77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2021 EBAZPENA, 2021eko martxoaren 10ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen 2021-2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean. DDBN identifikazioa: 552988.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta balioei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktu horiek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen agirien bitartez, hala produktuek berez dituzten ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkioten erreferentziengatik, hori guztia kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta haren balioak nabarmentzeko modu bat delakoan.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen den landa garapenerako laguntza arautu zuen, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua. Haren 16. artikuluan “Nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta 2. puntuan zehazten da neurri horretako laguntzak ematen ahal zaizkiela, orobat, produkzio taldeek barne merkatuan egindako informazio eta sustapen jardueren ondoriozko kostuei, produktuek kalitate araubide bat dutenean; alegia, 16. artikulu horren 1. puntuan garatzen den “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza” deituriko azpineurriaren araberako laguntza jasotzen dutenean.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak 2014-2020 aldirako neurri hori osorik jasotzen du, bi azpineurritan bereizita: “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea” eta “Informazio eta sustapen jarduerak”. Ebazpen honen asmoa bigarren azpineurria ezartzea da.

Azpineurriaren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Aipatu helburuak bilatzen ditu neurri honek, kalitate figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko pizgarriak emanez; figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatu beharko dituzte sustapen ekintzak, eta Nafarroako Foru Komunitatean, zehazki, kontseilu arauemaileek.

Jatorri Deitura Babestuen (JDB) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) kontseilu arauemaile horiek eta Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK), babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, haien balioa nabarmendu eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horiei laguntza instituzionala ematea, finantza ahalmen handiagoa izan dezaten eta, hala, gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, segur aski, alferrikakoak izanen dira ekoizpen sistemak, kalitate kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak.

Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; izan ere, sektore horrek kalitate figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzeko. Gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, hala banaketa handiaren esparruan, nola nitxo espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta aukera berriak sortzen ditu landaguneetan.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeari eta haietan parte hartzeari begira. Lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baterako, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi da Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Azpineurri hau, bereziki, Batasunaren landa garapenerako lehentasunari egokitzen zaio, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.3.a) artikuluari jarraikiz, honako helburu hau duena: “lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integra daitezen, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan”.

Beraz, ezartzen den esparru juridikoa da 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Barne merkatuko informazio eta sustapen jardueretarako laguntzak 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikuluan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritako xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, laguntza honen berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi zuen, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.43469 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira 2021-2022 deialdirako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala, baita ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetan ere.

2. Deialdia onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen 2021-2022ko deialdia onesten da, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean, I., II., III. eta IV. eranskinetan ezarritako oinarri arautzaileei eta baldintzei loturik.

3. Gardentasun adierazpenaren betebeharrari buruzko eredua onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, %31n LGENF funtsekin kofinantzatuta, 780.000 euroko gastua baimentzen da 2022rako. Gastu hori eginen da 2021eko Aurrekontu Orokorretako 720003 72220 4459 413105 “LGP LGENF 2014-2020. Elikagaien kalitate figuren sustapena” kontu-sailaren baliokidea den 2022ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sailaren kargura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik bada.

Baimendutako kreditua 200.000 euro bitarte handitzen ahalko da gehienez ere, 2021eko Aurrekontu Orokorretako 720004 72230 7700 412102 “LGP LGENF 2014-2020. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak” kontu-sailaren baliokidea den 2022ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sailaren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, baldin eta aurrekontuan krediturik badago.

5. Eskaerak aurkezteko epea 2021-2022ko ekitaldiko deialdian.

Eskabideak 45 egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Mendialdea, goi mendialdea eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 76/2020 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egin ziren 2020ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

7. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Argitalpena.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, salbu administrazio publikoek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak emateko

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren –LGENF– bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua) eta, bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 49. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

3. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso. Horretarako, aintzat hartuko da nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da pizgarriak ematea elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei, babesten dituzten produktuak barne merkatuan susta ditzaten eta haien gaineko informazioa eman dezaten; izan ere, horrela, kontsumitzaileek hobeki ezagutu eta balioetsiko dituzte eta aukera hobeak egonen dira produkzioak merkaturatzeko eta haien balio erantsia handitzeko; hori guztia, kontsumitzaileei kalitate berme handiagoa eskainiz eta produktuaren berezko ezaugarriak mantenduz.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balioa erantsiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Hurrengo kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak (Kontseilu Arauemailea, Kontseilua edo kudeaketarako elkartea) izanen dira deialdi honetako onuradunak:

–“Lodosako pikillo piperra” JDB.

–“Erronkari gazta” JDB.

–“Idiazabal gazta” JDB.

–“Nafarroako olioa” JDB.

–“Nafarroa” JDB.

–“Errioxa” JDK.

–“Cava” JDK.

–“Hiru Erribera” AG.

–“Queilesko Erribera” AG.

–“Nafarroako zainzuria” AGB.

–“Tuterako orburua” AGB.

–“Nafarroako aratxea” AGB.

–“Nafarroako bildotsa” AGB.

–Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpena, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduan agertzen dena.

2. Entitate horiek Ekintza Plan bat aurkeztu beharko dute, eta hartan jasoko dituzte kalitate figura horiek babesten dituzten nekazaritzako elikagaien gaineko informazioaren eta sustapenaren esparruan garatu beharreko jarduketak.

3. Aurreko 1. puntuan jasotako kalitate figura baten esparruko laguntzak eskuratzeko, kalitate figura horretarako laguntza-deialdia izan beharko da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea” izeneko azpineurriaren esparruan.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

Onuradunek, onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte eskaera egiten den egunean:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

5. oinarria.–Ekintza Plana.

1. Eskaerarekin batera, Ekintza Plana aurkeztu beharko da, horrek sortuko baitu laguntzarako eskubidea. Ekintza plan horretan adierazi beharko da zer jarduketa programa garatu nahi den entitate eskatzaileak kudeatzen duen kalitate figurak babestutako nekazaritzako elikagaien gaineko informazioaren eta sustapenaren esparruan.

2. Azpineurri honen ondorioetarako, deialdiaren ekitaldi osoan Europar Batasunaren barne merkatuan egiten diren sustapen ekintzen multzoak osatzen du Ekintza Plana, baldin eta kalitate figurek babestutako produktuak kontsumitzera bultatzen badute kontsumitzaileek produktu horiei buruz duten informazioa, onarpena eta lehentasuna handituta. Ekintza horiek behar bezala deskribatu eta programatuta egon beharko dute, aurrekontu eta guzti.

3. Hurrengo taulan jaso eta xehakatzen diren informazio eta sustapen neurrietako edozein hartzen ahal dira ekintzatzat.

Sustapen ekintzak:

EKINTZAK

JARDUERAK

Azoka eta erakusketetan parte-hartzea

Nazio barreneko edo nazioarteko azokak EBn, berariazkoak sektorean edo orokorrak

Erakusketa eta ikuskizunak produktua erakusteko eta aintzat hartua izan dadin

Misio komertzialak

Produktuaren aurkezpena

Sustapeneko produktuak

Informazioa eta sustapena, hainbat komunikabide baliatuz

Askotariko sustapen kanpainak (TB, irratia, prentsa, ikuskizunen antolaketa, babesletzak, etab.)

Web atariak, kalitate figurak eta babestutako produktuak sustatu eta zabaltzeko

Argitalpenak: liburuak, liburuxkak, kartelak, etab., formatu fisikoan edo digitalean

Sustapeneko produktuak

Informazio eta sustapenerako harreman publikoak, aditzera emateko produktuen kalitatea, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta horiek bermatzen dituen ziurtapena

Sustapena saltokian

Produktuaren aurkezpenak

Sustapeneko produktuak

Alderantzizko misioak eta misio komertzialak

Lehiaketak

Produktuen erakustaldi eta dastaketak

Jardunaldi eta mintegi teknikoak, kalitate figurei eta haien produktuei buruz

Merkatu azterketak eta analisiak

Merkatu analisiak egitea, kanpainen eragina ebaluatzea, etab.

4. Ekintza Planak II. eranskinean zehaztutako informazioa eduki beharko du, gutxienez ere.

5. Ekintza Planean aurreikusitako ekintzek honako hau beharko dute bete:

a) Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela bermatzea informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

b) Merkataritza marken izenak aipatzen diren informazio eta sustapen jarduerak bazter uztea.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat.

2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira laguntza eskabidea aurkezten den egunetik hasi eta 2022ko urtarrilaren 31 bitarte egiten diren gastuak, baldin sail hauetakoren batean sartzen badira:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta aholkularitza enpresekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ikuskizunak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin.

b) Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea. Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

c) Ekipamenduaren, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak, sustapenak egiteko azoka, erakusketa, lehiaketa edo ikuskizunak antolatzen direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpenetarako erakustokiak.

f) Entitatearen web-orriak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai planaren barreneko sustapen jarduerei buruz.

g) Sustapena komunikabideetan (TB, irratia eta prentsa, fisikoa eta/edo digitala). Ekintza horiek ezin izanen dute inoiz aipatu merkataritza markarik.

h) Sustapen ekitaldietako adituak eta profesionalak (ikertzaileak, teknikariak, sukaldariak, blogariak, etab.) kontratatzea.

i) Kabineteak edo adituak kontratatzea, merkatu azterketak egiteko edo sustapen ekintzen eragina ebaluatzeko.

j) Sustapen jardueretarako produktuak.

k) Sustapeneko materiala.

l) Lehiaketetako sariak eta babesak.

m) Entitate onuraduneko langileen dietak eta joan-etorriak, sustapen jarduerei ezinbestean lotuak daudenenak.

n) Langile berekien gastuak, zuzenean informazioarekin eta sustapenarekin lotuak; Ekintza Planeko guztirako kostuaren %15, gehienez ere. Beti aurkeztu beharko da pertsona horiek Ekintza Planeko jarduera hauetan izan duten dedikazioaren egiaztagiri bat, emandako denbora edo zereginak adierazteko.

3. Pertsona eta egun bakoitzeko muga batzuk ezarri dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sarietarako, gastu diruz lagungarrien mugei buruzko IV. eranskinaren arabera. Muga hauek entitateko langileek edo hari lotutako pertsonek egindako gastuei aplikatuko zaizkie.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen 5.000 euro baino gutxiagoko gastua duten Ekintza Planak, eta 400.000 eurotik gorako gastuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

5. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, Ekintza Planaren gastu diruz lagungarria, aurreko puntuaren arabera ezarri dena, gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

6. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza-eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza gisa, zuzeneko dirulaguntza bat emanen da, entitate onuradunek benetan egin eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

2. Ekintza Planaren gastu diruz lagungarrien %60 adinakoak izanen dira laguntzak.

3. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

4. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da haren baliokidea den dirulaguntza gordina.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta lehenespen irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean, kalitate figurari atxikitako ustiategi ekoizleek Nafarroaren barruan duten kokapen geografikoaren arabera, 10 puntu gehienez.

–Ekoizleen %75 baino gehiago dira ustiategia Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 10 puntu.

–Ekoizleen %50 baino gehiago dira ustiategia Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 5 puntu.

–Ekoizleen %25 baino gehiago dira Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 2 puntu.

b) Koherentzia eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak, beste kalitate figura batzuetako jarduerekin konbinatuak: 5 puntu.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak: 4 puntu.

–Beste kalitate figura batzuen jarduerekin konbinatzen diren Ekintza Planeko jarduerak. 3 puntu.

c) Ekintza Planaren aurrekontutik zenbateko portzentajea aurreikusi den jarduerak autonomia erkidegoen lurralde eremutik kanpo garatzeko (horretarako, kalitate figuraren baldintza-agirian zehaztutakoa hartuko da aintzat), 20 puntu gehienez:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik gora %30era arte: 15 puntu.

–%10etik gora %20ra arte: 10 puntu.

–%2tik %10era arte: 5 puntu.

d) Programaren hedadura, estaldura eta ebaluazioa, 45 puntu gehienez, atal hauen arabera:

i. Programaren jarduerak: 5 puntu arte.

–Ekintza planak lau jarduera edo gehiago baditu: 5 puntu.

–Ekintza planak hiru jarduera baditu: 3 puntu.

–Ekintza planak bi jarduera baditu: 2 puntu.

–Ekintza planak jarduera bakar bat badu: 1 puntu.

ii. Ekintza Planaren estaldura (sustapenaren hartzaile nagusia den taldea): 15 puntu gehienez.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak preskriptoreak, komertzialak, banatzaileak eta antzekoak badira, 15 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzailea publiko orokorra bada: 10 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak adituak, prestatzaileak edo berariazko taldeak badira: 6 puntu.

–Planaren aurrekontuaren zatirik handiena bakar-bakarrik sare sozialetara, online baliabideetara (Internet) edo tokiko komunikabideetan iragarki soilak jartzera bideratuta badago, azken hartzailea zehaztu gabe: 3 puntu.

iii. Merkatuaren eta eraginaren ebaluazioa: 5 puntu gehienez.

–Ekintza Planean aurreikusten bada –diruz lagungarriak diren jardueren artean– emaitzen adierazleak dituen ebaluazio metodo bat edo merkatu azterketak edo analisiak egitea: 5 puntu.

iv. Ekintza Planean aurreikusitako gastuaren portzentajea, entitate onuradunak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta, gehienez 20 puntu:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik gora %30era arte: 15 puntu.

–%10etik gora %20ra arte: 10 puntu.

–%5etik gora %10era arte: 5 puntu.

–%2tik %5era arte: 2 puntu.

e) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean integratuta dauden operadoreen kopurua, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidego batzuetan erregistratuak bereiziz, gehienez 20 puntu:

–500 operadore baino gehiago Nafarroan: 20 puntu.

–Operadoreak, 200dik gora 500era arte Nafarroan: 15 puntu.

–Operadoreak, 50etik gora 200era arte Nafarroan: 10 puntu.

–Operadoreak, 10etik 50era arte Nafarroan: 5 puntu.

3. Entitate onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer baremazio irizpideren arabera nahi duen aplikatzea aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza-eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat hartuko da Ekintza Planean aurreikusitako jarduerei dagokienez.

4. Baremazio puntuak justifikatzeko, Ekintza Planeko informazioan eta/edo justifikazioetan oinarrituko da kudeaketa unitatea. Informazio hori eta/edo aurkeztutako informazioa ez bada aski, eskatutako puntuak ez dira aintzat hartuko.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, betiere deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, hurrenez hurren, b), c), d) edo e) ataletan lortzen den puntuazioa hartuko da aintzat, aurrekontua agortu arte. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, dirulaguntza emanen zaio entitateak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta Ekintza Planean aurreikusitako gastuak portzentaje handiena hartzen duen espedienteari.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen zaien deialdian adierazten den epean gauzatzea Ekintza Plana.

b) Egindako gastuak eta ordainketak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan justifikatzea, baita jasotako funtsak dirulaguntza emateko arrazoi izan zen helbururako erabili direla ere, ezarritako moduan eta epeetan.

c) Laguntza behar bezala eman dela, jarduerak behar bezala gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea. Horri dagokionez, entitate onuraduna behartua dago komunikatzera, auditoretzarako arrasto bat utz dezakeen edozein bide erabiliz (posta elektronikoa, eskabide orokorra, etab.), non eta noiz egin diren informazio eta sustapen ekintzak, egin aurretik betiere, instrukzio organoak tokian bertan kontrolatu ahal izan ditzan.

d) Entitatearen alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Dirulaguntza jaso duten jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Ekintza Plana gauzatzean, eta burutzen diren informazio eta komunikazio ekintza guztietan, LGENFk eta Nafarroako Gobernuak ekintzari emandako laguntza aitortu beharko du onuradunak, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak agertuz eta LGENFren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari buruzko aipamena eginez honako honen arabera:

–Onuradunak erabilera profesionalerako webgunerik badu, hartan ekintzaren deskripzio labur bat aurkeztuz, loturarik ezartzen ahal bada webgunearen xedearen eta ekintzari emandako laguntzaren artean; zenbaterainoko laguntza den eta helburuak eta emaitzak adieraziko dira, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

–LGENFrekin batera finantzatutako neurri eta jarduerei buruzko argitalpenetan (liburuxkak, eskuorriak eta buletinak), argi adieraziko da Europar Batasunaren parte-hartzea azaleko orrialdean, eta haren ikurra agertuko da Nafarroako Gobernuarenarekin batera. Argitalpenek edukiaren arduraduna den erakundeari eta Nafarroako Gobernuari aipamen eginen diete.

Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoan dagoen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Europar Batasunaren ikurra honako orrian aurkezten diren arau grafikoen arabera agertuko da: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols_en. Leman deklarazio hau eginen da: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

j) Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.

k) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, laguntzen fitxaren bitartez, ebazpen honetako ebazpen zatiaren 3. puntuan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Adierazpen hau betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

2. “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” izeneko neurrian laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan jasotzen diren laguntza-eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkeztu beharko dira.

2. Ekintza Planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira eskaerak.

3. Laguntza eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko izapideen katalogoan eskuratzen ahalko da (www.navarra.eus).

4. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau ere gehitu beharko da, modu elektronikoan aurkeztuta:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia.

b) Ekintza Plana, 5. oinarrian eta II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

c) Entitatearen ziurtagiri bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean erregistratutako operadore kopurua adieraziko duena, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidegoetan erregistratuak bereizita.

d) Ustiategi ekoizleen kokapen geografikoagatik puntuak eskatzen badira, zerrenda bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen den datan eguneratuta, JDB/AGBan izena emanda dauden nekazaritza ekoizle operadoreekin, ustiategia gure komunitatean dutena. Azken hori NAN edo IFKren bidez identifikatu beharko da.

e) Entitate onuradunak onetsi duen urteko azken aurrekontua.

f) Nafarroako Foru Komunitatearena baino esparru handiagoko figuren kasuan, ekoizpenean Foru Komunitateari dagokion portzentajeari buruzko ziurtagiria.

g) III. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

h) Ebazpen honen seigarren oinarriko 6. puntuan ezarritako salbuespenari heldu nahi izanez gero, BEZaren subjektu pasibo ez izatearen ziurtagiria, edo, izatekotan, entitateak jasandako BEZa ezin duela berreskuratu egiaztatzen duen agiria.

i) Hala badagokio,12.1.a) oinarrian aurreikusitako dokumentuak, kostuak moderatzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak entitate interesdunaren eskariz aldatzen ahalko dira garatu beharreko ekintza planari edota bertan bildutako ekintza eta aurrekontuei dagokienez, betiere eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean gehienez. Data hori iraganik, egin nahi den edozein aldaketa 16. oinarrian ezarritakoari egokitu beharko zaio.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute egiazta daitezela proposatutako kostuen moderazioa eta hori ebaluatzeko metodologia. Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen Ekintza Planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira:

a) Hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztea, zein den ere gastuaren zenbatekoa, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarriak direla-eta merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori egiteko behar adina entitate.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, zerbitzuak kontratatu nahi badira, baldintzen agiri bat prestatu beharko da eskaintzak alderagarriak izan daitezen ziurtatzeko, betiere 6.2. oinarriaren a) letran ezarritakoarekin bat. Proposamenak baldintzen agiri horri lotu beharko zaizkio, eta garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza eginen da bertan.

b) Beren ezaugarriengatik aurreko kasuan sartzen ez diren elementuak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta gaian adituak diren bi lagunek osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo, bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Batzorde horren erabakia justifikatua izanen da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa merkatu logiko batean.

2. Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, onuradunak aurkeztutako aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa hartuko dira, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Egiaztapenak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketa nabarmenen bat eskatzen badu jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, baldintzen agiriak, etab.), legez eskatzen ahal den informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien jarduerak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

14. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskaera osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontu diruz lagungarria hartuko da kontuan, ebazpen honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako mugak gainditu gabe.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 4. oinarriaren arabera.

Dena dela, konkurrentzia prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskabidea berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 115. artikuluarekin bat, bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak eginen dira, oinarrizko araudian aurreikusitako baldintzetan, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bitartez, edo zehaztutako egoitza elektronikoan agertzearen bidez. Egoitza horretan bertan pertsonen esku jarriko dira paperean idatzitako jakinarazpenak, oinarrizko araudian aurreikusitako moduan.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzera behartuak daudenei, Foru Administrazio Publikoak ofizioz esleitzen ahal die gaitutako helbide elektronikoa.

Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean baliabide elektronikoen bitartez jakinaraziko da ebazpena, administrazio-prozedura erkidearen araudian ezarrita dagoen bezala, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

Jakinarazpenak egintzat hartuko dira edukira sartzen den momentuan, eta jakinarazpena eskura jartzen denetik edukira sartu gabe hamar egun natural pasatzen badira uko egin zaiola ulertuko da.

Arazo teknikoen ondorioz ezin bada jakinarazpen elektronikoa igorri, jakinarazpena administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusita dauden bideetatik eginen da.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa dela-eta ematen dela dirulaguntza, LGENFrekin batera finantzatuta, “Nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideak elikakatea hobetzeko” deituriko neurria dela medio.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

16. araua.–Onetsitako ekintza plana aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketa nabarmenak egitea hasieran onetsitako Ekintza Planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu eta/edo jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik, betiere hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira ekintza plana gauzatzeko epea bukatzen denetik. Onuradunek deialdiko gehienez bi aldaketa nabarmen aurkezten ahalko dituzte.

2. Honako hauek joko dira aldaketa nabarmentzat:

–Onetsitako planean aurreikusitako ekintzak kentzea, edo ekintza berriak sartzea.

–Ekintzak aldatzea eta, ondorioz, planaren guztirako aurrekontuan %10etik gorako eta 5.000 eurotik gorako desbideraketak eragitea.

–Ekintzaren baten aurrekontuaren %30etik gorako eta 5.000 eurotik gorako aldaketak.

3. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute. Gainera, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

4. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazio irizpide berei jarraituz onetsi beharko dira Ekintza Planeko aldaketak, eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doituta ere, hasiera batean onartutako laguntzak ez dira handituko.

17. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, Ekintza Plana bukatuta dela, ordainketa-eskaera bat aurkeztu beharko du 2022ko otsailaren 10a baino lehen.

2. Ordainketa eskaera hori horretarako prestatu den inprimakiaren bidez aurkeztu beharko da; inprimaki hori tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian (www.nafarroa.eus).

3. Onartzeko modukoak izan daitezen, ordainketa eskaerari honako hauek erantsi beharko zaizkio gutxienez:

a) Ekintzen gaineko laburpen txostena, jardueratan xehakatuta, zeinek bere aurrekontua eta azken kostua adierazita dituela, eta lortutako emaitzen balorazioa, garatzen den ekimenarentzat ekintza planean ezarritako adierazleen arabera. Txosten hori Nafarroako Gobernuaren Internet atariko tramiteen katalogoan dagoen ereduari jarraikiz eginen da (www.nafarroa.eus).

b) Fakturak eta/edo froga gisa balio bera duten dokumentuak, eta gastu diruz lagungarri guztiak ordaindu izanaren frogagiriak. Ekintzak gauzatzeko, azpikontratazioa egiten denean zerbitzu hornitzaileekin, hornitzaile horren faktura eta ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dira.

c) Orobat, sustapen ekintzak egin izana egiaztatzen duten frogabideak aurkezteko eskatzen ahalko zaio onuradunari.

18. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntzak ordainduko dira horiek ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren, eta laguntzaren onuradunak aurreko oinarrian ezarritako gardentasunaren gaineko informazio betebeharra bete duenean.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzearren Ekintza Plana gauzatu dela aurkeztutako proiektuaren arabera. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egin daitezke Ekintza Planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Orobat, exekuzioaren memoria osatzeko argazkiak, itzulpenak, exekuzioaren gaineko txostenak eta abar aurkezteko eskatzen ahalko da.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

20. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Ekintza Plana burutu ondoren gastu diruz lagungarria onetsitakoa baino txikiagoa bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu garatu den planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izaten segitzen duela.

2. Ordainketa ziurtatzean egiaztatzen bada laguntzak emateko prozeduraren barruan eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioan aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak aldatu direla eta frogatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, ez zela onuradun aterako, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Hasierako eskaeran –edo gerora eskatutako aldaketetan– aurreikusten ez diren jarduera berrien ondoriozko gastuek ez dute laguntza eskubiderik sortuko. Gainera, aldaketa nabarmenak eginez gero, eta horien berri ematen ez bada 16. oinarriko 2. puntuko bigarren eta hirugarren ataletan ezarritakoaren arabera, ekintza edo jardueretan egindako gastu soberakinak ez du laguntza eskubiderik sortuko, dirulaguntza ematean aurreikusitako gastuarekin alderatua.

Onuradunak ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa (behin kendurik aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioz lagungarria ez den zenbatekoa) eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanaren erantzulea.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onartutako laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

21. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako foru araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

3. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a) Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b) Landa garapenerako estatu laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c) Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

d) Landa garapenerako estatu laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

e) Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f) Landa garapenerako estatu laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

4. Laguntza hauek ezin dira metatu:

a) Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan ezarrita dauden laguntzak.

b) Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batuketa 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

5. Laguntza hauen entitate onuradunek, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, betiere Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman eta/edo ordaindu zuen dirulaguntza, baita haren zenbatekoa ere.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Onuradunei emandako dirulaguntzak argitaratu eginen dira, jarraikiz Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluari. Batasuneko eta haren estatuetako auditoretza eta ikerketa organismoek tratatzen ahal dituzte horien datuak, Batasunaren finantza interesak babestearren.

2. Datu pertsonalak direnean, Batasuneko estatuek haien eskubideak jakinaraziko dizkiete onuradunei, datuen babeserako arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko aplikagarriak diren prozedurekin bat, edo, halakorik ezean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat. Aipatu erregelamenduaren bidez pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez (Datuen babeserako erregelamendu orokorra).

II. ERANSKINA

Ekintza Planaren edukia

I.–Entitate eskatzailea.

Izena, helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefonoa, faxa, programaren arduraduna harremanetarako.

II.–Sustatu beharreko produktuak.

–Zehaztu produktuak, baldintza agiriak uzten dituen aukeren artean.

III.–Xedeko merkatuak.

Zehaztu xedeko herrialde, eskualde, hiri edo herriak, eta adierazi zergatik aukeratu diren eta zer aukera dauden produktuak aukeratutako merkatuetan saltzeko, eskatu den ekintza bakoitzean.

IV.–Helburua.

Helburuak zehaztuta eta, ahal dela, zenbatekoak adierazita.

V.–Estrategia.

Zehaztu zer tresna erabiliko diren marketin eta komunikazio aldetik programaren helburuak lortzeko.

VI.–Ekintzak.

–Ekintza eta jarduera bakoitzaren deskripzio zehatza.

–Aurreikusten diren egutegia eta tokiak.

–Ekintzaren helburu den jendea.

Zehaztu norentzat den: kontsumitzailearentzat, banatzaileentzat (supermerkatuak, handizkariak, txikizkari espezializatuak, hornitzaileak, jatetxeak), inportatzaileentzat, iritzi liderrentzat (kazetariak eta aditu gastronomikoak), gastronomia eskolentzat eta jatetxeentzat, etab.

VII.–Mezuak.

(Jatorria, kalitatea, segurtasuna, osasuna, ingurumena, etab.).

VIII.–Aurreikusten den eragina eta hura neurtzeko modua.

Eskaeraren bilakaerari, produktuaren ospeari eta irudiari edo helburuei lotutako beste edozein alderdiri dagokienez.

Zehaztu emaitzak edo ondorioak neurtzeko erabiliko diren metodoak (kuantitatiboa eta/edo kualitatiboa) eta adierazleak, halakorik bada.

IX.–Aurrekontua.

Prestatu laburpen taula bat ekintza bakoitzeko. Aurrekontua aurkezteko, jardueren deskribapenak duen egitura berari eta ordena berari jarraituko zaie.

X.–Finantzaketa plana.

FINANTZAKETA

EUROTAN

%

Eskatzailea

Azp. Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa

Guztira

XI.–Entitatearen urteko aurrekontua.

AURREKONTUA

EUROTAN

%

Ekintza Planaren aurrekontua, guztira

Entitatearen aurrekontua, guztira

100

XII.–Laburpen taula.

Ekintza planaren laburpen gisa, sartu eskatutako ekintza eta jarduerak laburbiltzen dituen taula bat, 5. oinarriaren 3. puntuko definizioen arabera.

EKINTZA

JARDUERAK

AURREKONTUA

PROGRAMA URTE ANITZEKOA

BESTE KALITATE FIGURA BATEKIN KONBINATUA

LURRALDE EREMUA

XEDEKO TALDEA

ADIERAZLEAK

1

1.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zein

1.2

...

...

1.n

2

2.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zein

...

.....

....

2.n

GUZTIRA

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Onuradunak erantzukizunpeko adierazpen hau egiten du, alderdi hauei buruz:

1. Finantzaketa bikoitzaren eza.

Ez dela hartzen ari Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko abenduaren 22ko 1144/2014 EB Erregelamenduaren 3 artikuluan jasotako laguntzarik; erregelamendu hori barne merkatuko eta hirugarren herrialdeetako nekazaritzako produktuen informazio eta sustapen ekintzei buruzkoa da.

2. Materialaren egokitasuna.

Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

3. Merkataritza markak baztertzea.

Ekintza Planetik baztertu direla merkataritza marken sustapenarekin zerikusia duten jarduerak.

4. Legez kanpoko laguntzak jasotzea.

Ez dela baliatu Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko inolako laguntzaz, harik eta enpresa horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

5. Krisian dauden enpresak.

Ez dela krisian dagoen enpresa bat. Horretarako, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa hartuko da aintzat (2014/C 204/01).

6. Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea.

Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

IV. ERANSKINA

Gastu diruz lagungarrien mugak

Pertsona eta egun bakoitzeko muga hauek ezartzen dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sari sinbolikoetarako:

a) Ostatu hartzea: 90 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

b) Mantenua: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.

c) Autoan egindako kilometrajea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat kasuan kasuko ekitaldirako ezartzen dena.

d) Lehiaketetan emandako sari sinbolikoak: gehienez ere 300 euro sari bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2104318