65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat onesten da nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. DDBN identifikazioa: 551639.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak goi mailako kirol jarduera jorratzen du, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Gobernuak 2020ko abenduaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat tramitatzeko, nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko liga erregular ofizialetan 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat.

2021erako deialdi hau tresna bat da klubek aipatu lehiaketetan parte hartzeagatik izaten dituzten gastuak zati batean ordaintzen laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera, eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. 2021eko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubei eta kirol klub filialei. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 465.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Suspertu plana. Kirol entitateak. Hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002-A5120-4819-336109 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1., 2. eta 3. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1.–Oinarri hauek helburu dute dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

Modalitatearen egutegia 2021eko irailaren 30etik aurrera bukatzen denean, egun hori arte egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. Egun horretatik aurrera egiten direnak 2022ko deialdian hartuko dira kontuan, hala balegokie.

1.2.–Dirulaguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, partez ordainduz lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak eta COVID-19a prebenitzeko nahitaezko gastuak, txapelketa horietan parte hartzearen ondoriozkoak direnak. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1.–Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, betiere kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute oinarri hauetako hurrengo klausulan zehazten diren lehiaketetan.

Nafarroan modalitatearen gaineko kirol federaziorik ez bada, klubek dagokion Espainiako federazioarekin tramitatuko dute lizentzia zuzenean edo, bestela, modalitateko beste autonomia erkidego bateko edozein federazioaren bidez.

2.2.–Orobat, nazioarteko lehiaketen kasuan, Espainiako Federazioaren edo egoki den nazioarteko federazioaren bidez frogatu behar dute 3.1.d) oinarrian agertzen diren lehiaketetako bat dela.

2.3.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan.

2.4.–Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten kirol klubek eta kirol klub filialek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

2.5.–Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Lehiaketa diruz lagungarriak.

3.1.–Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira ondoren azaltzen diren lehiaketak:

–Lehiaketa nazionalak.

Maila hauetan sailkatzen dira:

a) 1. maila.

Espainiako txapelketak edo Espainiako kopak edo antzekoak (ASOBAL Kopa, ABF Kopa, Superkopa), modalitate olinpikoetako kategoria absolutuan.

Kirol egokituaren lehiaketak.

Erregearen edo Erreginaren kopak, “play off” gisako partidak, kategoria absolutuan eta lehiaketaren maila gorenean, Espainiako kirol federazioek antolatuta daudenean.

b) 2. maila.

Espainiako txapelketak edo Espainiako kopak, modalitate ez-olinpikoetako kategoria absolutuan.

Behe mailako Espainiako txapelketak, Kirol Kontseilu Gorenak deituak, beste deialdi batzuetan jasota ez daudenean.

Erregearen edo Erreginaren kopak, “play off” gisako partidak, kategoria absolutuan eta lehiaketaren beste maila batzuetan, Espainiako kirol federazioek antolatuta daudenean.

Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, a) atalean adierazitako Espainiako lehiaketa ofizialetan sailkatzeko bide badira.

c) 3. maila.

Kasuan kasuko Espainiako federazioen egutegi ofizialeko probak, 2. eranskinean zehaztutako distantzia laburren barnean sartuta dauden probintzietan.

–Nazioarteko lehiaketak.

Ondotik zehazten diren nazioarteko lehiaketak, baldin eta parte-hartzaileak agertzen badira Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan edo Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimendukotzat hartuak baditu:

  • Munduko edo Europako Txapelketa.
  • Munduko edo Europako Kopa.
  • Horietarako eta 2021eko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko lehiaketak.

Maila hauetan sailkatzen dira:

a) 1. maila.

Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere modalitate olinpikoak badira.

b) 2. maila.

1. mailako lehiaketa berak, baina modalitate ez-olinpikoen kasuan.

c) 3. maila.

Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

d) 4. maila.

3. mailako lehiaketa berak, baina modalitate ez-olinpikoen kasuan.

3.2.–Ezin dira diruz lagundu aurreko atalean agertzen ez diren lehiaketak, eta berariaz hauek:

a) Beteranoentzako edo master kategoriako lehiaketak, galarazi gabe kirolari beterano edo master kategoriako batek dirulaguntza jasotzea aurreko atalean agertzen diren lehiaketetan kategoria senior edo absolutuan parte hartzeagatik.

b) 2009. urtean eta hurrengoetan jaiotakoentzako lehiaketak, hau da, eskuarki haur kategoria izena duenetik beheragoko kategoriak.

c) Nafarroan egindako txapelketak.

d) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

e) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

f) Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten klubak. Halaber, deialdi honetatik bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

3.3.–Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan dirua dagoen artean.

3.4.–Lehiaketa nazionalei eta autonomia erkidegoen artekoei dagokienez, gastu hauek lagunduko dira diruz: alde batetik, joan-etorriak, ostatuak eta mantenua, eta bestetik, COVID-19a prebenitzekoak. Lehendabiziko kasuan, modulu aldakor baten bidez zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, 2. eranskinean ezarritako irizpideekin bat. COVID-19a prebenitzeko gastuei dagokienez, justifikatutako gastuen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, 2. eranskinean ezarritako baldintza eta mugekin.

3.5.–Nazioarteko lehiaketen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, bakar-bakarrik kontuan hartuko dira inskripzio, joan-etorri eta ostatu eta mantenurako egindako gastuen zenbatekoak eta COVID-19a prebenitzeko gastuenak, 3. eranskineko mugekin.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1.–Deialdi honetarako onetsitako gastua 465.000,00 eurokoa da, eta Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Suspertu plana. Kirol entitateak. Hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura ordainduko da.

2021eko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 75.000,00 eurotan gehienez.

4.2.–Dirulaguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eta 3. eranskinetan deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei eta modulu aldakorrei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epeak.

5.1.–Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/eu/individualizada

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskabideak eta, fitxa hori erabiliz, telematikoki aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko urriaren 20an bukatuko.

Lehiaketa egin ondoan baino ezin da egin eskaera. Ez dago bukatu baino lehen eskatzerik.

Baldin eta txapelketa edo lehiaketa diruz lagungarriak proba, fase edo jardunaldi batzuk baditu (zirkuitu mota), egindakoetarako aurkezten ahal da dirulaguntza eskaera, lehiaketa bukatu ez bada ere. Hau da, egindako proba, fase edo jardunaldi bakoitzerako eska daiteke dirulaguntza.

Modalitatearen egutegia 2021eko irailaren 30ean baino geroago bukatzen denean, 2021eko urriaren 1aren aurretik egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. 2021eko irailaren 30etik aurrera egiten diren kirol probak ez dira deialdi honetan sartuko.

5.2.–Entitate batek parte hartzen badu lehiaketa batean baino gehiagotan, izan esparru nazionalekoak edo autonomia erkidegoen artekoak, eskaera bakar bat aukez dezake horiek denak biltzeko, edo eskaera bat parte hartzen duen lehiaketa bakoitzeko (bi aukera horietan lehenengoa hobesten da).

Nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko, lehiaketa bakoitzeko eskaera bat bete beharko da.

5.3.–Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskaeraren inprimakia (8. eranskina), non egindako gastuen eta diru-sarreren zerrenda jasoko baita. Lerro bat erantsiko da egindako lehiaketa bakoitzeko.

Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:

–Baimena eskatzaileak Ogasunekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Adierazpena, zehazteko klubak badakiela NKIk ziurtagiria eska dezakeela frogatzeko eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

–Eskaerako datu ekonomikoen zenbatekoak egiazkoak direla dioen ziurtagiria.

b) Aitorpena, adierazten duena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin. Horretarako, 4. eranskina bete behar da. (Behar bezala sinatuta egonen da).

c) 5. eranskina betetzea eta frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak. (Behar bezala sinatuta egonen da).

d) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

e) Egindako jardueraren memoria laburra.

f) Lehiaketen aktak edo emaitzak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria. Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira dirulaguntza eskatzen duen klubeko kirolariak. Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketen kasuan, kirolariak batera lehiatu badira, adin-taldeka bereiziko dira kategorien sailkapenak.

g) Frogatzea Nafarroako Gobernuaren agerpen instituzionala jantzietan, instalazioetan eta hedabideetan (elektronikoak, ikus-entzunezkoak, kartelak eta inprimatutako beste material batzuk).

h) COVID-19aren prebentzioarekin lotutako fakturak eta haien ordainagiriak, eta gastua nahitaezkoa dela zehazten duen lehiaketaren araudia. PCR probak, antigenoen testak edo beste batzuk. Gastu horiek nahitaezkoak ez badira edo beste erakunde batek finantzatu baditu, ez dira aurkeztu behar.

i) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada edo aldaketaren bat izan bada bakarrik).

j) Eta, aurrekoez gain, nazioarteko lehiaketen kasuan:

1. Kasuan kasuko federazioaren egiaztagiria, frogatzen duena ofiziala dela klub eskatzaileak parte hartzen duen lehiaketa eta 3.1.d) oinarrian zerrendatzen diren lehiaketetako bat dela.

2. Justifikazioko kontua, honako hau aurkeztuta:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien zerrenda, zenbakiturik, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua.

–Fakturak edo merkataritzako trafikoan froga balio bera duten agiriak, inskripzio, joan-etorri eta ostatuarengatik sortutako gastuei dagozkienak, eta haien ordainagiriak.

–Jarduera dela eta, edozein Administrazio Publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakituta eta xehakatuta.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1.–Laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna NKIko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2.–Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

6.3.–Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7. Dirulaguntza ebaztea.

7.1.–NKIko zuzendari kudeatzaileak gehienez hiru hilabeteko epean emanen du laguntzak ematearen gaineko ebazpena, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun-betebeharrak bete badira.

7.2.–Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio telematikoki. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda jasoko ditu, ukoaren arrazoia barne. Orobat, ebazpena www.navarra.es/home_eu/ web-orrian egongo da ikusgai.

7.3.–Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura dirulaguntza gehiago eskuratzeko.

8. Dirulaguntzaren ordainketa.

Emakidaren ebazpenean erabakita egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2021eko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 11. apartatuan aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

Ez da beste frogagiririk beharko, eskaeraren barnean baitaude (hura aurkezteko epea 2021eko urriaren 20an bukatuko da).

Justifikatzeko modua hauxe izanen da:

–Justifikazioko kontuaren bidez, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeagatik ematen den dirulaguntzaren kasuan eta lehiaketa nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzeak COVID-19a dela-eta dakartzan gastuen kasuan.

–Moduluen bidez, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuen kasuan, lehiaketa nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzen denean.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, bete dituztela dokumentu bidez frogatu, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea 5. eranskineko inprimakia betez. Horrez gain, beste klub batzuekin batera egin dituzten joan-etorriak ere adieraziko dira. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera. Bete 5. eranskina.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, klubaren web-orrian, jantzietan eta instalazioetan, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako diskriminazioa islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala. NKIk edozein agiri eska dezake bidezkotzat jotzen badu eskatzailearen datuak berresteko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua 4. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

12. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

NKIko web-orrian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz. (https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/individualizada).

14. Errekurtsoak.

14.1.–Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

14.2.–Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

15. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Modulu aldakorrak kalkulatzeko metodoa lehiaketa nazionaletan
eta autonomia erkidegoen artekoetan

Aplikatzeko irizpideak.

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, jarduera diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetan joan-etorrietarako jasotako modulu aldakorrak eta COVID-19ari lotutako gastuen justifikazioko kontua batuz kalkulatuko da dirulaguntza lehiaketa nazionaletan edo autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzeagatik, behar den eskaera aurkeztu ondoren.

1.–Kontuan hartu beharrekoak.

Oro har, ondotik zehazten den modulu aldakorra aplikatuko da, Nafarroatik kanpo joatea ekartzen duen kirol lehiaketa bakoitza bereizita.

Dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Joan-etorrietako distantzia. Hiru distantzia mota bereizten dira:

• Laburrak: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Burgos, Zaragoza, Huesca, Errioxa eta Soria.

• Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palentzia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid eta Zamora.

• Luzeak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Kanariak, Lugo, Málaga, Melilla, Murtzia, Ourense, Pontevedra eta Sevilla.

b) Parte-hartzaile kopurua. Modulua aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

Banakako kirolak:

Zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua.

4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Zerrendan ez dauden kiroletan, dagokion aktan inskribatutako pertsonen arabera erabakiko da kirolari kopurua.

• Automobilismoa eta motoziklismoa: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotu bat, teknikari bat eta ibilgailu bat.

• Ziklismoa: 8 ziklistak baino gutxiagok parte hartzen duten joan-etorrietan, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. 8 ziklista edo gehiago badira, hiru hartuko dira kontuan.

• Aire kirolak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotua(k), teknikari bat eta ibilgailu bat. Gainera, proba osatzen duten etapetako bakoitzean egindako kilometrajea hartuko da kontuan.

• Kirol egokituak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: parte hartzen duten kirolariak eta lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

• Hipika/Horseball-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: zaldizko bat, zaldi bat eta laguntzaile/prestatzaile bat. Taldeen kasuan, honela kalkulatuko da: jokalarien kopurua bider bi, gehi laguntzaile/prestatzaile bat.

• Mushing-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: musher bat eta lera bat, eta beste unitate bat hartuko da kontuan parte hartzen duten lau txakurreko.

• Piraguismoa, arrauna eta bela: joan-etorri bakoitzerako, 4 arraunlariko (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

• Triatloia: joan-etorri bakoitzerako, 4 triatletako (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).

Taldeko kirolak:

• Badmintona: 8 parte-hartzaile.

• Saskibaloia: 14 parte-hartzaile.

• Eskubaloia: 18 parte-hartzaile.

• Beisbola: 20 parte-hartzaile.

• Futbola: 18 parte-hartzaile.

• Areto futbola: 14 parte-hartzaile.

• Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.

• Izotz-hockeya: 15 parte-hartzaile.

• Pilota (zesta punta): 4 parte-hartzaile.

• Pilota (erreminta): 6 parte-hartzaile.

• Esku pilota: 5 parte-hartzaile.

• Errugbia: 24 parte-hartzaile.

• Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.

• Boleibola: 13 parte-hartzaile.

• Waterpoloa: 15 parte-hartzaile.

c) Garraiobidea:

Mugitu behar direnen kopurua 12 artekoa denean garraiorako autoa erabiliko da. 12 baino gehiago direnean, berriz, autobusa kontatuko da.

Salbuespenez, joan-etorriak autoan egitea onartuko da lehiaketarako ezinbesteko kirol materiala (piraguak, bizikletak, motoak…) eraman beharra duten kirol modalitateetako partaideen kasuan.

d) Lehiaketa egunak:

Lehiaketa egunak kalkulatzeko, distantzia laburrak eta gainerakoak bereiziko dira:

Lehiaketaren distantzia laburra denean, benetan lehiakoak izan diren egunak izanen dira lehiaketa egunak, atseden egunak kontuan hartu gabe, txapelketa formatuetan tartekatzen direnak.

Lehiaketaren distantzia ertaina edo luzea denean, benetako lehendabiziko lehia egunetik azkenera arte izanen dira lehiaketa egunak; horrek ez du bat egin beharrik txapelketaren iraupenarekin. Hau da, tartekatutako atseden egunak kontatuko dira, baina ez txapelketan hasi aurrekoak, ez kanporatu ondokoak. Txapelketa bat asteburuetan egiten bada eta bat baino gehiago irauten badu, ulertuko da bi joan-etorri egin direla, eta astegunak ez dira kontuan hartuko.

2.–Balorazioak.

a) Mantenurako.

12 euroko balioa aplikatuko da gosari eta afari bakoitzeko, parte-hartzaile kopuruaren arabera, eta distantziak kontuan hartuz, honako irizpide hauei jarraikiz:

I. Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.

II. Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.

III. Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

b) Ostatatzeko.

35 euro aplikatuko dira gaua pasatu behar den bakoitzean, eta irizpide hauek hartuko dira aintzat gauak pasatzeko gastua kalkulatzeko, distantzien arabera:

I. Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.

II. Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.

III. Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

c) Kilometrajeagatik:

parte-hartzaileen kopuruaren arabera kalkulatuko da, honako irizpide hauei jarraikiz:

I. Lehiaketan gehienez 12 parte-hartzaile badaude: 0,20 euro aplikatuko dira kilometroko 4 parte-hartzaileko (edo zatikia).

II. Lehiaketan 13 parte-hartzaile edo handik gora badaude: ulertuko da bidaia autobusez egiten dela, eta 1,30 euro kilometroko aplikatuko dira, gehi kantitate finkoak (250 euro eguneko, distantzia ertainekoa/luzekoa bada).

III. Penintsulatik kanpoko bidaietarako, honako balio hauek hartuko dira erreferentziatzat: 200 euro pertsona bakoitzeko Kanarietara joateko, 100 euro pertsona bakoitzeko Balear Uharteetara, Ceutara eta Melillara joateko, gehi bi bider autobusez/autoz Iruñetik Madrilera edo Iruñetik Bartzelonara joateko bidaia.

Dirulaguntzaren joan-etorrien modulua kalkulatzeko oinarrizko zenbatekoa izanen da aurreko apartatuen batura (ostatua, mantenuak eta kilometrajea).

3.–COVID-19a prebenitzeko nahitaezko gastuak.

Lehiaketan parte hartzeko nahitaezkoak direla frogatzen diren gastuak onartuko dira, hala nola PCR probak, antigenoen testak eta haiek edo antzekoak egiteko osasun-laguntza, muga izanik 200 euro lehiaketa eta kirolari bakoitzeko, eta 2.500 euro talde baten lehiaketa guztietarako, eta aktetan agertzen diren kirolari eta teknikarientzat soilik.

4.–Emanen diren dirulaguntzak.

Dirulaguntza kalkulatzeko, joan-etorrien moduluarengatik lortutako zenbatekoak eta COVID-19ari lotutako gastuak batuko dira, eta gero biderkatuko lehiaketa mailaren arabera diruz lagundutako portzentajeari dagokion indize zuzentzailearekin.

Diruz lagundutako portzentajeak:

–1. MAILA: %75.

–2. MAILA: %50.

–3. MAILA: %40.

Gainera, emakumeentzat bakarrik diren jardueretan dirulaguntzaren zenbatekoa %10 handiagotuko da.

Herri kirolen kasuan ere %10 gehituko zaio lortutako zenbatekoari.

Bukatzeko, egokitutako kiroletan ere %10 gehituko zaio lortutako zenbatekoari.

3. ERANSKINA

Nazioarteko lehiaketetarako dirulaguntza kalkulatzeko metodoa

Aplikatzeko irizpideak.

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, parte hartu den nazioarteko lehiaketa diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako irizpideen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, dagokion eskaera aurkeztu eta gero.

Oro har, eskaera bakoitzean banaka ebaluatuko dira hartan zerrendatutako kirol lehiaketak, Nafarroatik atera beharra eskatu dutenak.

Kasu guztietan, nazioarteko lehiaketengatik dirulaguntza jasotzeko, parte-hartzaileak Nafarroako goi mailako kirolarien zerrendan agertuko dira, edo Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimendukotzat hartutakoak izanen dira.

Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi batzuetan jasota dauden lehiaketak.

b) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

c) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

Lehiaketen mailak.

a) 1. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere modalitate olinpikoak badira.

b) 2. mailakotzat hartuko dira a) apartatuko berak, baina modalitate ez-olinpikoen kasuan.

c) 3. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

d) 4. mailakotzat hartuko dira c) apartatuko berak, baina modalitate ez-olinpikoen kasuan.

“Puntuak emate hutseko” lehiaketak ez dira “sailkapen lehiaketa”ren parekoak.

Dirulaguntzaren kalkulua.

Ordaindu beharreko dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, lehenik, dagokion koefizientea, segun eta diruz lagunduko den jarduera zer lehiaketa mailatakoa den. Honela:

• Lehiaketako 1. maila = 1,00.

• Lehiaketako 2. maila = 0,70.

• Lehiaketako 3. maila = 0,50.

• Lehiaketako 4. maila = 0,30.

Gehienez ere dirulaguntza hauek emanen dira:

a) Banaka parte hartzeko kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila, gehi COVID-19a prebenitzeko nahitaezko gastuak. Gehieneko zenbatekoa: 1.000 euro lehiaketa/joan-etorri eta kirolari bakoitzeko, + 200 euro lehiaketa eta kirolari bakoitzeko COVID gastuetan.

Kirol egokituei dagokienez, kontuan hartuko dira lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

b) Taldeko kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila, gehi COVID-19a prebenitzeko nahitaezko gastuak. Gehieneko zenbatekoa: 3.000 euro lehiaketa/joan-etorri bakoitzeko, + 200 euro lehiaketa eta kirolari bakoitzeko COVID gastuetan; edo 4.000 euro, 15 kirolarik baino gehiagok parte hartzen badute, + 200 euro lehiaketa eta kirolari bakoitzeko COVID gastuetan.

Kirolariak edo taldeak lehiaketako zenbat egunetan parte hartu duen zehazteko, kontuan hartuko da aktetan edo lehiaketako emaitzetan azaltzen dena.

Hala ere, azkenean ordaindu beharreko kopuruak ezin du egindako eta frogatutako gastua gainditu (inskripzioari, joan-etorriei eta ostatu eta mantenuari eta COVID-19a prebenitzeko gastuari dagokiena baizik ez da kontuan hartuko).

Iragarkiaren kodea: F2103562