65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Herri-lurren Lan Batzordea eta haren erregelamendua.
Sorrera eta hasierako onespena

2021eko martxoaren 4an egin osoko bilkura berezian, onetsi zen Herri-lurren Lan Batzordea sortzea eta haren erregelamenduari hasierako onespena eman zitzaion.

Iritzirik interes orokorrekoa dela Herri-lurren Lan Batzordea sortzea, herritarrek parte-hartzeko organo gisa, herri-lurren, ingurumenaren eta tokiko garapen ekonomikoaren alorretan.

Kontuan harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.3 artikuluak honela dioela: “5.000 biztanle baino gehiagoko udaletan eta gutxiagokoetan ere –baldin eta haien Erregelamendu Organikoak hala xedatzen badu edo osoko bilkurak hala erabakitzen badu–, honako eginkizun hauek izanen dituzten organoak izanen dira: osoko bilkuran erabaki beharrekoak diren gaiei buruzko azterlan eta txostenak egin edo kontsulta eskaintzea, eta alkatearen, gobernu batzordearen eta delegaturiko eginkizunak dauzkaten zinegotzien kudeaketaren jarraipena egitea. Hori guztia, osoko bilkurari dagozkion kontrol-eskumenak galarazi gabe. Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek organo horietan parte hartzeko eskubidea izanen dute, Estatuko legediak ezarritako bermeek babesturik”.

Kontuan harturik Herri-lurren Lan Batzordeak bere gain izanen dituela osoko bilkuran erabakitako eginkizunak, hala nola txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea herri-lurren, ingurumenaren eta tokiko garapen ekonomikoaren alorretan, txostenak eskatzeko ahala izanik.

Kontuan harturik Herri-lurren Lan Batzordearen antolaketa eta funtzionamendua arauturik egonen dela beraren erregelamenduaren bidez eta, beraz, zinegotzien legezko kopuruaren gehiengo osoz onetsi beharko dela erregelamendu hori, hala eskatzen baitu Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47.2.f) artikuluak.

Kontuan harturik Herri-lurren Lan Batzordearen sorrera eta haren erregelamenduren onespena osoko bilkuran erabaki behar direla, aintzat hartuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2 artikuluan xedaturikoa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.3 artikuluarekin.

Kontuan harturik Udaleko idazkari nagusiak eta kontu-hartzaileak proposamenari buruzko txostena egin dutela, eta alkatearen aldeko irizpena jaso duela.

ERABAKITZEN DU

Lehena.–Herri-lurren Lan Batzordea sortzea eta hasiera batez onestea erregelamendua, zeina, behar bezala eginbidetua, administrazio espedientean jasorik baitago.

Bigarrena.–Erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal honen iragarki-taulan eta webgunean, 30 egun balioduneko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, herritarrek aurkez ditzaten egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak eta/edo iradokizunak.

Hirugarrena.–Idazkaritza Nagusiak eginen du aurkeztutako erreklamazioei eta iradokizunei buruzko txostena, eta osoko bilkurari helaraziko dizkio dagokion baiespen- edo ezespen-proposamena eta erregelamendua behin betiko onesteko proposamena.

Laugarrena.–Erreklamaziorik eta iradokizunik aurkezten ez bada, ordura arte behin-behinekoa izaniko erabakia automatikoki behin betikoa bilakatutzat hartuko da. Horretarako, alkateak behin betikotzat joko du onespena, eta beharrezko izapideak aginduko dira prozedura bukatzeko eta Herri-lurren Lan Batzordea abian jartzeko.

Melidan, 2021eko martxoaren 4an.–Alkatea, María del Valle Coca Pueyo.

Iragarkiaren kodea: L2103964