84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80/2021 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten duena 2021. urtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 69.5. artikuluan, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko modu bat aurreikusten du baldintza akademikoak betetzen ez dituztenentzat: hezkuntza administrazioek araututako sarrera proba gainditzea.

Maiatzaren 3ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua aldatu zen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatzen dituena, hain zuzen. Haren zortzigarren xedapen gehigarrian zehazten da, salbuespen gisa eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikuluaren arabera, hezkuntza administrazioek ezartzen ahalko dutela 18 urtetik gorakoek oro har zuzeneko sarbidea izanen dutela goi mailako arte irakaskuntzetan –horretarako, berariazko proba bat gainditu beharko dute, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak badituela frogatzen duena–, baita 16 urtetik gorakoek ere musikako edo dantzako goi mailako irakaskuntzetan, baldintza beretan.

Ebazpen honen bidez, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da, eta haren oinarriak eta eranskinak onesten dira.

Prozesu honetako zatiren batean parte hartzen duten pertsonek bertan erabiltzen diren inprimakietan eman dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren fitxategietan sartuko dira estatistikoki tratatzeko eta prozeduraren ondorioz sor litezkeen aitorpen agiriak kudeatzeko, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezartzen duenarekin.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, kentzeko, tratamendua murrizteko, eramateko eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean.

Ikusita Arte Ikasketetarako Atalak heldutasun proba egiteko deialdiaren alde 2021eko martxoaren 12an emandako txostena, eta deialdiaren epeak, inskripzioak eta, oro har, proba hori garatzeko arauak finkatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun probarako deia egitea. Proba 2021. urtean eginen da, eta haren oinarriak ebazpen honen eranskinetan agertzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpena eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Inklusio Atalari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Arte Ikasketen Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko martxoaren 18an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1.–Probaren ezaugarriak.

1.1. Hiru irakasgai hauek osatuko dute goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba:

–Gaztelania edo Euskara.

–Artearen Historia edo Espainiako Historia.

–Atzerriko hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa.

Heldutasun proba osatzen duten gaien edukiak eta curriculum erreferentziak ebazpen honen II. eranskinean biltzen dira.

1.2. Gaztelaniako ariketa eta Euskarako ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, proba egiteko zer hizkuntza aukeratu den gorabehera.

1.3. Atzerriko Hizkuntzaren ariketa kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan erantzun beharko da.

1.4. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da. Izangaiak inskripzioa egiten duenean aukeratu beharko du proba zer hizkuntzatan egingo duen.

1.5. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak goi mailako arte irakaskuntza guztietan sartzeko aukera ematen die jada 18 urte dituzten edo proba egiten den urtean adin hori betetzen duten izangaiei. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko dute, frogatzeko badituztela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.

1.6. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak bakarrik musikako edo dantzako goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko aukera ematen die proba egiten den urtean 16 edo 17 urte betetzen dituzten izangaiei. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko dute, frogatzeko badituztela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.

1.7. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak aukera ematen du Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako zikloetan sartzeko probaren zati komuna egitetik salbuesteko, betiere lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko eta kirol irakaskuntzetako heziketa zikloetan sartzeko probetarako urteko deialdia egiten duen ebazpenean ezarritakoari jarraituz.

1.8. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko probaren zati komuna gainditzeak (Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan) bidea emanen du ebazpen honek arautzen duen heldutasun proba egin behar ez izateko. Sarrera proba horren 2021eko deialdia Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 11/2021 Ebazpenaren bidez egin zen, non, lanbide heziketako heziketa zikloetan, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proben deialdia egiteaz gainera, proba horien egutegia ere ezarri baitzen.

1.9. Heldutasun proba gaindituz gero, estatuko lurralde osoan izanen du balioa.

1.10. Proba egiteko egokitzapenak.

Honako hau da probak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten pertsonek aurkeztu behar duten dokumentazioa:

a) Proba egiteko egokitzapenak desgaitasuna izateagatik. Desgaitasuna frogatzeko, hurrengo agirietako bat aurkeztu beharko da heldutasun proban inskribatzeko eskabidearekin batera:

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

–Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

b) Proba egiteko egokitzapenak hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituztenentzat, ikasteko zailtasun berariazkoak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua edo hezkuntza-premia bereziak izateagatik. Egoera hori frogatzeko, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, derrigorrezko edo derrigorrezkoaren ondoko ikasketak zein ikastetxetan egin dituen, horietako azkeneko orientatzaileak sinatua, ebazpen honen VI. eranskineko ereduari jarraikiz. Inskripzio-orrian proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.

1.11. Honako hauek dira proban inskribatzeko tasak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren Erakunde Autonomoen Tasei eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluarekin, kontuan harturik foru lege horren 36.5 artikuluan ezarritako onura fiskalak:

–Proba egiteko inskripzioa: 18 euro.

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 9 euro.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontidea, bikotekide egonkorra eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: dohainik.

1.12. Probetan inskribatzeko tasa ordaintzeko, dagokion ordainketa-gutuna bete beharko da Interneten, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba” fitxan.

1.13. Tasaren kuota inskripzioan ezarritako epean ez ordaintzea edo osorik ez ordaintzea baztertzeko arrazoia izanen da; orobat, tasa ordaintzetik erabat salbuetsita egoteko edo tasaren hobaria izateko behar diren agirietako bat aurkezten ez bada edo agiri horietan faltsukeriaren bat atzematen bada.

1.14. Tasa itzultzea, interesdunak eskaturik, bidezko izanen da, bakar-bakarrik, bitan ordaindu bada edo behar baino gehiago ordaindu bada.

1.15. Tasaren itzulketa eskatzeko, instantzia bat aurkeztu beharko da Hezkuntza Departamentuaren erregistroan, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzendua.

2.–Inskribatzeko baldintzak.

2.1. Heldutasun proban inskribatzen ahalko dira, goi mailako arte irakaskuntzetan sartu nahi izanik, Batxilergoko titulurik edo 25 urtez gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiririk ez dutenak. Inskribatzeko, derrigorrezkoa izanen da 18 urtetik gorakoa izatea –edo 16 urtetik gorakoa, musikako edo dantzako goi mailako irakaskuntzetan edo bietan sartu nahi izanez gero–, edo proba egiten den urte naturalean adin hori betetzea.

2.2. Heldutasun probarako inskribatzeko unean frogatuko da hartarako behar diren baldintzak betetzen direla.

3.–Inskripzioa.

3.1. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko epea 2021eko apirilaren 22tik 29ra arte izanen da, biak barne.

3.2. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da eskabidea, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da. Izangaiak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera.

–Telematika bidez, online, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba” fitxatik abiatuta.

3.3. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakarra bete beharko du, aurreko atalean aipatutako “Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba” fitxan agertzen diren ereduei jarraituz. Inskripzio-orri horien edukia ebazpen honen III. eranskinean ezarritakoa da.

Heldutasun probarako inskripzioa bikoizturik eginez gero, izangaia ez da prozesuan onartuko.

4.–Dokumentazioa.

4.1. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio-orriari:

a) Nahitaezko agiriak:

–Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren nortasun txartelaren, pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia-agiriaren edo bisaren fotokopia, bi aldeetatik.

–Heldutasun probetan inskribatzeko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izanaren gordekina, hala badagokio.

–Hala badagokio, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena, desgaitasunaren ziurtagiriarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena.

b) Egokitzapenetarako dokumentazioa:

Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela egiaztatzen duen agiria, zer egokitzapen mota behar duen adierazita, ebazpen honen VI. eranskineko ereduari jarraikiz.

c) Salbuespenerako dokumentazioa:

–Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu.

4.2. Arte Ikasketen Atalak honako agiri hauek bidaliko dizkio proben koordinazio epaimahaiari, 2021eko maiatzaren 13a baino lehen:

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinetan zati komuna gainditua duela, 2008tik 2018ra bitartean (urte horiek barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean.

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik Giza Zientzien eta Arteen modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetako zati komuna gainditua duela 2019. eta 2020. urteetan.

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (horietan adieraziko dira baztertzeko arrazoiak) 2021eko maiatzaren 5ean argitaratuko ditu Arte Ikasketen Atalak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Orobat, izangaiek eskatutako proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta eskatutako salbuespenak ere.

5.2. Erreklamazioak egiten ahalko dira 2021eko maiatzaren 6tik 9ra bitarte, biak barne, eranskin honen 3. oinarrian agertzen diren tokietan, IV. eranskineko ereduaren arabera:

–Onartua/baztertua izateari buruzko erreklamazioak Arte Ikasketen Atalera zuzenduko dira.

–Egokitzapen eskaerei buruzko erreklamazioak proben koordinazio epaimahaiaren buruari zuzenduko zaizkio.

5.3. Erreklamazioak ebatzirik, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak 2021eko maiatzaren 12an argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Zerrenda horietan, izangaiei dagozkien proba egokitzapenak ebatziko dira, bai eta heldutasun probatik salbuestekoak ere. Zerrenda horietan, orobat, izangaien banaketa agertuko da, epaimahaien araberakoa, adierazita zein ikastetxetan egin beharko den goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba.

6.–Salbuespenak.

6.1. Heldutasun proba egitetik salbuestea nahi duten izangaiek berariaz adierazi beharko dute inskripzio-orrian. Era berean, honako betebehar hau betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, inskripzio-orriarekin batera, taula honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu:

SALBUESPENA

FROGATU BEHARREKO
BALDINTZAK

AURKEZTU BEHARREKO

DOKUMENTAZIOA

Heldutasun probatik salbuestea

Heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditua izatea 2008tik 2018ra bitartean (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean.

Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu.

Heldutasun probatik salbuestea

Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko probetako zati komuna gainditua izatea 2019. edo 2020. urtean.

Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu.

6.2. Heziketa zikloetan sartzeko proben epaimahaiak ebatziko ditu salbuespenak.

7.–Heldutasun probaren kalifikazioa eta balorazioa.

7.1. Heldutasun probaren gai bakoitzari 0tik 10era arteko kalifikazioa emanen zaio.

7.2. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun probaren azken kalifikazioa hauxe izanen da: probaren gaietan lortzen diren noten batezbesteko aritmetikoa, 0tik 10era adierazia (bi dezimalekin). Gainditzeko, 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira.

8.–Probak egiteko egutegia.

8.1. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba 2021eko maiatzaren 21ean eginen da, V. eranskinean adierazitako ikastetxeetan eta orduetan.

8.2. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren nortasun txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala. Nortasuna egiaztatzeko behar den agiriren bat ekartzen ez bada, ezin izanen da proba egin.

Informazio hori argitara emanen da, izangaiak geletan nola banatuko diren adierazita, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

8.3. Heldutasun probaren ariketak honela eginen dira:

PROBA

EGUNA

GAIA

Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba

Maiatzaren 21a

Gaztelania edo Euskara

Espainiako Historia edo Artearen Historia

Atzerriko hizkuntza

(Ingelesa edo Frantsesa)

8.4. Heldutasun proba maiatzaren 21ean eginen da. Proba egiteko lekua eta ordua aurretiaz jakinaraziko dira Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba” fitxan.

8.5. Ariketaren bat egitera aurkezten ez diren izangaiak “ez aurkeztutzat” joko dira ariketa horretan, eta, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako beharrezkoa denean, ariketa horren puntuazioa 0 izanen da.

9.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

9.1. Emaitzak argitaratuko dira proba egin den ikastetxean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, jarraian adierazten diren egunetan:

Behin-behineko emaitzak

2021eko maiatzaren 24an.

Erreklamazioak

2021eko maiatzaren 24tik 26ra bitarte, biak barne.

Behin betiko emaitzak

2021eko maiatzaren 31n.

9.2. Emaitzei buruzko erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), koordinazio epaimahaiko buruari igorriko zaion idazki baten bidez, IV. eranskinean ageri den ereduaren arabera, eta hark dagokion ebaluazio epaimahaiari igorriko dio.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion ebaluazio epaimahaia bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

9.3. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat joko da ebaluazio epaimahaiek eta proben koordinazio epaimahaiak erreklamazioen gainean hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.

10.–Egiaztagiriak.

10.1. Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat jasotzeko. Bertan, GAI dela adieraziko da, eta zein kalifikazio lortu duen, zenbakitan adierazia, bi dezimal eta guzti.

10.2. Interesdunek Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalean jasotzen ahalko dute heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiri hori, 2021eko ekainaren 8tik aurrera.

11.–Epaimahaien osaera eta eginkizunak.

11.1. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 11/2021 Ebazpenean (Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proben 2021eko deialdiari buruzkoa) ezarritako sarrera proben koordinazio epaimahai bera izanen da heldutasun probaren koordinazio epaimahaia.

Proben koordinazio epaimahaiak, aipatu ebazpenean adierazitako eginkizunak betetzeaz gain, probak egiteko eta ebaluatzeko prozesua antolatuko du eta proben garapenarekin zerikusia duen oro kudeatuko du, honako hauekin lotura duena izan ezik:

a) Hezkuntza Departamentuaren web-orrian izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, eta horiei buruz aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

b) Heldutasun probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

Eginkizun horiek, a eta b, Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalak hartuko ditu bere gain.

11.2. Ebaluazio epaimahaiek eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 11/2021 Ebazpenean aipatzen diren aholkulariek heldutasun probari lotutako eginkizunak dituzte, ebazpen horretan sarrera-probetarako aipatutakoez gain.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Ebaluazio epaimahaiek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik.

12.2. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio epaimahaiek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZETAN SARTZEKO HELDUTASUN PROBA: CURRICULUM ERREFERENTZIA, EDUKIAK ETA EBALUAZIO IRIZPIDEAK

Gaztelania / Euskara

Curriculum erreferentzia

319/2009 Ebazpena, urriaren 23koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma.

–Gaztelania.

Kontsultarako curriculum erreferentzia

25/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena.

–Gaztelania eta Literatura I eta II: 1., 2. eta 3. multzoak.

–Euskal Hizkuntza eta Literatura I eta II: 1., 2. eta 3. multzoak.

Edukiak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Gaztelania irakasgairako ezarritakoak.

Ebaluazio irizpideak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Gaztelania irakasgairako ezarritakoak.

Espainiako Historia

Curriculum erreferentzia

319/2009 Ebazpena, urriaren 23koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma.

–Espainiako Historia.

Kontsultarako curriculum erreferentzia

25/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena.

–Espainiako Historia.

Edukiak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Espainiako Historia irakasgairako ezarritakoak.

Ebaluazio irizpideak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Espainiako Historia irakasgairako ezarritakoak.

Atzerriko hizkuntza: Ingelesa

Curriculum erreferentzia

319/2009 Ebazpena, urriaren 23koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma.

–Atzerriko hizkuntza: Ingelesa.

Kontsultarako curriculum erreferentzia

25/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena.

–Atzerriko Lehen Hizkuntza I eta II. Ingelesa.

Edukiak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa) irakasgairako ezarritakoak.

Ebaluazio irizpideak

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa) irakasgairako ezarritakoak.

Atzerriko hizkuntza: Frantsesa

Curriculum erreferentzia

25/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena.

–Atzerriko Lehen Hizkuntza I. Frantsesa.

Kontsultarako curriculum erreferentzia

Edukiak

Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Atzerriko Lehen Hizkuntza I (Frantsesa) irakasgairako ezarritakoak.

Ebaluazio irizpideak

Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Atzerriko Lehen Hizkuntza I (Frantsesa) irakasgairako ezarritakoak.

Artearen Historia

Curriculum erreferentzia

25/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena.

–Artearen Historia.

Kontsultarako curriculum erreferentzia

Edukiak

Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Artearen Historia irakasgairako ezarritakoak.

Ebaluazio irizpideak

Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Artearen Historia irakasgairako ezarritakoak.

III. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

IV. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia (PDF).

V. ERANSKINA

Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba egiteko entroak

–Iruñeko Arte Eskola (Amaia kalea 27, Iruña). Maiatzaren 21a.

VI. ERANSKINA

Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen ziurtagiria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2104802