63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Aldaketa, Ur-horniduraren tasa arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2020ko abenduaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzaren 5. artikuluan; tarifa arautzen duen artikuluan, hain zuzen.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 298. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Esan, 2021eko otsailaren 22an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea.

2. artikulua. Esako udalerrian edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zerga-egitatea.

Salbuespenak.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak.

4. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu badute edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak.

5. artikulua. Zerbitzuaren tasak honako kontzeptuengatik izanen dira:

a) Etxeetan erabiltzeko hornidura:

–30 metro kubikoko kontsumora bitarte, seihilekoan: 0,58 euro/m³.

–30 metro kubikoko kontsumotik aitzina, seihilekoan: 0,67 euro/m³.

–Urteko gutxienekoa: 34,80 euro/urtea, 60 metro kubikori dagokiona.

b) Industrian eta obretan erabiltzeko hornidura: 0,67 euro/m³.

c) Ureztaketan eta igerilekuetan erabiltzeko hornidura: 0,67 euro/m³.

d) Ur hornidurako sareari lotzeko lizentzia edo baimena ematea: 150,00 euroko ordainketa bakarra.

e) Zerbitzuan baja eman ondorengo bigarren edo hurrengo altak: 60,00 euro.

Likidatu beharreko kuota.

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena.

7. artikulua. Tasa noiz sortuko den:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena onesten denetik.

d) Bigarren edo hurrengo altengatik, zerbitzuan alta eskatzen den unetik.

Kudeaketa arauak.

8. artikulua. Bai kontsumoaren kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta horniduraren hargunerako behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

Kontsumoaren kontagailuak eremu publikoan edo sarbide komuneko tokietan jarriko dira, horien irakurketa etxebizitzetan, lorategietan, lurzatietan edo horniduraren hartzaile diren lokaletan sartu behar izan gabe egin ahal izateko.

9. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza egoera onean mantentzea, bai eta Esako Udalak zeregin horretarako ematen dituen jarraibideak betetzea ere.

10. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak egindako kontsumoak kontagailuko irakurketen artean izaten den aldearen bidez zehaztuko dira. Hala, ordenantza honetan ezarritako ordainarazpenen bati lotuta dauden zergadun guztien betebeharra da kontagailurako bidea libre uztea, irakurketak egin behar dituzten langileentzat.

11. artikulua. Erabiltzailea ez dagoelako edo beste arrazoiren batengatik langileek kontagailua irakurtzerik ez dutenean, erabiltzaileak berak eman beharko ditu irakurketako datuak. Horretarako, irakurketaz arduratzen diren langileek inprimaki bat utziko dute horniduraren tokian, beharrezkoak diren jarraibideekin.

12. artikulua. Fakturazio eguna iritsi eta Esako Udalak erabiltzailearen kontagailuko benetako edo baliozko irakurketarik ez badu, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da kasuan kasuko aldia, faktura erreala duen azken urteko kontsumoaren zerrenda guztia kontuan harturik.

Hala kalkulatutako kontsumoak konturakoak izanen dira, eta kontagailuaren benetako irakurketa lortutakoan erregularizatuko da egoera, fakturazioan gehiegi edo gutxiegi kobratutakoa aintzat harturik.

Era berean, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da zerbitzua, kontagailuak akatsen bat duela ikusten denean irakurketa egitean, kontsumoko indize bakarra dagoenean edo ezkutuko jarioren bat atzematen denean, eta, halakoetan, behin betikotzat joko da fakturazioa.

13. artikulua. Esako Udalak, indarra duen legediak emandako ekintza zibil edo administratiboak erabiltzea galarazi gabe, ur hornidura eteten ahalko die zerbitzuaren erabiltzaileei, honako kasu hauetan:

a) Prebentziozko neurri moduan, instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, haien ondorioz ur-galera badago.

b) Fakturazioko hiru ordainagiri edo gehiago edo 150,00 eurotik gorako zenbatekoa ez ordaintzeagatik, hilabeteko epean, zorra jakinarazten denetik.

c) Erabiltzailearen utzikeriagatik, bere instalazioetako matxuren konponketei edo kontagailu matxuratuen aldaketari dagokienez, Udalak idatziz jakinarazten duenetik hogei egun baino gehiago pasatzen badira matxura konpondu edo kontagailua aldatu gabe.

d) Udalaren baimenik gabe erabiltzaile bat horniduraz baliatzen denean edo hornitzen den ura baimendutako modu eta xedeez kanpo erabiltzen duenean.

e) Erabiltzaileak txertatzen uzten badu edo txertatzen baditu adarrak bere instalazioan, hargunerako baimenean sartzen ez diren beste finka, lokal edo etxebizitza batzuetara ura desbideratzeko.

f) Udal langileek Udalaren sareetan ur kontsumorako adarrak aurkitzen dituztenean hargunerako baimenik gabe eta/edo kontagailurik gabe, hau da, ezkutuan eginak. Kasu horretan, Udalak berehala eteten ahalko du ur hornidura adar horietan, tramite gehiagorik gabe.

g) Erabiltzaileak ez badie hornidura baimendua hartzen duen lokalean sartzen uzten Udalak baimendutako langileei, beren nortasun agiria dutela, instalazioak ikuskatu edo kontagailuen irakurketak egitera joaten direnean ordu baliodunetan.

13. bis artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako berehalako eteteak izan ezik, Udalak argi eta garbi jakinaraziko dio erabiltzaileari ur horniduraren etetearen gaineko espedientea hasi dela, eta interesdunari entzunen zaio hamar egun baliodunean, bidezkotzat jotzen dituen alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzan.

Epe hori inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganda, edo epearen barnean aurkezten direnak ebatzita, prozedura bukatuko da alkateak ematen duen ebazpenaren bidez.

Udalak ezin izanen du ur hornidura eten jai egunetan edo edozein arrazoi dela-eta, jendeari harrera egiteko zerbitzu administratibo eta teknikoa ez dagoenean, berehalako kasuetan izan ezik, zerbitzua berriro ezartzeko tramitazio osoaren ondorioetarako, ezta inguruabar horietako batzuk gertatzen diren aurreko egunean ere.

Zerbitzua ezarriko da hornidura etetea ekarri zuten inguruabarrak konpontzen diren egunean, edo horrela ez bada, hurrengo egun baliodunean.

Hornidura etetearen gaineko jakinarazpenak honako datu hauek izanen ditu, gutxienez:

–Erabiltzailearen izena eta helbidea.

–Finka hornituaren identifikazioa.

–Noiztik aurrera izanen den horniduraren etetea.

–Etetea ekarri duen arrazoia, zehaztua.

–Udalaren bulegoen helbidea, telefonoa eta ordutegia, etetea eragin duten arrazoiak zuzentzeko.

Horniduraren lotura berria Udalak eginen du eta erabiltzaileari kobratzen ahalko dio jarduketa hori; gehienez ere 60,00 euro izanen dira.

Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, Esako Udalari ur hornidura eteteko ahalmena ematen dion arrazoietako batek 3 hilabete baino gehiagoz jarraitzen badu, etetearen egunetik hasita, entitate hornitzaileak bukatutzat ematen ahalko du baimena. Horrek ez ditu deusetan ukatuko dituen eskubideak, zorrak eskatu, hori baldin bada, eta sortzen ahal diren kalte eta galerak konpontzeko. Kasu horretan, hornidura berriro lotzea nahi duen erabiltzaileak baimena eskatu beharko du horniduraren hargune berrirako eta dagokion tasa ordainduko du, ordenantza honen 5 e) artikuluarekin bat.

14. artikulua. Hornidura jasotzen duen eraikinaren titularrak aldi baterako baja eska dezake zerbitzuan; horretarako, Esako Udaleko erregistroan eskabidea aurkeztuko du, horixe nahi duela garbi adierazteko. Edonola ere, baja zein sehilekotan gertatzen den, seihileko oso horretarako eginen da fakturazioa.

Ur horniduran baja gauzatu ondoren, zerbitzuan berriz ere alta eman nahi bada, ordenantza honen 5. artikuluaren d) letran ageri den tasa ordaindu beharko da.

15. artikulua. Horniduraren titularra aldatzeko, lokalaren edo etxebizitzaren okupatzaile berriak egin beharko du eskaera eta, horretarako, eskualdaketa jakinarazi beharko du eta eraikinaren jabea, errentaria edo erabilera eskubidearen titularra dela frogatu.

Titularra aldatzeak ez du tasarik sortuko.

16. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du.

17. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatzen direnak Esako Udalari lehenbailehen jakinaraztera.

Harguneak eta hornidurak lurzoru urbanizaezineko jardueretarako.

18. artikulua.

1. Lurzoru urbanizaezineko harguneen barnean sartzen dira ingurunean sare orokorrik ez duen eta herrigunetik kanpo dagoen lurzati batean erabiltzaile bakarrari hornidura zerbitzuak emateko egiten direnak.

2. Lurzoru urbanizaezineko harguneak gauzatu eta abian jartzeko nahitaezkoa izanen da lizentzia izatea, eta lizentzia horretan ezarriko da harguneak zein baldintzatan gauzatuko diren eta hornidura zerbitzua emateko baldintzak zeintzuk izanen diren.

3. Lurzatian garatuko den jarduerak edo lurzoruari emanen zaion erabilerak administrazio eskudunaren edo eskudunen baimena edo baimenak izan beharko ditu, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Era berean, instalazioak zuzen gauzatzen direla bermatzeko eta zerbitzua ongi emateko, erabiltzaileak jabearen baimena eduki eta frogatu beharko du, zerbitzuaren elementu materialek beste batzuen lurrak ukitzen dituztenean edo haietatik pasatzen direnean.

4. Herriguneko sare orokorrei lotu arte lurzatiari hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko behar diren obrak eta instalazioak exekutatzeak eragindako kostuak hargunearen eskatzailearen kontura izanen dira erabat.

5. Hornidurarako hargune horiek zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuen ardura banan-banan zehaztuko da, zenbait inguruabarren arabera, besteak beste: instalazioaren ezaugarriak, hirigunerainoko distantzia eta bolumenean eragina izan dezakeen beste edozein faktore.

6. Saneamendu zerbitzurik ez badago, lurzatiaren titularrak zerbitzu horren irtenbide autonomorako beharrezkoak diren baimenak beharko ditu, eta bere gain egonen dira hustuketa sistema zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuak.

Diru-bilketa.

19. artikulua.

1. 5. artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren ordainarazpenak sei hilabetean behin ordainduko dira.

2. Artikulu bereko d) eta e) apartatuetan aurreikusitako ordainarazpenak sortzapenaren unean ordainduko dira.

Arau-hausteak eta zehapenak.

20. artikulua. Iruzurtzat jotzen dira eta, beraz, zerga arloko arau-hauste astuntzat, honako hauek:

a) Behar bezala akreditatuta dauden udal langileek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak eragoztea.

c) Zigiluak, sarrailak edo kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako aparatuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenei loturiko gainerako gaietarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatuari jarraikiko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza fiskal honek hartuko du indarra, zuzendurik eta aldaturik, haren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak beteta.

Iragarkiaren kodea: L2103052