65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2021 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzako prestakuntza beka baten deialdia onesten duena, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 551042.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burutzak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzat, eta, ondoren, hura emateko deialdia egitea. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da, eta, hasiera batean, urtebeteko iraupena du, hiru urte bete arte luzatzen ahal bada ere.

Beka hau iragarri eta emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.

Hautatzen den pertsonak gazteen sektoreari lotutako prestakuntza lanak eginen ditu; Gazteriaren Behatokiak egiten dituen lanetan eta ekintzetan lagunduko du, eta parte hartuko du Institutuaren helburuak lortzen laguntzeko asmoz gazte jardueren programazioari eta exekuzioari buruz egiten diren azterketetan.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonei zuzendua, ebazpen honen eranskinean jaso diren oinarrien arabera. Hauxe da bekaren iraupena: 2021eko maiatzaren 1etik 2022ko apirilaren 30era arte. Bukatutakoan, beste bi urte luzatzen ahalko da, 2024ko apirilaren 30era arte, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak ahalbidetzen duen hiru urteko kontratazioa bete arte, hain zuzen.

2. Bekaren hamabi hilabeterako, 13.540,92 euroko gastua baimentzea, honela banatua:

2021. urtean, gastua, osotara, 8.978,87 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

–8.640,00 euro 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 8 hilabeteko soldatak ordaintzeko.

–338,87 euro, zazpi hilabetez gizarte segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 48,41 eurokoa baita, 2021eko maiatzetik 2021eko azarora arte.

2021eko abenduko 48,41 euroko kuota 2022ko urtarrilean ordainduko da, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2022rako, gastua, osotara, 4,562,05 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2022. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–4.320,00 euro, 2022ko urtarriletik apirilera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

–242,05 euro, gizarte segurantzako kuota bost hilabetez ordaintzeko, 2021eko abendutik 2022ko apirilera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euro hilean.

2022-2023 eta 2022-2024 urteetan luzatzen diren beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

2022., 2023. edo 2024. urteetan gizarte segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIAREN OINARRIAK, NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAN ARITZEKO

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da behar diren oinarri arautzaileak ezartzea Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzako prestakuntza beka bat emateko, norgehiagokako araubideari jarraikiz. Beka Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Bekaren helburua unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, Institutuak gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Beka honen guztirako gastua 13.590,92 eurokoa da. Kopuru hori honela banatuko da:

2021. urtean, gastua, osotara, 8.978,87 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

–8.640,00 euro 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 8 hilabeteko soldatak ordaintzeko.

–338,87 euro, zazpi hilabetez gizarte segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 48,41 eurokoa baita, 2021eko maiatzetik 2021eko azarora arte.

2021eko abenduko 48,41 euroko kuota 2022ko urtarrilean ordainduko da, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2022rako, gastua, osotara, 4,562,05 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2022. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–4.320,00 euro, 2022ko urtarriletik apirilera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

–242,05 euro, gizarte segurantzako kuota bost hilabetez ordaintzeko, 2021eko abendutik 2022ko apirilera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euro hilean.

2022-2023 eta 2022-2024 urteetan luzatzen diren beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

2022., 2023. edo 2024. urteetan gizarte segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Iraupena.

Bekak hamabi hilabeteko iraupena izanen du. Esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da, inola ere 2021eko maiatzaren 1a baino lehen, eta 2022ko apirilaren 30ean bukatuko da. Beka 2022ko maiatzaren 1etik 2024ko apirilaren 30era arte luzatzen ahalko da, bat etorriz apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura 13.540,92 eurokoa da gehienez. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sartu dira. Onuradunari hilero 1.080,00 euro gordin ordainduko zaizkio, hilabetea bukatu eta gero, edo dagokion zati proportzionala, hala behar denean. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion gizarte segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurre-aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

f) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

7. Eskaerak.

7.1. Prestakuntza beka hau lortzeko interesaturik dauden pertsonek Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dute eskaera (Yanguas y Miranda 27, behea, 31003 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskabide-orria (deialdiaren II. eranskina).

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere. (III. eranskina)

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, bederatzigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio Batzordearen osaera. Osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Honako hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea:

Batzordeburua: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Ikasketa Eklesiastikoetako lizentziaduna, Gizarte Laneko diplomaduna eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Ordezko batzordeburua: Carlos Amatriain Busto jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Idazkaria: Jesús Beitia López jauna, Geografia eta Historiako lizentziaduna, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: Juan Arcón Alzorriz jauna, Biologia Zientzietako lizentziaduna, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.

Batzordekidea: Benito Daniel Goñi Lara jauna, Soziologiako lizentziaduna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.

Ordezkoa: Rosa Oteiza andrea, Ingeles Filologiako lizentziaduna, Gazte Mugikortasunerako Bulegoko burua.

Batzordekidea: Raquel Ezquerra Sales andrea, Turismoko graduduna, gazteria arloko teknikaria Gazteriaren Zuzendaritzan.

Ordezkoa: Mar Basail Barberena andrea, Gizarte Laneko diplomaduna. Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoko burua.

8.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

8.3. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera beka emateko proposamena eginen du eta proposamen hau loteslea izanen da.

9. Baloratzeko baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 14 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa-espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: 1 puntu.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea (euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana):

Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik.

B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira. B2 mailatik beherako tituluei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 2,5 puntu gehienez.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

d) Soziologiarekin zerikusia duten baina lizentziaren curriculumean sarturik ez dauden gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: Gehienez ere: puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

e) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatuko dira.

10. Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean, informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka eman zaiola dioen ebazpena jakinarazten denetik 10 laneguneko gehieneko epean, beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egoitzan egiten ahalko dira (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña). Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, berdin jokatuko da bata bestearen atzetik.

11. Tutoretzak.

11.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoak zuzendu eta ikuskatuko ditu bekadunak egiten dituen lanak.

11.2. Tutoreak aginduta, bekadunak prestakuntza ekintzak egin beharko ditu Gazteriaren Behatokiaren garapenean laguntzeko, zentzurik zabalenean, eta, orobat, parte hartu beharko du Gazteriaren arloko 2021-2023 Foru Estrategia prestatzeko, segimendua egiteko eta ebaluatzeko batzordean eta Gazteriaren arloko 2021-2023 Foru Planean. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan parte hartuz osatuko du bere prestakuntza, interesgarriak iritziz gero. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 8:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du ea bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituen.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendaritzari horren berri eman beharko zaio, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19. Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken txostena aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari zuzendua.

Deialdi honen aplikazio ekintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103240