65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2021 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, “Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2020-2021 ikasturtean” deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 552008.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2020-2021 ikasturteko deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2020-2021 ikasturtean” dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 260.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontuko G10001 G1110 4800 322300 partidaren kargura (“Suspertu Plana. Atzerriko unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk”).

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Sarrigurenen, 2021eko martxoaren 4an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien 2020-2021 ikasturteko deialdia

OINARRIAK

1. Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 260.000 eurokoa da. 240.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 20.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

b) Laguntza gehienez ere bederatzi hilabeterako emanen da, lehenbiziko aldiz ematen denean. Laguntza aurreko deialdietan eman bada, laguntza izanen da bi emateen artean gehienez ere 12 hilabete betetzeko falta diren hilabete kopuruari dagokiona.

c) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.

d) Eman beharreko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da eskaeran adierazitako egonaldiaren iraupena.

Baldin eta eskaera aurkezten denean egonaldia amaitu bada, eta “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” aurkezten bada, emanen den zenbatekoa dokumentu horretan justifikatzen den aldiaren araberakoa izanen da.

e) Ordaindu beharreko zenbatekoa “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” dokumentuak justifikatzen duen iraupenaren arabera zehaztuko da.

Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzearen ondorioetarako, bukatzeko muga-eguna 2021eko azaroaren 30a izanen da.

f) 100 euroko modulu bat aplikatuko da egonaldiko hilabete oso bakoitzeko, eta 25 eurokoa aldi justifikatua bukatzeko falta diren aste bakoitzeko.

4. Eskatzaileek bete beharrekoak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako irakaskuntzak ez daude sarturik, haiek beren deialdi berariazkoa baitaukate.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Gutxienez deialdia baino lehenagoko bi urteetan Nafarroan erroldaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatuta.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.navarra.es/eu Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen “Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria” izeneko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzen fitxa), helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/1974/Nazioarteko-mugikortasuneko-unibertsitate-programetarako-laguntza-osagarriak

Aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Zuzendu ezean, espedientea artxibatuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

6. Dokumentazioa.

Eskatzen den dokumentazioa nahitaez telematikoki aurkeztu beharko da, “Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria” izeneko fitxaren bidez.

–Eskatzaile guztientzat nahitaezkoa:

a) Laguntza eskaera, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki telematikoa betez.

b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen agiria. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

c) Ikasketen ziurtagiria.

  • Graduko ikasleentzat: 2019-2020 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, datu hauekin: egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak web bidez egindako espedientearen kontsulta, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.
  • Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.

d) NANaren fotokopia, Administrazioari baimena ematen bazaio datu horiek Datuak Kontsultatzeko eta Egiaztatzeko Sisteman kontsulta ditzan telematika bidez.

e) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua. “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” eskuragarri egonen da navarra.es/eu/ atariko laguntzaren fitxan:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/1974/Nazioarteko-mugikortasuneko-unibertsitate-programetarako-laguntza-osagarriak

f) Nafarroako Gobernuaren bekadunak diren ikasleek horren berri eman beharko dute laguntza eskaeran horretarako jarri den laukitxoan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

–Nafarroan jaio ez diren eskatzaileak:

Administrazioari ez bazaio baimenik ematen datuak kontsulta ditzan Datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko sisteman, Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan direla egiaztatzeko. Bi urte horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatuko dira.

–Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako ikasleak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Nafarroako Unibertsitatean matrikulatuta ez dauden ikasleek honako hau aurkeztuko dute:

  • Ziurtagiri bat, eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak egiaztatzen dituena.
  • Erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

7. Laguntzak emateko irizpideak.

a) Izangaien lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

–Lehenik, 2019/2020 ikasturtean bekadunak diren eskatzaileak.

–Ondoren, lehenagoko deialdietan laguntzaren onuradunak ez diren ikasleei emanen zaizkie laguntzak.

–Azkenik, gainerako eskatzaileak.

b) Talde bakoitzaren barruan, eskatzaileak ikasketa espedientearen batez besteko notaren arabera ordenatuko dira.

Graduko ikasleentzat, 2019-2020 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota. Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

Bi kasuetan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko da ingeniaritza eta arkitektura adarretako titulazioetarako.

1,1eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie egonaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko (ABEN) unibertsitateetako batean eginen duten eskatzaileei.

Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulen kopurua hartuko da kontuan; horrekin berdinketa hausten ez bada, lortutako bikainak, eta, horrela hurrenez hurren.

Batez besteko nota kalkulatzeko, Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

8. Dirulaguntza ebaztea.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpen horretan bi zerrenda ezarriko dira:

Lehenbiziko zerrendan egonen dira laguntza jasoko duten eskatzaileak, zeinei ordainduko baitzaie behin egonaldia justifikatu ondoren, deialdiaren 9. oinarrian ezarri bezala.

Bigarren zerrendan, hots, itxaron zerrendan, egonen dira deialdiaren baldintzak bete eta dirulaguntza emanen zaien eskatzaileak, baina ezin zaienei ordaindu, deialdirako aurrekontua bukatua egoteagatik. Hamahirugarren oinarrian ezarritako baldintzetan jaso dezakete laguntza itxaron zerrenda horretako eskatzaileek.

Laguntzak eman eta ukatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” izeneko agiria aurkeztu behar dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua. Dokumentu hori “Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria” izeneko fitxan dago eskuragarri, “www.navarra.es/eu/” atarian. Egonaldia amaitu bada laguntza eskatzen denean, dokumentua eskaerari erantsiko zaio.

2021eko azaroaren 30aren ondoren bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

Agiri hori ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Unibertsitateko Atalera igorri beharko da, laguntzen fitxaren bidez.

10. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateen Atalari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

11. Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela 2021eko azaroaren 30etik haratago joan.

12. Laguntzaren ordainketa.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa, egonaldia egin dutela eta egitan zenbat iraun duen egiaztatu eta gero.

Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2021eko ekaina, iraila eta abendua. Horietako bakoitzean, egonaldia amaitu dutela egiaztatzen duten onuradunei laguntzak ordainduko zaizkie, oso-osorik.

Egonaldia 2021eko azaroaren 30etik aurrera bukatzea espero duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria”.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez eginen da ordainketa.

13. Itxaron zerrenda.

Lehenengo bi ordainketaldietan onartutako laguntzak ordaindu ondoren aurrekontuan dirurik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da hirugarren ordainketaldian laguntza ordain dakiela itxaron zerrendako onuradunei, laguntzetarako aurrekontua agortu arte. Onuradun horiek “Egonaldiaren amaierako ziurtagiria” izeneko agiriaren bidez justifikatuko dute egonaldia.

14. Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

15. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

16. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. Informazioa eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Atala.

Telefonoak: 848 426078 - 848 426058 - 848 426064.

Posta elektronikoa: ensenanzas.universitarias@navarra.es.

ERANSKINA

Certificate of attendance-Egonaldiaren ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103690