86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2021-2022 ikasturterako deialdia onesten baita irakasleen etengabeko prestakuntza planaren baitako hezkuntza berrikuntza proiektuak egiteko ikastetxe publikoetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela berrikuntza programak sustatzea, irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko.

Betebehar legal hori betez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntza sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.

Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia markoak jasoa du Europako gazteek helduarorako prestatzeko gako-gaitasunak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hau betez, deialdi honek helburu nagusia du gako-gaitasunen curriculumaren garapenerako berrikuntza proiektuak bultzatzea, bai eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzea ere.

Horregatik, deialdi honek, gehienbat, laguntza ematea du helburu, hezkuntza berritzeko proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean sar daitezen. Proiektu hauek bide egokia dira proposamen pedagogiko berri gehiago aplikatzeko, eta haiek baliorik ba ote duten aztertzeko, garrantzizkoak baitira etengabeko aldaketa jasaten ari den gizarte honen eskaerei erantzuteko eta aurrerapen didaktiko, metodologiko eta teknikoetara egokitzeko. Proiektuek hobetu nahi den aspektuaren aldaketa planifikatua sustatu beharko dute, eta ikerketarako metodo zientifiko bati jarraitu, hots, hipotesi bat formulatu eta, proiektua garatu bitartean, hipotesia egiaztatu. Aldi berean, sustatu beharreko aspektua izanen da aldaketak gainerako ikastetxeetara eramateko aukera.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturterako deialdia onestea irakasleen etengabeko prestakuntza programako hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 75.000 euroko gastua baimentzea ikastetxe publikoetako hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako. Gastu hori egotziko zaio, baldin kreditu egokia eta nahikoa badago, 2022ko gastu aurrekontuan gaitzen den eta 2021eko gastu aurrekontuko “Hezkuntza berrikuntzako programak” izeneko 420002-42130-2269-322002 partidaren baliokidea den aurrekontu partidari.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari, Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

5. Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

IKASTETXE PUBLIKOETAN IRAKASLEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZA PLANEKO HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUETARAKO DEIALDIA, 2021-2022 IKASTURTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da zenbait neurri arautzea, laguntza eta aitortza emateko Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan, nahiz araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan, hezkuntza berrikuntzaren arloan gauzatzen diren proiektuei.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).

c) Araubide bereziko ikastetxeak.

d) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

e) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Lehentasunez irakasleek taldean hartu beharko dute parte. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe ezberdinetako irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.

Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Eskatzaileek berrikuntza proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu.

b) Proiektua jarduketa lerro hauetakoren batean garatuko da gehienbat:

–Ikasleek aktiboki eta lankidetzan ikastea sustatzen duten metodologiak ezartzea, erritmo, estilo eta premia ezberdinei erantzuteko balio dutenak eta gaitasunen ikuspegi inklusibo batetik abiaturik.

–Hezkuntza-teknologiak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan txertatzea.

–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan espazioak eta denborak berrikustea.

–Hezkidetzarekiko konpromisoa eta kontzientzia kritikoa garatzea: genero berdintasuna, bizikidetza eta tratu ona, erantzukizuna eta justizia soziala, herritartasun globala, jasangarritasuna eta ingurumena.

–Eleaniztasuna sustatzea, Nafarroako berezko hizkuntzetatik abiaturik eta hizkuntzen tratamendu integratua erabiliz.

–Euskararen erabilera sustatzea ikasleen artean, alor guztietan euskaraz mintzatzeko: astialdia, aplikazioak, sare sozialak, etab.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da, halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Prestakuntza eta Kalitate Atalari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordezkatu behar izanez gero, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio zuzendaritza taldeari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

d) Proiektuak ikastetxe bati atxikirik egonen dira beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere har dezaketen parte. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzailea deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.

e) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritza taldearen aldeko txostena izanen du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua UPOan sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.

f) Ikastetxe bakoitzeko gehienez ere bi berrikuntza proiektu aurkezten ahalko da, ezinbesteko baldintza izanik independenteak izatea. 800 ikasle baino gehiagoko ikastetxeek 3 proiektu aurkez ditzakete, gehienez.

g) Proiektua idatzirik egon beharko du II. eranskineko 3. apartatuan aipatutako eskemari jarraikiz.

h) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen neurtzeko ea zer neurritan bete diren helburuak.

i) Proiektuen lan plana 2021-2022 ikasturtean gauzatuko da, eta 2022ko maiatzaren 31 izanen da bukatzeko muga-eguna.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Proiektuaren koordinatzaileak eskabidea aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honela betea:

1.–Koordinatzailearen datuak.

2.–Ikastetxe koordinatzailearen datuak.

3.–Proiektuaren datuak.

4.–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen deklarazioa.

5.–Ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritzaren txostena.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da ebazpen honen II. eranskin gisa agertzen den eskabidea, Hezkuntza Departamentuaren web orrian dagoen inprimakiaren bidez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorritakoan, ondoriozko dokumentua jasoko da PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi den helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak zuzenduko zaizkio Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

Bosgarrena.–Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak, zeinak ondoko kide hauek izanen baititu:

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua (idazkari lanetan ariko da).

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

–Kalitate Bulegoko burua.

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Ataleko burua.

–Ebaluazio Bulegoko burua.

Hautapen Batzordeak berariazko aholkularitza eskatzen ahalko du proiektuak baloratzeko, haien gaia dela-eta egokitzat jotzen bada.

Seigarrena.–Hautapen prozesua.

Proiektuak aurrez hautatuko dira, hezkuntza berrikuntzako irizpideak kontuan hartuta. Honela definitzen da hezkuntza berrikuntza: eskola testuinguruan egiturazko aldaketa nabarmena eragiten duten eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzeko ekintzak barne hartzen dituzten jarduketen multzoa. Proiektuan argi azalduko da eduki berritzailea. Eduki berritzaileok, originalak izateaz gain, aldaketa planifikatu bat proposatuko dute, hobetu nahi denari buruzko ikerketak eta hezkuntza esperientziak bermatua; aldaketak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: teknologia, didaktika, pedagogia eta pertsonen prozesuak.

Lehenengo hautapenerako beharrezkoa bada, proiektuen koordinatzaileei eska dakieke edukiaren gaineko alderdiak argi ditzaten edo elkarrizketa bat izateko hitzordua emanen zaie.

Aurretik hautatutako proiektuak onesteko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino dagoen egokitua deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei (gehienez 5 puntu).

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den aspektu edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Kontestualizazioa. (5 puntu gehienez).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak. (gehienez ere 10 puntu).

d) Ikasleek gako-gaitasunak garatzea. Proiektu honek gaitasun horiek nola hobetuko dituen azaltzea. (10 puntu gehienez ere).

e) Metodologia. Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea. (10 puntu gehienez ere).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa. (gehienez ere 10 puntu).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxe mailan, berrikuntza Nafarroa mailan... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasleen taldeak izatea... (gehienez ere 10 puntu).

i) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak... eta, bereziki, familiak. (gehienez ere 10 puntu).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, haiei erantzuteko. Zabalkuntza. (gehienez ere 10 puntu).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazle kuantifikagarriak izan beharko dituzte. (gehienez ere 10 puntu).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak neurriak hartzen ahal ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako jarraipena eta kontrola egiteko.

Zazpigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aurkezten diren proiektuak aztertuko ditu, eta onartutako proiektuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioa argitaratuko du Hezkuntza Departamentuaren webgunean (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Akats formalak dituzten eskaeretan azaldu beharko da espresuki. Atzemandako akatsak zuzen daitezke, argitaratu eta bost egun naturaleko epean. Ikastetxe koordinatzaileak, epe horretan, alegazioak aurkezten ahalko ditu, edo berariazko ukoa.

b) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuko web orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion) eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hautatzen diren proiektuek 1.500 euroko laguntza hartzen ahalko dute, gehienez ere, garapen gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe. Zenbateko horiek aurrekontu partida honen kargura ordainduko dira: 2022ko gastu aurrekontuan gaitzen den eta 2021eko gastu aurrekontuko “Hezkuntza berrikuntzako programak” izeneko 420002-42130-2269-322002 partidaren baliokidea.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroak, material bibliografikoa eskuratzea, beharrezko materialak erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak. Gastu horiek memorian justifikatuko dira, dokumentu bidez betiere.

Proiektuan ari diren irakasleen soldatak eta eskersariak ez dira inola ere laguntza honen kargura ordainduko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Koordinatzaileak 2021-2022 ikasturtean berrikuntza proiektuetan egindako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu Prestakuntza eta Kalitate Atalean.

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean izan behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean, ikastetxeak fakturen ordainketa aurreratu behar baitu, ondoren Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ordain diezaien.

–Faktura guztiak mezu eta dokumentu elektroniko berean igorri behar dira, PDF formatuan.

–2022ko maiatzaren 10a baino lehenago igorri behar dira, helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es. Mezu elektronikoaren gaian ikastetxearen izena zein den adierazi beharko da, argi eta garbi.

–Fakturen data izan beharko da 2021eko irailaren 1aren ondorengoa eta 2022ko maiatzaren 10a baino lehenagokoa.

–Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamargarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek egiaztagiri bat jasotzen ahalko dute, 2021-2022 ikasturtean berrikuntza proiektuan gehienez ere 35 orduz parte hartu izanarena (gutxienez 8 ordukoa eta gehienez 35ekoa), egindako lanaren aintzatespen gisa. Proiektuaren koordinatzaileak ere izanen du berrikuntza-proiektuan aritu izanaren aintzatespena, kasu honetan gehienez 50 ordukoa.

Hamaikagarrena.–Azken memoria.

2022ko maiatzaren 31 baino lehen, koordinatzaileak berrikuntza proiektuaren azken memoriaren kopia bat bidali beharko du Prestakuntza eta Kalitate Atalera (formatu elektronikoan, III. eranskinean ageri den bezalakoa).

Hamabigarrena.–Proiektuaren argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Azken memoriaren eredua

Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:

1.–Proiektuaren titulua.

2.–Proiektuaren koordinatzailea.

3.–Proiektuaren garapenaren laburpena.

4.–Helburuen betetze-maila.

5.–Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6.–Proiektuaren eragina.

a. Irakasleengan.

b. Ikasleengan.

c. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7.–Egindako gastuen justifikazioa.

8.–Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9.–Eranskinak.

a. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

b. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

c. Bestelako jarduerak.

Iragarkiaren kodea: F2104146