65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

226E/2021 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez arautzen baita dirulaguntzak emateko modua Nafarroako Laneratze eta Gizarteratze Enpresei, inbertsioen bidez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. DDBN identifikazioa: 547564.

Laneratze eta gizarteratze enpresek babes, jarraipen eta gizarte-laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko, lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Deialdi honen helburua da horrelako enpresei aukera ematea dirulaguntzak eskatzeko inbertsioengatik, eta oinarri arautzaileak ezartzea, haientzat berariaz diseinatutako dirulaguntzetarako.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren helburua da gizarteratze eta laneratze enpresen araubide juridikoa arautzea gizarte-bazterketaren kontrako politika publikoen barruan.

2019ko abenduaren 27an onetsi zen 340/2019 Foru Dekretua, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren helburua da laneratze eta gizarteratze enpresen zeregina sendotzea eta baliabide ezin hobea bilakatzea lanean hasteko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan-merkatuan sar daitezen lortzeko.

Deialdi honetan sartzen dira oinarri arautzaileak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan biltzen diren irizpideen arabera egin direnak. Oinarri arautzaile horietan aurreko deialdietako edukiak biltzen dira, baina beste idazketa bat ematen zaie, zeinak, sistematikoki, bildu baititu denboran zehar sartu diren irizpide berriak eta berrikuntzak. Idazketa berri horren xedea da argitasuna eta segurtasun juridikoa irabaztea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du dirulaguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, dirulaguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia eta ebazpen honen eranskinean jaso diren oinarri arautzaileak onestea, Nafarroako Laneratze eta Gizarteratze Enpresei dirulaguntzak emateko, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, enpresetan egiten diren inbertsioen bidez.

2. 125.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Laneratze eta gizarteratze enpresetako inbertsioetarako dirulaguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 7709 241204 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko martxoaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Laneratze eta Gizarteratzeko Enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, inbertsioak egin ditzaten, horiei esker beren lehiakortasuna indartzeko eta beren jarduerari eta enplegu-sorkuntzari laguntzeko.

Oinarri hauen babesa izateko, Gizarteratze eta Laneratze Enpresek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak.

2.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Enplegua sortzeko, sendotzeko, jarduera ekonomiko berriak sortzeko eta Nafarroako Laneratze eta Gizarteratze Enpresen lehiakortasuna hobetzeko asmoz egiten diren inbertsioak izanen dira diruz lagungarriak.

3.–Enpresa onuradunak.

3.1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresak izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun, kalifikazio hori behin-behinekoz jasotzen dutenetik aurrera.

4.–Enpresa onuradunen betebeharrak.

4.1. Enpresa onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetatik bakar bat ere ez urratzea. Hori “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez frogatu beharko du dirulaguntza eskatzen duen entitateak edo zentroak.

5.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Diruz lagungarriak izateko, inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitarte egindako inbertsioak izatea, eta urte bereko azaroaren 5a baino lehen ordainduak izatea.

b) Inbertsio kontzeptu bakoitzerako gutxieneko zenbatekoa ezartzen da, 400 eurokoa (BEZa kenduta) unitate bakoitzeko, ulertuta unitatea dela multzo homogeneo funtzional bat eta ez haren elementuak edo zatiak.

c) Gizarteratze eta laneratze enpresaren aldetik kofinantzaketa izatea, gutxienez inbertsioaren %20 jarrita.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Aurreikusten diren kostu diruz lagunduak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, ordaindu eta fakturen edo froga-balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatuak.

Dirulaguntza honen ondorioetarako, ibilgetuan kontzeptu hauetan egiten diren inbertsioak joko dira gastu diruz lagungarritzat:

a) Gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerarako baino erabiltzen ez diren lokalak egokitzea. Kasu horretan, eskaerari dagokion proiektua erantsiko zaio.

b) Negozioa eskuz aldatzeko eskubideak. Kontzeptu honetatik kanpo daude saltzeko diren izakinak edo salgaiak.

c) Makineria eta tresnak.

d) Ekipo informatikoak.

e) Bulegoko altzariak.

f) Aplikazio informatikoak, baldin enpresaren jarduerari loturik badaude zalantzarik gabe.

g) Jardueran aritzeko bakarrik diren nahitaezko ibilgailuak. Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik joko dira babesteko modukotzat, hau da, beren fitxa teknikoan ezarrita duten sailkapen kodearen hasiera 03, 04, edo 06 ez dutenak.

h) Altzariak.

6.2. Ez dira ibilgetuko inbertsiotzat joko errentamendu finantzarioaren edo leasing bidez finantzatzen direnak, ezta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere.

6.3. Eskuratzen diren ondasunak berriak edo bigarren eskukoak izaten ahalko dira; azken kasu horretan, hornitzailea erabilitako ondasunak saltzen edo/eta egokitzen diharduen enpresa izan beharko da; bestela, 3 eskaintza aurkeztu beharko dira, aukera ekonomikoena hautatzen dela frogatzeko. Ondorio horietarako, eskuratzen diren eraikin eta bestelako eraikuntza erabiliak aktibo finko material berritzat joko dira.

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izanen da, eta 20.000 euro gehienez gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzeko.

8.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.

8.1. Txertatze enpresa bakoitzak inbertsioetarako laguntza eskaera bakarra aurkezten ahalko du.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Organo kudeatzaileak, oinarri hauetan ezarritakoa kontuan harturik, eskatutako aldi osorako onartuko du dirulaguntza.

Dirulaguntza aurreikusitako epean eskatzen ez bada, ulertuko da enpresak uko egin diola. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

8.3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

8.4. Eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

Orobat, berekin dakar baimena ematea beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.

9.–Aurkezteko tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

10.–Aurkeztu beharreko agiriak.

10.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan nahi duten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es/eu/) eskura daiteke.

b) Egin beharreko inbertsioaren proiektua (III. eranskina), informazio hau jasoko duena:

–Kontzeptu diruz lagungarria(k), egin beharreko inbertsioaren proformako fakturak erantsita edo, inbertsioa egina badago eskaera aurkeztu aurretik, haien fakturak erantsita.

–Sortutako edo sortuko diren lanpostuen kopurua, dirulaguntzen xedeko epean, eta inbertsioak enplegu sorrerarekin izanen duen erlazioaren justifikazioa.

–14. b) oinarrian ezartzen diren baldintzetan egindako laneratzearen justifikazioa; horretarako, kasuko lan kontratuak aurkeztuko dira.

–Negozio ildo berriak, merkatu berriak eta/edo bezero berriak lortzeko aurreikuspenak.

–Norberak finantzaketan laguntzeko ekarriko duen ehunekoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. (I. eranskina).

–Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik ez duela eskatu dioen adierazpen berariazkoa, hala bada; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz adierazteko konpromisoa ere. Adierazpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere. (II. eranskina).

d) Lehenago Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik ez badu inoiz jaso, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia, banku entitateak behar bezala betea.

10.2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11.–Dirulaguntza emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokakoa izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.

11.2. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 14. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

11.3. Berdinketa izanez gero, kofinantzaketan zati handiena jartzen duen entitateari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak irauten badu, lehenetsiko dira kontrataziorako aurreikuspen handiagoa duten inbertsio proiektuak.

11.4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta oinarri hauetan ezarritako gainontzeko baldintzak betetzen baditu.

11.5. Instrukzio organo eskudunak aukera emanen dio lehentasun ordenaren arabera dirulaguntza guztia lortzen ez duen eskatzaileari proiektua berriz formulatzeko; hori eginda, puntuazio bera lortzen jarraitu beharko du balorazioan.

12.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Enplegu Programa Integralen Ataleko burua.

–Batzordekidea: Enplegu Programa Integralen Ataleko teknikaria.

–Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

13.–Prozeduraren ebazpena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Dirulaguntzaren onuradun izan diren entitateen zerrenda eta inbertsio diruz lagunduak.

–Ukatutako eta onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontu-izendapenik ez egoteagatik ukatu direnak berariaz adierazita.

–Lortutako puntuazioa eta eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Guztira onartutako diru kopurua.

Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

14.–Balorazio irizpideak.

Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:

a) Enplegua sortzea: 10 puntu gehienez.

Enpresak inbertsioa egiten duenetik aurrera kontratatzen duen edo kontratatu asmo duen langile bakoitzeko 5 puntu emanen dira, betiere inbertsioa egin baino hiru hilabete lehenagoko plantillari gehitzekoa. Kontratazio berriak aurtengo 31 baino lehen egin beharko dira.

b) Laneratzea: 15 puntu gehienez.

5 puntu emanen dira gizarte bazterketan dagoen eta laneratze enpresan baja eman ondoko 15 egunetan enpresa arrunt batean kontratatzen duten pertsona bakoitzeko. Kontuan hartuko dira aurreko urteko azaroaren 1etik inbertsioa justifikatzen den unera arte egindako laneratzeak.

c) Berrikuntza: 5 puntu.

5 puntu emanen dira inbertsioa jarduera berri bat sortzera bideratuta badago (negozio ildo berriak sortzea, merkatu berrietan merkaturatzea, bezero berriak egitea).

d) Laneratze enpresak proiektua kofinantzatzea: 20 puntu gehienez.

–Enpresak inbertsioaren %20 eta %30 arteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.

–Enpresak inbertsioaren %31 eta %40 arteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.

–Enpresak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.

Irizpide horiek aplikatuta 20 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.

15.–Onuradunen betebeharrak.

Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, dirulaguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen. Kasu horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahikotzat jo beharko ditu arrazoi horiek ebazpen baten bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.

Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartu diren lanpostu berriak dirulaguntza eman eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Kontratatzen diren pertsonetako bati baja ematen bazaio, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztu beharko du hilabete bat igaro baino lehen.

d) Dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, eta bereziki inbertsioa mantentzeari buruzkoetan, edozein aldaketa izanez gero, haien berri ematea gertatu eta hilabeteko epean.

e) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten diren adierazpen guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela agertu beharko da, eta araudian ezarritako publizitate betebehar guztiak bete beharko dira.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Komunikazio hori egiteko 15 eguneko epea egonen da, laguntza lortzen edo helburuak aldatzen diren unetik, eta, betiere, justifikazioa egiteko epea bukatu baino lehen jakitera eman beharko da.

g) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak 4 urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, dirulaguntzaren justifikaziotik hasita. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZri igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.

h) Laguntzen jarraipena egiteko behar den informazio guztia NL-NEZri eta kontrolerako beste edozein organismo eskuduni ematea, behar diren kontrolak onartzea eta dagokion auditoreari laguntzea.

i) Gardentasun betebeharrak:

i.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZri zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

1. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

1.1. Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

Entitate onuradunak kasuan kasuko urteko azaroaren 5a baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: justifikazio-kontua, gastuaren frogagiriak eta memoria ekonomiko bat; azken horretan, lortutako diru-sarreren eta dirulaguntzarekin lotutako gastu diruz lagungarrien zerrenda sailkatua sartuko da. Ondorio horietarako, egiazki ordaindutako fakturen kopia aurkeztu beharko da, baita frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak ere, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.

Era berean, 10.1. oinarriko b) letran ezarritako kontzeptu guztien justifikazioa aurkeztu beharko da, balorazioan aintzat hartu baldin badira.

1.2. Emandako dirulaguntzaren %50eko ordainketa partzial bat egiten ahalko da inbertsioa egiteko epea bukatu baino lehen, enpresak justifikatzen badu aurreikusitako inbertsioaren %50 egin eta ordaindu duela.

17.–Jarraipena eta kontrola.

Onuradunek honako egiaztapen lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharrekoak, behar diren finantza-kontrolekoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

Inbertsioaren ondorioz sortutako lanpostuak mantentzen ote diren ikusteko jarraipen berezia eginen da.

Egiaztapen horiek egin ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ixteko behar den ebazpena emanen du.

18.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Inbertsioetarako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako Nafarroako Gobernuak ematen ahal dituen bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Bateragarriak izanen dira beste edozein entitatek emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin; betiere, kontuan hartu beharko da haien zenbatekoak ezin izanen duela egindako inbertsioaren %100 gainditu.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

19.1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

19.2. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

19.3. Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa komunikatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du.

19.4. Inbertsio proiektuan proposatu eta balorazioan aintzat hartutako zerbait betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, edo, kasua bada, dagokion ordainketa egitea galaraziko du. Ez-betetze horiengatik, dirulaguntzaren %2 kenduko da balorazioan oker esleitutako puntu bakoitzeko.

19.5. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren ondoriozko betebeharrak betetzen ez badira, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu.

20.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

20.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

20.2. Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

21.–Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

22.–”De minimis” araubidea.

Dirulaguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordearen apirilaren 25eko 360/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

23.–Arau osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2103528