81. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48E/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Iguzkitzako udal mugartean Iguzkitzako udal igerilekuetako saneamenduaren eta HUAren arteko konexioa egiteko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2020ko otsailaren 25ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposamenaren arabera, hodi bat egin nahi da Iguzkitzako 4. poligonoko 871 A lurzatian dagoen araztegi (HUA) berritik Iguzkitzako hiri lurzoruko 4. poligonoko 708. lurzatian dauden udal igerilekuetaraino. Hodiak hegoalderantz egin eta luzetara zeharkatzen du Iguzkitzako 4. poligonoko 871 D azpilurzatia (dehesa erako artadia, malda batean), Lapartida bidea gurutzatzen du eta Iguzkitzako igerilekuetara iristen da inguruko lorategian zehar. Zortzi kontrol-putzu (PR) aurreikusten dira, PR 1 putzutik hasita, HUAren inguruetan, PR 8 putzuraino, igerilekuetan.

Sustatzaileak egokiro arrazoitu du proposamena, zeren eta, kotak edo bideragarritasun teknikorik eza tarteko, ezin baita kolektorea trazatu Lapartida bidetik edo Iguzkitzako 4. poligonoko 871 A azpilurzatiko laborantza lurretatik.

Zeharkatzen dituen lurrei dagokienez hodiak duen kotaren arabera, lan eremua zabalagoa edo estuagoa izanen da. Zortzi metro zabal ere izan daiteke, batez ere erdiko tartean. Zanga zulatzeaz gain, tarte horietan instalaziorako materialak eta lurra metatu beharko dira.

Azpilurzatiko arteak PR 1 eta PR 2 bitartean oso handiak dira, eta zuhaizti trinkoa osatzen dute. Azpilurzatiko gainerako lurrak abeltzaintza estentsiborako erabiltzen dira, eta arteak txikiagoak eta bakanagoak dira hasierako tarte horretan baino. PR 3 eta PR 5 bitarteko tartea malda handiko hegal batean dago, Lapartidako errekaren eskuineko aldean. PR 6 eta PR 7 bitartean, hodiak Lapartida bidea eta arte txikiz osatutako heskai bat gurutzatzen ditu. Heskai horrek badu nolabaiteko balioa inguruko ingurumen- eta paisaia-dibertsitaterako.

Iguzkitzako Udalak aldeko txostena eman zuen 2020ko otsailaren 10ean, eta hala dago jasota espedientean. 2021eko otsailaren 9an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du proiektuari buruz, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi du proposamena bateragarria dela proiektuaren kokaguneko ingurumen-balioak eta ingurune naturala zaintzearekin, behar diren neurri zuzentzaileak eta ingurumen-jarraipena ezartzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iguzkitzako udal mugartean Iguzkitzako udal igerilekuetako saneamenduaren eta HUAren arteko konexioa egiteko proiektuari. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Arte handiak ez ukitzeko, PR 1 eta PR 2 kontrol-putzuen artean hodiaren trazadura basoaren kanpoaldetik eta zuhaitz gutxien dauden aldeetatik joanen da. Aukera hau azter dadila proposatzen da: lehen 40 metroetan hodia Iguzkitzako 4. poligonoko 871 A azpilurzatitik joatea, Iguzkitzako 4. poligonoko 871 D azpilurzatiaren behealdeari paralelo, eta gero PR 2 kontrol-putzura igotzea zuhaitz gutxien dauden aldetik. Nolanahi ere, zuhaitz mozketen ordez inausketak lehenetsiko dira.
  • PR 2 eta PR 5 bitartean lanen zuinketa eginen da, ahal den neurrian, arte ederrenak moztu edo ukitu beharrik ez izateko moduan.
  • PR 3 eta PR 5 bitartean, errekaren ertzeko tartean, trazaduraren zuinketa eginen da ahalik eta urrunen Lapartidako errekako ur-ibilgutik eta D azpilurzatiko alde maldatsuen eta landareztatuenetik.
  • Gainera, PR 3 eta PR 5 bitartean kontrol neurriak ezarriko dira, hodiaren zangaren ondorioz ez daitezen ezegonkortu lurrak, errekako ertzean eta ibilguan kalteak eraginez, eta ez daitezen istripuz errekara isuri pilatutako hondeaketa-lurrak eta obrako materialak, hormigoia eta abarrekoak.
  • PR 5 eta PR 7 bitarteko tartean, proiektuaren zuinketa eta exekuzioa halako moldez eginen dira non behar-beharrezkoa den ukipena baino ez den sortuko arte txikiz osatutako heskaian, Iguzkitzako 4. poligonoko 871. lurzatiko hegoaldean, Lapartida bidearen ondoan.
  • Obraren hasieran landare-lurra gordeko da, obrak amaitutakoan berriz zabaltzeko ukitutako lurretan. Hondeatze lanetako lur soberakinak kudeatzaile baimendun batek kudeatuko ditu, hondakinei buruz indarra duen legeriari jarraituz.
  • Obren ondoren, D azpilurzatian lehengoratu eginen da obrek ukitutako malda, eta inguru hori landareztatzeko lanak eginen dira: egokitze topografikoa, ereiteko prestatzea, ereitea edo hidroereitea garai egokian (urri hasieratik martxo hasierara). Inguruan ohikoak diren belar eta zuhaixka espezie autoktonoen hazien nahasketa erabiliko da. Landareztatu ondoren, azpilurzatian ez da abererik ibiliko 9 hilabete iragan arte, gutxienez, landareak egokiro hazi eta trinkotu daitezen eta artadi horretako oihanpea berez birsor dadin.
  • Beharrezkoa bada zuhaitzen bat moztea, aldez aurretik baimen egokiak eskatuko zaizkio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.
  • Sustatzaileak, 72 ordu lehenago gutxienez, abisu emanen dio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (9. barrutia, “Lizarrerriko Hegoaldea”), trazaduraren zuinketa egiteko barruti horretako langileekin batera. Horretarako mezu elektronikoa bidaliko da helbide honetara: gmaestellasur@navarra.es.

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Baimen honek Iguzkitzako igerilekutik udalerri bereko HUAra saneamenduko konexioa egitea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo hor jarri nahi diren beste jarduera batzuk saneamendu sistemara lotzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Lapartidako errekako polizia eremuaren gaineko ukipena eta ur-ibilguaren gaineko ukipena direla eta, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da, indarra duen Uren Legearen arabera.
  • Herri-lurren Atalaren 2021eko otsailaren 8ko txostena aintzat hartu beharko da, eta dakarren determinazio hau bete:
  • Ur beltzen hustubide berriaren zati bat herri-lurretako lurzatiak zeharkatzen eta ukitzen ditu, eta horrenbestez mugatuta edo galarazita gelditzen da herri-lurren “aprobetxamendu eta gozamena”, bizilagun guztiei zor zaiena, eta sustatzailea ez da toki entitatea bera. Hortaz, instalazioa egin aurretik eta obra lizentzia eman aurretik akueduktu-zortasuna eratu behar da.
  • Horretarako, nahitaezko desjabetzearen espedientea egin daiteke ukitutako herri-ondasun eta -eskubideen gaineko karga eta zortasuna ezartzeko, Desjabetzeei buruzko Legean ezarritako izapide guztiak betez; tartean, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik eta berariaz onespena ematea baldin eta espedientean zehar “desjabetzearen onuradunak” eta Iguzkitzako Kontzejuak “libreki adosten badute desjabetze horren xede diren ondasun edo eskubideen eskuraketa”, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116.1 artikuluari jarraituz.
  • Edo bestela, herri-ondasunetan akueduktu-zortasunaren karga ezartzeko desafektazio prozedura baten bitartez, Iguzkitzako Kontzejuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, Nafarroako Gobernuaren baimena lor dezan herri-lur horien erabilera lagatzeko eta/edo akueduktu-zortasuna eta karga eratzeko, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Iguzkitzako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (“Lizarrerriko Hegoaldea” 9. Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104756