84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

43/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 9koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ohiz kanpoko zatiketa bat ezartzen baita pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak eragindako tributu zorra ordaintzeko, 2020an aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteekin lotutako prestazioak jaso dituztenentzat.

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, 2020ko zergaldian langile asko sartu dituzte aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteetan, eta prestazioren bat jaso dute horregatik. Prestazio horiek, gehienetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura atxikipenik egin gabe ordaindu dira, eta horrek eragin dezake 2020ko errentaren aitorpena egitean ordaindu beharreko zenbatekoa handiagoa izatea enpresaren soldata zegokion atxikipena eginda jasoz gero ordaindu beharrekoa baino.

2020an aldi baterako erregulazio-espedienteen prestazioak jaso dituztenei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2020ko autolikidazioak dakarren tributu zorraren ordainketa errazteko, foru agindu honek ohiz kanpoko zatiketa bat eskatzeko aukera ezartzen du, bost epekoa, berandutze-interesik sortu gabe eta bermerik aurkeztu beharrik gabe.

Foru agindu hau ematen da ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 83.1 artikuluak eta maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.1 artikuluak emandako gaikuntza erabiliz.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2020ko autolikidazioak dakarren tributu zorra ordaintzeko ohiz kanpoko zatiketa, 2020an aldi baterako erregulazio-espedienteen prestazioak jaso dituztenentzat.

1. 2020ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio positiboen zenbatekoaren diru-sarrera zatitzen ahalko da 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan, baldin eta aitorpen-egilea, edo familia unitateko edozein kide, baterako tributazioaren kasuan, 2020an aldi baterako enplegu-erregulazio espediente batean sartu badute eta zergaldi horretan horri dagozkion prestazioak jaso baditu.

2. Tributu zorraren ordainketa bost zatitan eginen da, eta mugaeguna hilabete bakoitzeko 5a izanen da; lehenbiziko mugaeguna 2021eko abuztuaren 5a izanen da. Zatiketa horretan ez da berandutze-interesik sortuko eta ez da beharrezkoa izanen bermerik aurkeztea. Zatiketa hori egiteko eskaerak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 26ko 41/2021 Foru Aginduaren 5. artikuluko lehen paragrafoan ezarritako epean, foru agindu horren bidez onesten baitira 2020ko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio ereduak, horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak ematen eta bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezartzen.

b) Ez dira salbuespeneko zatiketa honen xede izanen 100 euroko zorrak edo txikiagoak.

c) Zatiketarako eskaera eredu ofiziala erabiliz eginen da, ahal dela Interneten bide elektronikoaren bidez aurkeztuta, eta Diru-bilketa Zerbitzuko titularrak ebatziko du. Eskaera aurkezteko epea 2021eko ekainaren 23an bukatuko da.

d) Baterako tributazioaren kasuan, zatiketarako eskaera eginen du aitorpen egile gisa ageri denak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioan, edozein dela ere aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteagatiko prestazioa jaso duen familia unitateko kidea.

3. Abenduaren 14ko 13/2000 Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamabosgarren xedapen gehigarriko 4. atalean xedatutakoaren ondorioetarako, artikulu honetan araututako zatiketa ez da inola ere kontuan hartuko, ez hori onartzeko, ezta etorkizuneko zatiketa edo geroratzeak emateko ere.

4. Onartutako zatiketa betetzen ez bada, berandutze-interesak likidatuko dira 2021eko uztailaren 3tik aurrera.

5. Zatiketa hau bateraezina da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregelamenduak, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, 57.2 artikuluan aurreikusitakoarekin, bai eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamabosgarren xedapen gehigarrian eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduaren 48. artikuluan eta hurrengoetan ordainketaren geroratze eta zatiketetarako aurreikusitako araubide orokorrarekin ere.

6. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 26ko 41/2021 Foru Aginduaren 11.2 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, eskatzen bada geroratzea 2020an ordaindu beharreko pertsona fisikoen gaineko errentaren kuotaren zati bat, proportzioan ekintzailetzaren etekin garbiei dagokiena, geroratzeak ukitzen duen kuota-zatia kenduko zaio artikulu honetan arautzen den zatiketaren xede den zenbatekoari.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta eraginen die 2020ko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioei, 2021eko apirilaren 12tik ekainaren 23ra aurkezten direnei.

Iruñean, 2021eko apirilaren 9an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2105754