80. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan larrialdiak kudeatzeko, hirugarrenek aire bitartekoekin ematen dituzten zerbitzuetan, 2021eko martxoaren 26rako deitutako greba orokorra dela eta.

CGT-LKN erakunde sindikalak greba orokorrerako deia egin du maiatzaren 26rako.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Greba deialdiaren ondorioz larrialdien kudeaketaren arloan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ezin dira gelditu, kontuan hartuta osasun laguntza, larrialdietako garraioa, suteak itzaltzeko lanak eta abar behar bezala egiteko zerbitzu osagarriak direla, hau da, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideekin lotura estua dutenak, botere publikoek bermatu beharrekoak.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, Nafarroako Babes Zibilaren eta Larrialdien Arretarako Foru Legean eta Segurtasun Publikoaren Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen xedea da hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuak arautzea zenbait arlotan (osasun ebakuazioa larrialdi egoeran, larrialdietako operazioak, babes zibileko lanak eta suteen kontrako borroka), larrialdietako zerbitzuek funtzionamendu egokia izan dezaten 2021eko martxoaren 26rako deitu den greba dela eta; funtsezko zerbitzu horiek ezartzeko arrazoia da zerbitzu horiek nahitaez bete beharrekoak direla herritarrek larrialdi egoeretan dituzten beharrei babesa eta erantzuna emateko.

Funtsezko zerbitzuak zehazteko, kontuan hartu da zein diren administrazio honek aire bitartekoen zerbitzurako kontratuaren bidez itunduta dituen eginkizun publikoak, eta horietatik kanpo utzi dira pertsonen eta agintarien garraio zerbitzu funtzional hutsak, segurtasunarekin eta larrialdiekin loturarik ez dutenak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. apartatuan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2021eko martxoaren 26rako deitutako greba orokorraren eskubidea baliatuko da funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz:

a) Larrialdietako osasun arloko aire garraioa, larrialdietako egoeretako osasun ebakuazioak barne. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

b) Erreskateak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

c) Babes zibileko lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

d) Su-itzaltzea. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

e) Foruzainen patruila eta behaketa lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

2. Foru agindu honetan jasotzen diren funtsezko zerbitzuak zerbitzu bakoitza esleitua duen enpresak horretarako izendatzen dituen langileek beteko dituzte.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, greba batzordeari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaritzari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaritzari eta Nafarroako Foruzaingoaren burutzari, eta jakinaraztea Eliance Helicopter Global Services SLri.

Iruñean, 2021eko martxoaren 26an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2105158