84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

731/2021 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2021eko martxoaren 30eko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedrak arautzen dituen araudia aldatzen duena”.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Gobernu Kontseiluaren 2021eko martxoaren 30eko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedrak arautzen dituen araudia aldatzen duena.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ERAKUNDE ETA ENPRESEKIN ELKARLANEAN SORTUTAKO KATEDREN ARAUDIA ALDATZEN DUENA

2014ko maiatzaren 27ko erabakiaren bidez Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedren araudia onetsi zuen, eta 2014ko ekainaren 12ko 114. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Araudi hori aplikatu den urteetan, funtsari dagokionez egokitzat jo den arren, Ikerketako errektoreordeak hura aldatzea proposatu du, Unibertsitatean erakunde eta enpresekin elkarlanean eratutako katedren sorrera eta funtzionamendua hobetzeko.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketako errektoreordeak proposatuta, 2021eko martxoaren 30ean egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedren araudia aldatzea, eranskineko dokumentuan ageri den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabakiak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2021eko martxoaren 30ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedren araudiaren aldaketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakunde eta enpresekin elkarlanean sortutako katedren araudia aldatu da, eduki honekin:

Bat.–6. artikuluko 3. eta 6. apartatuak aldatzea, eduki honekin:

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkariak errektoreak izendatuko ditu, lotura iraunkorra duten irakasleen edo bitarteko irakasle kontratatu doktoreen artetik. Izendapenaren ebazpenean zehaztuko da agintaldiaren iraupena. Ezin izanen dira izendatu enpresa edo erakundearekin nolabaiteko lotura duten pertsonak.

4.–Katedra instituzionaleko edo enpresa katedrako zuzendaria errektoreak izendatuko du, Jarraipenerako Bitariko Batzordeak proposatuta. Katedra instituzional bateko edo enpresa katedra bateko zuzendaria Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikerlarietako bat izanen da, lotura iraunkorra duena, edo kontratupeko bitarteko irakasle doktore bat, lanaldi osokoa, baldin eta irakasle edo ikertzaile lanak katedraren jarduera esparruarekin zerikusia badu.

Bi.–7. artikuluko 2. apartatua aldatzea, zeina honela geratuko baita:

2.–Jarraipenerako Bitariko Batzordeak, eratu eta gero, lehen bileran, Katedra Instituzionaleko edo Enpresa Katedrako zuzendariaren proposamena adostu beharko du, eta errektoreari helarazi 6.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Era berean, edozein arrazoirengatik zuzendaria kargutik kendu eta gero Batzordeko buruak edo haren ordezkoak Batzorde honen lehenbiziko bilerarako deia egin beharko du beranduenez bi hilabeteko epean. Bilera horretan, 6.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Katedra Instituzionaleko edo Enpresa Katedrako zuzendari berria izendatzeko proposamena onartu beharko du.

Hiru.–Hirugarren Xedapen Gehigarri Bakarra kentzea, edukirik gabe gelditu baita.

Lau.–Bi xedapen gehigarri berri sortzea, lehena eta bigarrena, eduki honekin:

Lehen xedapen gehigarria:

Salbuespen gisa, Jarraipenerako Bitariko Batzordeak kontuan hartzen ahalko du, Katedraren helburuak betetzeko, beharrezkoa dela kanpoko enpresa edo erakundearekin ondasunak eta zerbitzuak trukatzea dakarten lankidetza-moduak ezartzea. Jarduera horiek egin ahal izateko, Katedraren euskarri den enpresak edo erakundeak proposamen formala aurkeztu beharko du, eta Jarraipenerako Bitariko Batzordeak eta Errektoreordetza eskudunak onetsi beharko du (katedra funtzionalki bere mende duenak).

Lankidetza horiek OTRIren arau eta prozeduren arabera formalizatuko dira. Arau eta prozedura horiek Unibertsitatearen espezializazio-irakaskuntzak edo prestakuntzako jarduera espezifikoak garatzeko kontratu zientifiko, tekniko edo artistikoen Erregelamenduak arautzen ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpoko enpresa edo erakundeen alde ematen dituen ziurtagirietan, Katedrei emandako urteko diru-hornidurei dagokienez, bereiz adieraziko dira lan zientifiko, tekniko edo artistikoen kontratuen zenbatekoak.

Katedraren jardueretarako ondasunak eta zerbitzuak trukatzea eta kontraprestazioa dakarten jardueretarako zenbatekoak ezin izango ditu Unibertsitateak Katedrari egindako ekarpen gisa ziurtatu, baina bai kontatzen ahalko dira araudi honen 3.2 artikuluan ezarritako katedra instituzional bat edo enpresa katedra bat mantentzeko gutxieneko ekarpenaren ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria:

Araudi hori aplikatuko zaie NUPen gaur egun dauden katedrei, kasuan kasuko sorkuntza-hitzarmenetan aurreikusten ez diren gaietan, betiere horietan jasotako aginduen kontrakoak ez badira.

Iragarkiaren kodea: F2105197