81. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 31n hartua, zeinaren bidez presakotzat deklaratzen baita honako proiektu honen exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko: “Arbeitza-Zubielkiko hondakin uren tratamendua”.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak uztailaren 23an emandako 379/2020 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, “Arbeitza-Zubielkiko hondakin uren tratamendua” proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe hori bukaturik alegaziorik aurkeztu gabe, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 501/2020 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar deklaratzea erabilera publikoa eta lurrak okupatu beharra.

Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Jurramendiko Mankomunitatearekin ezarritako lankidetza araubidearen arabera, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio deklara dezala presako izaera, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren eta hurrengoen ondorioetarako, eta, horretarako, txosten bat aurkezten du, justifikatzen duena egin nahi den desjabetze-prozeduraren tramitazioa.

Honengatik da presakoa proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea: behar bezala konpondu behar da isuri-guneen tratamendua, oso sentibera baita Ega ibaiaren goiko aldea. Horretarako, aurreikusi da araztegi berri bat egitea, ezaugarri hauekin: grabitate bidezko sarrera-hustubideak, lehen dekantazioa (Imhoff gisakoa), iragazki biologikoa, bigarren dekantazioa eta finketarako bukaerako urmaelak. Hala, bermatuko da ura behar bezala iritsiko dela Ega ibaira.

Era berean, espedientean jaso da ziurtagiri bat, frogatzen duena badirela funts egokiak ordainketari erantzuteko, hots, ukitutako eskubide eta ondasunak okupatzearen ondoriozko balio justua ordaintzeko.

Nafarroako Gobernuak, ikusita Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) alegatutako arrazoiak eta egiaztatuta aurrekontuan badela kreditu nahikoa balio justua ordaintzeko, bidezkotzat jo du deklaratzea presakoa dela desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea “Arbeitza-Zubielkiko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ondorioak izan ditzan argitaratzen den egunetik beretik. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta honen aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Jurramendiko Mankomunitateari eta Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri, eta igortzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2105379