63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROTZ-HIRIA

Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Urrotz-Hiriko Udalak, 2020ko otsailaren 17an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2020ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 12an, eta ondoren, jendaurreko epean, inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa.

Urrotz-Hirian, 2021eko otsailaren 18an.–Alkatea, Miguel Angel Iribarren Lacunza.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola eman aparkatzeko txartelak desgaitasuna dutenei Urrotz-Hiriko udal-mugartean, bat etorriz Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an emandako 98/376/EE Gomendioarekin eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuarekin, zeinaren bitartez arautzen baitira oinarrizko baldintzak desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko eta horiek erabiltzeko. Helburua da testu arau-emaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituztenek ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea automobila sarbidetik edo helmugatik, joan-etorri luzeak saihesteko.

2. artikulua. Beharkizunak.

1. Urrotz-Hiriko Udalak emandako aparkatzeko txartela eskuratzen ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), baldin eta eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udalerri honetan erroldaturik egotea.

b) Desgaitasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:

–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:

Ziurtagiri bat, frogatzen duena baduela %33ko desgaitasuna edo handiagoa eta badituela mugitzeko zailtasunak, eragozten dutenak erabiltzea garraio publiko kolektiboak. Ziurtagiri hori jaso da abenduren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren dagokion eranskinean; hau da, frogatu beharko du sarturik dagoela garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunik badagoen zehazteko baremoan.

–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hauek frogatu beharko dira:

–Ziurtagiri bat, dioena desgaitasuna %33koa edo handiagoa dela.

–Honako egoera honen gaineko ziurtagiria:

Begirik hoberenean begi-zolitasuna izatea 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua izatea 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso beharko dute bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztuak bai ikusmeneko desgaitasunak. Talde horiek egonen dira egoki diren organo tekniko eskudunen barnean, zeinak egonen baitira dagozkien organoen mende, minusbaliotasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetan, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuarekin (errege dekretu horrek hizpide du minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedura). Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa, eta Udalarendako lotestea izanen dena, txartela eman dezan.

Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

2. Halaber, aparkatzeko txartelaren titularrak izaten ahalko dira desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik diren ibilgailuen titularrak, izan pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, baldin ematen badituzte abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak, autonomia pertsonala sustatzekoak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzekoak (39/2006 Legeak hizpide du autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea), edo, orobat, ematen badituzte azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan aipatutako gizarte zerbitzuak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina).

3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, baldin larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat badute, eta horrek nabarmen jaisten badu bizi-itxaropena, naturaltzat jotzen dena haien adinaren arabera eta gainerako egoera pertsonalen arabera, eta, beraz, denborarik ez badago aparkatzeko txartela ohiko bidetik izapidetzeko. Kasu horretan, beharko da osasun arloko zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emaniko ziurtagiria. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta urtebeterako luzatzen ahalko dira, baldin hasierako baldintzak mantentzen badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Interesdunak eskabidea egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-abizenak.

–Karneterako argazki bat.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskabidea desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluan jasotako baldintzetan. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emaniko agiriak izanen dira nahitaez.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Txartela pertsonala eta besterenezina izanen da erabat; hura erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea. Desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko txartel bakarra emanen da. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori soilik erabiliko da mugikortasuna murrizturik duten pertsonen garraio kolektiborako. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak eramaten direnean egiazki.

–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betekizunetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela besterik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzeko xedez.

–Txartela aurrealdeko haizetakoan paratu beharko da, haren aurrealdea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

Aparkatzeko txartelaren titularrek, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, honako eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Irisgarritasunaren nazioarteko sinboloarekin seinalatu beharko da toki hori.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Aparkatzeko denbora mugatua dagoen eremuetan beharrezkoa den denboran aparkatzea, eragozpena izan gabe hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakorako.

d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, tokiko administrazioak ezarritako baldintzetan, eragozpenik sortzen ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

5. artikulua. Balio-epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio-epea bost urtekoa izanen da.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskabidea egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean jarraituko du aurreko txartel horrek harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun-mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio-epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balioko du txartelak.

Salbuespena: desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera, txartelaren balio-epea ziurtagirian agertzen dena izanen da.

Berritzea eskatzen denean, hirugarren artikuluan aipatu agiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira; izan ere, halakoetan, aski izanen da aurkeztea karneterako argazki berri bat, kolorezkoa. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean bete beharko dituzte txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak.

6. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

Pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartela iruzurrez erabiliz gero, deuseztatzen nahiz aldi baterako kentzen ahalko da aparkatzeko txartela. Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke baita interesdunei entzunaldia emateko espedientea izapidetu aurretik ere.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Erantsi beharreko agiriak:

–Karnet tamainako argazki bat.

–NANa.

–Erroldatze-ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskatzailea baldin bada desgaitasuna duen pertsona bat: ziurtagiri bat, ofizialki frogatzen duena desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela, edo begirik hoberenean duela ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Nahitaez, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emaniko agiriak izanen dira.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Eskatzaileak baldin badira pertsona fisiko edo juridikoak, txartela eskatzen dutenak desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko, edo gizarte zerbitzuak ematen dituztela desgaitasuna duten pertsonendako eta haien gizarteratzeko.

Iragarkiaren kodea: L2102764