77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

76/2021 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, oinarriak onesten dituena eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko, ikasleak eskolatuta daudenean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatu itunduetan.

Eri dauden haur eta nerabeek hezkuntza-arretarako duten eskubideari buruzko Europako Gutunak ezartzen du eri dauden haur eta nerabe guztiek eskubidea dutela hezkuntza-arreta jasotzeko, hala ospitalean nola etxean, eta hezkuntza-arreta hori langile kualifikatuek emanen dutela, zeinek prestakuntza etengabeko ikastaroak hartuko baitituzte. Orobat, ezartzen du hezkuntza-arretaz arduratzen diren langileek diziplina anitzeko lantaldearen parte izanen direla, zeinak arreta emanen baitio eri dagoen haur edo nerabeari, eta zubi-lana eginen dutela erreferentziako ikastetxearekin.

Espainiako Konstituzioan jasota dago, 27. artikuluan, guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea, eta botere publikoei esleitzen zaie baldintzak sustatu eta oztopoak kendu behar dituztela eskubide hori herritar guztiek berdintasun egoeran balia dezaten.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71. artikuluan bilduta daude hezkuntza administrazioek bete behar dituzten printzipioak hezkuntzako ekitatea bermatzeko, eta, 3.9 artikuluan, berriz, adierazten du ezen, ikastetxeetara erregulartasunez joan ezin direnek hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzaren eskaintza egokia garatuko dela, edo, kasua bada, berariazko hezkuntza sostengatu eta laguntzekoa.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez, arautzen da nola erantzun aniztasunari Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Arau horren 14.3.c) artikuluan, hezkuntza-arreta etxean emateko programa agertzen da, medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleentzat. Programa horrek etxean ematen den hezkuntza-arreta du xede, eriondoan dauden ikasleek behin-behinekoz dituzten desberdintasun egoerak desagertzeko modua izan dadin eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena berma dadin, ikastetxearekin koordinatuta.

Bestetik, Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duten ikasleek eskubidea dutela behar den laguntza jasotzeko, behartutako eskolagabetze horrek beren errendimendu akademikoan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

COVID-19ak ekarritako mundu pandemiak, zeina hala izendatu baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak 2020ko martxoaren 11n, eragin berezia izan du hezkuntza sisteman. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, oro har, eten egin zuen aurrez aurreko hezkuntza jarduera irakaskuntzako ziklo, gradu, ikastaro eta maila guztietan. Errege dekretu horrek alarma egoera deklaratu zuen.

Lege esparru horretan, beharrezkoa da hezkuntza-arreta egokia ematea eritasun baten ondoriozko eriondoan dauden edo COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleen egoerari, eragozpenik izan ez dezaten eskolaren eta hezkuntzaren ikuspuntutik ikastetxera gutxitan joateagatik eta eritasuna dela-eta izan ditzaketen ondorio pertsonal eta emozionalengatik.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak etxean ematen den hezkuntza-arreta kudeatzen du Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez (NHBBZ), hezkuntza prozesuan laguntzeko berariazko behar bat dela ulertuta.

Administrazioaren ardura izanik giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea deskribatutako egoera saihesteko, asmoa da prozedura bat zehaztea familiak, ikastetxeak eta administrazioa bera engaiatzeko, helburua izanik erantzun integrala lortzea hezkuntzaren eta emozioen aldetik, banakako programazio egokitua izan dadin erantzun horren ardatza.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarriak onestea eri edo eriondoan dauden eta COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatu itunduetan, zeinak jasota baitaude ebazpen honen I. eranskinean.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. 150.000,00 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontuko “Hezkuntza premia bereziak. Irakaskuntza pribatuarentzako dirulaguntzak” izeneko 410003-41610-4811-322402 partidaren kargura.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari (NHBBZ).

Iruñean, 2021eko martxoaren 18an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ebazpen honek helburu du eri edo eriondoan dauden eta COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzea, funts publikoak jasotzen dituzten Nafarroako ikastetxeetan eskolatuta daudenean.

2. oinarria. Printzipioak.

Honako hauek dira etxeko hezkuntza-arreta sostengatzen dituzten printzipioak:

–Kalitatea, ekitatea eta aukera berdintasuna, normalizazioa, eskola inklusioa eta hezkuntza konpentsazioa.

–Hezkuntza prozesua ikaslearen eritasun egoerara egokitzea.

–Koordinazioa eta elkarlana, arreta ematen den bitartean, hezkuntza prozesuan esku hartzen duten profesionalen eta erakundeen artean: ikastetxea, familia, berariazko jarduketa egiten duten irakasleak eta osasun-langileak.

–Loturei eustea jarduketa batzuen bidez, zeinek helburu baitute ikasleen lotura sozialei eta afektiboei eustea erreferentziako hezkuntza komunitatearekin, arreta hori familiatik jasotzen duenean.

–IKTen aukerez baliatzea, metodologia berritzaileak erabiliz, berariazko baliabide teknologikoen bitartez eta hezkuntza digitalaren aukerez profitatuz.

3. oinarria. Helburua.

Neurri hauen xedeko ikasleen hezkuntza-arretak helburu izanen du matrikulazioaren ikastetxean egiten diren eskola jarduerak babestea eta jarduketak egitea ikasleen garapen pertsonalean eta sozialean eragiteko, isolamendua saihesteko eta haien parekoekin komunikatzeko.

Hezkuntza-arreta horretan, jarduketak egiten dira, erreferentziako ikastetxeko curriculum-proposamenean dauden oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortzeko, eritasunak eragindako ondorioak ezagutzen eta gainditzen laguntzeko, aisialdia antolatzeko, esperientziak partekatzeko eta ikastetxera itzultzea errazteko.

4. oinarria. Helburuak.

Ebazpen honetan xedatutakoak helburu hauek ditu:

a) Hezkuntza-arreta egokia ematea etxean eriondo luzean dauden ikasleei, egoera horrek ekar dezakeen desfasea arintzeko.

b) Arreta egokia ematea COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituelako, medikuak hala aginduta, haien ikastetxera joaterik ez duten ikasleei.

c) Koordinazio bideak ezartzea ikasle eriaren arretan esku hartzen duten profesionalen, ikastetxearen eta etxeko hezkuntza-arretaren taldearen artean.

d) Komunikazio prozesua erraztea ikasleen eta erreferentziako ikastetxeen artean, tutoreen eta ikaskideen artean, besteak beste Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiliz.

d) Aholkularitza eta babesa ematea eriondoan dauden ikasleen familiei.

e) Erraztea ikasle eriak ikastetxeetara itzultzea. Behar izanez gero, gutxinaka egin daiteke itzulera hori.

5. oinarria. Finantzaketa.

Gehienez ere 150.000,00 euroko gastua, 2021eko aurrekontuko “Hezkuntza premia bereziak. Irakaskuntza pribatuarentzako dirulaguntzak” izeneko 410003-41610-4811-322402 partidaren kargura, baldin eta hartarako kreditu egoki eta nahikorik bada.

6. oinarria. Ikasle hartzaileak.

1. Honako ikasle hauek dira etxeko hezkuntza-arretaren hartzaileak: Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Oinarrizko Lanbide Heziketakoak, erdi mailako heziketa zikloetakoak eta Batxilergokoak, eskolaturik badaude ikasketa horietarako itunduta dauden ikastetxe pribatuetan eta, medikuaren aginduz, ezin badira erregulartasunez ikastetxera joan, betiere eriondo aldia 30 egunetik gorakoa denean.

2. Hartzaileak ikastetxe publikoetan eskolatutako Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira, zeinak, medikuaren aginduz eta COVID-19aren egoera zaurgarrian egoteagatik, ikastetxeetara erregulartasunez joaterik ez baitute. Hezkuntza-arreta aurrez aurrekoa eta etxean izanen da beheko mailetan (Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan), eta telematika bidez, berriz, goikoetan (Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan eta Bigarren Hezkuntzan).

3. Berdin jokatuko da ikasleak etxean egon behar badu, hilabete baino gehiago, haurdunaldiko zailtasunengatik edo erditzearen ondoriozkoengatik medikuaren aginduz.

3. Ikastetxera modu mailakatuan itzultzen diren ikasleak, eriondoan egon ondoren, edo, osasun arazoak izan ondoren, berekin dakartenak, gutxienez sei hilabeteko epean, ikastetxera ez joatea guztira hilabete bat baino gutxiago diren aldizkako egunetan. Inguruabar horiek jaso behar dira txosten medikoan.

4. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatuak, baldin eta istripuagatik edo ustekabeko eritasun arruntagatik etxean aldi baterako egon behar badute. Halako ikasleei emanen zaien arreta, ebazpen honetan xedatutakoarekin bat hezkuntza arlokoa soilik izanen dena, salbuespenekoa izanen da, eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak onetsi beharko du.

7. oinarria. Eskaera egiteko prozedura eta dokumentazioa.

1. Eriondoan dagoen ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztuko dute etxeko hezkuntza-arreta eskaera, II. eranskineko ereduaren araberakoa, ikaslea eskolatuta dagoen ikastetxean. Eskaera horrekin batera, kasu guztietan, txosten medikoa aurkeztu beharko da, behar bezala betea III. eranskinaren arabera.

2. Osasun Mentaleko Zerbitzutik tratamendua jasotzen duten ikasleen kasuan, txosten medikoarekin batera, nahitaez aurkeztu beharko da ikaslea artatzen duen profesionalaren agiri bat, ikaslearekin lan egiteko jarraibideak zehaztuko dituena.

3. Eritasun infekto-kutsagarriak dituzten ikasleen kasuan, txosten medikoarekin batera, agiri bat aurkeztu beharko da, zehazten duena zer prebentzio neurri hartu behar den, etxeko hezkuntza-arretaren taldeko irakasleentzat.

4. COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleen kasuan, ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztuko dute etxeko hezkuntza-arreta eskaera, VI. eranskineko ereduaren araberakoa, ikaslea eskolatuta dagoen ikastetxean. Eskaera horrekin batera, kasu guztietan, txosten medikoa aurkeztu beharko da, behar bezala betea III. eranskinaren arabera.

5. COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleek telematika bidez jasoko dute arreta, baldin eta Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren ziklokoak eta Bigarren Hezkuntzakoak badira. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak ezin badu bere gain hartu telematika bidezko arreta, VII. eranskina bete beharko du.

6. Iraupen luzeko arreta behar duten ikasleen kasuan, hiru hilabetean behin berritu beharko da txosten medikoa, eta kasu bakoitzean baloratuko da egokia den hezkuntza laguntza ematen jarraitzea. Nolanahi ere, ikasturte bakoitzaren hasieran, III. eranskinaren araberako txosten medikoa baino ez da aurkeztu behar etxeko hezkuntza-arreta ematen jarraitzeko.

7. Hezkuntza administrazioak eskatzen ahal ditu bidezkotzat jotzen dituen txosten mediko osagarriak.

8. Ikaslea eskolatuta dagoen ikastetxeko zuzendariak aurkeztu beharko dio gurasoen edo legezko tutoreen arreta eskaera, txosten medikoarekin batera, NHBBZko ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretaren taldeari. Eskaerarekin batera, ikastetxeko hasierako txosten bat aurkeztuko da, ikaslearen eskola egoerari buruzkoa, ebazpen honen IV. eranskinera egokituko dituena edukia eta forma. Programaren koordinatzailearen posta elektronikora igorriko da dokumentazioa, horretarako gaitzen den helbide elektronikora.

9. Eskaerak ez dira aintzat hartuko eskatzen den dokumentazio guztiarekin aurkezten ez direnean.

8. oinarria. Etxeko hezkuntza-arretarako zerbitzua eta COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleena esleitzea.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak, eskaeraren dokumentazioa jaso ondoan, espediente bat irekiko dio ikasleari, non bilduko baitira hezkuntza-arretaren jarraipenaren eta koordinazioaren agiri guztiak, eta balorazioa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura igorriko du. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak jakinaraziko die eman edo ukatu den, bai ikaslearen erreferentziako ikastetxeko zuzendaritzari, bai ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei.

2. Behin dokumentazioa aztertuta eta eskaera onartuta, ikastetxeak ikaslearen banakako lan planaren proposamena (V. eranskina) igorriko dio, posta bidez eta bost egun balioduneko epean, NHBBZko Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari, hezkuntza-arreta eta koordinazioa errazteko etxean aritzen diren irakasleekin.

3. Ikaslearen banakako lan planaren proposamena jaso ondoan, programaren koordinatzaileak hasierako bilera bat eginen du tutorearekin, kasua bada orientatzailearekin, eta etxeko hezkuntza-arreta emateko esleitu diren irakasleekin. Bilera horretan, honako hau zehaztuko da: lan plana, ikastetxearekiko loturari eusteko jarduketak, koordinazio prozedurak eta egutegia, eta materialen, jardueren eta txostenen trukaketa eta segimendua.

9. oinarria. Eginkizunak.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailearen eginkizunak.

–Ikastetxeetatik esku hartzeko jasotako eskaerak aztertu eta tramitatzea, ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera.

–Bilkurak egitea ikaslearen tutorearekin, orientatzailearekin, ikasleak hezkuntza laguntzako berariazko premia duenean edo Osasun Mentaleko Zerbitzuak artatzen duenean, eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleekin, honako hau zehazteko: lan plana, ikastetxearekin lotura eusteko jarduketak koordinazio prozedurak eta egutegia, materialen, jardueren eta txostenen koordinazioa eta trukaketa, eta segimendua.

–Etxeko irakasleen memoriak bildu eta aurkeztea, baita koordinatzailearen jarduketen memoria bat ere, bere eskumenen esparruan, NHBBZko zuzendaritzari.

–Programari esleitutako materiala kontrolatu eta gordailutzeko prozedurak ezartzea.

–Hil bakoitzaren lehenengo egunetan, eskaeren eta artatutako kasuen komunikazioa igortzea Hezkuntza Departamentuko kasuan kasuko zerbitzuari.

–Etxeko hezkuntza-arreta ematen duten irakasleekin eta ikastetxearekin koordinatzea noiz itzultzen den ikaslea matrikulazioaren ikastetxera, eta ikasleari horren berri ematea.

–Indarreko araudiaren arabera aplikatu beharreko beste guztiak.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleen eginkizunak.

–Ikastetxearekin koordinatzea, bete beharreko eskola programazioa eta erabili behar diren baliabide didaktikoak eta materialak planifikatzeko, baita familiarekin berarekin eta, kasua bada, ospitaleko ikasgelako irakasleekin ere.

–Hezkuntza arloan esku hartzeko planaren berri ematea NHBBZko Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari, ikasleen hezkuntza-arreta antolatzeko.

–Banakako lan plana garatzea, irakasle taldeak prestatu duena, zuzeneko arreta pertsonalizatuaren bidez, kontuan harturik osasun egoera eta eritasunaren ondoriozko aldagai sozioafektiboak.

–Irakasle taldeak prestatutako ebaluazio azterketak eta probak egitea eta zaintzea (irakasle taldeari igorriko zaizkio gero, zuzentzeko).

–Hilero txostenak prestatzea egindako lanari buruz, bai eta azken txosten bat ere, bilduko dituena egindako alderdiak eta landutako edukiak, eta ikaslearen aurrerapen akademikoa eta hobetzeko proposamenak, horrelakorik balego. Txosten hori kasuan kasuko ikastetxeari igorriko zaio, baita programaren koordinatzaileari ere.

–Elkarlanean aritzea irakasle taldearekin ikaslearen ebaluazio prozesuan.

–Erreferentziako taldearekiko lotura sustatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez (IKT).

–Ikaslea ikastetxera itzultzea erraztea, jakinaraziz zer egoeratan dagoen eta, kasua bada, ikastetxea aholkatuz komeni den harrera edo inklusio jarduerak egitea.

3. Zer eginkizun dituzten irakasleek etxeko hezkuntza-arreta behar duen ikasle bat matrikulaturik duen ikastetxeetan.

–Ikastetxeko irakasle tutoreak hezkuntza zerbitzu horren berri emanen die gurasoei edo legezko tutoreei.

–Irakasle tutorea arduratuko da banakako lan plana egiteaz, edo, kasua bada, irakasleek arlo edo irakasgai bakoitzerako prestatzen dutenaren bilketa koordinatzeaz.

–Irakasle tutoreak bere jarduna koordinatuko du etxeko hezkuntza-arretaz arduratzen diren irakasleekin, zortzigarren oinarri honen bigarren apartatuan ezarritakoarekin bat.

–Irakasle tutoreak, erregulartasunez, erreferentziako taldearekin erabiltzeko prestatutako jarduerak eta materialak emanen dizkie etxeko hezkuntza-arretaren irakasleei.

–Irakasle tutoreak parte hartuko du eriondoan dauden ikasleak itzultzeko jardueren diseinuan, kasua bada.

–Irakasle tutoreak informazioa emanen dio eriondoan dagoen ikaslearen familiari irakaskuntza jarduerekin eta eskola-errendimenduarekin lotuta dauden edozein gairi buruz.

–Eriondoan dagoen ikaslearen irakasle taldeko irakasleek informazioa emanen dute beren arlo edo irakasgaien programazio didaktikoaz eta ikaslearekin etxeko hezkuntzaren esku-hartzea egiteko behar den beste edozein gauzaz edo agiriz.

10. oinarria. Ikastetxeen jarduketak.

–Ikastetxeek Aniztasunari Erantzuteko Planean jasoko dute etxeko hezkuntza-arreta behar duten ikasleekin egiten diren jarduketen prozedura.

–Ikastetxeetako orientatzaileek zerbitzu horren berri emanen diete irakasleei, bai eta aholkuak emanen ere hezkuntza-arretaren neurri hori aplikatzeko hartu behar den prozeduraz.

–Ikastetxeko orientatzaileek parte hartuko dute tutorearen eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programara esleitutako irakasleen arteko hasierako koordinazioan, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen kasuan edo Osasun Mentaleko zerbitzutik artatzen diren ikasleen kasuan.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek antolatuko dituzte etxeko hezkuntza-arretaren prozesua hasteko baliabideak, beharrezko dokumentazioa tramitatuko dute ezarritako epeetan, eta tokiak, denborak eta jarduketak bermatuko dituzte koordinazioa izan dadin honako hauen artean: ikastetxea, etxeko laguntza ematen duten irakasleak, familia edo legezko tutoreak eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailea, kasua bada.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek etxeko hezkuntza-arretaren koordinatzaileari jakinaraziko diote noiz utziko dioten irakasteari programara esleitutako irakasleek ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuaren aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

11. oinarria. Familien konpromisoak.

–Ezarritako ordutegia errespetatzea, behar bezain goiz jakinaraziz NHBBZko etxeko hezkuntza arretaren koordinatzaileari eta irakasleari noiz ezin duen ikasleak etxeko arreta jaso, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik edo kontsulta medikora joan behar izateagatik. Kasuan kasuko ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko da beti.

–Ziurtatzea ordutegi horretan etxean adinez nagusiko senitarteko bat egonen dela, behar bezalako baimena duena. Adinez nagusiko horren izena Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren eskaeran jasoko da.

–Etxean toki bat eta baldintza egokiak izatea zuzeneko irakaslana egoki egiteko.

–Elkarlanean aritzea ikastetxearekin eta programako irakasleekin ikasleak lor ditzan aurreikusitako helburuak.

–Ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraztea noiz utziko dioten irakasteari programara esleitutako irakasleek, ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuaren aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

Hartutako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake etxeko hezkuntza-arreta etetea.

12. oinarria. Programazioa.

Kontuan izanik ikasleek izaten ahal dituzten premiak haien osasun egoera dela eta, egiten diren jarduerek curriculum desfasea saihestuko dute, eta alderdi sozioemozionalak garatuko dituzte:

–Ildo horretan, irakasle taldeak eta/edo tutoreak banakako lan plana prestatuko du, gutxienez alor edo irakasgaien curriculumaren oinarrizko puntuak garatuko dituena, eta, kasua bada, arlo instrumentalak lehenetsiko dituena, baita ikasleen garapen pertsonala errazteko egin beharreko jarduerak ere; orobat, orientazio ildoak ezarriko ditu etxeko arretako irakasleek esku hartzeko.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapan eskolatuta dauden ikasleentzat, hezkuntza-arreta bi eremutan banatuko da: sozio-linguistikoa eta zientifiko-teknikoa. Eremuko antzeko irakasgaietan espezializatutako irakasle batek emanen du eremu horietako bakoitza.

–Etxeko hezkuntza-arretako irakasleek jarduketa plan bat prestatuko dute, banakako lan plana oinarri hartuko duena, eta hilero aurkeztuko diete programaren koordinatzaileari eta ikastetxeari.

–Ahal dela, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) txertatuko dira etxeko hezkuntza-arretaren prozesuetan, telematika bidezko jarduerak egiteko, bultzatzen dituztenak taldearekiko lotura eta ikaslearen eta irakaslearen arteko informazio trukaketa eta komunikazioa.

Esku hartzeko plan hori garatzean, printzipio metodologiko hauek hartuko dira aintzat:

–Banakako hezkuntza-arreta, gaitasun mailara eta osasun egoerara egokitua.

–Esku hartzeko plana garatzeko jardueren antolaketa malgua, ikasleen premietara egoki daitezen.

–IKTak erabiltzea ikasketa tresna gisa.

13. oinarria. Ebaluazioa.

Ikaslea zer ikastetxetan dagoen eskolatuta, horko irakasle taldeari dagokio ebaluatzea zer ikasi duen ikasleak eta mailaz igoko den.

Oro har gainerako ikasleentzat eta hezkuntza etapetarako ezarritakoa kontuan izanik hartuko dira mailaz igotzeari eta titulazioei buruzko erabakiak.

–Etxeko hezkuntza-arretaren irakasleek zubi-lana eginen dute ikastetxeko irakasleen eta ikasleen artean, eriondoaren aldian landutako edukiei etengabeko/azken ebaluazioa egiteko balio duten jarduerei dagokienez.

–Ildo horretan, etxeko arretaren irakasleek ikastetxeko irakasleen probak eta azterketak egin eta zaintzen ahalko dituzte (gero haiei emanen zaizkie, zuzentzeko).

–Etxeko hezkuntza-arretaren irakasleek txostenak prestatuko dituzte, jasoko dutenak noraino bete diren proposatutako helburuak; horri esker, irakasle taldeak beharrezko osagaiak izanen ditu prozesuaren etengabeko ebaluazioa eta ebaluazio kualitatiboa egiteko.

–Ikastetxeko irakasleek seme-alabaren hezkuntza prozesuaren eboluzioaren berri emanen diote familiari.

14. oinarria. Prestakuntza.

Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak begiratuko du programa horretako irakasleek prestakuntza espezializatua dutela; horretarako, irakasleek proposatuko dute zer arlotan behar duten prestakuntza (tutoretza planean eta azken memorian jaso behar da hori).

NHBBZko zuzendaritza taldeak irakasleen prestakuntza arloan eskudun den zerbitzuari igorriko dio proposamen hori.

15. oinarria. Hezkuntza-arreta emateko asteko ordutegia eta egutegia.

Eskura dauden baliabideen arabera esleituko dira etxeko hezkuntza arreta emateko programako orduak. Bai Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan, bai Bigarren Hezkuntzakoetan, heziketa zikloetan eta Batxilergoan, hezkuntza arreta goizez eta arratsaldez jasotzen ahalko da.

1. Lau saio izaten ahalko dira astean, gehienez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza arreta jasotzeko.

2. Lehen Hezkuntzan hezkuntza arreta jasotzeko, ordutegi hau izanen da:

–1., 2. eta 3. mailak: astean zortzi saio, gehienez.

–4., 5. eta 6. mailak: astean hamar saio, gehienez.

3. Lehen Hezkuntzako eskola ordutegian, lehentasunez, arlo instrumentalak landuko dira.

4. Hamar saio izaten ahalko dira astean, gehienez, Bigarren Hezkuntzan, erdi mailako heziketa zikloetan eta Batxilergoan hezkuntza arreta jasotzeko.

5. Gizarte eta hizkuntza arloetako eta zientzia eta matematika arloetako irakasleen artean banatuko da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskola ordutegia.

6. Oinarrizko Lanbide Heziketan, astean lau saio izanen dira gehienez hezkuntza arreta jasotzeko, eta multzo komunetako moduluekin zerikusia duten gaiak landuko dira.

7. Astean ordubete izanen da erreferentziako ikastetxeekin koordinatzeko, eta ordutegi osagarritzat hartuko da.

8. Etxeko hezkuntza-arretaren irakasleak zer ikastetxeri dauden atxikita, horko eskola-egutegia izanen dute.

Hezkuntza-arreta COVID-19ak egoera zaurgarria sortu duelako ematen bada, hezkuntza-arretaren jarduketak bideratuta izanen dira haien erreferentziako ikastetxeko curriculum-proposamenean dauden helburuak eta oinarrizko gaitasunak lortzera. Eskura dauden baliabideen arabera esleituko dira etxeko hezkuntza-arreta emateko programako orduak. Hala Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapetan, nola Bigarren Hezkuntzakoetan.

Hezkuntza-arreta hori hezkuntza-mailen arabera baloratuko da:

1. Beheko mailetan (Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloan), arreta etxean eginen da, eta Etxeko Laguntzaren ordu kopuru bera izanen dute.

2. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, arreta telematika bidez eginen da.

3. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak ezin badu bere gain hartu telematika bidezko arreta, Hezkuntza Departamentuak hartuko du bere gain arreta hori.

16. oinarria. Nola kudeatu eta ordaindu Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe itunduetako ikasle eriei edo eriondoei eta COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleei hezkuntza-arreta emateko esleitzen diren baliabideak.

1. Irakasleen soldata, antzinatasuna eta gastu sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean, eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio titularrari, bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, kontratua aurkeztuko du, jarduera hastean, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean.

2. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko agirian jasota geldituko dira zer eskubide eta elkarrekiko zer betebehar dituzten Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduko titularrak. Agiri horretan, klausula gehigarri bat sartuko da, non jasoko baita zer baliabide onesten diren ikastetxe itundu bakoitzerako, ebazpen honen emaitzaren ondorioz: ebazpena, deialdi publikoa onesten duena diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta eman dakien.

3. Kontzeptu horrengatik giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresen eta sindikatuen artean adostutako neurriak aplikatu beharko dituzte, hain zuzen, itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak. Giza baliabidea emanen da, baldin eta ikasleak ikastetxean jarraitzen badu eta baliabide horren beharra badago.

4. Bertan behera utziko dira gaixorik edo eriondo dauden ikasleek hezkuntza arreta jaso dezaten eman diren diru baliabideak, baldin eta ikaslea ikastetxera itzultzen bada, bere osasun egoerak okerrera egiten badu, mediku batek hala agintzen badu edo familiak eskaeran atzera egiten badu.

17. oinarria. Datuak bildu eta lagatzea.

Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duen ikaslearen datu pertsonalak.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeek behar adina datu pertsonal biltzen ahal dituzte beren hezkuntza lana egitearren hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei buruz eta beste inguruabar batzuei buruz, horien berri izatea beharrezkoa denean ikasleen orientabiderako eta hezkuntzarako.

2. Legezko ordezkariek eta ikasleek berek lagundu beharko dute xedapen gehigarri horretan adierazitako informazioa lortzera.

3. Ikasle bat programan sartzeak ekarriko du onespena ematen duela datuen tratamendurako, datuak babesteari buruzko legedian ezarri bezala.

4. Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleen datuen tratamendua egiteko, hezkuntzari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da, baita datu pertsonalak babesteko legeetan ezartzen diren arau teknikoak eta antolaketakoak ere, datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz.

5. Irakasleek eta gainerako langileek, beren funtzioak betetzeko, erabiltzen badituzte ikasleen datu pertsonalak eta familiakoak, eragina izaten ahal dutenak edo adingabeen edo horien familien ohorean eta intimitatean, isiltasunaren betebeharrari lotuta geldituko dira.

ERANSKINAK

II. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretaren eskaera (Familiak bete beharrekoa).

III. eranskina.–Medikuaren txostena.

IV. eranskina.–Ikaslearen eskola egoeraren hasierako txostena (Tutoreak eta ikastetxeko zuzendariak bete beharrekoa).

V. eranskina.–Ikaslearen erreferentziako ikastetxearen banakako lan plana, Etxeko Hezkuntza-arretarako Programarako (Irakasle taldeak bete beharrekoa).

VI. eranskina.–COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi dituen ikasleen hezkuntza-arretarako eskaera (Familiak bete beharrekoa).

VII. eranskina.–Ikaslea erreferentziako zentroan telematika bidez ezin artatu dela justifikatzea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2104688