86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

66/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita nola sartu Eskolen Sareetan, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoentzat, 2021-2022 ikasturterako. Eskola sare horiek dira Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea.

Hezkuntza Departamentuak eta Osasun Departamentuak, 1994an, lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten, osasun-hezkuntza eta osasunaren sustapena garatzeko eskolaren eremuan. Orduan, honako lehentasun hauek ezarri ziren: “ikastetxeei erraztea bete dezatela osasuna sustatzen duten aldetik duten papera, bultzatzen duten bezala Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek. Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea eratzen joan da urteko deialdien bidez; deialdi horiek arautzen dute urtero nola sartu Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak SHE sarean (Schools for Health in Europe network).

Bestetik, 2009. urtetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitatean “Eskola Solidarioak” programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek curriculumean eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan txertatzea garapenerako hezkuntza eta elkartasuneko, giza eskubideetako eta gizarte justiziako balioak, zeharka.

Ikastetxeei laguntzeko helburu hori betetzen, programak eskaintzen ditu aholkularitza, prestakuntza, koordinazioa eta parte-hartzea, egituratzen joan dadin eskola solidarioen sare bat, eta ari daitezen beren artean eta inguruarekin elkarrekintzan. Hori guztia egiteko, lankidetza-lanean ari dira Hezkuntza Departamentua, Eskubide Sozialetako Departamentua (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), hezkuntza komunitatea, Nafarroako GGKEen Koordinakundea eta Nafarroako GGKEak (garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak).

Molde berean, Eskola Jasangarrien Sarea 2012-2013 ikasturtean sortu zen, eta eskaintzen du erkidegoko zenbait departamenturen perspektibek bat egitea bertan, hala nola Hezkuntza eta Ingurumen departamentuen perspektibek; gainera, bilatzen du ikastetxeen eguneroko dinamikan integratzea. Sarea esparru bat da handitu dadin hezkuntza politiken eraginkortasuna eta efizientzia, helburu izanik berrikuntza, ebaluazioa, kalitatea eta jasangarritasuna.

Funtsezkotzat jotzen da 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak Eskolen Sareetan sartzeko deialdia (hots, Osasuna Sustatzeko Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea), interes orokorra babesteko, eta, orobat, oinarrizkotzat jotzen da hezkuntza-zerbitzu publiko publikoaren funtzionamendurako.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ikastetxe publikoak Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean sartzeko modua, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, modalitatearen arabera: berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

2. Onestea ikastetxe publikoak Eskola Solidarioen Sarean sartzeko modua, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, modalitatearen arabera: berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

3. Onestea ikastetxe publikoak Eskola Jasangarrien Sarean sartzeko modua, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, modalitatearen arabera: berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

4. 50.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, jarduketak garatu daitezen osasunerako hezkuntza eta sustapenean, garapenerako hezkuntzan, eta jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntzan, ikastetxe publikoetan, baldin sartzen badira deialdi honetan ebazten diren modalitateren batetik. Gastu hori egotziko zaio 2022ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2021eko gastuen aurrekontuko “Prestakuntza programak” izeneko 420002 42130 2269 322000 partida. Betiere, kreditu egokia eta nahikoa bada.

5. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdia, 2021-2022 ikasturtean ikastetxe publikoak Eskolen Sarean sar daitezen berrikuntza ereduaren arabera. Oinarri arautzaileak: Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE SAREA), Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea (EsenRED)

Lehena.–Xedea.

Sareek sustatzen dituzte ideiak sortzea, trukea eta lankidetza horizontala, akonpainamendua eta baterako lana, jardunbide egokiak trukatzea, zailtasunei aurre egitea, etab. Tresna indartsua dira hezkuntzako prestakuntzarako eta berrikuntzarako. Hori dela kausa, dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei, izan araubide orokorrekoak nahiz araubide berezikoak, aurkez ditzaten osasunerako hezkuntza eta sustapena garatzeko proiektuak, sar daitezen Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean (SHE sarea), edo garapenerako hezkuntzako proiektuak, sar daitezen Eskola Solidarioen Sarean, edo ingurumen hezkuntzako proiektuak, sar daitezen Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarean, 2021-2022 ikasturtean.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

f) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleek jarduneko zerbitzuan egon behar dute aipatutako ikastetxeetako batean.

Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe bat sareren batean sartzeko, aurkeztu beharko du baldintza hauek betetzen dituen urteko proiektu bat:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta ukitu beharko du hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat.

b) Proiektua onartzeak esan nahi du proiektu horri loturik dagoen sareko kide bihurtzen dela ikastetxea eta, beraz, proiektu diferente bat aurkeztu beharko da ikastetxeak kide izan nahi duen sare bakoitzeko (proiektu bat bakarrik aurkez daiteke). Ezin izanen da proiektu bera aurkeztu deialdi honetan eta Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planaren Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuen deialdian.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldearen koordinazioaren ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran, horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordeztu beharko balitz, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

d) Aurkeztutako proiektuak izan beharko du ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena, adieraziz proiektuak ekarpena egiten duela ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko. Hartara, proiektua sartu beharko du urteko programazio orokorrean. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, hitzematen du horren berri emanen diela familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei.

e) Proiektua idatzi beharko da deialdi honen zazpigarren oinarrian zehaztutako gidoiaren arabera. Horretarako formulario bat ezarri da Eskolak Sarean izeneko web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

f) 2021-2022 ikasturtean egin behar da proiektuen lan plana, eta 2022ko maiatzaren 31 izanen da bukatzeko muga-eguna.

g) Kontuan hartuko da ea proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen ote dituen helburuak erdiesteko.

h) Proiektua onartzen bada, ikastetxeak ez du parte hartzen ahalko II. eranskinean deskribaturiko prestakuntza modalitatean. Proiektua ez bada onartzen, ikastetxeak zein saretan eskatu duen sartzea, hartan sartzen ahal da, deialdi honen II. eranskinean deskribaturiko prestakuntza modalitatean.

i) Proiektuek kontuan izan beharko dituzte sareen bultzagile diren erakundeek gomendaturiko printzipio orokorrak:

–Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE):

  • Osasunerako hezkuntzaren edukiak zeharka sartzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, adibidez elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarria eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, hezkuntza inklusiboa, hezkuntza afektibo-sexuala, osasun emozionala eta abar, izanik ikuspegi holistiko, pertsonal eta testuinguruduna, kontuan hartzen dituena osasuna eta garapen pertsonal eta soziala.
  • Behar diren ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea, erraztu dadin izatea bizimodu osasungarria eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, har ditzaten beren osasunerako egokienak diren erabakiak.
  • Lankidetza harremanak ezartzea lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean, egin daitezen osasun-hezkuntzarako programa koherenteak.
  • Irakasleei osasun kontuetarako funtsezko eginkizunak ematea eta Osasun-hezkuntzan duten protagonista rola bultzatzea, prestakuntza egokia emanez osasuna sustatzeko.
  • Baliatzea osasun zerbitzuek duten hezkuntza-ahalmena Osasun-hezkuntzarako eta Osasunaren Sustapenerako proiektuetan laguntzeko, eta bultzatzea hezkuntza zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erantzukizun partekatua eta lankidetza estua.
  • Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak. Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza-proiektuan jasotako berariazko beharrei buruz edo osasun arloko lehentasunei buruz.

–Eskola Solidarioen Sarea:

  • Garapenerako hezkuntzako edukiak sartzea, esaterako: justizia soziala eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna. Hori dena, bai Ikastetxearen urteko programazio orokorrean, zeharka, bai ikastetxeko programazio didaktikoetan, kontuan izanik Garapen Jasangarrirako Helburuen esparrua.
  • Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko herritar guztien erantzukidetasunaz, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
  • Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, bazterketarik eza, genero berdintasuna, eta ingurumenarekiko kezka.
  • Sustatzea bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazkak konpontzea; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua; etab.
  • Sustatzea familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak. Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, prestatzeko garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak.
  • Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte entitateen eta gai hauetan eskudunak diren administrazioko zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.
  • Irakasleei erreferentziako eginkizuna ematea elkartasunaren eta lankidetzaren kontuetan, eta indartzea Garapenerako Hezkuntzan dagokien protagonista rola, prestakuntza egokia emanez.

–Eskola Jasangarrien Sarea (EsenRED):

  • Gaitasunak kontuan hartzen dituen ikuspegia izanik, Ingurumen Hezkuntzako edukiak integratzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan (nola kudeatzen diren ikastetxeko edo/eta inguruneko hondakinak, energia eta ur baliabideak, eskola-baratzeak, eta abar...).
  • Hezkuntza-komunitatean, sortzea bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohiturak, jarrerak eta balioak.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloan ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
  • Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
  • Irakasleei erreferentziako papera ematea ingurumen-osasunari buruzko kontuetan, eta, horretarako, prestakuntza egokia ematea. Berrikuntzarako eta kalitaterako esperimentazio eta prestakuntza toki bihurtzen da ikastetxea.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan jasotako berariazko beharrez edo ingurumen arloko lehentasunez.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Irakasle taldeko kide bat arduratuko da proiektua ikastetxe bakoitzean koordinatzeaz. Ikastetxeko zuzendaritzak hautatuko du, eta deituko zaio sareko koordinatzaile edo proiektuaren koordinatzaile. Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hezkuntza-komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak ordutegiaren aldetik ahal izanez gero, bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari, bere zereginetarako.

Ikastetxeko zuzendaritzak ofizialki izendatuko eta babestuko du proiektuaren koordinatzailea. Horrek beharrezko laguntza jasoko du talde bat eratzeko, helburua izanik proiektua martxan jartzea, ebaluatzea eta bideratzea.

Proiektuaren koordinatzailearen eginkizunak:

–Abiapuntua aztertzea.

–Aliantzak bilatzea entitate laguntzaileekin.

–Proiektuaren jarduketak antolatzea eta dinamizatzea.

–Ikasleak eta hezkuntza-komunitatea inplikatzea.

–Prestakuntza jardueretan parte hartzea, baldin loturik badaude bere jarduketa eremuarekin.

–Ebaluazio prozesuan parte hartzea.

–Dagokion sareari atxikitako proiektua aurkeztea eta igortzea Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orriaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red, erabiliz horretarako diseinatzen den inprimakia. Bete beharko dira inprimakiaren hasieran zehazten diren jarraibideak.

–Sareari atxikitako proiektuaren memoria aurkeztea 2022ko maiatzaren 31 baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orrian argitaratzen den estekaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Bertan, bilduko dira 2021-2022 ikasturtean egindako jarduketak.

–Parte hartzea Hezkuntza Departamentuak dagokion sareko kide diren ikastetxeendako antolatutako topaketetan edo jardunaldietan.

Bosgarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Sareetan sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Proiektuaren koordinatzailea izendatzea.

b) Aurkezturiko proiektua garatzea.

c) Proiektuan aurreikusitako jarduketak garatzea.

d) Parte hartzea Eskolak Sarean ekimenak urtero segimendurako eta esperientzia trukerako egiten dituen jardunaldi edo topaketetan.

Konpromiso horiek bete ezean, dagokion saretik baztertuko da.

Seigarrena.–Sareari laguntza ematea eta jarraipena egitea.

Sareetako eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Behar den aholkularitza eta jarraipena jasoko dute egoki den batzorde teknikoarengandik edo batzorde horien ordezkari diren pertsona eta organismoengandik.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako lan proiektuarekin lotura zuzena izanez gero. Prestakuntza jarduera horien deialdietan, lehentasunezko parte-hartze hori jasota egonen da “Onartzeko irizpideak” atalean.

–Baliabide eta material didaktikoak; eskura egonen dira Eskolak Sarean web-orrian.

–Laguntza ekonomikoa proiektuan aurreikusitako jarduerak egiteko (500 euro gehienez ikastetxe eta sare bakoitzeko, dagoen urteko aurrekontuaren arabera).

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Sarearen koordinatzaileak inprimaki bat igorriko du, atal hauek dituena:

1. Koordinatzailearen datuak.

  • Izen-deiturak.
  • IFZ.
  • Posta elektronikoa.

2. Ikastetxearen datuak.

  • Ikastetxearen izena.
  • Herria.
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.
  • Ikastetxeko telefonoa.

3. Proiektua.

a) Proiektuaren izenburua.

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte).

c) Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

d) Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

e) Atzemandako problemak eta/edo aldaketa beharrak, proiektua planteatzea ekarri dutenak.

f) Proiektu honen bidez erdietsi nahi diren konponbideak eta/edo hobekuntzak. Lehen hautaketa egiteko inportantea: azaltzea eta zehaztea zein den proiektuaren eduki berritzailea.

g) Proiektua lehengo baten jarraipena al da? Edo beste ikastetxe batetik ekarri da? Hala bada, zein dira proposatutako aldaketak? Lehen hautaketa egiteko inportantea: azaltzea eta zehaztea zein den proiektuaren eduki berritzailea.

h) Kidetzea zein saretara eskatu den, haren erakunde sustatzaileek gomendatutako printzipio orokorren zerrenda.

i) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

j) Helburuak eta jarduerak.

k) Ikasleen zer gako-gaitasun hobetu nahi diren. Azaltzea proiektu honek nola hobetuko dituen gaitasun horiek.

l) Metodologia. Azaltzea zer proposamen metodologiko erabiliko den eta zergatik hautatu diren proiektu honen testuinguruan.

m) Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

n) Prestatu beharreko materialak. Proiektuaren zabalkundea. Zer material sortuko da? Nola zabalduko da proiektua?

o) Proiektuarekin lotutako curriculumeko arlo edo moduluak.

p) Irakasle parte-hartzaileak (izena, deiturak, profilak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

q) Ikasleen parte-hartzea eta inplikazioa (ikastaldeak, etapak). Parte-hartzearen azalpena.

r) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... Parte-hartzearen deskripzioa.

s) Proiektua ebaluatzeko irizpideak. Ezartzea zer adierazle erabiliko dren aipatutako helburu bakoitzean. Adierazle horiek kuantifikatzeko modukoak izanen dira.

t) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

u) Eranskinak.

Sarean sartu nahi duten ikastetxeek eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da eskabidea, Eskolak Sarean izeneko web-orrian dagoen inprimakiaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Inprimakia bete eta igorritakoan, ondoriozko dokumentua jasoko da pdf formatuan, inprimakia betetzean adierazi den helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak zuzenduko zaizkio Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

Zortzigarrena.–Hautapen Batzordea.

Sarea bakoitzeko batzorde teknikoak hautatuko ditu proiektuak.

–Ondoko kide hauek osatuko dute Osasuna sustatzen duten Eskolen Sareko batzorde teknikoa:

  • Osasun Departamentuko lau kide:
  • Bi teknikari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuak.
  • Teknikari bat, Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko buruak izendatua.
  • Teknikari bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendari kudeatzaileak izendatua.
  • Hezkuntza Departamentuko lau kide:
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua.
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • ILZen eta Berrikuntza Proiektuen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Ondoko kide hauek osatuko dute Eskola Solidarioen Sarearen batzorde teknikoa:

  • Eskubide Sozialetako Departamentuko Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Ataleko teknikari bat.
  • Nafarroako GGKEen koordinakundeko teknikari bat.
  • Hezkuntza Departamentuko bi kide:
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Ondoko hauek osatuko dute Eskola Jasangarrien Sarearen batzorde teknikoa:

  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bi kide:
  • Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.
  • Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko ingurumeneko teknikari bat.
  • Hezkuntza Departamentuko bi kide:
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia. Hautapen batzordeak eskatzen ahal du kanpoko aholkularitza edo laguntza, proiektuen balorazioa egiteko.

Bederatzigarrena.–Hautapen prozesua.

Lehen hautaketa bat eginen da proiektu batzuekin, hain zuzen ere hezkuntza berrikuntzako irizpideak dituztenekin eta eskola testuinguruan eta/edo irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aldaketa kualitatiboa eragiten duten ekintzak sortzen dituztenekin. Proiektuan argi azalduko da eduki berritzailea. Aurreko urteetan berrikuntzaren modalitatetik sartu diren ikastetxeen proiektuak ez dira hautatuko baldin ez badituzte proposatzen eduki kualitatibo berritzaileak, aurreko ikasturteetan egindako jardueren aldean.

Lehen hautaketako proiektuak onesteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen den sarearen erakunde sustatzaileek gomendatzen dituzten printzipio orokorretara. (gehienez ere 5 puntu)

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den alderdi edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Kontestualizazioa (gehienez 5 puntu).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak (gehienez 10 puntu).

d) Ikasleek gako-gaitasunak garatzea. Proiektu honek gaitasun horiek nola hobetuko dituen azaltzea (gehienez 10 puntu).

e) Metodologia. Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea (gehienez 10 puntu).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa (gehienez 10 puntu).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxe mailan, berrikuntza Nafarroa mailan... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasleen taldeak izatea... (gehienez ere 10 puntu).

i) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak,... eta, bereziki, familiak (gehienez 10 puntu).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, haiei erantzuteko. Zabalkuntza (10 puntu gehienez).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazle kuantifikagarriak izan beharko dituzte (gehienez 10 puntu).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu. Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak neurriak hartzen ahal ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako segimendua eta kontrola egiteko.

Hamargarrena.–Deialdiaren ebazpena

a) Aipatutako batzorde teknikoak proiektu aurkeztuak aztertuko ditu, eta Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orrian argitaratuko du onartu diren proiektuen zerrenda: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Eskaeraren bat akats formalekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Atzemandako akatsak zuzen daitezke, argitaratu eta bost egun naturaleko epean. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, sareko batzorde teknikoak behin betiko zerrenda eginen du, eta Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orrian argitaratuko da (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red), eta onarpen-proposamena igorriko dio organo eskudunari.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikusirik zer proposamen aurkeztu duen Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak eta zer txosten egin duen batzorde teknikoak, ebazpen bat emanen du, onetsiko duena 2021-2022 ikasturtean sareetarako hautatzen diren ikastetxeen zerrenda, eta, horrekin batera, adieraziko da zer ikastetxe sartuko diren deialdi honen II. eranskineko prestakuntza modalitatearen arabera.

Hamaikagarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontu erabilgarriaren arabera, sareetan parte hartzen duten ikastetxeek 500 euroko laguntza jaso dezakete gehienez, ikastetxeko eta onetsitako proiektu bakoitzeko. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da sareetan parte hartzen duten ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa, eskatutako beste material batzuk eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere ordainduko laguntza honen kargura.

Hamabigarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Proiektuaren koordinatzaileak Prestakuntza eta Kalitate Atalean aurkeztu beharko ditu gastuak justifikatzeko fakturak.

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean izan behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean, ikastetxeak fakturen ordainketa aurreratu behar baitu, ondoren Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ordain diezaien.

–Faktura guztiak mezu elektroniko berean igorri behar dira, PDF formatuan.

–2022ko maiatzaren 10a baino lehenago igorri behar dira, helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es. Argi adierazi beharko da ikastetxearen izena eta zein saretako kidea den.

–Fakturen data izan beharko da 2021eko irailaren 1aren ondorengoa eta 2022ko maiatzaren 10a baino lehenagokoa.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izan beharko dute Sareko Proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamahirugarrena.–Bukaerako memoria.

Koordinatzaileak 2022ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko du bukaerako memoriaren kopia formatu elektronikoan. Horretarako Eskolak Sarean webgunean dagoen formularioari jarraikiko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Proiektuaren garapenaren laburpena.

4. Helburuen betetze-maila.

5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6. Proiektuaren eragina.

a. Irakasleengan.

b. Ikasleengan.

c. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7. Egindako gastuen justifikazioa.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza-alorren proposamena.

9. Eranskinak.

a. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

b. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

c. Bestelako jarduerak.

Hamalaugarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Sarearen batzorde teknikoak proposatuta, bukaerako memoria positiboki ebaluatu ondoren, irakasleei emanen zaie proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria, adierazten duena gutxienez 8 ordu eta gehienez 35 ordu eman dituztela berrikuntzan, egindako lana aitortzeko. Proiektuaren koordinatzaileak egin beharko du irakasle parte-hartzaileak ziurtatzeko proposamena; gainera, koordinatzaile lana aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduko berrikuntzagatik. Proiektuko parte-hartzaileak gutxienez lau izanen dira, gehi koordinatzailea.

Hamabosgarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

II. ERANSKINA

Deialdia, 2021-2022 ikasturtean ikastetxe publikoak Eskolen Sarean sar daitezen prestakuntza ereduaren arabera. Oinarri arautzaileak: Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE SAREA), Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea

Lehena.–Xedea.

Sareek sustatzen dituzte ideiak sortzea, trukea eta lankidetza horizontala, akonpainamendua eta baterako lana, jardunbide egokiak trukatzea, zailtasunei aurre egitea, etab. Tresna indartsua dira hezkuntzako prestakuntzarako eta berrikuntzarako. Hori horrela, dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, izan araubide orokorrekoak nahiz araubide berezikoak, izena eman dezaten prestakuntzarako deialdietan, honako hauek garatzeko: Osasunerako Hezkuntza eta Sustapena, Garapenerako Hezkuntza, eta Ingurumen Hezkuntza. Deialdi horiek argitaratuko dira 2021eko irailean. Ikastetxeak prestakuntzan izena emateak berekin ekarriko du sartzea Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean (SHE), Eskola Jasangarrien Sarean edo Eskola Solidarioen Sarean. Berrikuntza modalitatearen bidez sare batean sartu den ikastetxeak (I. eranskina) ezin izanen du izena eman eranskin honetan deskribatutako prestakuntzan.

Bigarrena.–Deialdia eta izen-emateak.

Ikastetxeek izena emanen dute prestakuntza deialdien jarraibide orokorren arabera, zeinak oinarri honetan adierazten diren:

2021-2022 PRESTAKUNTZA PLANA

PRESTAKUNTZA JARDUERARAKO DEIALDIA

Izenburua:

“Eskola sarea: ..............................................................................” (idatzi dagokiona: Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea, Eskola Jasangarrien Sarea)

Modalitatea: Mintegia.

Etapa: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza.

Hartzaileak: Honako ikastetxe hauetako irakasle taldeak: Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Berezia, Helduen Hezkuntza, Araubide Bereziko Hezkuntza eta curriculum egokituko programa eta/edo Lanbide Lantegiak ematen dituzten ikastetxeak.

Helburuak:

–Sareek aholkatutako printzipio orokorrak sustatzea ikastetxeetan, departamentuekin lankidetzan.

–Talde lana sustatzea, eta ezagutzea ikastetxeetan egin diren proiektuak.

–Laguntza eta lankidetza sareak sortzea ikastetxeen artean.

–Prestakuntzaren berariazko helburuak dagokien deialdietan zehaztuko dira.

Prestakuntza presentzialean landu beharreko eduki orokorrak:

–Loturik egonen dira dagokion sareak gomendatzen dituen printzipio orokorrekin. Printzipio horiek irailean argitaratuko den deialdian zehaztuko dira.

Metodologia:

Mintegiak 35 orduko iraupena izanen du. Horietatik 10 eta 12 ordu bitarte prestakuntza presentzialekoak izanen dira. Hauetako batzuk lehen hiruhilekoan emanen dira, eta horietan landuko dira berariazko sarearekin loturiko gai orokorrak; beste bi saio ere izanen dira bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren, eta horietan, batera jarriko dira ideiak eta materialak, ikastetxeen arteko sarea ehuntzeko asmoz.

Mintegiaren iraupena osatu arteko gainerako orduak (23 eta 25 bitarte) erabiliko dira ikastetxe bakoitzeko irakasle taldearen mintegirako, ikasturtean zehar eginen diren jarduerak diseinatzeko, planifikatzeko eta antolatzeko; saio horietan, irakasleek justifikatu beharko dute bertaratzea, orriak sinatuta, eta orri horiek ikastetxeko koordinatzaileari igorriko zaizkio.

Mintegia bukatutakoan, koordinatzaileak ikastetxean egindako jardueren memoria bat aurkeztu beharko du (1. oharra) eta sinatutako orriak entregatu, behar bezala beteta. Prestakuntzetako zenbaitetan txosten txiki bat eskatzen ahalko da mintegiaren hasieran, proiektuaren helburuari buruz eta ikastetxean egitekoak diren jarduerei buruz.

Garrantzitsua: Mintegi honek gehienez ere 500 €-ko dirulaguntza izanen du ikastetxeko, eskuratu ahal izateko material bibliografikoa eta behar diren beste material batzuk, eta egin ahal izateko proiektua garatzeko beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk. Gastu horiek hasierako txostenean justifikatu beharko dira, bai eta dokumentatu ere mintegiaren bukaerako memorian (argazkiak, dokumentazio erantsia, etab.).

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean izan behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean, ikastetxeak fakturen ordainketa aurreratu behar baitu, ondoren Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ordain diezaien.

–Faktura guztiak mezu elektroniko berean igorri behar dira, PDF formatuan.

–Faktura guztiak 2022ko maiatzaren 10a baino lehenago igorri behar dira, helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es. Argi adierazi beharko da ikastetxearen izena eta zein saretako kide den.

–Fakturen data izan beharko da 2021eko irailaren 1aren ondorengoa eta 2022ko maiatzaren 10a baino lehenagokoa.

Hizlaria(k):

Osasun Departamentuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak zehaztuko dute, Hezkuntza Departamentuarekin batera.

Tokia: Deialdian zehaztuko da.

Egunak: Irailean argitaratuko den deialdian zehaztuko dira. Nolanahi ere, prestakuntza honela banatuko da:

–Prestakuntza presentzialeko hainbat saio lehen hiruhilekoan.

–Saio bat urtarrilean edo otsailean (bateratze saioa).

–Saio bat maiatzean edo ekainean (bateratze saioa).

–Talde laneko gainerako orduak ikasturtean zehar eginen dira, ikastetxe bakoitzeko irakasle taldeak adosturiko ordutegian.

Ordutegia: Deialdian zehaztuko da.

Iraupena: 35 ordu.

Parte-hartzaileen gutxieneko kopurua: 12 lanpostu.

Izena emateko epea: Deialdian zehaztuko da.

Hizkuntza: Deialdian zehaztuko da.

1. oharra: SARE mintegiaren bukaerako memoria.

1. Koordinatzailearen izen-deiturak.

2. Koordinatzailearen helbide elektronikoa.

3. Ikastetxea.

4. Lanaren laburpen txikia.

5. Lanaren helburuak.

6. Ikastetxean egindako jarduerak eta erabilitako metodologia.

7. Parte-hartzea eta hezkuntza-komunitateko eragileengan lanak izan duen eragina.

8. Dirulaguntzarekin eskuratu diren materialen erabilera (erantsi erabilera frogatzen duten argazkiak).

9. Lanaren eta egindako jardueren gaineko balorazio orokorra.

Hirugarrena.–Sareari laguntza ematea eta jarraipena egitea.

Sareetako eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Behar den aholkularitza eta jarraipena jasoko dute egoki den batzorde teknikoarengandik edo batzorde horien ordezkari diren pertsona eta organismoengandik.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako lan proiektuarekin lotura zuzena izanez gero. Prestakuntza jarduera horien deialdietan, lehentasunezko parte-hartze hori jasota egonen da “Onartzeko irizpideak” atalean.

–Baliabide eta material didaktikoak; eskura egonen dira Eskolak Sarean web-orrian.

–Laguntza ekonomikoa aurreikusitako jarduerak egiteko (500 euro gehienez ikastetxe eta sare bakoitzeko, urtero dagoen aurrekontuaren arabera).

Laugarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Bukaerako memoria positiboki ebaluatu ondoren, irakasleei emanen zaie proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria, adierazten duena 35 ordu eman dituztela prestakuntzan, egindako lana aitortzeko. Proiektuaren koordinatzaileak, igorri beharko ditu hasierako txostena eta bukaerako memoria eta, horretaz gain, kudeatu eta igorri beharko ditu saio presentzialetako eta ikastetxeko prestakuntzako sinadura orriak; koordinatzaile lana aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduko prestakuntzagatik.

Bosgarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, zabal ditzake egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko du memoriaren egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar Hezkuntza Departamentuak egiten duen zeinahi argitalpenerako behar diren eskubideak lagatzea.

Iragarkiaren kodea: F2104157