80. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2021eko martxoaren 26rako deitutako greba orokorra dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

CGT-LKN erakunde sindikalak greba orokorrerako deia egin du. CGT-LKN sindikatuak 2 orduko lan-uzterako deia egin du 2021eko martxoaren 26rako, lan txanda guztietan, zehazki, ordutegi hauetan: 04:00etatik 06:00ak arte (martxoaren 25eko gaueko txanda), 12:00etatik 14:00ak arte (goizeko txanda) eta 14:00etatik 16:00ak arte (arratsaldeko txanda).

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honek hauxe du xede: 2021eko martxoaren 26rako deitutako greba dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, bikote banak osatuta, goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan. Talde horietako bakoitzak Nafarroak dituen zonaldeetako batez arduratzen da. ... Talde horiez gain, barruti bakoitzak goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada.

Hori dela eta, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak erabaki du beharrezkoa dela Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan gutxieneko zerbitzuak izatea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Grebarako eskubideaz baliatzean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan errespetatu beharko diren gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea, 2021eko martxoaren 26rako lan txanda guztietan iragarritako 2 orduko greba orokorra dela eta, zehazki, 04:00etatik 06:00etara (martxoaren 25eko gaueko txanda), 12:00etatik 14:00etara (goizeko txanda) eta 14:00etatik 16:00etara (arratsaldeko txanda):

–2 basozain, koordinazio unitate eta txanda bakoitzeko.

2.–Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4.–Foru agindu hau igortzea greba batzordeari; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2105156