta dagoen leku horretan.

Instalaziorako sarbidea NA-2201 toki errepidea da, Biotzaritik jarduketaren eremuraino iristen baita.

Jarduketaren eremua Leireko Mendietako goreneko aldean dago, Biotzaritik eta “Arbaiungo Arroila” izeneko RN16 natura-erreserbatik kilometro bat hegoalderago, Esatik eta Esako urtegitik 2,5 km iparralderago eta Leireko monasteriotik oso hurbil.

Proiektatutako instalazioa zuhaitzik gabeko eta gehienbat ezpelaz (Buxus sempervirens) osatutako baso eremua da. “Leireko Mendiak eta Arbaiungo Arroila” ES0000125 kontserbazio bereziko eremuaren barnean eta “Arbaiun-Leire” ES0000482 hegaztien babesgune bereziaren barnean dago. Maiatzaren 24ko 43/2017 Foru Dekretuak izendatu du kontserbazio bereziko eremua eta haren arabera onetsi da kudeaketa plana. Inguru horretan intereseko bi habitat konbinatzen dira: UE 6212 kodea duena, “Larre eta belardi xerofitiko basofilo kantauriar-piriniotarrak”, eta UE 4090 kodea duena, “Sastrakadi mediterraneo eta oromediterraneo primario eta sekundarioak non otadia nagusi izan ohi den”.

KBEa kudeatzeko planak berariazko araudian ezartzen duenez, eremu horretako intereseko habitatei eta intereseko landare eta animalia espezieei eragiten dieten erabilera eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak beteko dituzte; hondakinak egokiro kudeatuko dira; ez da ez luberritzerik ez ereiterik eginen 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako larre eta sastrakadietako habitatek hartzen dituzten eremuetan, kontserbazio egoera onean badaude; eta flora mehatxatuaren eta interesekoaren kontserbazioa bermatu behar da.

2021eko urtarrilaren 13an aurkeztutako aukerari dagokion jarduketa eremuak gizakiaren eragin handiagoa du, antenen ondoan dagoelako; bertan ezpel zuhaixkak daude soilik. Sarbide zuzena eta erraza du errepidetik, eta hasierako proiektuan aurkeztutako aukerak baino askoz ukipen leunagoa sortzen du ingurumenean eta paisaian. Ez ditu arriskuan jartzen KBEaren balio nagusiak eta osotasuna.

Espedientean jasota dago Irunberriko Udalak 2020ko azaroaren 5ean emandako txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arangoitiko estazio meteorologikoa Irunberriko udal mugarteko beste kokaleku batera aldatzeko proiektuari. Sustatzailea Tragsatec da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Instalazioa 2021eko urtarrilaren 13ko agirian jasotakoaren arabera eginen da.
  • Teknikoki bideragarria bada, landaredi naturala errespetatuko da baita hesiaren barnealdean ere, eta behar-beharrezkoa den sastraka-garbiketa soilik eginen da.
  • Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik.
  • Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, behar adinako lurzoru-estaldura badago, obrak hasten direnean landare lurreko geruza kenduko da hondeaketa guneetatik, eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Sortzen diren material soberakinak edo hondakinak era egokian kudeatu behar dira, haien izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
  • Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.
  • Ingurumenaren arloko edozein gorabehera gertatuz gero, sustatzaileak horren berri emanen dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Agoizko Koordinazio Unitatea). Horretarako, gmaaoiz@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali beharko du edo 608062669 telefonora deitu.

–Hirigintza arlokoak:

  • Herri-lurren Atalaren 2021eko otsailaren 8ko txostena erantsi da; horren arabera, proiektuak herri-ondasunak ukitzen dituenez, okupazioaren aurretik sustatzaileak Irunberriko Udalari eskatu beharko dio ukitutako herri-lurrak okupatzeko espediente bat abiarazteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak nahitaezko onespena eman dezala eskatze aldera.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Irunberriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Agoizko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104763