65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150E/2021 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzeko dagoen instalazio baten funtsezko aldaketa baimentzen duena. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 449/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 184E/2014 Ebazpenak eguneratu zuen baimen hori.

Instalazioa sartuta dago Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) epigrafean, hots, “Landareetatik ateratako lehengaiak, aldez aurretik tratatuak edo ez, erabiltzen dituzten instalazioak, haiek ontziratzeaz gain tratatu edo eraldatu eta elikagaiak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa dutenak edo egunean 600 tonatik gorakoa, baldin instalazioek gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badute urte arrunt batean” izenekoan (legearen testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen); eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratua) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b)ii) epigrafean, hots, “Landareetatik bakarrik ateratako lehengaiak, aldez aurretik tratatuak edo ez, erabiltzen dituzten instalazioak, haiek ontziratzeaz gain tratatu edo eraldatu eta elikagaiak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa dutenak edo egunean 600 tonatik gorakoa, baldin instalazioek gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badute urte arrunt batean” izenekoan (testuaren bertsio bateginaren arabera).

2019ko martxoaren 13an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, helburu zuena 24 ordura handitzea egunero eta urte osoan aluminiozko laten lerroaren funtzionamendu araubidea. 2019ko maiatzaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoko b) apartatuan dago sartuta.

2019ko maiatzaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki zuen proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua pasatu behar zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ezartzen duena aplikatuz, aipatu legearen II. eranskinean sartuta dagoelako.

Prozedura hori egin denez, erabaki da proiektuak ez duela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta egin den ingurumen-inpaktuaren txostenak zehaztu du ez duela ondorio aipagarririk ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzeko dagoen instalazio baten funtsezko aldaketa baimentzea. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SLU da. Aldaketaren xedea da 24 ordura handitzea egunero eta urte osoan aluminiozko laten lerroaren funtzionamendu araubidea; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko txostena egitea aipatutako instalazioa aldatzeko proiektuari, 24 ordura handitu dadin egunero eta urte osoan aluminiozko laten lerroaren funtzionamendu araubidea, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan xedatutakoarekin, eta halaber, zehaztea proiektuak ez duela ondorio txar aipagarririk ingurumenaren gainean, baldin eta betetzen baditu instalazioaren funtsezko aldaketaren baimenean jasotako determinazioak eta ebazpen honen II. eranskinean jasotakoak.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02163015312003 zenbakiarekin.

Laugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen denean zerbait, ekarriko lukeena lehenago gertatuz gero baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Seigarrena.–2023ko otsailaren 12a baino lehen, titularrak instalazioak egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakian ezarritakoa betetze aldera. Betearazpen erabaki horren bidez ezarri ziren elikaduraren, edarien eta esnekien industrietan dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat. Hori guztia abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin behar da.

Zazpigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoia adieraziz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Zortzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bederatzigarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean paisaiaren integrazioaz eskatzen diren neurriak hartu direla dioen ziurtagiria.

Hamargarrena.–Titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Refresco Iberia SAUra, Martzillako Udalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2103368