63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza fiskala, Udalaren gimnasioko kirol instalazioen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Otsagabiako Udalak, 2020ko azaroaren 24an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Udalaren gimnasioko instalazioen erabilera arautzen duen ordenantzan.

Horren iragarkia 2020ko 289. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Argitaratu ondoko jendaurreko aldia iraganik inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik, behin betiko onetsitzat jo, eta jarraian ematen dira argitara.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin.

Otsagabian, 2021eko otsailaren 17an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN GIMNASIOKO KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xede den tasa ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (lege hori martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen).

2. artikulua. Otsagabiko Udalaren gimnasioko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoek ordaindu behar dituzte ordainarazpen hauek.

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da eskuratzen denean instalazio horietara sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena.

4. artikulua. Abonatu bilakatuko dira horretarako ezarritako tasak ordaintzen dituztenak.

14 urtetik beherakoak ezin dira abonatu bilakatu, eta debeku dute sartzea eta instalazioak erabiltzea.

14 urtetik 16 urtera bitartekoek instalazioak erabili ahal izateko, egon beharko dute guraso, tutore, legezko ordezkari edo guraso-ahala dutenetako batek lagunduta eta haren zaintzapean, baldin eta horietako bat abonatuta badago instalazioetara.

Udal gimnasioko instalazioak erabiltzeko abonatuei luzatzen zaien txartela pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrari baizik ez dio ematen instalazioak erabiltzeko eskubidea.

5. artikulua. Instalazioetara sartu ahal izateko txartela galdu duten abonatu edo erabiltzaileei txartel berria eman aurretik, hiru euro ordaindu beharko dute.

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dira.

Erabiltzaile bakoitzak tarifen eranskinean jasotako kuotetako bat ordainduko du kirol instalazioak erabiltzeagatik.

Hilabeteko, hiruhilekoko, seihilekoko eta urteko kuotek bide ematen dute instalazioak kasuan kasuko aldian erabiltzeko. Aldi horiek (hilabetea, hiruhilekoa, seihilekoa, urtea) naturalak izanen dira.

“Asteburuetako, Eguberrietako eta Aste Santuko” kuotak bide ematen du instalazioak erabiltzeko asteburuetan (urte guztiko larunbat eta igande guztiak); Eguberrietan, abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra, biak barne, eta Aste Santuan, Ostegun Santutik hasita Pazko biharamunera arte, biak barne.

Aurrez ordainduko dira honako kuota hauek: hilabetekoa, hiruhilekokoa, seihilekokoa eta “asteburuetako, Eguberrietako eta Aste Santukoa”.

Kuota ezin izanen da hainbanatu, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen zenbatekoa itzultzeko, ongi justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik; udal administrazioko organo eskudunak baloratuko ditu inguruabarrak eta, bidezkoa bada, gelditzen diren hilabete naturalen zenbatekoa itzuliko du, bajaren data onartzen den hilabetea izan ezik.

7. artikulua. Ez da egun baterako sarrera-txartelik emanen.

8. artikulua. Instalazioak abonamenduaren bitartez erabili nahi dituztenek, Udalak ezartzen duen moduan eta ezartzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.

Horretarako, instalazioetan txartel elektronikoaren bidez sartzeko sistema ezarriko da. Txartel horretan agertuko dira erabiltzaileak ordaindutako kuotaren arabera baimenduta dauden egunak, orduak eta sarrerak.

Baja emanez gero, txartel elektronikoa udal bulegoetan utzi beharko du erabiltzaileak.

9. artikulua. Udalak, hala dagokionean, zehaztuko du instalazioak erabiltzeko denboraldiak noiz hasi eta noiz amaituko diren, urtaro bakoitzean instalazioak zein ordutan ireki eta itxiko diren, eta zein egunetan egonen diren itxita.

Oro har, hau izanen da instalazioak erabiltzeko ordutegia:

–Astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 22:00etara.

–Igandeetan, 9:00etatik 15:00etara.

10. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bestela kanpora bidaliko baitituzte.

11. artikulua. Erabiltzaileek beti errespetatuko dituzte instalazioak erabiltzeko arauak; horiek instalazioak erabiltzeko erregelamenduan bildurik daude eta ikusgai daude bertako esparru bakoitzean.

12. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskinean zehazten diren kuotak.

13. artikulua. Iruzurtzat joko da instalazioen barrutira sarrerarik edo erabiltzeko baimenik gabe sartze hutsa.

14. artikulua. Udalak urtero zehaztuko du urte bakoitzeko kuoten zenbatekoa.

15. artikulua. Taldeek, bai bertakoek bai kanpokoek, instalazioak erreserbatzeko egin nahi dituzten eskaerak udal bulegoetan aurkeztuko dituzte, erreserbarako eskaeraren edo horretarako prestatutako eskabidearen bitartez.

Tarifen eranskinean ezarritakoa izanen da tasa, kirol motaren batean ofizialki lehiatzeko antolaturiko abonatu taldeen kasuan izan ezik, haiendako Udalak kuota berezi murriztuak ezartzen ahalko baititu.

16. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko araudiari jarraikiko zaio.

17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

Honela finkatu da inskripzio kuota:

1.–14 urtetik 16 urtera bitartekoak: gurasoen, tutoreen edo guraso-ahala dutenen baimenarekin: salbuetsirik.

2.–16 urtetik gora:

–Hilabeteko kuota. 25,00 euro hilean.

–Hiruhilekoko kuota. 60,00 euro hiruhilekoan.

–Seihilekoko kuota. 110,00 euro seihilekoan.

–Urteko kuota. 150,00 euro urtean.

–Asteburuetako, Eguberrietako eta Aste Santuko kuota: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2103379