77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Foru Komunitatean zein erakundek eskaintzen ahal dituen prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikulukoa) prestakuntza baliokidea izatearen ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketak, eta onesten baita ziurtagiri ofizial horren eredua .

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluko lehen apartatuak honako hau xedatzen du: “irakasleen hasierako prestakuntza hezkuntza sistemaren antolamendu orokorraren titulazio eta kualifikazio beharrekin bat etorriko da”. Eta bigarren apartatuak, berriz, honako hau: “lege honek arautzen dituen irakaskuntzetan irakasle lanetan aritzeko beharrezkoa izanen da kasuan kasuko titulazioa akademikoak eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea”.

Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak (2011ko urriaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) ezartzen du irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina master ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aipatutako 100. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aipatutako aginduaren 2.3. artikuluak xedatzen du hezkuntza administrazioek zehaztuko dutela zein hezkuntza erakundek eskaintzen ahalko dituen ikasketa horiek.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuak hala eskatuta, 2018ko ekainaren 19an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu kontseiluak onetsi zuen lanbide heziketako irakasle teknikoaren eta kirol irakaskuntzaren unibertsitate hedapen diploma ezartzea 2018-2019 ikasturterako, lanbide heziketako eta kirol irakaskuntzako irakasleentzat.

Egiaztatu da prestakuntza programak irailaren 23ko EDU/2645/2011 aginduan xedatutako baldintzak betetzen dituela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Xedatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoa dela baimendutako hezkuntza erakundea maiatzaren 3ko 2/2206 Lege Organikoaren 100. artikuluak eskatzen duen prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea eskaintzeko, duten titulazioaren ondoriozko arrazoiengatik abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduan araututako master ikasketak egin ezin dituztenentzat. Agindu horrek xedatzen du zer baldintza bete behar den Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle lanetan aritzeko gaikuntza ematen duten unibertsitate tirulu ofiziala egiaztatzeko.

2. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntza hori egiaztatzeko egiaztagiri ofizialaren eredua, eranskinean dagoena.

Egiaztagiri hori Estatu osorako baliagarria izanen da, eta hezkuntza arloan eskuduna den departamenduak eginen du.

3. Xedatzea urtero Nafarroako Unibertsitate Publikoak hezkuntza sistemako lanbide heziketaren arloan eskudun den Hezkuntza Departamenduko Zuzendaritza Nagusiari igorriko diola foru agindu honek aipatzen dituen ikasketak gainditu dituzten ikasleen zerrenda, kasuan kasuko egiaztagiri ofiziala egiteko.

4. Xedatzea 2018-2019 ikasturtetik lehen apartatuak aipatzen dituen ikasketak gainditu dituztenek egiaztagiri ofiziala lortuko dutela, foru agindu honen eranskinean dagoen ereduarekin bat.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Foru agindu honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Foru agindu hau eta dagokion eranskina igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, bai eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Egiaztagiri ofizialaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104149