80. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena 2021eko apirilaren 13tik 17ra aurreikusita dagoen greba deialdia dela eta.

LAB, UGT, ELA eta CCOO erakunde sindikalek grebarako deia egin dute eraikin eta lokalen garbiketaren sektorean, Nafarroako Foru Komunitatean, aritzen diren enpresa, lan zentro eta lantoki guztietan; greba 2021eko apirilaren 13han hasiko da, 06:00etan, eta 2021eko apirilaren 17an bukatuko da, 06:00etan.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoz sostengatutako ikastetxeen funtzionamendua bermatzea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

2020-2021 ikasturtean ikastetxeek hainbat neurri bete behar dituzte COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Horrela, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza administrazioek egiaztatu beharko dutela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuetako titularrek betetzen dituztela hezkuntza administrazioek ikastetxeetarako ezartzen dituzten desinfekzio, prebentzio eta egokitzapen arauak. Aurreikuspen hori bera jasota dago berriki onetsitako martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 9. artikuluan (haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak onesten dira).

Osasun Ministerioak ezarri ditu “2020-2021 ikasturtean ikastetxeetan Covid-19ari aurre egiteko neurriak, prebentziorako, higienerako eta osasunaren sustapenerako”, eta Hezkuntza Departamentuak onetsi du, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduaren bidez, Aurrez aurreko hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa, 2020-2021 ikasturterako, non garbiketa eta desinfekziorako zenbait neurri onesten baitira, nahitaez bete beharrekoak.

Betebehar horiek guztiak betetzeko eta ikasleei beharrezkoak diren higiene eta segurtasun baldintzekin arreta ematen zaiela bermatzeko, 2020-2021 ikasturtean indartu egin da garbiketa zerbitzua ikastetxe guztietan.

Azaldutakoagatik, ikastetxe guztietan garbiketa zerbitzua osorik ematen dela bermatu beharra dago, Osasun Ministerioak eta Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituzten neurriak bete daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztietan, 2021eko apirilaren 13an, 06:00etan hasi eta 2021eko apirilaren 17an, 06:00etan bukatuko den grebarako deialdia dela eta, garbiketa zerbitzua osorik ematea bermatu behar da, horrela betetzeko, alde batetik, Osasun Ministerioaren “Covid-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentziorako, higienerako eta osasunaren sustapenerako neurriak 2020-2021 ikasturterako”, eta bestetik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduan ezarritako garbiketa eta desinfekzio neurriak (foru agindu horren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi zen 2020-2021 ikasturterako).

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau LAB, UGT, ELA eta CCOO erakunde sindikalei jakinarazteko agintzea, eta igortzea unibertsitatez kanpoko ikastetxeetara, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2105435