77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita 2021erako: “Espainiatik kanpo dauden nafar biltokientzako laguntzak”. DDBN identifikazioa: 552798.

Aspalditik, eta batez ere XIX. mendearen bukaeratik, Ameriketako zenbait herritara emigratu behar izan zuten nafarrek elkarteak sortu zituzten, iritsi berriak ziren emigratzaileei laguntzeko asmoz eta Nafarroako usadioei eta nortasun ikurrei eusteko gizarte eta kultur jarduerak sustatzeko asmoz.

Entitate horiek kultura zabaltzeko gune eta harremanetarako plataforma bilakatu dira, ospe handikoak tokian tokiko komunitateetan; orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren errealitate historikoaren eta egungoaren irudi ona ematen dute, eta Nafarroako balioak eta ezaugarriak hedatzen dituzte ausarki. Horregatik, elkarte horiek aktiboki laguntzen dute Kanpoan Bizi diren Nafarrentzako Estrategiaren helburuak lortzeko.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernua elkarlan berezian aritu da azken hamarkada hauetan Nafarroaren adierazgarri diren entitate horiekin, haien kultura eta gizarte jarduera sustatu eta bultzatzeko.

Nafar biltokiek Nafarroaren presentzia sustatzea interes sozial handikoa denez, eta kontuan izanik denboran zehar finkatu direla, eta urtero berritzen direla kultura, kirol eta gizarte arloko proiektu eta ekintza berriekin, bidezkoa da entitate horiei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat onestea.

Edizio honetan kontuan hartuko dira 2020. urtean bizi izandako inguruabar bereziak; izan ere, Covid-19ak eragindako osasun krisiak Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei ere eragin zien, noski, beren funtzionamendu arrunta eta jarduera diruz lagungarrien ohiko garapena aldatu baitzituen. Errealitate horretatik abiatuta, eta aintzat hartuta segur aski 2021ean ere iraunen duela, egoera berri honekin bat datorren laguntzen deialdia prestatu da, Nafarroak herrialde horietan duen presentzia mantentzen laguntzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea 2021erako: “Espainiatik kanpo dauden nafar biltokientzako laguntzak”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001 B5130 4900 144100: Suspertu Plana. Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak

2021

35.000,00

B50001 B5130 7819 144100: Suspertu Plana. Atzerrian dauden nafar biltokien lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2021

12.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ESPAINIATIK KANPO DAUDEN NAFAR BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2021EKO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, zehazki Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak beste herrialde batzuetan dauden nafar biltokiei 2021ean esleitzen dizkien laguntzena. Xedea da Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokiak mantentzen laguntzea, Nafarroaren irudia eta kultura sustatu eta zabaltzea, eta entitate horiek kultura eta gizarte ekitaldiak egitea, beren bazkideen arteko harremana eta haien integrazio soziokulturala hobetze aldera, eta jarduera horiek egiteko behar diren inbertsioak bultzatzea.

2.–Finantzaketa.

Osotara 47.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2021eko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

–35.000 euro, “Suspertu Plana. Atzerrian dauden nafar biltokientzako laguntzak” izeneko B50001 B5130 4900 144100 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

–12.000 euro, “Suspertu Plana. Atzerrian dauden nafar biltokien lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea” izeneko B50001 B5130 7819 144100 partidaren kargura, inbertsioak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira beste herrialde batzuetan finkaturik dauden nafar taldeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helbidea Espainiatik kanpo izatea.

c) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, aurreko paragrafoan aipatzen diren entitate gehien biltzen dituzten federazio nazionalek eska ditzakete laguntza hauek.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek biltokietako mantentze-lanetarako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2020ko abenduaren 4tik 2021eko abenduaren 3ra bitarte egindako gastuengatik.

a) Mantentze-lanen kontzeptuan sartzen dira biltokien funtzionamendu arruntak eragindako gastuak, hau da, bazkideei harrera emanez eta haien arteko gizarte eta kultura trukea erraztuz eragindakoak.

b) Jarduerak: xede dutenak bazkideen harremanak hobetzea eta kokaturik dauden herrialdeekiko integrazio handiagoa lortzea, baita Nafarroaren irudia eta kultura atzerrian sustatzea eta zabaltzea ere, besteak beste honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedea betetzeko jarduketa guztiak.

Honako hauek dira diruz lagungarritzat hartzen diren gastuak:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze-, mantentze- eta zaintze-lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Oroigarrizko eta adierazgarrizko ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguak eta haien interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Biltokiaren funtzionamendurako edo jarduerak egiteko beharrezkoak diren plataforma digitalekin lotutako gastuak.

–Covid-19aren ondoriozko neurriekin lotutako gastuak.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Gizarte lokalen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen erosiak badira, eta izenpetutako hipoteka-kreditua gaur egun itzuli gabe badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

• Lokalaren erosketak dirulaguntza jaso ez izana.

• Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.

• Kostua izatea oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik.

c) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipamendu finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoen erosketa.

–Munta txikiko beste esku-hartze batzuk.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia:

hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, deialdia argitaratzen denetik hasita. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC/DOCX, JPG/JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF/TIF, TXT, XLS/XSLX, ZIP.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, modalitate batean edo bestean aurkeztu:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak (1).

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria (1).

c) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren Nortasun Agiri Nazionala (1).

d) Entitate eskatzailearen IFZ (1).

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, eta swift kodea (1).

f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, egoitza duen herrialdean indarra duten xedapenei jarraikiz (2).

g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena egunean dituela egoitza duen herrialdeko zerga betebeharrak (2).

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zenbat bazkide duen entitateak 2021eko urtarrilaren 1ean, eta horien izena, bi deiturak eta NANa, baita 2021erako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak kanpo daudela dirulaguntzen onuradun izateko debekuetatik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

(2) Inguruabar horiek eskaeran aipatu beharko dira (2. apartatua, Entitatearen aitorpenak).

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra, abian den urterako, oinarri hauei erantsitako ereduarekin bat (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: http://www.nafarroa.eus).

b) Laguntzaren xedeko programa, honako hauek jasoko dituena:

–“Biltokien ezaugarriak” izeneko fitxa; fitxa hori oinarri honen eranskinetan ageri da, eta web-orri honetan eskura daiteke: http://www.nafarroa.eus.

–Jardueren fitxak deskribatzeko, fitxa bat beteko da programatutako jarduera bakoitzeko, bertan honakoak zehaztuta: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio. Hori guztia eranskineko ereduari jarraikiz eginen da (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: http://www.nafarroa.eus).

–Programatutako inbertsioen fitxak, kontzeptuz kontzeptu xehatutako aurrekontuarekin; fitxa bat beteko da aurreikusitako inbertsio bakoitzeko, erantsitako ereduari jarraikiz (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: http://nafarroa.eus).

c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatze aldera laguntza eskatzen dutenei dagokienez, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek espresuki aipatzen dituena: kreditua zer egunetan eman zen, kredituaren mugaeguna eta dirulaguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).

d) Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 47.000 eurokoa da. Horietatik, 20.000 euro bideratuko dira biltokien mantentze-lanetako gastuak finantzatzera (4.1.a) oinarria), 15.000 euro jardueren gastuak finantzatzera (4.1.b) oinarria), eta 12.000 euro inbertsio gastuak finantzatzera (4.1.c) oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2.1. Gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Biltokien mantentze-lanei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Bazkide kopurua 2021eko urtarrilaren 1ean: puntu 5 emanen da 20 bazkideko. Gehienez ere 50 puntu.

–Lokalaren edukiera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak bazkideentzat dituen baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (50 puntu gehienez):

• Lokalaren azalera: 20 puntu gehienez (50 metro baino gutxiago, 10 puntu; 50 eta 100 metro artean, 15 puntu; 100 metrotik gora, 20 puntu).

• Espazioak: 30 puntu gehienez (bilera gela, 4 puntu; jolas-areto bereizia, 3 puntu; liburutegia, 5 puntu; bulegoa, 2 puntu; kirol instalazioak, 4 puntu; sukaldea, 4 puntu; taberna-jantokia, 4 puntu; komunak, 4 puntu).

b) Jarduerei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

– Nafarroaren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna neurtuko du, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (50 puntu gehienez):

• Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez (idatzizko prentsa, irratia edo telebista erabiltzea, 10 puntu; posta elektronikoa, sare sozialak eta beste IKT batzuk erabiltzea, 15 puntu).

• Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez (bazkide eta ahaideentzako ekitaldiak, 5 puntu; bazkideei eta nafarren beste biltoki batzuei eskainitako ekitaldiak, 10 puntu; herritar guztiei eskainitako ekitaldiak, 25 puntu).

– Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da noraino diren egokiak lortu gogo diren helburuak, eta aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten ote duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin. Halaber, neurtuko da programa noraino den egokia eta berritzailea, eta deialdiaren helburuarekin bat ote datorren (30 puntu gehienez):

• Nafarroako gaiei buruzko jarduerak (kultura, ohiturak eta abar): 15 puntu.

• Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraitutasuna: 4 puntu.

• Elementu berritzaileak sartzea garatutako programetan, 7 puntu.

• Aurrerapenarekin, inplikazio sozialarekin, elkartasunarekin, berdintasunarekin eta beste balio batzuekin lotutako elementuak, 4 puntu.

• Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina, 20 puntu gehienez.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 30 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 10 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, kontuan hartuta bizigarritasun, segurtasun edo funtzionamendu baldintzak:

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 30 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar ertaina (ekipo informatikoak, altzariak, eta ostalaritzako ekipoak erostea): 60 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar handia (eraikinaren egiturari ukitzen badio edo oztopo arkitektonikoak kentzea badakar, bai eta, legezko betebeharrak edo jabeen erkidegoaren erabaki lotesleak direla eta, inbertsioa egitera behartuta badaude ere): 100 puntu gehienez.

30 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (mantentze-lanak, jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta partidaren zenbateko guztia (mantentze-lanetara, jardueretara nahiz inbertsioetara bideratutakoa) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa.

Laguntzaren zenbatekoa = entitateari esleitutako puntuak x puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Dirulaguntza bi alditan justifikatuko da: lehenengo justifikazioak 2021eko urriaren 16ra arte egindako mantentze-lanen, jardueren eta inbertsioen gastuak bilduko ditu; bigarrenak, berriz, 2021eko abenduaren 3ra arte egindako mantentze-lanen, jardueren eta inbertsioen gastuak.

Justifikazioa aurkezteko epea 2021eko urriaren 29an amaituko da lehenengo justifikaziorako, eta 2021eko abenduaren 9an, bigarrenerako.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan sartuko dira horien guztien fitxa deskribatzaile eta frogagarriak, oinarri hauei erantsitako ereduarekin bat (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: http://www.nafarroa.eus).

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (diru-sarrera propioak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), oinarri hauei erantsitako ereduarekin bat (web-orri honetan dago eskuragarri eredu hori: http://www.nafarroa.eus).

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako zenbatekoaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela frogatzen dutenak. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko. Fakturekin batera zerrenda bat aurkeztuko da, bertan zehaztuta faktura bakoitza zer jarduerari edo inbertsiori dagokion, http://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

e) Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat (hau da, urriaren 29ra arte aurkeztutakoak lehenbiziko justifikazio eperako, eta abenduaren 9ra artekoak bigarren eperako).

f) Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

Ordainketa eginen da egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren.

11.2. Aurrerakina.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluarekin, laguntza ematen den unean ordaintzen ahalko da mantentze-lanen gastuei dagokien zenbatekoa, muga honekin: kasuan kasuko dirulaguntza osoaren %60. Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari laguntza eskatzen duen unean.

11.3. Konturako ordainketa.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluarekin, konturako ordainketak egiten ahalko dira 2021eko uztailaren 15era bitarte egindako jarduerei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko.

Edozein kasutan ere, entitateek 2021eko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Konturako ordainketen justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako lehenbiziko epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.

Konturako ordaindutako jardueretakoren bat justifikatzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa kenduko zaio emandako gainerako dirulaguntzari.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, dirulaguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako eginbehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

ERANSKINA

Eskabidea eta dokumentazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104178