81. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Alkatearen ordainsariak eta dedikazio araubidea

Udal honek, 2021eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen, dagokion aktaren onespenetik ondorioztatzen dena ukatu gabe:

“Udal honetan zenbateko batzuk ordaindu izan zaizkie lehen eta bigarren alkateordeei, karguan aritzeko dedikazioa konpentsatze aldera. Zenbateko horiek ezartzea 2019ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran erabaki zen (2019ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 16koa).

Berriki, 2021eko otsailaren 4ko osoko bilkuran, gorago adierazitakoa aldatzea erabaki zen, une horretan lehen alkarteorde kargua zuenaren dedikazioari soilik erantzuteko. (2021eko 41. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 23koa).

Bigarren erabakiak xedatu zuen lehenbiziko erabakiak indarrean jarraitzea horren bidez aldatu ez den orotan, eta erabaki honek ere aurrekoak indarrean jarraitzea xedatu du berariaz aldatu ez den orotan.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75.bis eta 75.ter artikuluetan jasotzen da gai horri buruzko arau orokorra, bertan ezartzen baitira ordainsarien modalitateak eta mugak. Nafarroan badira udalentzako konpentsazioak kontzeptu horrengatik, horretarako baliaturik toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsa.

Alkatetzak proposatuta. Eztabaidatu ondoren. Bozketa arrunta egin da: hamaika boto alde, kontra bat ere ez, abstentziorik bat ere ez. Quoruma: gehiengo soila.

ERABAKITZEN DA:

1. Dagokion aurrekontu-kontsignazioa gorabehera, Udalak Lourdes San Miguel Rojo alkateari ordainduko dizkio, dedikazio partzialean aritzeagatik, urtean guztira hogeita hemeretzi mila zazpirehun eta hirurogeita bost euro (39.765,00 euro), kontzeptu guztiak barne (soldata gordina, 30.000,00 euro, eta enpresako gizarte segurantzako kuota, 9.765,00 euro); hilero ordainduko zaio, eta bi halako ekainean eta abenduan, betiere behar diren kenkariak eginik. Ordainsari hori jasotzeko gutxieneko dedikazioa astean hogeita hamar ordukoa izanen da, karguaren edozein jardueratan (bulegoa, bilerak, bidaiak edo beste batzuk). Ez da zenbatekorik ordainduko alkateordeek alkatea ordezteagatik, hala gertatuz gero. Karguan dedikazio partzialean aritzeagatiko ordainsarien kobrantza bateraezina da bilkura-sariak biltzearekin.

2. Sistema honek eta aipatu zenbatekoek 2021eko martxoaren 15etik aurrera izanen dituzte ondorio ekonomikoak, dagokion bezala jasota gizarte segurantzaren aurrean; gaurko sistema ordezkatuko du, eta indarra izanen du besterik xedatzen ez den bitartean.

3. Alkateak, orobat, kalte-ordainak jasoko ditu karguan aritzeak egiazki sorrarazten dizkion gastuengatik, hala nola bidaiengatik (Udaleko langileei beren ibilgailuetan eginiko kilometro bakoitzeko ordaintzeko erabiltzen den zenbateko bera aplikatuko da), egonaldiengatik eta beste batzuengatik. Frogagiriak aurkeztu beharko ditu, gastuok ordain dakizkion.

4. Udalak alkateari bere karguan aritzeagatik ordaintzen dizkion ordainsariak lotuko zaizkio pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako araudiari.

5. Alkatetzak erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalbatzaren iragarki-taulan osorik argitararaziko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, haren kontra, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hura ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da aurkeztu ez gora jotzeko errekurtsorik, ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da berriz aurkeztu errekurtso mota hori bera.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hori ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik.

3.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Argitara ematen da erabaki dena bete beharrez.

Lodosan, 2021eko martxoaren 26an.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

Iragarkiaren kodea: L2105097