63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32/2021 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak 2020-2021 ikasturterako.

310/2016 Errege Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak zehaztuko dituela proben ezaugarriak, diseinua eta edukia; eta 3. artikuluak ezartzen du hezkuntza-administrazioei dagokiela probak gauzatzea.

Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak, urtarrilaren 11ko PCM/2/2021 Aginduaren bidez, zehaztu ditu unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, bai eta probak egiteko gehieneko epeak eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebaztekoak ere, 2020-2021 ikasturterako.

Bestalde, ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren (horren bidez ezarri zen unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia) 7. artikuluan ezartzen da unibertsitate publikoek ezarriko dituztela balorazio irizpideak, ikaspostuak esleitzeko lehentasun ordena ezartzeko aplikatuko dituzten arauak eta, behar denean, onartzeko prozedurak.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitaterako, Batxilergoko ebaluazio probak 2020-2021 ikasturtean izanen dituen alderdiak, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko, horrela aipatutako araudian ezarritakoa osatzeko eta betetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak onestea, 2020-2021 ikasturterako. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean zehazten dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko otsailaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko
Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak, 2020-2021 ikasturterako

1.–Xedapen orokorrak.

1. Jarraibide hauen helburua 2020-2021 ikasturtean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio probaren alderdiak zehaztea da, Unibertsitatean sartzeari buruzko urtarrilaren 11ko PCM/2/2021 Aginduan ezarritakoaren arabera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen den probarako aplikatuko dira.

3. Ebaluazioaren xedea ikasleen heldutasun akademikoa eta unibertsitateko graduko ikasketak ongi segitzeko duten gaitasuna baloratzea da, eta ikasketa horietan onartuta izateko eskaerak ordenatzea, eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

4. Honako hauek bermatuko dira: aukera berdintasuna izanen dela, diskriminaziorik ez dela izanen eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek irisgarritasun unibertsala izanen dutela.

2.–Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio proba.

2.1. Probaren egitura.

5. Batxilergoko bigarren mailako irakasgaien curriculumera egokitu behar da proba. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan arautu da curriculum hori.

6. Proba bi fasetan egituratuta dago: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Nahitaezko fasea Batxilergoko 2. mailako lau enborreko irakasgai orokorrei buruzkoa izanen da. Borondatezko fasea edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaiei buruzkoa izanen da. Fase horretan, ikasleek aukera izanen dute modalitateko enborreko irakasgai orokorren eta atzerriko hizkuntza bakar baten azterketa egiteko, baldin eta, baldin eta horietan izena eman ez badute deialdi bereko nahitaezko fasean. Nota hobetu nahi duten ikasleek eman ahalko dute izena fase honetan.

Ikasleak onartzeko prozeduran, unibertsitateek borondatezko fasearen irakasgai bakoitzean lortu den kalifikazioa kontuan hartzen ahalko dute.

7. Aipaturiko urtarrilaren 11ko PCM/2/2021 Aginduaren 3. artikuluarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean bosgarren ariketa bat ezarri da –nahitaezko fasearen barnean eta Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiaren curriculumari lotua–, Batxilergoko 2. maila “D” edo “A” hizkuntza ereduetan egin duten ikasleentzat, irakasgai hori egitetik salbuetsita ez badaude.

8. Azterketak egitearekin lotuta, honako kontsiderazio hauek izanen dira kontuan:

a) Ebaluatu beharreko irakasgai bakoitzetik azterketa bat eginen da. Azterketa bakoitzean ikasleek proposamen bakarra izanen dute, zenbait galderarekin.

b) Antolaketa batzordeak igorritako jarraibideekin bat, epaimahaiak ezarriko du zenbat galdera erantzun behar diren, eta ikasleak berak aukeratuko ditu galderak. Galdera horien kopurua ezarrita egonen da halako moduan non ikasleak aukera izanen baitu azterketan puntuazio altuena lortzeko, edozein direla ere ikasleek, pandemiak sortutako egoeren ondorioz, irakaskuntza jasotzeko eta ikasten aritzeko izan dituzten baldintzak. Ezarritako galdera kopuruari erantzuteko, ez da derrigorrezko galderarik edo gairik egonen.

c) Azterketa prestatzean, kontuan hartuko da ikasleak erantzun beharreko galdera kopurua bat datorrela azterketa egiteko dagoen gehieneko denborarekin, azterketa irakurtzeko denbora barne.

d) Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioko azterketa bakoitzak 90 minutuko iraupena izanen du. Azterketa batetik bestera gutxienez 30 minutuko atsedenaldia ezarriko da. Ez da atsedenalditzat hartuko hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei azterketa egiteko ematen zaien denbora gehigarria, neurri hori agindua dutenen kasuan.

9. Oro har, ikasleak bere hizkuntza ereduari dagokion hizkuntzan eginen du proba. Dena den, aldatu ahal izanen du, eta aldaketak izena emandako irakasgai guztiak ukituko ditu, honako hauek izan ezik: Gaztelania eta Literatura II, Euskal Hizkuntza eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II.

2.2. Sarrera-probarako izen-ematea.

10. Hezkuntza Departamentuak eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek Batxilergoko bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleen datuak bidaliko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoari, horrek ezarritako epean.

11. Horren ondoren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek ikasle horien zerrenda ziurtatua aurkeztuko dute, eta dokumentazio ofizialean ageri den Batxilergoko batez besteko nota adieraziko dute.

12. Ikasleek unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio probarako izena emanen dute ebaluaziora aurkezteko aukera ematen dieten ikasketak bukatu dituzten ikastetxearen bitartez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako bitarteko elektronikoen bidez emanen da izena. Batxilergoko ikasketak Nafarroako ikastetxe batean bukatu ez duten ikasleek zuzenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan emanen dute izena.

13. Nahitaezko faserako, ikasleak izena emateko eskabidean Batxilergoko 2. mailan izan dituen irakasgaiak adieraziko ditu, eta egin dituen hizkuntzen artean (alemana, frantsesa edo ingelesa) zein izanen den atzerriko hizkuntzako ariketarena.

14. Borondatezko faseko azterketarako, ikasleak izena emateko eskaeran gehienez ere hiru irakasgai aukeratu ahalko ditu, irakasgai izan dituenak nahiz izan ez dituenak, honako hauen artean: edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaiak, beste modalitate batzuetako enborreko irakasgai orokorrak eta Batxilergoko 2. mailako atzerriko hizkuntza bat. Fase horretan hautatzen diren modalitateko enborreko irakasgai orokorrak eta atzerriko hizkuntza ezin dira bat etorri nahitaezko faseko izen-ematean adierazitakoekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordutegiak prestatuko ditu ikasleak fase horretan gutxienez bi irakasgairen azterketa egin ahal izatea bermatzeko.

2.3. Kalifikazioak.

15. Nahitaezko faseko ariketa bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Fase horretako nota honela aterako da: ariketa guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa, hiru dezimalekin, milarenean biribildua. Nahitaezko fasea gainditzeak balio mugagabea izanen du.

16. Borondatezko faseko irakasgai bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Irakasgai bat gaindituko da 5 puntu edo gehiago lortzen direnean. Unibertsitateetan onartua izateko, borondatezko faseko irakasgai bakoitzaren kalifikazioa gainditu eta ondorengo bi ikasturteetan izanen da balioduna.

2.4. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren nota eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko nota.

17. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren kalifikazioa Batxilergoko batez besteko notaren %60ren eta nahitaezko faseko kalifikazioaren %40ren arteko batez besteko haztatua izanen da. 0tik 10era adieraziko da, hiru dezimalekin, milarenean biribilduta. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa gaindituko da haztatze horren emaitza 5 puntukoa edo altuagoa denean, baldin eta nahitaezko fasean 4ko gutxieneko nota lortu bada.

18. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa gainditu ondoren, ikaslea kalifikazioa hobetzeko borondatezko faseko edozein irakasgaitan edota nahitaezko faseko guztietan aurkezten ahalko da hurrengo deialdietan, eta modalitateko enborreko irakasgai orokor bat eta atzerriko hizkuntza bat hautatzen ahalko ditu. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

19. Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren (horren bidez ezarri zen unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko araudia) arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikaspostuak esleitzeko graduko irakaskuntza ofizialetan ikasleak onartzeko prozedurak jendaurrean jarriko ditu, helbide honetan:

http://www.unavarra.es/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

http://www.unavarra.es/eu/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

2.5. Proba egiteko egunak.

20. Probak ekainaren 2, 3 eta 4an izanen dira, ohiko deialdian; eta ekainaren 23, 24 eta 25an, ohiz kanpoko deialdian.

2.6. Batxilergoko ebaluazio ariketetan lortutako kalifikazioak berrikustea.

21. Ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, probaren antolaketa batzordeari ebaluazioaren ariketa batean edo batzuetan lortutako kalifikazioa berrikustea eskatzen ahalko diote. Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera hiru egun balioduneko epean aurkeztuko da, emaitzak argitaratzen diren egunetik hasita.

22. Antolaketa batzordeak berrikusi behar diren ariketen bigarren zuzenketa egiteko irakasleak izendatuko ditu, honako honen arabera:

a) Bigarren zuzenketa egin baino lehen, ariketak berrikusiko dira, galdera guztiak ebaluatu direla ziurtatzeko eta azken kalifikazioaren kalkuluan akatsik ez dagoela egiaztatzeko. Akatsik edo omisiorik aurkitzen bada, hasierako kalifikazioa zuzenduko da.

b) Ariketak berriz zuzenduko dira. Lehen kalifikazioaren (behar denean, akatsa zuzenduta) eta bigarren zuzenketaren artean bi puntutik beherako aldea badago, bien batez besteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Bi kalifikazioen artean bi puntuko edo hortik goragoko aldea badago, ofizioz hirugarren zuzenketa eginen da, eta hiruren batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa.

c) Berrikusketa amaitu ondoren, probaren antolaketa batzordeak behin betiko kalifikazioak jarriko ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen, edo hark eskuordetzen duen pertsonaren, ebazpen baten bitartez kalifikazioak berrikusteko prozedura amaitutzat emanen da. Ebazpen honek amaiera ematen dio bide administratiboari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean argitaratzeak jakinarazpen pertsonala ordezkatuko du eta ondorio berberak izanen ditu.

23. Ezarritako berrikusketa prozesua guztiz amaitzen denean, ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, berrikusi diren ariketak ikusteko eskubidea izanen dute, hamar egun balioduneko epean, berrikusketari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

2.7. Batxilergoko ebaluazio probaren batzorde antolatzailea.

24. Baldin eta oinarrizko araudiaren kontrakoak ez badira, Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 9ko 164/2009 Foru Aginduaren 8. artikulutik 15.era bitartekoetan oro har ezarritako xedapenei jarraituko zaie honako hauek arautzeko: proba antolatuko duen batzordea, bere eginkizunak eta kideak, kalifikazio epaimahaien funtzionamendua eta ebaluazioa antolatzeko beharrezkoak diren koordinazio jarduketak.

25. Nahitaezko eta borondatezko faseetako ariketen proposamenak irakasgaiko aholkulariak eta Hezkuntza Departamentuko irakasgaiko koordinatzaileak prestatuko dituzte elkarrekin.

3.–Unibertsitatean sartzeko probak aurreko urteetan gainditu zituzten ikasleak.

26. Aurreko urteetan unibertsitatean sartzeko proba gainditu zuten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluaziora aurkezteko, borondatezko faseko edozein irakasgaitan edota nahitaezko faseko guztietan kalifikazioa hobetzeko. Azken deialdian lortzen den kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

4.–Batxilergoko ebaluazio proba, beste titulazio batzuen bitartez unibertsitatean sartzeko.

27. Halaber, borondatezko faseko edozein irakasgaitan aurkezten ahalko dira, onartua izateko nota hobetzeko, titulu hauetakoren bat dutenak: Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariarena edo Kiroletako goi mailako kirol teknikariarena, edo ondorio akademikoetarako onartu diren titulu baliokideak. Haien ikasketetako batez besteko nota erabiliko da nahitaezko faseko nota zehazteko.

28. Atzerriko sistemetatik heldu diren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu nahi duten ikasleak unibertsitate horrek horretarako ezarria duen onartua izateko prozeduraren arabera onartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2102670