77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 24an hartua, proiektu honek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako: Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektua, Recuperación Ambiental SLk sustatua, “Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16ko Erabakiaren bidez onetsia.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, “ANECOP-Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas” elkarteak sustatua, kokaleku hauetarako: 1. Txitxibar (Getze Galar), 2. Espartza Galar (Galar), 3. Gazolatz (Zizur), 4. Aratzuri (Oltza), 7. Zabaldika (Esteribar) eta 8. Undio (Zizur) (2001eko 110. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 10ekoa).

Abenduaren 17ko 346/2001 Foru Dekretuaren bidez, udalez gaindiko proiektu sektorial hori interes orokorrekoa zela deklaratu zen (2002ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 25ekoa).

Gero, Nafarroako Gobernuak 2002ko urtarrilaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, Ardanazko kokalekua (Eguesibar) sartu zen UPSan, ANECOPek sustaturik (2002ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).

2006an, Recuperación Ambiental SLk Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko lehenengo proposamena aurkeztu zuen, baina gero zenbait aldaketa egin zitzaizkion. Horrela, Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektua” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratu zen.

UPSa eguneratzeko proiektu hori azkenik onetsi zen Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 25ekoa). Proiektuaren determinazioak indarrean jartzeko, eskatu zen testu bategin bat aurkeztea eta araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Eskatutako testu bategin hori aurkeztu eta balidatu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 149E/2019 Ebazpenaren bidez, UPSa eguneratzeko proiektuaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatu zen (2019ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 23koa). Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak 2019ko maiatzaren 28an egindako txostenean proposatutako zuzenketak egin ondoren, ekainaren 17ko 350/2019 Ebazpenaren bidez, erabaki zen araudia berriz argitaratzea (2019ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 2koa).

2019ko martxoaren 28an, sustatzaileak aurkeztu zuen Espartza Galarko gai inerteen hondakindegia handitzeko proiektua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 47.4 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta, gaur egun, baimena lortzeko tramitazioaren azken fasean dago.

2021eko otsailaren 9an, José Iriguibel López jaunak, Recuperación Ambiental SLren izenean eta hura ordezkatuz, eskabide bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuari honako hauek eskatzeko: (i) ebatzi dezala Espartza Galarko gai inerteen hondakindegia handitzeko proiektuaren eremuan sartutako lurzatiak okupatu beharraz (proiektu hori Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi zen, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektua onetsi zenean, Recuperación Ambiental SLk sustaturik); (ii) egintzat har dezatela okupatu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta sar dezatela lurzatien titularren helbidea; (iii) legeak agindu bezala argitara dadila, jendaurreko informazioaren tramitea irekitzeko, hamabost egunez; (iv) Recuperación Ambiental SL deklara dezatela desjabetzearen onuradun, behar diren legezko ondorioetarako; eta (v), deklara dezatela presakoa dela desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

II.–Jarduketa sistema. Desjabetzea.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko maiatzaren 16an harturiko Erabakiaren bidez onetsitako UPSaren eguneratze proiektuan ezarrita dago ukitutako lurrak aldi baterako okupatzeko sistema nahitaezko desjabetzea izanen dela.

Espartza Galarko hondakindegia handitzeko eremuan sartutako lurretan aurreikusitako jarduera betetzeko ustiapen aldia 6 urtekoa da. Beraz, horrek mugatuko du proiektuaren barruko lurren aldi baterako okupazioaren iraupena. Beren lurretan eginen den isurketaren jarduera bukatu ondoren, jabeek lurrak berreskuratuko dituzte, proiektuan zehaztutako baldintzetan.

III.–Onura publikoa edo gizarte interesekoa dela deklaratzea.

Lurzoruari eta Hiri-birgaitzeari buruzko Legearen testu bateginaren 42. artikuluak, 1. puntuan, ezartzen du ezen lurralde eta hirigintza antolamenduaren ondoriozko desjabetzea aplikatzen ahalko dela antolamendu hori arautzen duen legedian ezarritako helburuetarako, bat etorriz lege horrekin eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearekin. 2. Legedian ezarrita dauden lurralde eta hirigintza antolamendurako tresnak onesteak berekin ekarriko du onura publikoaren deklarazioa, baita behar diren ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, baldin eta tresna horiek okupazioaren exekuzioa ahalbidetzen badute eta okupazioa desjabetzearen bidez egin behar bada.

Ildo berean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluak, plan eta proiektu sektorialak prestatu eta onesteko prozedurari buruz ari delarik, 4. atalean adierazten du Nafarroako Gobernuak emandako behin betiko onespenean erabakitzen ahalko dela, hala badagokio, onura publikoaren edo gizarte interesaren deklarazioa, baita presakoa dela ere, desjabetzearen ondorioetarako.

UPSaren eguneratzea onetsi zuen Nafarroako Gobernuaren 2018ko maiatzaren 16ko Erabakiaren VII. atalean adierazten da ezen Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Foru Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, deklaratzen duela hondakinak biltegiratu, balorizatu eta ezabatzeko instalazioak ezartzea edo handitzea onura publikokoa eta gizarte interesekoa dela, nahitaezko desjabetzearen legediaren ondorioetarako.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 2an hartutako Erabakiak, orain eguneratu gogo den UPSa onetsi zuenak, deklaratu zuen UPSa onura publikokoa eta gizarte interesekoa zela desjabetzearen ondorioetarako, eta Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas izeneko elkartea (Anecop) izendatu zuen Plan Sektorialak ukitutako lurren desjabetzearen onuradun.

Aurrekoa kontuan hartuta, ez da bidezkoa berriz deklaratzea onura publikokoa edo gizarte interesekoa dela desjabetzearen ondorioetarako.

Adierazitakoaren ondorioz, ulertu beharra dago, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSari eta haren eguneratzeari dagokienez, jadanik deklaratua dagoela haien onura publikoa eta gizarte interesa desjabetzearen ondorioetarako.

IV.–Onuraduna.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 122. artikuluak ezartzen du ezen desjabetzearen onurak pertsona natural edo juridikoei ematen ahalko zaizkiela, nahitaezko desjabetzearen gaineko legeriaren arabera.

Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektua, Nafarroako Gobernuaren 2018ko maiatzaren 16an harturiko Erabakiaren bidez onetsia, Recuperación Ambiental SLk sustatu du.

Nafarroako Gobernuak hasiera bateko UPSa onesteko 2001eko uztailaren 2an hartutako Erabakiaren arabera, onuraduna Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas (ANECOP) elkartea da, baina horri dagokionez argitu beharra dago ezen, ANECOP elkartea Recuperación Ambiental SLren kapitalaren bazkide partaidea denez, azken hori dela UPSaren eguneratze proiektua sustatu duena, eta hura dela, orobat, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera, hondakin ez-arriskutsuen tratamendu lanak egiteko baimena duena (tratamenduaren kudeatzailea edo ustiatzailea).

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Recuperación Ambiental SL izendatzea desjabetze-espedientearen onuradun. Hori helburu, Recuperación Ambiental SLk agiri bidez egiaztatu du behar adinako kaudimena duela desjabetzearen kostuei aurre egiteko, konparazio batera, balio justua ordaintzeko gastuak, ukitutako ondasun eta eskubideak azkar okupatzearen ondorioz bidezko diren kalte-ordainak eta, halaber, desjabetze-espedientean jasotzen diren gainerako gastuak.

V–Presako deklarazioa.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela justifikatzeko, sustatzaileak argudiatu du bukatzear dagoela Espartza Galarren gaur egun dagoen gai inerteen hondakindegiaren balio-bizitza.

Sustatzaileak gaineratu du, hori dela kausa, beharrezkoa izan dela egungo hondakindegiaren behin betiko egoera aldatzeko proposamen bat tramitatzea, hondakindegiaren edukiera handitzeko eta zerbitzua eman ahal izateko harik eta UPSaren eguneratze proiektuan onetsitako eremu berria ustiatzeko baimena eman arte, edo harik eta, Iruñerrian horrelako hondakinak kudeatzeko, ingurumen aldetik egokiagoa den beste konponbide bat ezartzen den arte.

Hasierako aurreikuspenen arabera, Espartza Galarko hondakindegiak 2017ko bukaeran hasi behar zuen zerbitzua ematen, halaxe ondorioztatzen baita jadanik 2018an onetsita zegoen UPSaren eguneratze proiektua ikusita. Hortaz, kalkulatutako denbora-aurreikuspenetan atzerapen nabarmena gertatu da. Horri dagokionez, egiaztatu da Espartza Galarko hondakindegiaren saturazio maila nabarmen handitu dela eta hasiera bateko UPSan baimendutako bolumena gainditu dela. Hala ondorioztatzen da Ingurumen Eraginaren Atalak 2019ko maiatzaren 29an egindako txostena ikusita, zeina sustatzaileak, hots, Recuperación Ambiental SLk eskatuta egin baitzen.

Presakoa eta beharrezkoa denez gai inerteak isurtzeko zerbitzua ematea eta, hala, egungo hondakindegiak dituen mugak gainditzea, saturatua baitago eta jadanik ez baita nahikoa berehalako beharrei erantzuteko, bidezkoa da ahalik eta lasterren jartzea zerbitzuan Espartza Galarko hondakindegiaren handitzea.

Adierazitakoaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Recuperación Ambiental SLk eman dituen arrazoiak ikusita, uste du justifikatua dagoela desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Presako deklarazio honek berekin dakar aipatutako UPSak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, eta Recuperación Ambiental SL izanen da desjabetzearen onuraduna, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Horrenbestez, adierazitako guztiaren ondorioz, eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak egindako txostena ikusita, bat etorriz Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 2. eta 52. artikuluetan ezarritakoarekin, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortutako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Proiektu honek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako: Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektua, Recuperación Ambiental SLk sustatua, “Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16ko Erabakiaren bidez onetsia.

2. Recuperación Ambiental SL izanen da, ondorio guztietarako, nahitaezko desjabetzearen onuraduna, eta, espedientea bukatu arte, izaera horri legez dagozkion eskubide eta betebeharrak esleituak izanen ditu.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Recuperación Ambiental SLri, Galar Zendeako Udalari eta Zizur Zendeako Udalari jakinaraztea, eta igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2104892