81. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Aldaketa, Udalaren lokalen erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2020ko abenduaren 29an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Udalaren lokalen erabilera arautzen duen ordenantzan.

Horren iragarkiak argitaratu ziren 2020ko 289. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16an, eta 2021eko 10.ean, urtarrilaren 15ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Argitaratu ondoko jendaurreko aldia iraganik inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, behin betiko onetsitzat jo, eta jarraian argitaratzen da.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Otsagabian, 2021eko martxoaren 1ean.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA, UDALAREN LOKALEN
ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabilera.

2. artikulua. Oinarria.

Honako ordenantza hau onetsi da babes dituela Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen eremu objektiboa.

Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzari guztiei, ez baldin badute ordenantza berariazkorik, edo kontratu berariazko baten bidez arauturik ez badago udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera. Orobat, ordenantza honetatik kanpo geldituko da udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera baldin hura lege batek arautzen badu.

Ordenantza honek honako lokal eta eraikin hauen erabilera arautzen du:

–Udaletxea, Labaria auzoko 1ean dagoena, katastroko 2. poligonoko 111. lurzatian.

–Ikastetxe publikoa, instalazio guztiekin (ikasgelak, liburutegia, gimnasioa...). Urrutia auzoko 11n eta Ibaialdeko 2an dago, katastroko 1. poligonoko 20. eta 384. lurzatietan.

–Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko hirugarren solairuan dagoen erabilera anitzeko gela, katastroko 1. poligonoko 59. lurzatian.

–“Javi Eseverri” zentro soziokulturala, barnean direla ekitaldi aretoa (beheko solairua) eta Zatalarrañas kaleko 2an dagoen eraikineko jarduera gela (2. solairua), katastroko 2. poligonoko 45. lurzatian.

–Udal pilotalekua, Urrutia auzoko 7an dagoena, katastroko 1. poligonoko 18. lurzatian.

–Ordenantza honek Udalaren honako instalazio eta altzari hauen erabilera arautzen du: agertokia.

Ordenantza honen helburua da lokalak modu arautuan erabiltzea; arrazoizko erabilera ematea udalaren eraikinei, lokalei, instalazioei eta altzariei, eta, era berean, denok erabili ahal izatea, baldintza berberetan.

4. artikulua. Hauxe da tasaren zerga-egitatea: ordenantza honetan araututako udalaren eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzea pertsona fisikoek nahiz juridikoek, baita erakunde edo entitateek ere, nortasun juridikoa izan nahiz ez izan, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta erregistratu ondoren.

Honako lokal edo instalazio hauek ez daude ordenantza honen pean:

a) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskola ordutegiaren barnean eta eskolak berak baimendu badu, baldin eta hezkuntza-programa ofizialak garatzeko edo horien osagarri diren jarduerak badira.

b) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskolaz kanpoko ordutegian bada eta gurasoen elkarteak antolatutako jarduera gisa egiten bada, eta eskola kontseiluak. Beste talde batzuek lokal eta instalazio horiek erabiltzeko baimen puntuala izan ahalko dute, udalaren irizpidearen arabera.

c) “Javi Eseverri” zentro soziokulturaleko gimnasioa erabiltzea, ordenantza propioa baitu.

5. artikulua. Nolanahi ere, denbora mugatu baterako izanen da ordenantzaren xedeko ondasunen erabilera eta aprobetxamendua, eta ez dira inoiz inola mugarik gabe lagako.

II. TITULUA

Antolaketa eta erabilera

6. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzeko interesa dutenek Udalaren bulegoan egin beharko dute eskaera, alkateari erantzukizunpeko adierazpenaren idazkia zuzenduz, gutxienez ere hiru egun lehenago.

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua ordenantza honen eranskinean azaltzen da, eta honako alderdi hauek jasoko ditu: eskatzailearen datuak, eskaeraren arrazoia, lagapenaren iraupena, egin beharreko jardueren zerrenda, okupatzaile kopurua, lagapenaren helburua eta eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Udalak lokalak erabiltzeko ezarritako baldintza guztiak betetzeko. Udalaren lokalak erabiltzeko baldintzak adierazpen ereduan azalduko dira.

Erantzukizunpeko adierazpen hori eskatzaileak bete beharko du, eta udal bulegoetan aurkeztu, Udalaren erregistro orokorrean erregistratzeko.

Udal zerbitzuek aldez aurretik egiaztatuko dute eskatutako lokalak erabilgarri daudela, eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren agiriak, txostenak edo argibide osagarriak aurkezteko eskatu ahalko diote eskatzaileari.

Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hori aurkezten badu eta Udaleko erregistro orokorrean jasota geratzen bada, eskatutako udal-lokalak erabili ahalko dira.

Udal lokalen erabilera ukatzea dakarten eragozpenak alkatetzaren ebazpen bidez gauzatuko dira, behar bezala arrazoituta eta eskatzaileari jakinarazita, eta administrazio legediaren arabera errekurtsoa jarri ahalko da.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetako lehenbizikoarekin.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak zaindu beharko dituzte erabiltzaileek, baita bertako altzariak ere, eta bertan behar den gizalegez jokatu. Orobat, erabiltzen dituzten altzariak zainduko dituzte.

Erabiltzaile batek akats edo hondatzeren bat ikusiz gero, Udalari eman beharko dio haren berri, aprobetxamenduaren hasieran eman ere.

Baimenaren titularrak erantzun beharko du lokaletan eta bertako zeretan egiten diren kalteengatik, eta Udalak haien konponketa eska diezaioke, horretarako diren legezko bide guztiak erabiliz.

8. artikulua. Debekaturik dago Udalaren eraikin eta lokaletan erretzea; orobat, animaliak sartzea.

9. artikulua. Debekatuta dago udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzea erantzukizunpeko adierazpenean agertzen ez den beste helburu baterako, adierazpen horrek ahalmena ematen baitu eskatutakoak erabiltzeko.

10. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek zainduko dute garbi eta txukun egon daitezela. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan. Erabilera luzeagoen kasuan, adibidez urritik maiatzera/ekainera irauten duten ikastaroetan, lagapen aldi bakoitzaren bukaeran altzariak eta barneko elementuak garbitu eta ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste eskatzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan.

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzeko ahalmena eman ondoren, interesdunei sarbidea edo dagozkion giltzak emanen zaizkie lokalak ireki eta ixteko. Horiek izanen dute haiek gorde eta udaleko langileei bulegoetan itzultzeko ardura, jarduera bukatu eta ahalik eta epe motzenean; epe hori ez da inoiz ere izanen 12 ordu baino gehiagokoa, non ez den ezartzen epe laburragoa. Erabilpenaren eskatzaileak delako giltza itzultzeko ardura izanen du eta ez du inola ere haren kopiarik eginen.

Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzeko ahalmena ematearekin batera, haren xede den lokalean bisita egiteko deialdia egin dezake, eskatzaileekin eta zinegotzi batekin batera. Lagapena bukatutakoan, berriz ere egiaztatuko da erabiltzaileek ordenantza honetan eta indarrean dagoen legedian ezarritako obligazioak bete ote dituzten.

Ikasturte osorako lagatako lokalen kasuan, Udalak ikuskapen bisitak egin ditzake noiznahi. Horretarako eskatzaileei 24 ordu lehenago abisatu beharko die.

12. artikulua. Alkatetzak, erantzukizunpeko adierazpena ikusita, egokitzat jotzen duena ebazteko ahalmena izanen du lokalen erabileraren lagapenari buruz kasu bakoitzean Alkatetzaren Ebazpen baten bidez, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

–Jarduera mota: kultura, kirolak, negozioak, ikasketak...

–Eskatu diren bezalako lokalen edo instalazioen eskuragarritasuna.

–Jarduera zenbat jenderentzat den.

–Helburua: irabazi asmorik gabea, irabazi asmoa duena...

–Lagapenaren iraupena.

13. artikulua. Udalak fidantza jar dadin eska dezake, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren xedea izanen da udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea.

Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza. Ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Jardueraren eta udalaren arabera, eska daiteke fidantza bat ezartzea helburu izanik behar bezala erabiliko direla udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak eta altzariak. Fidantzaren zenbatekoa izanen da 50,00 eurotik 500,00 eurora bitartekoa. Nolanahi ere, lokala erabiltzeko eguna baino 24 ordu lehenago eratu ez bada fidantza, besterik gabe deuseztatutzat joko da lehenago emandako baimena.

Gisa berean, lokalaren erabilera aztertuta, alkateak partikularrari eska diezaioke kontrata dezala nahikoa estaldura duen erantzukizun zibileko poliza bat.

14. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilpena bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen ote dituzten ordenantza honetan eta indarrean dauden gainerako legedian ezarritako obligazioak.

Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako obligazioak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza erabiliko da ordaintzeko ordenantza honetan ezarritako obligazioak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak.

15. artikulua. Udalaren lokal eta instalazioak lau motatan sailka daitezke:

1) Eginkizun iraunkorra dutenak eta, beraz, laga ezin daitezkeenak, esaterako:

1.1. Udaletxea, Labaria auzoko 1ean dagoena, katastroko 2. poligonoko 111. lurzatian, barnean dituena bertako instalazioak, esaterako bulego ofizialak (idazkaritza, alkatetza, bilkura aretoa...) eta artxiboak.

Orobat, ez dira lagako honako hauetarako diren lokalak eta bulegoak: osasun kontsultategia, nekazaritza ganbera, zerbitzuen mankomunitatea, natura interpretatzeko zentroa, turismo bulegoa, eta erakunde eta instituzioetarako diren gainerakoak. Era berean, udalak erabiltzen dituen tresnen eta materialen biltegiak ere ez dira lagako.

1.2. Ikastetxe publikoa (Urrutia auzoko 11n eta Ibaialdeko 2an dago, katastroko 1. poligonoko 20. eta 384. lurzatietan), barnean direla instalazio guztiak –ikasgelak, liburutegia, gimnasioa...–. Instalazio horietan ez da baimenduko jarduerak egitea, salbu ordenantza honen 4. artikuluko a) eta b) apartatuetan ezarritakoak.

2) Ordu batzuetarako laga daitezkeenak hitzaldietarako, bileretarako, lantegietarako, jardueretarako eta abarretarako. Honako hauek:

2.1. Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko 3. solairuan dagoen erabilera anitzeko gela, katastroko 1. poligonoko 59. lurzatian.

2.2. “Javi Eseverri” zentro soziokulturala, barnean direla ekitaldi aretoa (beheko solairua) eta Zatalarrañas kaleko 2an dagoen eraikineko jarduera gela (2. solairua), katastroko 2. poligonoko 45. lurzatian.

3) Ordenantza honek arautzen du honako udal instalazio eta altzari hauen aldi baterako lagapena:

3.1. Agertokia, ekitaldi eta jardueretan erabiltzeko.

4) Lokal bereziak. Epigrafe honetan dago udal pilotalekua, Urrutia auzoko 7an dagoena, katastroko 1. poligonoko 18. lurzatian; arau propioak izanen ditu. Pilotalekuaren kasuan, aparteko lagapenerako aukera bada, kultur, musika edo kirol ikuskizunetarako; horretarako, eskaera idatziz egin beharko da, 15 egun lehenago, pertsona fisiko edo juridiko batek sinatua, eta hartan azaldu jarduera, eguna eta ordua.

16. artikulua. Baimenen araubidea honako hau izanen da:

Alkatearen ahalmena izanen da aurreko artikuluko 2. eta 3. epigrafeetako lokalak eta instalazioak erabiltzeko baimena ematea. Aldez aurretik, interesdunek eskaera egin beharko dute, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, eskatzaileak behar bezala sinatuta eta behar bezala erregistratuta, dokumentu bat emanen zaio pertsona horri, Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabilera arautzen duten baldintza orokorrak eta partikularrak zehazten dituena.

Baliabide bererako eskaera bat baino gehiago baldin bada, esleipenaren lehentasuna honako hauei jarraituz eginen da:

–Udal jarduera bat aurreikusia bada, harexek izanen du lehentasuna.

–Aurrekoa gertatu ezean, gizarte, hezkuntza edo kultur jarduerek izanen dute lehentasuna jarduera politiko edo sindikalen aldean.

–Erroldatuen eskaerek lehentasuna izanen dute, erroldatu gabeen aurretik.

2. Alkatearen eskumena izanen da aurreko artikuluko 4. epigrafeko lokalak eta instalazioak erabiltzeko baimena ematea. Aldez aurretik, eskaera egin beharko da, idatziz, 15 egun lehenago, pertsona fisiko nahiz juridiko batek sinatua, azalduz zer jarduera eginen den, baita eguna eta ordua ere.

3. Udalaren lokalak erabiltzeko ohiko ordutegia 8:00etatik 22:00ak arte izanen da. Beraz, ohiko erabileretarako lagapenak ordutegi horri lotu beharko zaizkio. Ordutegi horretatik kanpora, jarduera guztiek baimen berariazkoa beharko dute, zehaztu beharko dena baimena emateko alkatearen ebazpenean.

17. artikulua. Fidantza ezartzen den kasuetan, aldez aurretik jarri beharko da. Hala egiten ez bada, deuseztaturik geldituko da emandako baimena.

18. artikulua. Ez da inola ere lokal baten erabilpena lagako, baldin erabilpenaren lagapena eskatzen duen elkartea edo haren izenean eskaera egin duen pertsona fisikoa zorretan badago Udalarekin, betebehar fiskalak, zehapenak edo beste edozer ordainketa mota dela eta.

III. TITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

19. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek ordainduko dituzte beren maltzurkeriagatik edo axolagabekeriagatik bertan eragiten diren kalte-galerak.

Halaber, erabiltzaileek beren gain hartuko dute bidezkoak diren baimenak tramitatzearen ardura, hots, bidezko diren erakundeei eskatu beharreko baimenak, behar den jarduera egiteko, aplikatzekoa den legediaren arabera.

Baldin jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak egin nahi badira, jardueraren parte-hartzaileek eta antolatzaileek bete beharko dituzte honako arau hauek aplikatzearen ondoriozko baldintzak: 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, jorratzen dituena Jendaurreko Ikuskizunak eta Josteta Jarduerak; 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresa eta lokalen erregistroak; eta martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretua, jorratzen dituena ikuskizunak eremu publikoetan baimentzeko baldintzak. Orobat, indarreko legedia beteko da honako hauei dagokienez: jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak; edari alkoholdunen kontsumoaren prebentzioa eta mugak adingabeentzat; eta arlo horretan aplikatzekoa den legedia.

20. artikulua. Okupatzaileak bat baino gehiago badira, eskaeraren sinatzaileak izanen du fidantzaren ordainketaren erantzukizuna, honako hauei dagokienez: lokaletan, instalazioetan eta bertan izan daitezkeen ondasunetan eragindako kalte-galeren kalte-ordaina, eta, orobat, hala behar baldin bada, ezartzen diren zehapenak.

21. artikulua. Honako hauek joko dira arau-haustetzat:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

d) Alkatetzaren baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabilitako eraikinak hustu eta berehala edo finkatu den epean bertan sartzeko giltzak ez itzultzea.

f) Lokaletan eta/edo eraikinetan erretzea eta animaliak sartzea.

g) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

22. artikulua. Aipatutako arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko artikuluko a), b), d) e) eta f) apartatuetakoei, 100 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Aurreko artikuluko c) apartatukoei, kaltea edo galera zenbatekoa den, horrenbesteko isuna ezarriko zaie.

c) Aurreko artikuluko g) apartatukoei, kasu bakoitzean aztertu beharreko zehapena ezarriko zaie. Nolanahi ere, zehapena ez da 150,00 eurotik gorakoa izanen.

Gainera, eragiten dituen ondorioak larritzat hartzen direnean, urte batetik 5 urtera bitarte lokalak erabiltzeko debekua ezar daiteke zehapen gisa.

23. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen-bidetik bideratu eta gauzatuko dira.

IV. TITULUA

Tarifak

24. artikulua. Ezartzen da I. eranskinean agertzen diren zenbatekoak ordaindu behar direla lokalak erabiltzeagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA

Tarifak

1. Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko 3. solairuko erabilera anitzeko gela:

–Bilera informatiboak eta hitzaldiak oro har: 10,00 euro eguneko.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publikoak, enpresa publikoak eta elkarteak: salbuetsita.

–Jarduerak: 30 euro eguneko.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publikoak, enpresa publikoak eta elkarteak: 10 euro eguneko, baldin aretoa erabiltzen bada eguneko 4 ordutik gora, eta 5 euro eguneko, baldin eguneko 4 ordutik behera erabiltzen bada.

2. “Javi Eseverri” zentro soziokulturala:

2.1. Ekitaldi aretoa (beheko solairua):

–Bilera informatiboak eta hitzaldiak oro har: 10,00 euro eguneko.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: salbuetsita

–Jarduerak: 30,00 euro eguneko.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publikoak, enpresa publikoak eta elkarteak: 10,00 euro eguneko, baldin ekitaldi aretoa erabiltzen bada eguneko 4 ordutik gora, eta 5,00 euro eguneko, baldin eguneko 4 ordutik behera erabiltzen bada.

2.2. Jardueren aretoa (2. solairua): 30,00 euro eguneko.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publikoak, enpresa publikoak eta elkarteak: 10,00 euro eguneko, baldin jardueren aretoa erabiltzen bada eguneko 4 ordutik gora, eta 5,00 euro eguneko, baldin eguneko 4 ordutik behera erabiltzen bada.

3. Udal pilotalekua: 10,00 euro eguneko.

4. Ordenantza honek arautzen du Udalaren honako instalazio eta altzari hauen erabilera:

Agertokia: 200,00 euro/eguna eta 500,00 euroko fidantza.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2103799