65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN

Udal ordenantza, helduek euskara ikasteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Antzingo Udalak, 2020ko abenduaren 9an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Helduek euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Erabaki hori 2021eko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 7an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

HELDUEK EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Helburua eta xedea.

Ordenantza honen xedea da euskara sustatzeko dirulaguntzak arautzea. Udal honek emanen ditu laguntza horiek, euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei.

Diruz lagunduko dira euskara ikastaro homologatu estentsiboak (120 ordu baino gehiago), intentsiboak (70 ordu baino gehiago) eta barnetegiak (gutxienez 7 egunekoak).

Irailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko ikasturte akademikoan egiten diren ikastaroetan matrikulatzeko emanen dira laguntzak.

Inola ere ez dira diruz lagunduko garraioari, kilometroei, ostatu-gastuei eta materialari dagozkien gastuak.

2. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza hauek betetzen dituztenek eska ditzakete dirulaguntzak:

–16 urte baino gehiago izatea.

–Eskaera egiten den unean Antzingo Udalaren erroldan inskribatua egotea urtebete lehenagotik. Antzingo Udaleko langileek eta Antzingo Udalean karguak dituzten hautetsiek dirulaguntza eska dezakete, nahiz eta udalerrian erroldaturik ez egon.

–Antzingo Udalean ordaindu beharreko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

–Ikastaroko orduen %75era gutxienez joan izana.

3. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

–Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera ematen diren dirulaguntzak udal aurrekontuetan horretarako urtero ezartzen diren aurrekontu-zuzkiduren kargura emanen dira, eta aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoaren arabera.

–Behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da horretarako dagoen zuzkidura. Eskabideek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

–Gehienez ere, matrikularen %40 lagunduko da diruz, eta deialdi bakoitzean, gehienez ere, 350,00 euro pertsonako.

–Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

4. artikulua. Eskabideak non eta noiz aurkeztu

Eskabideak aurkezteko epea izanen da irailaren 1etik ikastaroa amaitzen den urteko urriaren 31ra artekoa. Epe hori luzaezina da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

Eskaerak aurkeztuko dira Antzingo Udalaren bulegoetan (Estación kalea, 21, Antzin, 31281), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako bitarteko edozein erabiliz.

5. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Eskabide ofiziala (I. eranskina).

–Ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupeneko datak, maila, ordu kopurua eta kostua, baita bertaratzea ere.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu (banku entitateak edo ikastaroa antolatzen duenak emana).

–Dirulaguntza zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

6. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Ikastaroa bukatuta eta eskatutako agiri guztiak aurkeztuta Udalak dirulaguntza ordainduko du, eskumena duen udal organoak ebazpena eman ondoren.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa konpentsazio bidez kenduko zaio jaso beharrekoari.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Antzinen, 2021eko martxoaren 5ean.–Alkatea, Isaac Corres López.

Iragarkiaren kodea: L2103877