65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERBINTZANA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu
bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdia onetsi zen Berbintzanako Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Berbintzanako Udalaren plantillako zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan; era berean, Berbintzanako Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaio.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea, lehentasunez, ordutegi jarraikikoa izanen da, baina, denboraldiaren eta lan motaren arabera, nahitaez ordutegi zatitukoa izan beharko du zenbaitetan; dena den, zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Orobat, premiazko kasuetan, langileari lanera joateko eska dakioke asteko edozein egunetan eta edozein ordutan.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Berbintzanako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko xedez.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, araudian xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, baina lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen lehenagoko beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu (NBE) egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, bai eta udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea; barnean dira lanak gauzatzea eta laguntza-lanak egitea goragoko mailetan.

–Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta kalteen berri ematea Udaleko arduradunari edo nagusi hierarkikoari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, agiriak eraman eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea.

–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala Alkatetzak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Dagokion mailaren barnean, eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea.

–Instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta jarraipena egitea horiei nahiz gehitzen diren beste batzuei (gehituz gero), egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan ikusten diren gabezia, matxura eta kalteak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Iturgintza-lanak. Azpiegituretan oinarrizko mantentze- eta konpontze-lanak egitea: ura, saneamendua (iturgintza, elektrizitatea, mekanika, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, garbiketa, zangak ireki eta ixtea, bai eta, halakorik gehituz gero, beste zeregin batzuk ere...).

–Igeltserotza lanak, oro har, eta oinarrizko mantentze-lanak egitea Udalaren lokal, instalazio eta biltegietan, bai eta pintura lanak ere.

–Mekanika-lanak. Zerbitzuak berezko dituen udalaren makinak, erremintak eta lanabesak erabiltzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea (atoiak, sasi-garbitzeko makina eta abar, bai eta gehitzen direnak ere).

–Garbiketa-lanak. Mantentze-, garbiketa- eta zaintza-lanak egitea Udalaren zerbitzu eta lokaletan: hilerria, pilotalekua, eskolak, bideak, udaletxea, kontsultategia, museoa eta aztarnategia, bai eta beste batzuk ere.

–Lorezaintza-lanak. Mantentze-lanak egitea hiriguneko eta aztarnategiko berdeguneetan (belardiak, zuhaixkak, landareak, zuhaitzak, lore-lanak eta ureztatze-sistemak), bai eta udal makaldietan ere. Oro har, kale eta plazetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea, eta beraz erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea, ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak egitea, eta parke eta lorategietako mantentze-lanen esparruko beste batzuk. Sastrakaz garbitzea, lurra prestatzea, jorratzea, berrereitea eta behar diren gainerako lanak. Zeregin horiek dakarte honako hauek erabiltzea: eskuzko erremintak, makineria astuna, inauskailuak, sasi-garbitzeko makinak, altuerako inausketarako eskailerak, plataforma jasotzaileak, eta lorategietako eta zuhaitzen mantentze-lanetarako erremintak eta makinak.

–Mantentzea landabideak, kaleak, hiri barneko bideak eta mendiak.

–Ibilgailuak gidatzea (hondeamakina, traktorea, plataforma jasotzailea eta abar, bai eta gehitzen direnak ere) eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Oinarrizko mantentze- eta zaintza-lanak egitea lanean erabiltzen diren ibilgailuetan.

–Mantentze-lanak, zaintza eta kontrola egitea udal igerilekuetan eta bertako ekipamendu eta instalazioetan, barnean direla araztegia, ekipamenduetako neurketak eta kontrol sanitarioak.

–Laguntzea Berbintzanako Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, bai eta Berbintzanako Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta beste muntatzea eta desmuntatzea jai eta ekitaldi publikoetan.

–Agindutako bide garbiketa egitea, Berbintzanako Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Hiri-altzariak instalatzea eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta gisakoak.

–Mantentze- eta garbiketa-lanak egitea udal hilerrian, eta ehorzle-lanak egitea, beharrezkoa baldin bada, bai eta agindutako beste lan batzuk ere.

–Garbigunean laguntza ematea.

–Biltegiko kontrola.

–Beste eginkizun batzuk, halakoak agintzen direnean.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria. Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, Berbintzanako Udalari zuzenduak, aurkeztu beharko dira Berbintzanako Udalaren Erregistro Orokorrean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetatik edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia konpultsatua.

c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopiak; eskabidean, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

e) Azterketa eskubideen zenbatekoa: 10 euro. Diru-sarrera Udal Diruzaintzan egin beharko da.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Berbintzanako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.berbinzana.info webgunean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Berbintzanako Udaleko alkateak, ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.berbinzana.info webgunean, deialdiko lehen hautaproba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

4.4. Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.berbinzana.info) emanen dira argitara.

5. oinarria. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Jarraian adierazten diren kideak izanen dira epaimahaian.

Alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiburua: Berbintzanako Udaleko alkatea.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Berbintzanako Udaleko alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: Tafalla IBPko irakasle bat.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Tafalla IBPko irakasle bat.

–Bigarren epaimahaikidea: Tafalla LH IBPko irakasle bat.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Tafalla IBPko irakasle bat.

–Hirugarren epaimahaikidea: Berbintzanako Udaleko zinegotzi bat.

Ordezkoa: Berbintzanako Udaleko zinegotzi bat.

–Laugarren epaimahaikidea: Izarbeibarko Mankomunitateko enplegatu bat.

Laugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Larragako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu bat.

–Bosgarren epaimahaikidea: Eraikuntzako Lan Fundazioko langile bat.

Ordezkoa: Eraikuntzako Lan Fundazioko langile bat.

–Idazkaria: Berbintzanako Udaleko idazkaria.

Idazkariaren ordezkoa: Miranda Argako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Berbintzanako Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

6. oinarria. Hautapen-prozesua nola eginen den, eta balorazioa.

Hautapen-prozesuak bi fase izanen ditu, hurrenez hurren: oposizioaldia eta lehiaketaldia.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Plika sistema erabiliz eginen da, eta II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati erantzun beharko zaio. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutxienez, 30 puntu atera beharko dira, baztertuta geldituko baitira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, neurtzeko izangaiak noraino egokitzen zaizkien lanposturako zehazturiko ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei.

Proba hauek eginen dituzte Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba psikoteknikoei gehienez 10 puntu emanen zaizkie, eta ez dira baztertzaileak izanen.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa burututakoan, behin-behineko kalifikazioen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean. Alegazioak aurkezteko 3 egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira webgunean eta iragarki-taulan, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Probak egiteko, deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dakartela, edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.2. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian, bi proba teorikoak gainditu dituzten izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak, III. eranskinean zehazten den merezimendu-baremoaren arabera. Fase horretan, gehienez, 20 puntu emanen dira.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta egiaztatu beharko dituzte merezimendu guztiak; horretarako jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gaindituen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda emanen du argitara epaimahaiak Berbintzanako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran; orobat, zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere, berdinketak segitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

7.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.4. Proposatu denak aurkeztu beharko ditu deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.

7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko apartatuan ezarritakoa bete ondoren.

7.2. Aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda.

7.2.1. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Berbintzanako Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Udaleko alkateak lanposturako izendatuko du proposatutako izangaia, baldin oinarri hauen 7.1.4 apartatuan ezarritakoa bete badu.

8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, eta 7.1.5 apartatuan xedatuari jarraikiko zaio.

9. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin, izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Berbintzanako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo udal webgunearen bidez.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Berbintzanan, 2021eko otsailaren 25ean.–Alkatea, Ángel Díez Asenjo.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Berbintzanako udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak. Berbintzanako udal ordenantzak.

3. gaia.–Nafarroako toki erakundeen antolaketa eta administrazioa (6/1990 Foru Legea, I. titulua eta eguneraketak).

4. gaia.–Nafarroako toki erakundeen funtzionamenduari buruzko araubidea. Herritarren parte-hartzea eta informazioa (6/1990 Foru Legea, III. titulua eta eguneraketak).

5. gaia.–Nafarroako toki erakundeen ondasunak (6/1990 Foru Legea, IV. titulua eta eguneraketak).

6. gaia.–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak (6/1990 Foru Legea, V. titulua eta eguneraketak).

7. gaia.–Nafarroako toki erakundeen zerbitzuko langileak (6/1990 Foru Legea, VII. titulua eta eguneraketak).

8. gaia.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

9. gaia.–Mekanika: maneiatzea; mantentze-lanak; udal makineria, lanabesak eta tresnak ikuskatzea eta haien ohiko konponketak. Biltegiko kontrola.

10. gaia.–Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze instalazioak: materialak, iturgintzako hodientzako, saneamendurako eta berokuntzarako; sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak; berokuntza zirkuituak: osagaiak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea; galdara gela eta horren osagai bereziak; aire-girotze gela eta horren osagai bereziak. Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze eskemak ulertzea.

11. gaia.–Soldadura lanak egitea, soldadura sistema, geometria, materialen soldagarritasuna, makineria maneiatzea eta segurtasuna.

12. gaia.–Elektrizitate eta suteen aurkako instalazioak: banaketa koadroak eraikinetan, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Eraikinetako barneko argiztapena. Suteen aurka babesteko osagarriak. Elektrizitate eskemak ulertzea. Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

13. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze lanak. Oztopo arkitektonikoak. Pintura.

14.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

15. gaia.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, fitosanitarioen aplikazioa). Zuhaitzen, zuhaixken, heskaien, sasoiko loredun parterren, tapiz-landareen eta erraboilen landaketa. Soropila berriztatzea eta ereitea. Alorrak eta parterrak prestatzea. Inauste-lanak: zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea.

16. gaia.–Ureztatze-sistemak. Ureztatzeko sareak diseinatzea, instalatzea, mantentzea eta programatzea. Drainatze sistemak.

17. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: taldekako babesak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Laneko esperientzia (12 puntu gehienez):

A.1. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (D edo C maila) emandako urte bakoitzeko: 1 puntu, eta gehienez ere 7 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.2. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (E maila) emandako urte bakoitzeko: 0,75 puntu, eta gehienez ere 3 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.3. Entitate pribatuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (8 puntu):

B.1. Deialdirako eskatzen den titulazioaz gainera, lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten espezialitateetan erdi-mailako titulua, goi mailakoa edo LH IIkoa edo baliokideak izateagatik: 3 puntu titulu bakoitzeko (gehienez ere 3 puntu).

B.2. Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten prestakuntza ikastaroengatik, gehienez ere 3 puntu.

–20 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu ikastaro bakoitzeko.

–50 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–150 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1 puntu ikastaro bakoitzeko.

–200 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1,50 puntu ikastaro bakoitzeko.

B.3. Beste trebakuntza batzuk, gehienez ere 2 puntu.

Mota hautetako gidabaimenak izateagatik:

Puntuazio hau ez dago loturik B.2 puntukoarekin, eta ez da onartzen bikoiztasunik puntuazioan:

–B + E motako gidabaimena: elkarri lotutako ibilgailu multzoak, B motako gidabaimenarekin erabil daitekeen trakzio-ibilgailu bat dutenak, eta atoi edo erdiatoi bat, 3500 kg-ko edo gutxiagoko gehieneko masa baimendua duena, 0,25 puntu.

–C1 motako gidabaimena: D1 edo D motetako gidabaimenekin gida daitezkeen automobilak ez bezalakoak, 3500 kg-tik gorako gehieneko masa baimendua dutenak, 7500 kg-ak gainditu gabe, 0,75 puntu.

Beste titulu batzuk.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: oinarrizko maila, 0,25 puntu.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: maila kualifikatua, 0,75 puntu.

Aurreko apartatuetako merezimendu frogatuak konputatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira, eta kontuan hartuko dira bai lan araubidean behin-behineko nahiz finko gisa eginiko zerbitzuak, bai administrazio araubidean bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik eginikoak.

Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kasuan kasuko proportzioaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu horiek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena. Epaimahaikideek dokumentazio hori erkatzen ahalko dute.

Berbintzanan, 2021eko otsailaren 16an.–Alkatea, Ángel Díez Asenjo.

Iragarkiaren kodea: L2103967