84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALLO, ARELLANO, ARROITZ, DEIKAZTELU ETA LERINGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, eragile soziokulturalaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Mankomunitateko buruaren 2021eko otsailaren 26ko ebazpenaren bitartez, onetsi ziren eragile soziokulturalaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Oposizio-lehiaketa hau eginen da bat etorriz aplikatzekoa den araudian xedatuarekin eta ondoko oinarrietan ezartzen denarekin.

Allon, 2021eko martxoaren 4an.–Mankomunitateko burua, Laura Echeverría Azcona.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mankomunitateko eragile soziokulturalaren lanpostu bat betetzea, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez.

1.2. Behar diren hautaprobak gainditzen dituena lanposturako izendatuko da, zeina B mailari atxikia baitago, eta jasoko ditu Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako ordainsariak, gehi Mankomunitateko plantilla organikoan ezarritako ordainsari-osagarriak. Ordura arte betetzen zuen lanpostua automatikoki amortizatu eginen da.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; eutsiko dio, halaber, Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.4. Eragile soziokulturalaren lanpostua eskuratzen duena ordura arteko eginkizun beretan arituko da eta, gainera, maila berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkio.

1.5. Lan-ordutegiari dagokionez, lanaldi osoa izanen du eta bulego orokorretako langileendako ezarritakoa. Lanaldia betiere zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Mankomunitatearen zerbitzuko C mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Erdi-mailako titulua edo Unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo hirugarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edukitzea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkezterakoan eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta hautapen prozesu osoan horien jabe beharko du izan, izendatzeko unera arte.

3.–Prozedura.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mankomunitateko Erregistroan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, 30 egun naturaleko epearen barrenean. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabideekin batera, lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen agiriak aurkeztuko dira. Merezimenduen egiaztagiriek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

3.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

3.5. Bazterturiko izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

3.6. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Laura Echeverría Azcona, Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Javier De Miguel Marqués, Mankomunitateko koordinatzailea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Sara Arteaga Sanz, Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikidea: langileen legezko ordezkaritzak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikide eta idazkaria: Marta Esquisábel Asirón, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

4.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

4.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

4.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

5.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

5.2. Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Administrazio Publikoetan, eragile soziokulturalaren lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-bertaratze ziurtagiri bakoitzeko:

–15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0.25 puntu.

–15 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

5.3. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

5.4. Lehiaketaldia burutzen denean, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki-taulan jarriko du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

5.5. Oposizioaldia hasteko eguna, ordua eta tokia Mankomunitateko iragarki-taulan adieraziko dira.

5.6. Oposizioko ariketa ez da baztergarria izanen eta haren balorazioa 70 puntu izanen da gehienez.

5.7. Proban, lanpostuaren eginkizunekin eta edukiarekin lotutako kasu praktiko bat ebatzi beharko da, gehienez ere 60 minutuan.

5.8. Oposizioaldiko ariketa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Mankomunitateko iragarki-taulan, proba gainditu dutenen zerrenda, bakoitzak lortutako puntuazioarekin, eta puntuazio handiena ateratzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Mankomunitateko buruari.

6.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

6.1. Hautapen prozesua burutu ondoan, Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, proposatutako izangaia izendatuko du eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

6.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu, eta egun horren biharamuna joko da kargua hartzeko unetzat, lantokian bertan hartu ere, ondorio guztietarako, berariazko egintzen beharrik gabe.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala ere, aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2105006