65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 551265.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Nafarroako industria sarea indartzearren, beharrezkoa da dirulaguntzen deialdi bat onestea 2021erako, hain zuzen ere, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 2020ko abuztuaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman du urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko 2022. urtean.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzak emateko 2021eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko “Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza” izeneko 810007 81210 7701 422207 partidaren kargura, baldin eta krediturik bada.

Halaber, 1.000.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 26an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handiek ekoizpen arloko inbertsio proiektuak egitea sustatzea, lehiatzeko egoera hobean egon daitezen.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Enpresa handia izatea; baldintza hori betetzen dutela ulertuko da baldin eta ezin badira ETEtzat jo, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera. Aipatutako erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Jarduera hauetako batean aritzea edo gero batean aritzeko asmoa izatea:

–Manufaktura-industriak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala-2009: C taldea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantza-eraldaketaren sektorea izan ezik).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009ko D taldeko 353. jarduera).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009ko E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

–Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (EJSN-2009ko H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

–Informazioa eta komunikazioak (EJSN-2009ko J taldea).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (EJSN-2009ko M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009ko M taldeko 72. jarduera).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009ko M taldeko 741. jarduera).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru agindu horren bidez sortu baitzen Nafarroako Industria Erregistroa (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa). Inskribaturik egotea beharrezkoa ez bada, erregistro industrialaren arloan eskumena duen organoaren frogagiria aurkeztu behar da.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, baldin eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan eta hamabigarren xedapen iragankorrean aipatutako enpresak badira. Plana lege organiko horren IV. tituluko III. kapituluan ezarritako irismen eta edukiarekin prestatu eta aplikatuko da, eta lan arloko legerian adierazitako moduan negoziatuko da.

f) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

h) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera. Salbu eta 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

i) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

j) Aurreko urtebetean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, zehapen irmorik jaso ez izana laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste astun bat egiteagatik.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta adierazpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. Entitateak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasotako sektore publikoko entitateak badira.

3. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak: helburua, gauzatzeko aldia eta gutxieneko aurrekontua.

1. Aktibo material eta immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagungarriak izanen dira, Nafarroan egiten badira eta helburu badute:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu batean ekoizpena dibertsifikatzea, baldin eta horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jarduerei dagokien 2009ko EJSNaren 4. digitua eta jarduera berriena ezberdinak badira.

c) Ekoizpena zabaltzea edo handitzea produktu berriak sartuz edo merkatu berrietan (bezeroenak, geografikoak edo sektorialak) sartuz.

d) Enpresak gaur egun dituen merkatu eta produktuak aldatu gabe, ekoizpena zabaltzea edo handitzea.

e) Industria prozesuen efizientzia hobetzea.

f) Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzea.

2. Proiektuak laguntza eskatzen den egunetik 2022ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da proiektuak gauzatu direla proiektuaren kostu diruz lagungarriak epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu direnean.

3. Dirulaguntza jaso dezakeen gutxieneko aurrekontua 300.000 eurokoa da enpresa bakoitzeko.

4. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten kostuak dira diruz lagungarriak:

a) Zuzenean proiektuaren helburua lortzeko laguntzea (3.1 oinarria) eta xede hau izatea:

I. Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada inbertsio diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

II. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

III. Beste aktibo material batzuk erostea edo erosteko aukerarekin errentan hartzea. Halako ondasunak erosten badira, oinarri honen 2. eta 3. atalei jarraituko zaie.

IV. Aktibo immaterialak erostea, baldin eta horren gastuak gainditzen ez badu kostu diruz lagungarri osoaren %50.

V. Bestelako kostuak, II) eta III) puntuei lotuta, hala nola obra, jarduera eta irekitzeko lizentziak, edo arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, horietako balioaren %20 gainditzen ez badute.

b) 3.2 oinarrian ezartzen den epearen barruan eginda izatea, hau da, epearen barruan fakturatu eta ordaindu direnean. Finantza-errentamenduaren bidez eskuratzen badira, 2. atalean eta 12.2.b) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

c) Laguntzaren onuraduna den establezimenduan erabiltzea, moldeak, trokelak, tresnak, IKTko inbertsioak eta haiei atxikiriko gainerako inbertsioak izan ezik, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahalko baitira.

d) Behar bezala kontabilizatuta egotea, inbertsio gisa.

e) Kostu diruz lagungarriren gastu bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea aukeratu dela efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera. Horretarako, “Hornitzaile-aukeraren justifikazioa” inprimakia bete eta, horrekin batera, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, diruz lagundutako jarduketa justifikatzen den unean, 10. oinarrian ezartzen den moduan.

Hornitzaileen eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez, ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera hautatu izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

Honako kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

a) Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

c) Aktiboa hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

Nolanahi ere, enpresak txosten tekniko-ekonomiko baten bidez justifikatu beharko ditu hiru eskaintza ez aurkezteko arrazoiak. Bestela, inbertsioko elementu horrek ez du dirulaguntzarik jasoko.

2. Finantza-errentamenduaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagungarria izanen da baldin eta eragiketa 3.2 oinarrian adierazitako aldian egiten bada eta erosketaren xedea bada makinak edo instalazioak erostea.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du. Halaber, bi tramiteok lehenagoko paragrafoan esaten den aldian egin beharko dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz laguntzen ahalko dira soilik Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzen badituzte. Betiere, baldintza hau bete beharko da: prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasatzaile independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoen gisa kontabilizatzen badira.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diruz lagunduriko jardueraren helburuarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Establezimendu berri bat sortuz gero edo lehengo establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatuz gero, enpresa kokatzen bada eskualdeko laguntzen 2014-2020 maparen barreneko eremu batean: eskaera eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketa aurreratuekin egindako inbertsioak.

f) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

g) Hauetarako inbertsioak: aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

h) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

i) Interes zordunak eta gainerako finantza-gastuak.

j) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

k) Lurrak eta eraikinak eskuratzea, baldin eta deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 10 urtean dirulaguntzaren bat jaso badute.

5. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa aurrekontu diruz lagungarriaren %10 adinakoa izanen da. Gehieneko diru-muga hauek ezarri dira:

Proiektu mota

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 maparen barreneko eremuan kokatutako enpresa (*)

Mapan sartuta ez dagoen eremu batean kokatutako enpresa

Establezimendu berria

500.000 euro

200.000 euro

Dibertsifikazioa

300.000 euro

200.000 euro

Zabaldu edo handitzea

200.000 euro

200.000 euro

Industria jarduerak sartzea

200.000 euro

200.000 euro

(*) Eskualdeko laguntzen 2014-2020 maparen barreneko eremuan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) kontsulta daiteke.

6. oinarria. Laguntzetarako eskaerak.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko apirilaren 30ean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es/eu/) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da enpresa eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidearen inprimakia.

b) Enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) 2020. urtean alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren gaineko txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoa.

e) 2.1.e) oinarriak aipatzen duen emakumeen eta gizonen berdintasun plana.

f) Hala badagokio, laguntzen fitxan zehaztuko den dokumentazio osagarria.

5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagoka bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

8. oinarria. Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskabideak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. Proiektua egiten duen enpresa baloratzeko irizpideak, gehienez 35 puntu, honela banatuak:

1.1. Enpresak Nafarroan duen tamaina, laguntza eskaera egiten den egunean:

ENPRESAK NAFARROAN DUEN BATEZ BESTEKO PLANTILLA 2020. URTEAN

PUNTUAZIOA

100 langile baino gutxiago

5

100 langiletik 250 langilera bitarte

10

250 langile baino gehiago

15

1.2. Ekonomia sozialeko enpresak:

EKONOMIA SOZIALEKO ENPRESA MOTAK

PUNTUAZIOA

Ekonomia sozialeko enpresak (*)

5

Enplegu-zentro bereziak (**)

10

(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten entitateak.

(**) Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 43. artikuluko baldintzak betetzen dituzten entitateak. Legegintzako errege dekretu horren bidez, desgaitasuna dutenen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onetsi zen.

1.3. Enpresa nagusiaren helbide soziala Nafarroan izatea: 7 puntu.

1.4. Industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2018ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa): 3 puntu.

2. Inbertsio proiektuaren kokapena, 10 puntu arte gehienez:

INBERTSIO PROIEKTUAREN KOKAPENA

PUNTUAZIOA

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartutako eremuko udalerria, eta ≥ 5.000 biztanle dituena (2020ko urtarrilaren 1ean)

5

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartutako eremuko udalerria, eta < 5.000 biztanle dituena (2020ko urtarrilaren 1ean)

10

3. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak, gehienez 55 puntu, honela banatuak:

3.1. Proiektu mota:

INBERTSIO-PROIEKTU MOTA

PUNTUAZIOA

Establezimendu berri bat sortzea (3.1.a oinarria)

24

Beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzea (3.1.f oinarria)

22

Lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea (3.1.b oinarria)

20

Ekoizpena zabaltzea edo handitzea produktu berriak sartuz edo merkatu berrietan (geografikoak, bezeroenak edo sektorialak) sartuz (3.1.c oinarria)

13

Enpresak gaur egun dituen merkatu eta produktuak aldatu gabe, ekoizpena zabaltzea edo handitzea (3.1.d oinarria)

9

Industria prozesuen efizientzia hobetzea (3.1.e oinarria)

6

3.2. Proiektua bideratzea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (RIS3) lehentasunezko arloetako edo erronketako batera: 7 puntu.

3.3. Nafarroako Gobernuak foru intereseko proiektutzat deklaratzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (foru lege horrek hizpide ditu enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriak): 7 puntu.

3.4. Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

PUNTUAZIOA

≥ %25 eta <%50

3

≥ %50 eta <%75

6

≥ %75

9

3.5. Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

< %25

2

≥ %25 eta <%50

4

≥ %50 eta <%75

6

≥ %75

8

4.0 Industrietan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialarekin.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazioa.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligence.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, “Activa Industria 4.0 programa” edo “Itinerarios 4.0” laguntzen deialdietan aurreikusitako irismenarekin (2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa); planak gauzatua edo gauzatzeko bidean egon behar du.

4. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hura hausteko, lehentasuna emanen zaio 3.3 irizpidean puntuazio altuena lortzen duenari, eta horren ondotik, 2. irizpideko puntuazioari. Horrela ere hausten ez bada berdinketa, 2020an Nafarroan zeukan batez besteko plantillari begiratuko zaio, handienetik txikienera.

9. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskudunera ebazpen proposamena igorriko du, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da laguntza emateari buruz ebatziko duen organo eskuduna.

Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Emakida horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

10. oinarria. Dirulaguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitarte (biak barne) egindako inbertsioa justifikatu beharko dute.

2. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntza fitxen bidez:

a) Zerrenda bat, excel formatuan, egindako inbertsioekin.

b) Fakturak eta ordainagiriak.

c) Proiektua egin izanaren memoria, zehaztuta hasierako aurreikuspenekiko izandako desbideraketak eta proiektuaren helburuarekiko duten loturaren justifikazioa. Halaber, justifikatu egin beharko dira ekoizpen prozesuaren barruan egindako inbertsioetan izandako aldaketak, horien balioari zein funtzionalitateari dagokienez.

d) “Hornitzaile-aukeraren justifikazioa” izeneko inprimakia eta 4.1.e) oinarrian eskatzen diren 3 eskaintzak.

e) Kontabilitateko dokumentazioa: ibilgetuaren handiagoa (2. taldea), baturen eta saldoen egiaztapen balantzea (2. taldea) eta itxitako azken zerga-ekitaldiko urteko kontuak.

f) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen bada: kontratua, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa duena, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.

g) Eraikuntzako inbertsioen kasuan: Obra amaierako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.

h) Lurrak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero: salerosketaren eskritura, tasatzaile independente baten ziurtagiria, eta honako hau dioen adierazpena: lurrek eta ondasun higiezinek ez dutela dirulaguntzarik jaso deialdi hau argitaratu aurreko 10 urtean.

i) Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzen badira: tasatzaile independente baten ziurtagiria.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Aitorpen hori betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egin eta frogatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Dirulaguntza lortzen duen inbertsioa atxikita mantentzea enpresak Nafarroan duen jarduera ekonomikoari, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta bost urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

e) Jasotako dirulaguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdian”.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, ondoren aipatzen diren arrazoiengatik. Zehazki:

a) Baldin gauzatu gabeko inbertsioa laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioaren %40tik gorakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Baldin gauzatu gabeko inbertsioa laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioaren %70etik gorakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak ez-gauzatzeen berri ematen badio, 2022ko urtarrilaren 31 baino lehen, Industria Sustatzeko Zerbitzuari, laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. 10. oinarriko ziurtagiriak azterturik, Industria Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan jasoko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntza ordaindu aurretik, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Laguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino gehiago denean, Industria Sustatzeko Zerbitzuko langileek bisita bat eginen dute onuradunen establezimenduan, inbertsioen egiaztapen materiala egiteko. Bisitaren akta eginen dute. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

b) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez dirulaguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketa agintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

13. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen beste edozein laguntzarekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Horrelakoetan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua.

15. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntzak.

Badira laguntza batzuk Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpena egin beharretik salbuetsita daudenak, ezarritako baldintzak bete dituztelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluko 14. artikuluaren arabera (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”); izan ere, erregelamendu horren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria batzuk ezartzen dira, aplikatuz Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak (2014ko L 187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa). Hauek dira salbuetsita dauden laguntza horiek:

Hasierako inbertsiorako eskualdeko laguntzak jarduera ekonomiko berri baterako (3.1 oinarria, a) eta b) letrak), eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartuta dagoen eremuko enpresa handiei emandakoak.

16. oinarria. De minimis laguntzak.

1. Jarraian adierazten diren laguntzak de minimis laguntzak izanen dira, bat etorriz Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoarekin. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa), eta haren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa). Hauek dira laguntza horiek:

a) Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapatik kanpo dauden enpresa handiei ematen zaizkien laguntzak, establezimendu berri bat sortzeko eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzeko (3.1 oinarria, a) eta b) letrak).

b) Laguntzak, ekoizpena zabaldu edo handitzeko produktu berriak sartuz edo merkatu berrietan (bezeroenak, geografikoak edo sektorialak) sartuz (3.1.c oinarria).

c) Laguntzak, enpresak gaur egun dituen merkatu eta produktuak aldatu gabe, ekoizpena zabaldu edo handitzeko (3.1.d oinarria).

d) Laguntzak, industria prozesuen efizientzia hobetzeko (3.1.e oinarria).

e) Laguntzak, Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzeko (3.1.f oinarria).

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakarrari emandako de minimis laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zerga-ekitalditako edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

17. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

18. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2103338