63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBARGOITI

Ordenantza, Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak
arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ibargoitiko Udalak, 2020ko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ibargoitiko udalerrian etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2021eko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4an, eta ondoren, jendaurreko epean, inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua)

Idotzinen, 2021eko otsailaren 22an.–Alkatea, José Javier Eslava Armendáriz.

ORDENANTZA, IBARGOITIKO UDALERRIAN ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ibargoitiko Udalak, honako ordenantza honen bidez, helburu hauek dituzten bizitegi-jarduketak sustatu nahi ditu:

–Gure herrietako parte zaharretan dauden eraikinen kontserbazioa bultzatzea, honda ez daitezen.

–Lehendik dauden etxebizitzak hobetzea etxebizitzok zaharberrituz eta berroneratuz, obrak eginez haien funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta eraikinen energia-efizientzia optimizazioa lortzeko.

–Udalerrian bertan etxebizitza berriak eraikitzeko pizgarri izatea, lehendik dauden eraikinak ordezkatu eta biztanleak herrian finkatzea ahalbidetzeko.

Horregatik proposatzen da laguntza ekonomikoak ematea, ahal den neurrian jarduketa horiek bultzatzeko Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan, ondoko herrigunetako hiri-lurzoruan: Abintzao, Idotzin, Izko, Getze, Zabaltza, Lekaun, Zilegieta, Ekisoain eta Besolla.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzaren xedea da arautzea Udalak ezarri dituen laguntzak bizitegi-erabilerako eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko Ibargoitiko Udaleko Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan, betiere ordenantzan honetan ezartzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Diruz lagunduko dira Abintzao, Idotzin, Izko, Getze, Lekaun, Zilegieta, Ekisoain eta Besollako herriguneetako hiri-lurzoruan egiten diren ondorengo jarduketak, herrigune horiek proposatzen baititu Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-arloko departamentu eskudunak Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremu izendatzeko. Hona hemen:

–Etxebizitzak zati batean eta/edo osorik zaharberritu edo eraberritzea egokitzapen funtzionalerako obrekin, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: irisgarritasuna, egonkortasuna, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa.

–Erabilera aldatzea, lehendik dauden eraikinak eraberrituz, etxebizitzara egokitzeko.

–Ibargoitiko Udal Planean katalogatutako eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak.

–Eraikinen optimizazio energetikora bideratutako obrak, egungo etxebizitzetan energia sistema alternatiboak ezarriz.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen jarduketa hauek:

–Udal planeamenduaren eta oro har aplikagarria den ordenamendu juridikoaren aurka doazenak, ez eta hirigintza, eraikuntza eta bizigarritasun araudien eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren aurkakoak ere.

–Antolamenduz kanpoko eraikinetan edo antolamenduz kanpoko elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.

–Igogailuaren kostua, lehendik dagoen bat ordezkatzeko beste igogailu bat ezartzen bada.

–15 urtetik beherako antzinatasuna duten eraikinetako obrak. Salbuespena dira eraikinen optimizazio energetikorako obrak, horietan ez baita antzinatasunik eskatuko.

–Eraberritu beharreko eraikinen kanpoko fatxaden %50 baino gehiago botatzea dakarten jarduketak.

–Etxebizitzei lotu gabeko lokalak egokitzea.

–Barnealdeko mantentze-lanak (barnealdeko paretak pintatzea, lurzoruak bernizatzea...), horiekin batera jarduera babesgarriak egiteko beharrezkoak direnean salbu.

–Altzariak.

4. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak eskaerak ebatziko ditu, udal teknikariak aldeko txostena egin ondotik eta aurrekontuan partida nahikoa baldin badago.

5. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak bukatzen direnean, lehen erabilerako lizentzia ematearekin edo dagokion obra-bukaerako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

6. artikulua. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste erakunde eta administrazio batzuek emandakoekin.

7. artikulua. Mugak.

Laguntza jaso eta bost urteko epean ezin izanen da beste laguntzarik eskatu eraikin eta kontzeptu bererako.

8. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada ere, dirulaguntza deuseztatu eta kendu eginen da, eta hala badagokio, itzuli egin beharko da.

9. artikulua. Aplikazio eremua eta aurrekontu-zuzkidura.

Laguntzak aplikatuko zaizkie soilik udal teknikariaren aldeko txostena duten jarduketei, 2. artikuluan babesgarritzat jotzen diren obrak egiteko Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuaren barnean, betiere Ibargoitiko Udalean une bakoitzean indarrean den araudiaren arabera.

Urtero, Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat bideratuko du horretarako; zenbateko hori ez da izanen txikiagoa Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino.

10. artikulua. Onuradunak.

Onuradunak izanen dira higiezinen jabeak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

11. artikulua. Jarduketen baldintzak.

Jarduketek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Diruz lagungarria den aurrekontua gutxienez 4.000,00 eurokoa izatea. Halakotzat jotzen da obraren aurrekontu osoa, kenduta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.

–Obraren garrantziaren arabera, kanpoko elementu desegokiak ezabatuko dira, hirigintzako planeamenduarekin bat ez datozenak, udal teknikariaren iritziz.

12. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Obraren azken kostuaren %5, halakotzat jotzen delarik obraren aurrekontu osoa, kenduta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.

Edonola ere, 2.000,00 euroko muga orokorra ezartzen da, diruz lagungarria den jarduketa bakoitzeko.

13. artikulua. Espedienteak izapidetzea.

Interesdunak Udalaren erregistroan aurkeztuko du eskatutako dokumentazioa; alegia:

–Laguntzaren eskabidea.

–Obra-lizentziaren eskabidea.

–Egin beharreko obren eta erabiliko diren materialen deskripzio-memoria, obren aurrekontu xehatua (partidak bananduta) eta neurketak, kokapen planoak, egungo egoerarenak eta eraberritu ondorengoak, eta egungo egoeraren argazkiak edo, obraren garrantziak hala eskatzen badu, exekuzio proiektua, lanbide-elkargoak ikus-onetsia.

–Eraikinaren antzinatasunaren ziurtagiria edo agiri baliokidea.

–Jabearen, sustatzailearen edo erkidegoaren ordezkariaren identifikazio-agirien fotokopia, higiezinaren jabearen berariazko baimenarekin batera, hala badagokio.

–Kontu zenbakia, dirulaguntza ordaintzeko.

–Jabeen erkidegoaren akordioa. Hartan adieraziko da obrak egitea erabaki dutela eta jabe bakoitzak zer portzentaje duen obra horietan, baldin eta obrek etxebizitzen eraikinaren elementu komunak ukitzen badituzte.

–Obrak bukatutakoan, lehen erabilerako lizentzia eskatuko da birgaitu edo eraberritutako etxebizitzarako, eta behin betiko planoak aurkeztuko dira aldaketarik egon bada, bai eta obraren azken egoeraren argarkiak eta obren fakturak ere; obraren garrantziak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzaren azken ziurtagiria aurkeztuko da, ikus-onetsia, obren azken likidazioaren zenbatekoarekin batera. Bestela, dagokion obra-bukaerako dokumentazioa aurkeztuko da.

Iragarkiaren kodea: L2103051