86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita nola sartu eskolen sareetan, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduentzat, 2021-2022 ikasturterako. Eskola sare horiek dira Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea.

Hezkuntza Departamentuak eta Osasun Departamentuak, 1994an, lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten, eskolaren eremuan osasun-hezkuntza eta osasunaren sustapena garatzeko. Orduan, honako lehentasun hauek ezarri ziren: “ikastetxeei erraztea osasuna sustatzen duten aldetik duten papera betetzea, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek bultzatzen duten bezala. Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea urteko deialdien bidez eratzen joan da; deialdi horiek Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak SHE (Schools for Health in Europe network) sarean sartzeko deialdia arautzen dute urtero.

Bestetik, 2009. urtetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitatean “Eskola Solidarioak” programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek garapenerako hezkuntza eta elkartasuneko, giza eskubideetako eta gizarte justiziako balioak txertatzea curriculumean, zeharka, bai eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere.

Ikastetxeei laguntzeko helburu hori betetzen laguntzeko, programak aholkularitza, prestakuntza, koordinazioa eta parte-hartzea eskaintzen ditu, Eskola Solidarioen Sare bat egituratzen joan dadin, eta beren artean eta inguruarekin elkarrekintzan ari daitezen. Hori guztia Hezkuntza Departamentuaren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), hezkuntza komunitatearen, NGGKEKren eta Nafarroako GGKEaren arteko lankidetza-lan baten bidez.

Molde berean, Eskola Jasangarrien Sarea 2012-2013 ikasturtean sortu zen, eta eskaintzen du erkidegoko hainbat departamenturen perspektibek bat egitea bertan, erkidegoko hainbat departamenturen perspektibek bat egiten dute, hala nola Hezkuntza eta Ingurumen departamentuen perspektibek; gainera, ikastetxeen eguneroko dinamikan integratzeko asmoa du. Sarea esparru bat da hezkuntza politiken eraginkortasuna eta efizientzia handitzeko, berrikuntzari, ebaluazioari, kalitateari eta jasangarritasunari begira.

2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduak eskolen sareetan (hots, Osasuna Sustatzeko Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea) integratzeko deialdia egitea funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko eta oinarrizkotzat hezkuntza-zerbitzu publiko itunduaren funtzionamendurako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ikastetxe itunduak sartzea Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

2. Onestea ikastetxe itunduak Eskola Solidarioen Sarean sartzea, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

3. Onestea ikastetxe itunduak Eskola Jasangarrien Sarean sartzea, deialdiaren oinarriei jarraikiz arautuko dena, berrikuntza modalitatearen (I. eranskina) edo prestakuntza modalitatearen (II. eranskina) arabera.

4. 30.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, hezkuntza eta osasuna sustapen, garapenerako hezkuntza eta jasangarritasunerako eta ingurumeneko hezkuntzako jarduketak garatzeko ikastetxe itunduetan, deialdi honetan ebazten diren modalitateren batetik sartzen direnetan. 137.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko aurrekontuan 2021eko gastuen aurrekontuko “Ikastxetxe itunduetarako prestakuntza programak” izeneko 420002 42130 4811 322000 partidaren parekoa izanen den partidaren kargura, betiere kreditua egokia eta aski bada.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdia, 2021-2022 ikasturtean ikastetxe itunduak eskolen sareetan Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea –SHE SAREA–, Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea –EsenRED–) sar daitezen berrikuntza ereduaren arabera. Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Sareek sustatu egiten dituzte ideien sorrera, trukea eta lankidetza horizontala, akonpainamendua eta baterako lana, jardunbide egokien trukea, zailtasunei aurre egitea, etab. Tresna bikaina dira prestakuntzarako eta hezkuntza berrikuntzarako. Hori dela kausa, dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduei, araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan, osasunerako hezkuntza eta osasunaren sustapena garatzeko proiektuak aurkez ditzaten Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE sarea) sartzeko, garapenerako hezkuntzako proiektuak aurkez ditzaten Eskola Solidarioen Sarean sartzeko eta ingurumen hezkuntzako proiektuak aurkez ditzaten Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarean sartzeko, 2021-2022 ikasturterako.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe itundu hauek dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

f) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleek jarduneko zerbitzuan egon behar dute lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe bat sareren batean sartzeko, baldintza hauek betetzen dituen urteko proiektu bat aurkeztu beharko du:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu.

b) Proiektua onartzeak esan nahi du proiektu horri loturik dagoen sareko kide bihurtzen dela ikastetxea eta, beraz, proiektu diferente bat aurkeztu beharko da ikastetxeak kide izan nahi duen sare bakoitzeko (proiektu hori bakarra izan daiteke). Ezin izanen da proiektu bera aurkeztu deialdi honetan eta Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Planaren Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuen deialdian.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hura izanen da lantaldearen koordinazioaren arduraduna, baita Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea ere. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordeztu beharko balitz, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

d) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua urteko programazio orokorrean sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, proiektuko irakasleen artean aldaketak gertatzen badira ere. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.

e) Proiektua deialdi honen zazpigarren oinarrian zehaztutako gidoiaren arabera idatzi beharko da. Horretarako formulario bat ezarri da Eskolak Sarean webgunean: https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/escuelas-en-red.

f) Proiektuek beren lan plana 2021-2022 ikasturtean garatu beharko dute eta amaitzeko epemuga 2021eko maiatzaren 31 izanen dute.

g) Kontuan hartuko da ea proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen ote dituen helburuak erdiesteko.

h) Proiektua onartzen bada, ikastetxeak ez du parte hartzen ahalko II. eranskinean deskribaturiko prestakuntza modalitatean. Proiektua ez bada onartzen, ikastetxea, zein saretan sartu nahi duen, hartan sartzen ahalko da, deialdi honen II. eranskinean deskribaturiko prestakuntza modalitatean parte hartuz.

i) Proiektuek kontuan izan beharko dituzte sareen bultzagile diren erakundeek gomendaturiko printzipio orokorrak:

–Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE):

  • Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan osasunerako hezkuntzaren edukiak zeharka sartzea, adibidez, elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarria eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, hezkuntza inklusiboa, hezkuntza afektibo-sexuala, osasun emozionala eta abar, ikuspegi holistiko, pertsonal eta testuinguruko batetik, osasunaren eta garapen pertsonal eta sozialaren esparrutik landuak.
  • Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.
  • Lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasun-hezkuntzarako programa koherenteak presta daitezen.
  • Irakasleei osasun kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta Osasun-hezkuntzan duten protagonista rola bultzatzea, osasuna sustatzeko prestakuntza egokia emanez.
  • Osasun zerbitzuek Osasun-hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuetan laguntza emateko duten hezkuntza ahalmenaz baliatzea, eta hezkuntza zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erantzukizun partekatua eta lankidetza estua bultzatzea.
  • Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak. Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo osasun arloko lehentasunei buruz.

–Eskola Solidarioen Sarea:

  • Garapenerako hezkuntzako edukiak sartzea, esaterako: justizia soziala eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna, kontuan izanik garapen jasangarriko helburuen esparrua. Hori dena, bai Ikastetxearen urteko programazio orokorrean, zeharka, bai ikastetxeko programazio didaktikoetan, kontuan izanik Garapen Jasangarrirako Helburuen esparrua.
  • Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen herritar guztien erantzukidetasunari buruzko erabakiak hartzeko, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
  • Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, bazterketarik eza, genero berdintasuna, eta ingurumenarekiko kezka.
  • Bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena sustatzea: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazken konponketa; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua; etab.
  • Familien eta komunitate osoaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea. Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.
  • Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte entitateen eta gai hauetan eskudunak diren administrazioko zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.
  • Irakasleei erreferentziako eginkizuna ematea elkartasunaren eta lankidetzaren kontuetan, eta indartzea Garapenerako Hezkuntzan dagokien protagonista rola, prestakuntza egokia emanez.

–Eskola Jasangarrien Sarea (EsenRED):

  • Gaitasunen ikuspegi batetik, ingurumen hezkuntzaren edukiak (ikastetxeko edo/eta inguruneko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak, eta abar...) integratzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.
  • Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloko ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika orokorrari erantzuteko.
  • Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
  • Irakasleei erreferentziako papera ematea ingurumen-osasunari buruzko kontuetan, baita prestakuntza egokia ematea ere. Berrikuntzarako eta kalitaterako esperimentazio eta prestakuntza toki bihurtzen da ikastetxea.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo ingurumen arloko lehentasunei buruz.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Irakasle taldeko pertsona bat arduratuko da proiektua ikastetxe bakoitzean koordinatzeaz. Ikastetxeko zuzendaritzak hautatuko du eta sareko koordinatzailea edo proiektuaren koordinatzailea izena hartuko du. Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hizkuntza komunitate osoa motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

Ikastetxeko zuzendaritzak ofizialki izendatu eta babestuko du proiektuaren koordinatzailea. Horrek beharrezko laguntza jasoko du talde bat osatzeko, helburua izanik proiektua martxan jartzea, ebaluatzea eta bideratzea.

Proiektuaren koordinatzailearen eginkizunak:

–Abiapuntua aztertzea.

–Aliantzak bilatzea entitate laguntzaileekin.

–Proiektuaren jarduketak antolatu eta dinamizatzea.

–Ikasleak eta hezkuntza-komunitatea inplikatzea.

–Prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere jarduketa eremuarekin lotura badute.

–Ebaluazio prozesuan parte hartzea.

–Dagokion sareari atxikiriko proiektua aurkeztea eta eta igortzea Hezkuntza Departamentuaren “Eskolak Sarean” webgunearen bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Horretarako diseinatzen den inprimakiaren bidez. Inprimakiaren hasieran zehazten diren jarraibideak bete beharko dira.

–Sareari atxikiriko proiektuaren memoria aurkeztea 2022ko maiatzaren 31 baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean webgunean argitaratzen den estekaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/escuelas-en-red, non 2021-2022 ikasturtean egindako jarduketak bilduko baitira.

–Hezkuntza Departamentuak dagokion sareko kide diren ikastetxeendako antolaturiko topaketa edo jardunaldietan parte hartzea.

Bosgarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Sareetan sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Proiektuaren koordinatzailea izendatzea.

b) Aurkezturiko proiektua garatzea.

c) Proiektuan aurreikusitako jarduketak garatzea.

d) Parte hartzea Eskolak Sarean ekimenak urtero segimendurako eta esperientzia trukerako egiten dituen jardunaldi edo topaketetan.

Konpromiso horiek bete ezean, dagokion saretik baztertuko da.

Seigarrena.–Sareari laguntza ematea eta jarraipena egitea.

Sareetakoak diren eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Dagokion batzorde teknikoaren aholkularitza eta jarraipena, edo batzorde horien ordezkari diren pertsona eta organismoena.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako lan proiektuarekin lotura zuzena izanez gero. Prestakuntza jarduera horien deialdietan, lehentasunezko parte-hartze hori jasota egonen da “Onartzeko irizpideak” atalean.

–Baliabide eta material didaktikoak, Eskolak Sarean webgunean izanen direnak.

–Laguntza ekonomikoa proiektuan aurreikusitako jarduerak egiteko (500 euro gehienez ikastetxe eta sare bakoitzeko, eskura dagoen urteko aurrekontuaren arabera).

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epeak.

Sarearen koordinatzaileak atal hauek dituen inprimaki bat igorriko du:

1. Koordinatzailearen datuak.

  • Izen-deiturak.
  • IFZ.
  • Posta elektronikoa.

2. Ikastetxearen datuak.

  • Ikastetxearen izena.
  • Herria.
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.
  • Ikastetxeko telefonoa.

3. Proiektua.

a) Proiektuaren izenburua.

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte).

c) Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

d) Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

e) Atzemandako arazoak eta/edo aldaketa beharrak, proiektua planteatzea ekarri dutenak.

f) Proiektu honen bidez erdietsi nahi diren konponbideak eta/edo hobekuntzak. Garrantzizkoa: azaltzea eta zehaztea zein den proiektuaren eduki berritzailea.

g) Proiektua lehenagoko baten jarraipena da edo beste ikastetxe batetik ekarri da? Hala bada, zein dira proposatutako aldaketak? Garrantzizkoa: azaltzea eta zehaztea zein den proiektuaren eduki berritzailea.

h) Kidetzea zein saretara eskatu den, haren erakunde sustatzaileek gomendaturiko printzipio orokorren zerrenda.

i) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

j) Helburuak eta jarduerak.

k) Ikasleek hobetzea nahi diren gako-gaitasunak. Proiektu honek gaitasun horiek nola hobetuko dituen azaltzea.

l) Metodologia. Azaltzea zer proposamen metodologiko erabiliko den eta zergatik hautatu diren proiektu honen testuinguruan.

m) Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

n) Prestatu beharreko materialak. Proiektuaren zabalkundea. Zer material prestatuko da? Nola zabalduko da proiektua?

o) Proiektuarekin loturiko curriculumeko arlo edo moduluak.

p) Irakasle parte-hartzaileak (izena, deiturak, profilak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

q) Ikasleen (ikastaldeak, etapak) parte-hartzea eta inplikazioa. Parte-hartzearen azalpena.

r) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuek parte-hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... Parte-hartzearen azalpena.

s) Proiektua ebaluatzeko irizpideak. Aipatutako helburu bakoitzean zer adierazle erabiliko den ezartzea. Adierazle horiek kuantifikatzeko modukoak izanen dira.

t) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

u) Eranskinak.

Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da eskabidea, “Eskolak Sarean” webgunean dagoen inprimakiaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Inprimakia bete eta igorritakoan, ondoriozko dokumentua jasoko da PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi den helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.

Zortzigarrena.–Hautapen Batzordea.

Proiektuen hautapena Sarearen batzorde teknikoak eginen du.

–Osasuna sustatzen duten Eskolen Sareko batzorde teknikoa ondoko kide hauek osatuko dute:

  • Osasun Departamentuko lau kide:
  • Bi teknikari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuak.
  • Teknikari bat, Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko buruak izendatua.
  • Teknikari bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendari kudeatzaileak izendatua.
  • Hezkuntza Departamentuko lau kide:
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua.
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • ILZen eta Berrikuntza Proiektuen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Eskola Solidarioen Sarearen batzorde teknikoa ondoko kide hauek osatuko dute:

  • Eskubide Sozialetako Departamentuko Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Ataleko teknikari bat.
  • Nafarroako GGKEen koordinakundeko teknikari bat.
  • Hezkuntza Departamentuko bi kide:
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Eskola Jasangarrien Sarearen batzorde teknikoa ondoko kide hauek osatuko dute:

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bi kide:

  • Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.
  • Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko ingurumeneko teknikari bat.
  • Hezkuntza Departamentuko bi kide:
  • Prestakuntza Programen Bulegoko burua.
  • Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia. Hautapen batzordeak kanpo aholkularitza edo laguntza eskatzen ahalko du, proiektuen balorazioa egiteko.

Bederatzigarrena.–Hautapen prozesua.

Aurretiko hautaketa eginen da zenbait proiekturekin, hezkuntza berrikuntzako irizpideak dituzten eta eskola testuinguruan eta/edo irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aldaketa kualitatiboa eragiten duten ekintzak sortzen dituztenekin, hain zuzen ere. Proiektuan argi azalduko da bere edukia berritzailea dela. Ikastetxeen proiektuak, lehenagoko urteetan berrikuntzaren modalitatetik sartu direnak, ez dira hautatuko lehenagoko ikasturteetan egindako jardueren aldean eduki kualitatibo berritzaileak dituzten jarduerak proposatzen ez badituzte.

Aurretik hautaturiko proiektuak onesteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen den sarearen erakunde sustatzaileek gomendatzen dituzten printzipio orokorretara (gehienez ere 5 puntu).

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den alderdi edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Kontestualizazioa (gehienez 5 puntu).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak (gehienez 10 puntu).

d) Ikasleek gako-gaitasunak garatzea. Proiektu honek gaitasun horiek nola hobetuko dituen azaltzea (gehienez 10 puntu).

e) Metodologia. Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea (gehienez 10 puntu).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa (gehienez 10 puntu).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxe mailan, berrikuntza Nafarroa mailan... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasleen taldeak izatea... (gehienez ere 10 puntu).

i) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak,... eta, bereziki, familiak (gehienez 10 puntu).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, haiei erantzuteko. Zabalkuntza (gehienez 10 puntu).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazle kuantifikagarriak izan beharko dituzte (gehienez 10 puntu).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu. Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak eman eta behar bezalako segimendua eta kontrola egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.

Hamargarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Aipaturiko batzorde teknikoak aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean webgunean https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-redargitaratuko du onartu diren proiektuen zerrenda. Eskaeraren bat akats formalekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Atzemandako akatsak zuzen daitezke, argitaratu eta bost egun naturaleko epean. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, aipaturiko Sarearen batzorde teknikoak behin betiko zerrenda egin, eta Hezkuntza Departamentuaren “Eskolak Sarean” webgunean https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/escuelas-en-red argitaratuko da eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariaren proposamena eta batzorde teknikoak prestatutako txostena ikusita, ebazpen bat emanen du, 2021-2022 ikasturtean sareetakoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena, deialdi honen II. eranskineko prestakuntza modalitatearen arabera sartuko diren ikastetxeekin batera.

Hamaikagarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontu erabilgarriaren arabera, sareetan parte hartzen duten ikastetxeek 500 euroko laguntza jaso dezakete gehienez, ikastetxeko eta onetsitako proiektu bakoitzeko. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da sareetan parte hartzen duten ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa, eskatutako beste material batzuk eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

Hamabigarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Proiektuaren koordinatzaileak Prestakuntza eta Kalitate Atalean aurkeztu beharko ditu gastuak justifikatzeko fakturak.

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean izan behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean, ikastetxeak fakturen ordainketa aurreratu behar baitu, ondoren Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ordain diezaien.

–Faktura guztiak mezu elektroniko berean igorri behar dira, PDF formatuan.

–2022ko maiatzaren 10a baino lehenago igorri behar dira, helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es. Argi adierazi beharko da ikastetxearen izena eta zein saretako kide den.

Fakturek 2021eko irailaren 1aren ondorengo eta 2022ko maiatzaren 10a baino lehenagoko data izan beharko dute.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izan beharko dute Sareko Proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamahirugarrena.–Bukaerako memoria.

Koordinatzaileak 2022ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko du bukaerako memoriaren kopia formatu elektronikoan. Horretarako Eskolak Sarean webgunean dagoen formularioari jarraikiko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Proiektuaren garapenaren laburpena.

4. Helburuen betetze-maila.

5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6. Proiektuaren eragina.

a. Irakasleengan.

b. Ikasleengan.

c. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7. Egindako gastuen justifikazioa.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9. Eranskinak.

a. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

b. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

c. Bestelako jarduerak.

Hamalaugarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Sarearen batzorde teknikoak proposatuta, bukaerako memoria positiboki ebaluatu ondoren, irakasleei proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria emanen zaie, adierazten duena gutxienez 8 ordu eta gehienez 35 ordu eman dituztela berrikuntzan, egindako lana aitortzeko. Proiektuaren koordinatzaileak egin beharko du irakasle parte-hartzaileak ziurtatzeko proposamena; gainera, koordinatzaile lana aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduko berrikuntzagatik. Proiektuko parte-hartzaileak gutxienez lau izanen dira, gehi koordinatzailea.

Hamabosgarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berekin.

II. ERANSKINA

Deialdia, 2021-2022 ikasturtean ikastetxe publikoak eskolen sareetan sar daitezen prestakuntza ereduaren arabera. Oinarri arautzaileak: Europan Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea (SHE SAREA), Eskola Solidarioen Sarea eta Eskola Jasangarrien Sarea

Lehena.–Xedea.

Sareek sustatu egiten dituzte ideien sorrera, trukea eta lankidetza horizontala, akonpainamendua eta baterako lana, jardunbide egokien trukea, zailtasunei aurre egitea, etab. Tresna bikaina dira prestakuntzarako eta hezkuntza berrikuntzarako. Hori horrela, dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan, izena eman dezaten osasunerako hezkuntza eta osasunaren sustapena, garapenerako hezkuntza, eta ingurumen hezkuntza garatzeko prestakuntza deialdietan. Deialdi horiek 2021eko irailean argitaratuko dira. Ikastetxeak prestakuntzan izena emateak berekin ekarriko du Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean (SHE), Eskola Jasangarrien Sarean edo Eskola Solidarioen Sarean sartzea. Berrikuntza modalitatearen bidez sare batean sartu den ikastetxeak (I. eranskina) ez du eranskin honetan deskribaturiko prestakuntzan izena ematen ahalko.

Bigarrena.-Deialdia eta izen-emateak.

Ikastetxeek izena emanen dute prestakuntza deialdien jarraibide orokorren arabera, zeinak oinarri honetan adierazten diren:

2021-2022 PRESTAKUNTZA PLANA

PRESTAKUNTZA JARDUERARAKO DEIALDIA

Izenburua:

Idatzi dagokiona: Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarea, Eskola Solidarioen Sarea, Eskola Jasangarrien Sarea).

Modalitatea: Mintegia.

Etapa: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza.

Hartzaileak: Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako, Hezkuntza Bereziko, Helduen Hezkuntzako, Araubide Bereziko Hezkuntzako eta curriculum egokituko programa eta/edo Lanbide Lantegiak ematen dituzten ikastetxeetako irakasle taldeak.

Helburuak:

–Sareek aholkaturiko printzipio orokorrak sustatzea ikastetxeetan, departamentuekin lankidetzan.

–Talde lana sustatzea, eta ezagutzea ikastetxeetan egin diren proiektuak.

–Laguntza eta lankidetza sareak sortzea ikastetxeen artean.

–Prestakuntzaren berariazko helburuak dagokien deialdietan zehaztuko dira.

Prestakuntza presentzialean landu beharreko eduki orokorrak:

–Dagokion sareak gomendatzen dituen printzipio orokorretara lotuta egonen dira. Printzipio horiek irailean argitaratuko den deialdian zehaztuko dira.

Metodologia:

Mintegiak 35 orduko iraupena izanen du. Horietatik 10 eta 12 ordu bitarte prestakuntza presentzialekoak izanen dira. Hauetako batzuk lehen hiruhilekoan emanen dira, eta berariazko sarearekin loturiko gai orokorrak landuko dira horietan; beste bi saio ere izanen dira bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren, eta horietan, batera jarriko dira ideia eta materialak, ikastetxeen arteko sarea ehuntzeko asmoz.

Mintegiaren iraupena osatu arteko gainerako orduak (23 eta 25 bitarte), ikastetxe bakoitzeko irakasle taldearen mintegirako erabiliko dira, ikasturtean zehar eginen diren jarduerak diseinatu, planifikatu eta antolatzeko; saio horietan, irakasleek bertaratzea justifikatu beharko dute ikastetxeko koordinatzaileari igorriko zaizkion orriak sinatuta.

Mintegia bukatzean, koordinatzaileak ikastetxean egindako jardueren memoria bat aurkeztu beharko du (1. oharra) eta sinaturiko orriak entregatu, behar bezala beteta. Prestakuntzetako zenbaitetan txosten txiki bat eskatzen ahalko da mintegiaren hasieran, proiektuaren helburuari eta ikastetxean egitekoak diren jarduerei buruz.

Garrantzitsua: Mintegi honek gehienez ere 500 €-ko dirulaguntza izanen du ikastetxeko, eskuratu ahal izateko material bibliografikoa, eskatutako beste material batzuk eta egin ahal izateko proiektua garatzeko beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk. Gastu horiek hasierako txostenean justifikatu beharko dira, bai eta dokumentatu ere mintegiaren bukaerako memorian (argazkiak, dokumentazio erantsia, etab.).

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean izan behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean, ikastetxeak fakturen ordainketa aurreratu behar baitu, ondoren Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ordain diezaien.

–Faktura guztiak mezu elektroniko berean igorri behar dira, PDF formatuan.

–Faktura guztiak 2022ko maiatzaren 10a baino lehenago igorri behar dira, helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es. Argi adierazi beharko da ikastetxearen izena eta zein saretako kide den.

–Fakturek 2021eko irailaren 1aren ondorengo eta 2022ko maiatzaren 10a baino lehenagoko data izan beharko dute.

Hizlaria(k):

Osasun Departamentuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak zehaztuko dute, Hezkuntza Departamentuarekin batera.

Tokia: Deialdian zehaztuko da.

Egunak: Irailean argitaratuko den deialdian zehaztuko dira. Nolanahi ere, prestakuntza honela banatuko da:

–Prestakuntza presentzialeko hainbat saio lehen hiruhilekoan.

Saio bat urtarrilean edo otsailean (bateratze saioa)

–Saio bat maiatzean edo ekainean (bateratze saioa).

–Talde laneko gainerako orduak ikasturtean zehar eginen dira, ikastetxe bakoitzeko irakasle taldeak adosturiko ordutegian.

Ordutegia: Deialdian zehaztuko da.

Iraupena: 35 ordu.

Parte-hartzaileen gutxieneko kopurua: 12 lanpostu.

Izena emateko epea: Deialdian zehaztuko da.

Hizkuntza: Deialdian zehaztuko da.

1. oharra: SARE mintegiaren bukaerako memoria.

1. Koordinatzailearen izen-deiturak.

2. Koordinatzailearen helbide elektronikoa.

3. Ikastetxea.

4. Lanaren laburpen txikia.

5. Lanaren helburuak.

6. Ikastetxean egindako jarduerak eta erabilitako metodologia.

7. Parte-hartzea eta hezkuntza komunitateko eragileengan lanak izan duen eragina.

8. Dirulaguntzarekin eskuratu diren materialen erabilera (erantsi erabilera frogatzen duten argazkiak).

9. Lanaren eta egindako jardueren gaineko balorazio orokorra.

Hirugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Sareetakoak diren eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Dagokion batzorde teknikoaren aholkularitza eta jarraipena, edo batzorde horien ordezkari diren pertsona eta organismoena.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako lan proiektuarekin lotura zuzena izanez gero. Prestakuntza jarduera horien deialdietan, lehentasunezko parte-hartze hori jasota egonen da “Onartzeko irizpideak” atalean.

–Baliabide eta material didaktikoak, Eskolak Sarean webgunean izanen direnak.

–Laguntza ekonomikoa aurreikusitako jarduerak egiteko (500 euro gehienez ikastetxe eta sare bakoitzeko, urtero eskura dagoen aurrekontuaren arabera).

Laugarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Bukaerako memoria positiboki ebaluatu ondoren, irakasleei proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria emanen zaie, adierazten duena 35 ordu eman dituztela prestakuntzan, egindako lana aitortzeko. Proiektuaren koordinatzaileak, hasierako txostena eta bukaerako memoria igortzeaz gain, kudeatu eta igorri egin beharko ditu saio presentzialetako zein ikastetxeko prestakuntzako sinadura orriak; koordinatzaile lana aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduko berrikuntzagatik.

Bosgarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak Hezkuntza Departamentuak egiten duen zeinahi argitalpenerako behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin.

Iragarkiaren kodea: F2104156