77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2021 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2021ean Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 553094.

2021ean Nafarroan enpresa digitala sustatzeko deialdi honetan, ETEek (enpresa txiki eta ertainek) egindako proiektuak lagunduko dira diruz, honako hauek ezartzeko asmoa dutenak:

A. Merkataritza elektronikoa.

B. Enpresarako soluzioak hodeian (“cloud computing”).

C. Telelana.

D. Enpresaren baliabideak kudeatu eta planifikatzeko sistemak.

E. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

Horiek guztiak ETEek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (IKT) txerta ditzatela bultzatzeko eta haien eraldaketa digitala sustatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2021eko urtarrilaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen dirulaguntza hau ematea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. 2021ean Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 950.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Suspertu Plana. Dirulaguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua” izeneko 810007-81220-7709-467900 partidaren kargura.

4. Diru hori nahikoa ez bada aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko, kreditu horri 1.000.000 euro gehitzen ahalko zaio gehienez. Gehigarri hori dirulaguntzei aplikatzeko ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.

Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea honako hau da:

–ETEek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (IKT) txerta ditzatela bultzatzea.

–Enpresen eraldaketa digitala sustatzea IKTetan oinarritutako soluzioak ezarriz.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek ezartzeko proiektuak dira diruz lagungarriak:

A. Merkataritza elektronikoa.

B. Enpresarako soluzioak hodeian (“cloud computing”).

C. Telelana.

D. Enpresaren baliabideak kudeatu eta planifikatzeko sistemak.

E. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

Proiektu baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da, baina adierazitako proiektu mota bakoitzetik bat bakarra diruz lagunduko da.

2. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. A mota. Merkataritza elektronikoa:

a) Sistema estandarren gainean garatu beharko da, eta edukien kudeatzaile bat izan beharko du, merkataritza elektronikoa mugarik gabe kudeatzeko.

b) Gailu mugikorretan erabiltzeko egokituta egon behar du.

c) Enpresa eskatzailearen izenean egonen da merkataritza elektronikoa bere baitan hartzen duen domeinua.

d) Webguneko edukiak eta hartan eskaintzen diren produktu edo zerbitzuek enpresa onuradunaren jarduera ekonomikoarekin lotuta egon behar dute.

e) B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

f) B2B merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute online kontratuak egiteko. Ordaintzeko, transakzioaren xedeko ondasun edo zerbitzuen izaerarentzat egokitzat jotzen den edozein ordainketa sistema baliatzen ahalko da.

g) Diruz lagungarria izanen da turismoaren sektoreko enpresek web-orriak sortzea edo egokitzea, baldin eta web-orriaren bidez edozein erreserba-plataformatan sartzea ahalbidetzen badute, horrela aukera emanez eskaintzen diren zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko.

h) Diruz lagungarria izanen da merkataritza elektronikoa gauzatzeko aplikazio mugikorrak garatzea, atal honetako e) edo f) baldintzak betez gero, kasuan kasukoa. Aplikazio horiek web-orri bati lotuta egon beharko dute, eta han adierazita egon beharko du nola deskargatu behar diren. Web-orriak atal honetako a), b), c) eta d) baldintzak bete beharko ditu.

2.2. B mota. Enpresarako soluzioak hodeian (cloud computing): urruneko sarbideko soluzioak, lokalean ezarri gabeak. Enpresaren kudeaketa esparruei lotuak egon behar dute, eta enpresaren lehiakortasuna hobetzen lagundu behar dute.

Diruz lagungarriak izanen dira zerbitzu mota hauetakoren baten barruan dauden proiektuak:

a) Azpiegitura zerbitzu gisa (IaaS – Infrastructure as a Service)

b) Plataforma zerbitzu gisa (PaaS – Platform as a Service)

c) Softwarea zerbitzu gisa (SaaS – Software as a Service)

2.3. C mota. Telelana: enpresa eskatzaileko langileek urrutitik lan egitea ahalbidetzeko soluzioak, konparazio batera:

a) Urruneko sarbiderako soluzioak: sare korporatiboetan sartzeko eta urrutitik egoki jarduteko behar den guztia, bai eta beharrezkoak diren segurtasun sistemak ere.

b) Telelana eta taldekako komunikazioa errazten duten urrutiko komunikazioetarako soluzioak, konparazio batera, txatak, bideokonferentziak, baliabide partekatuak, eta abar.

c) Helburu nagusitzat telelana duten berariazko soluzioak.

2.4. D mota: Enpresaren baliabideak kudeatu eta planifikatzeko sistemak: enpresaren baliabideen kudeaketa, barruko eta kanpoko logistika eta balio kate horizontal eta bertikalaren integrazioa bateratzen dituzten soluzioak garatu eta ezartzea, eremu hauetako bati lotuak:

a) Enpresaren informazioaren kudeaketa integraturako aplikazioak, besteak beste, ERP delakoa eta Business Intelligence motako aplikazioak.

b) Barruko eta kanpoko kudeaketa logistikorako aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM).

c) Produktuen bizi zikloaren kudeaketarako aplikazioak eta produktuen urrutiko laguntzarako zerbitzuak (PLM, PDM, DFM).

Proiektu horiek, gainera, betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Enpresaren eremuan berrikuntza ekarri beharko dute ikuspuntu teknologikotik edo produktuari, zerbitzuari edo antolaketari aplikatzearen ikuspuntutik.

–Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezarri beharko dira.

2.5. E mota. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak: IKT soluzioak garatuko eta ezarriko dira arazo bat konpontzeko edo enpresan negozio aukera berriak sortzeko, balio kate horizontal eta bertikalaren harremanen arloan.

Honako hauek izan daitezke proiektuen aplikazio eremuak, besteak beste:

a) Prozesu eta produktuen hobekuntza.

b) Zibersegurtasuna.

c) Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.

d) Erakundearen kudeaketa.

Proiektuek, gainera, 2.4 atalean adierazi diren bi baldintzak bete beharko dituzte.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroan enpresa digitala sustatzeko aurreko hiru deialdietan (2017ko, 2018ko eta 2019ko deialdiak) diruz lagundutako proiektuak eguneratzeko edo mantentzeko proiektuak.

4. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) ETE bat izatea Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Goiko 1. ataleko a), c), d) eta e) letretako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, enpresek eskabidean jaso den erantzukizunpeko adierazpena erabiliko dute.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai, halaber, eskatzailearen datu fiskalak kontsulta ditzan, negozioaren bolumena eta aktiboak egiaztatzeari begira. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak, baita itxitako azken bi zerga ekitaldietako urteko kontuak ere.

4. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak; izan ere, sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

b) Erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak.

c) Enpresaren jarduera bat datorrenean deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuekin.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta burutzeko epea.

1. Proiektu motaren arabera, honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak:

1.1. A mota. Merkataritza elektronikoa:

a) Kanpoko enpresa espezializatuak onuradunari fakturatzen dizkion gastuak, merkataritza elektronikoa abian jartzeko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe, barnean direla merkataritza hori bere baitan hartzen duen web-orria sortzeko edo eguneratzeko gastuak.

b) Merkataritza elektronikoa enpresaren kudeaketa sistemarekin integratzeko kostuak. Integrazio horretan honako hauek sartzen ahal dira, besteak beste: fakturazio eta kontabilitate prozesuak, salmenten idazpen bakarra (salmentaren tiketak), faktura-aukera, bezeroen datu-basea, salmenten analisia eta stocken kudeaketa.

c) Merkataritza elektronikoa ezartzeko proiektuari loturiko transakzioei buruzko aholkularitza kostuak (lege, logistika eta segurtasun arloko aholkularitza).

d) Diruz lagundu beharreko aurrekontua 2.500 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

1.2. B mota. Enpresa soluzioak hodeian:

a) Zerbitzua emateagatik onuradunari fakturatutako gastuak, bai eta zerbitzu hori ezartzeko egin beharreko gastuak ere.

b) Erabileraren arabera ordaintzen diren aplikazioak ezartzeko proiektuetan, zerbitzuen kostua diruz lagungarria izanen da ezarri eta urte batez gehienez ere.

c) Diruz lagundu beharreko aurrekontua 5.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

1.3. C mota. Telelana:

Telelana enpresaren antolamendu ereduan ezartzeagatik kanpoko enpresek onuradunari fakturatutako gastuak, atal hauetako batean sartzen badira:

a) Hardwarea:

–Telelaneko soluzioetarako bakarrik diren zerbitzariak.

–Telelanean aritzeko beharrezkoak diren telekomunikazio ekipamenduak eta segurtasun elementuak.

–Ordenagailu pertsonalak, baita urrunetik konektatzeko behar diren gailuak ere. Bazter uzten dira telefono mugikorrak eta tabletak, baita telelana egiteko beharrezkoa den konektibitatea edukitzeko gastuak ere (telekomunikazioetako instalazioak, telekomunikazioetako operadoreen altak eta kuotak, eta abar).

–Online komunikazioetarako behar den kanpoko ekipamendua (web kamerak, mikrofonoak eta bideokonferentzia-sistemak).

b) Dirulaguntzaren xedearekin loturiko softwarea:

–Softwarea lizentziak.

–Hodeiko soluzioak eta aplikazioak.

–Neurrira egindako aplikazioak.

Zerbitzuen kostuak urtebetez onartuko dira gehienez, ezartzen direnetik kontatzen hasita.

c) Kontsulta eta aholkularitza zerbitzuak, zibersegurtasunerako auditoriak barne, baldin eta horren ondorioz telelana enpresan ezarri baldin bada.

d) Telelaneko soluzioak ezartzearekin zerikusi zuzena duten prestakuntza gastuak.

e) Diruz lagundu beharreko aurrekontua 2.500 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

1.4. D mota. Enpresaren baliabideak kudeatu eta planifikatzeko sistemak.

Enpresaren baliabideak kudeatzeko aukeratzen den soluzioa ezartzeagatik kanpoko enpresek onuradunari fakturatutako gastuak, atal hauetako batean sartzen badira:

a) Ezarri beharreko soluzioaren diagnostikoa, plangintza edo zehaztapena egiteko kontsulta zerbitzuak eta antzekoak.

b) Aktibo immaterialen eskurapena. Berariazko software lizentzien gastuak (on premise edo cloud), proiektuaren garapenarekin zuzenean lotuta badaude, baita hura ezartzeko eta abian jartzeko kostuak ere, urtebetez gehienez, ezartzen denetik kontatzen hasita.

c) Aktibo materialen eskurapena. Ekipamendu ondasunak, proiektuari –eta ez beste ezeri– zuzenean lotuak.

d) Diruz lagundu beharreko aurrekontua 5.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

1.5. E mota. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak:

a) Onuradunari fakturatutako gastuak IKTetan oinarritutako soluzio berritzailea garatu eta ezartzeagatik eta haren gainean emandako aholkularitzagatik. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, berariazko software lizentzien gastuak, ezarri gogo den soluzio berritzailearekin zuzenean lotuak. Gastu horiek ez dira inolaz ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak izanen, eta ez dira lotuak egonen enpresaren ustiapen gastu arruntekin.

b) Ekipo-ondasunak erosteko gastuak eta hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio-ekipoetan egindako inbertsioak, ezarri gogo den proiektuarekin zuzenean lotuak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, display-ak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta fabrikazio-prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa baliatzen badira.

c) Diruz lagundu beharreko aurrekontua 10.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

c) Software lizentzien gastuak eta hardware gastuak, salbu aurreko atalean aurreikusitakoak.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, kontzeptu diruz lagungarrietan berariaz sartuak ez daudenak.

3. Gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Honako kasu hauetan, onuradunak ez daude behartuak hiru eskaintzak eskatzera, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez dagoenean zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski.

b) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

d) Gastua hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartekoa da, egun hori barne.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarrien gaineko laguntza-portzentajea %40koa izanen da, eta proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza, berriz, honako hau:

EZARTZEN DEN PROIEKTUA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A. Merkataritza elektronikoa

4.000 euro

B. Enpresa soluzioak hodeian

6.000 euro

C. Telelana

10.000 euro

D. Kudeaketa eta plangintza sistemak

30.000 euro

E. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak

100.000 euro

2. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie neurri hauetakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatua, salbu eta enpresa horretara behartua dagoenean aipatu lege organikoaren 45.2. artikuluaren eta hamabigarren xedapen iragankorraren arabera.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasun Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia” zigilua, “Innovarse” zigilua eta abar).

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko ekainaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du, laguntza eskatzen duten proiektu guztiak jasoko dituena. Dena dela, 2.1 oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzeko proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza.

Proiektu bakoitzeko, 7.1 oinarriaren a), b) eta c) letretan ezarritako berariazko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

4. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko dokumentazioa.

1. Honako hau da eskabide telematikoari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa (dokumentuak bereiz aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta daudela):

a) “Proiektuaren memoria eta erantzukizunpeko adierazpena” izeneko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki horretan, proiektua deskribatzen duen memoria, proiektu mota bakoitzerako ezarritako gidoiaren araberakoa, eta 3., 14. eta 15. oinarrietan eskatzen diren betebeharren gaineko erantzukizunpeko adierazpena jasotzen dira.

b) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehatuekin batera.

c) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

d) Zein den kasua, 5.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria jaso dezakeela frogatzen duena.

e) Organo kudeatzaileari baimenik ematen ez bazaio 3.3 oinarrian aipatutako kontsulta egiteko, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izateari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, baita itxitako azken bi ekitaldietako urteko kontuak ere.

f) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betetzen ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 1. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

8. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

Egiaztatuko da proiektuek 2. oinarriko 2. atalean adierazitako betebeharrak betetzen dituztela.

D motako proiektuen kasuan (Enpresaren baliabideak kudeatu eta planifikatzeko sistemak) eta E motako proiektuen kasuan (IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak), zehazki, betebehar hauek:

a) Enpresaren eremuan berrikuntza ekarri beharko dute ikuspuntu teknologikotik edo produktuaren, zerbitzuaren edo antolaketaren aplikazioaren ikuspuntutik.

b) Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezarri beharko dira proiektuak.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Industria Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek, 2021eko irailaren 30era bitarte, egun hori barne, honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) “Justifikazioaren inprimakia”, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko memoria bat egonen da, ezarritako gidoiaren araberakoa.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira). Ordainketa horiek 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte eginak izan beharko dira.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua.

Foru dekretu horren 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Ezarritako soluzioak aktiboak izatea gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

c) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

d) Industria Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea hemen araututako laguntzen helburu bererako edo antzeko helbururako lortutako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

e) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du Nafarroan enpresa digitala sustatzeko 2021eko deialdian”.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria.–Laguntzen ordainketa

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla laguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du laguntza ordaintzeko ebazpena, 3 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH) eginen dira. Horretarako, eskatzaileak, gaitutako helbide elektroniko bat izateaz gain, Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen elektronikorako prozeduretan inskribatuak egon beharko dira eskaera egiten den unean.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es/PC_init.action. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste dirulaguntza batzuekin, baina bateragarriak beste entitate batzuek ematen dituztenekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskaeraren inprimakietan adieraziko dute zer dirulaguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

15. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako laguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zerga-ekitaldiko edozein denboralditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

16. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2104424